EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016140

113/2016 DEKRETUA, uztailaren 19koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: «Melledes eta Manzanos arteko A-4340 errepidea zabaltzeko eta hobetzeko eraikuntza proiektua» burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

Xedapenaren zenbakia: 201600113
Xedapenaren data: 2016-07-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201603290
Maila: Dekretua
Arabako Foru Aldundiak, «Melledes eta Manzanos arteko A-4340 errepidea zabaltzeko eta hobetzeko eraikuntza» espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2016ko otsailaren 4an, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epez prentsan eta 2016ko otsailaren 26ko Arabako Aldizkari Ofizialean (23. zk.). Geroago, 2016ko maiatzaren 17an egindako bilkuran, Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Bide honen segurtasun baldintza egokiak bermatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2016ko uztailaren 19an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Melledes eta Manzanos arteko A-4340 errepidea zabaltzeko eta hobetzeko eraikuntza proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.