EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2016141

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 14koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Lehendakaritzaren mendeko administrazio-zentroak 2017-2018ko urteetan gas naturalez hornitzeko kontratazioa Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzeko dena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201603310
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren V. kapituluan eta lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, eta Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala onartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 18.e) artikuluan xedatutakoaren arabera (2013ko apirilaren 18ko EHAA, 89. zk.), Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa zentralizatuko eraikinetako kontratazioa egitea, hain zuzen ere, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari esleitu eta erabilpen orokorrekoak diren material edo zerbitzuena.
472/2009 Dekretuaren 12.a) artikuluak erosketa zentralizatuko ondasun eta zerbitzuen kontrataziorako prozeduren garapen-proposamena ere egozten dio zuzendaritza horri.
Une honetan uste da eraikinetako goi- eta behe-tentsioko energia elektrikoa eta gas naturala modu zentralizatuan kontratatzeak hobetu egiten duela zerbitzuen kudeaketa eta egokitu egiten duela gastu publikoa, baldin eta, eraikinok Baliabide Orokorren Zuzendaritzako eskumeneko kudeaketa zentralizatukoak, Ogasun eta Finantza Saileko gainerakoak eta Jaurlaritzari eta beraren erakunde autonomoei atxikitakoak badira.
136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak bidea ematen du Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskumenak kudeaketa zentralizatukoak ez diren beste eraikin batzuetara hedatzeko. Hitzarmen bidez, administrazio-klausula zehatzen pleguetan aurreikuspen berariazkoak ezarrita, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotako formulen bidez gauzatuko da hedapen hori.
Lehenago aipatutako eremuan elektrizitate- eta gas-horniketa modu zentralizatuan kontratatzeko bidea Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluko eskumen-eskuordetzeetan aurreikusita dago, honela baitio:
«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.»
Hori dela eta, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 197/2013 Dekretuaren 5.3.c) artikuluak (2013ko apirilaren 18ko EHAA, 74. zk.) Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren titularrari esleitu dizkion eskumenei jarraikiz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari eskuordetzea eranskinean aipatutako eraikinak 2017-2018ko urteetan gas naturalez hornitzeko kontratazioa.
Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren irailaren 14ko 3/2011 ELDan aurreikusitako honako arlo hauetara hedatuko da eskuordetzea, kontratuari aplikatu behar bazaizkio:
– Kontratua prestatzea (II. liburua).
– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
– Administrazioak kontratua aldatu, iraungi, laga eta azpikontratatzeko dituen eskumenak, IV. liburuko I. tituluko I. kapituluan, oro har, arautzen direnak, eta, hornidura-kontratuetarako, IV. liburuko II. tituluaren IV. kapituluan berariaz aurreikusten direnak.
– Kontratua formalizatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
II.– Kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenak, eta, bereziki, emandako zerbitzuen gauzatzeari oniritzia emateko eta zerbitzuak ordaintzeko agindua emateko ahalmena organo eskuordetzaileak izango ditu.
III.– Eskuordetze hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 14a.
Lehendakaritzako idazkari nagusia,
JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.
ERANSKINA
GAS NATURALAREN HORNITZE-PUNTUAK, LEHENDAKARITZAREN MENDEKO ERAIKINAK