EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016140

AGINDUA, 2016ko uztailaren 13koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Izki Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari eta Parke Naturalaren mugak aldatzeko prozedurari.

Xedapenaren data: 2016-07-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201603291
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/05/04an argitaratutako 1998/03/31ko 199800064 DEKRETUA
  • Ikus 1998/05/04an argitaratutako 1998/03/31ko 199800065 DEKRETUA
  • Ikus 2016/05/25ean argitaratutako 2016/03/01eko 201600033 DEKRETUA

Izki balio natural handiko eta tradizio luzeko espazio bat da, zeinetan, egun, naturagune babestuko hiru tipologia biltzen baitira: Parke Naturala da, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua ere bai. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginean (aurrerantzean, NKLTB) arautzen dira hiru figura horiek.
Izan ere, Izki Parke Natural izendatu zen martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuaren bidez eta martxoaren 31ko 64/1998 Dekretuaren bidez onartu zen Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (NBAP).
Bestalde, berriki, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu da Izki, martxoaren 1eko 33/2016 Dekretuaren bidez, eta bere kontserbazio neurriak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuarenak (BBE) ere onartu ziren.
Egoera hori dela eta, aintzat hartu behar da NKLTBren 18. artikuluko aurreikuspena, zeinaren arabera, espazioak babesteko figura bat baino gehiago gainezarriko balira toki berean, horien arauak eta plangintza-mekanismoak agiri bakarrean koordinatu beharko baitira, espazioaren planifikazioa barne hartuz, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.
Hori dela eta, 33/2016 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenaren arabera, berau onartzean, «Parke Naturalaren NBAP naturagune babestuen bi tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakar bihurtzeko prozedura abiaraziko da».
Gainera, azken xedapenetatik lehen horrek agintzen duenaren arabera, prozedura horretan bertan, Parke Naturalaren mugek eta KBE/BBEaren mugek bat etorri behar dute.
Beraz, hasiera ematen zaio Izki NBAP landu eta prestatzeko prozedurari. Horretarako, NKLTBren 7. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio, eta, kasu horretan, ez da egoki irizten NKLTBren 9. artikuluan aurreikusitako prebentzio-araubidea aktibatzea. Izan ere, indarreko legezko araubide kontserbazionistaren NBAPren eta KBEko araubideen pean baitago jada eremua. Esparru juridiko honetan, ingurua behar bezala babestua dago, eta berez saihesten da NBAP berriaren helburuak lortzea eragotz dezaketen aldaketak burutzea errealitate fisikoan eta biologikoan.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didan eskumenaz baliatuz, eta NKLTBren 4., 7. eta 18. artikuluen arabera, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– NBAP hastea.
Erabakitzen da hasiera ematea Izkiko Parke Naturaleko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari, eremu horrentzako naturagune babestuko hiru tipologiak arautzen dituen agiri bakarrean biltzeko: Parke Naturala, KBEa eta BBEa. Hala ohartarazten du apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluak.
2. artikulua.– KBE/BBEaren eta Parke Naturalaren mugaketa berria.
Halaber, erabakitzen da hasiera ematea Parke Naturalaren, KBEaren eta BBEaren mugak bat etortzeko prozedurari.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.