EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016140

AGINDUA, 2016ko uztailaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016-2018 epealdian euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Hedabideak deialdia).

Xedapenaren data: 2016-07-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201603287
Maila: Agindua
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.
Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.
Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu ditu.
Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo Agindu honen bitartez, euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko, 2016-2018 epealdiko jarduera diruz laguntzeko deialdia egitea erabaki du.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortzea, bezeroei begira irismen-maila indartuz. Horretarako diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egiten da (Hedabideak deialdia).
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Hauek dira diru-laguntza hartzaileak: naziotasuna edo helbide soziala Europar Batasunekoa edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta Agindu honen 5. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte. Diruz lagundutako entitateek lagungarriak diren jarduerak burutu beharko dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileei zuzenduta egon beharko dute laguntza jasotzen duten egitasmoek.
Hala ere, kanpoan geldituko dira honako hauek:
a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateen eskabideak.
b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2016ko diru-laguntzen deialdian onuradun direnak.
c) Europar Batasunak diru-laguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak edo entitateak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, baldin eta arduradunaren erantzukizuna iraungita ez badago, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei eta zigortzeko prozeduratik sortutako isunak ordainduta ez dituztenei ezin izango zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera. Halaber kanpoan geratuko dira azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoa betetzen ez dutenak.
4.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du guztien izenean. Nolanahi ere, eskabidea egiterakoan argi eta garbi zehaztu beharko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako bakoitzaren nortasuna, ardura eta egitekoa egitasmoaren baitan, baita horietako bakoitzak aurrekontu atalean egiten duen ekarpena ere. Horrela osatutako taldea ezingo da desegin harik eta azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 39 eta 65 artikuluetan jasotako preskripzio-epea igaro arte.
5.– Diru-laguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, diru-laguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.
3. artikulua.– Epe-barrutia.
Deialdi honek laguntzagai diren hedabideen 2016-2018 epealdiko jarduna hartuko du kontuan, hau da, 2016ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartekoa.
4.– artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Interesdunek bide elektronikoak erabiltzeko aukera izango dute prozeduraren izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
2.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016_2018/hedabideak/eu/
3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.
4.– Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gune elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen hedabideak.
1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen hedabideak:
1.1.– A multzoa: helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.
a) Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren egunkariak.
b) Udalerri eta eskualde jakinetan zabaltzen diren egunkariak.
c) Udalerri, eskualde eta lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.
1.2.– B multzoa: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...).
1.3.– C multzoa: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak.
1.4.– D multzoa: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak.
1.5.– E multzoa: Internet bidezko hedabideak.
– Euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak.
– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiak.
– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak.
2.– Nolanahi ere, 8. artikuluan jarritako baldintzak betetzen ez dituzten hedabideak edo ezaugarri hauetakoren bat duten hedabideak ez dira diruz lagunduko:
a) Euskadiko Administrazio publikoa osatzen duten entitateen hedabideak.
b) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen hedabideak.
c) Elkarteek, fundazioek zein antzeko erakundeek beren bazkideentzat soil-soilik eginiko hedabideak.
d) Glotodidaktika- eta psikopedagogia-aldizkariak; orobat bere edukiak hezkuntza arlora zuzenduak dituzten aldizkariak.
e) Eskola-aldizkari, -irrati eta -telebistak.
f) Kultur berripaperak, ikuskizun-gidak, denbora pasakoak eta antzekoak.
g) Mota guztietako argitalpen konfidentzialak, harpidetza bitartez nahiz kioskoan saldutakoak edo formatu elektronikoan zabaldutakoak.
h) Informazio orokorrekoak edota gai anitzeko informaziokoak ez diren tokiko aldizkariak.
i) Diruz lagungarriak izan arren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2016an xede berberarekin diruz lagundutako hedabideak.
6. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 14.625.000 euro erabiliko dira, honela banatuta: 4.875.000, 2016. urtean; 4.875.000, 2017. urtean; 4.875.000, 2018. urtean. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Kopuru hori, honela banatuko da:
a) A multzoa (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak): 7.302.000 euro, honela banatuta: 2.434.000, 2016. urtean; 2.434.000, 2017. urtean; 2.434.000, 2018. urtean.
b) B multzoa (albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak): 3.412.500 euro, honela banatuta: 1.137.500, 2016. urtean; 1.137.500, 2017. urtean; 1.137.500, 2018. urtean.
c) C multzoa (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak): 682.500 euro, honela banatuta: 227.500, 2016. urtean; 227.500, 2017. urtean; 227.500, 2018. urtean.
d) D multzoa (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak): 1.501.500 euro, honela banatuta: 500.500, 2016. urtean; 500.500, 2017. urtean; 500.500, 2018. urtean.
e) E multzoa (Internet bidezko hedabideak): 1.726.500 euro, honela banatuta: 575.500, 2016. urtean; 575.500, 2017. urtean; 575.500, 2018. urtean.
7. artikulua.– Eskatzaileek egiaztatu beharreko zenbait betebehar.
1.– Eskatzaileak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.
2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, edozein delarik izapidea egiteko aukeratutako bidea, baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.
3.– Eskatzaileak adierazi beharko du beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik Agindu honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik eskatu duela eta, kasua balitz, eman egin diotela.
4.– Eskatzaileak betebehar hauek egiaztatuko ditu, ardurapeko adierazpen baten bidez:
– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.
– Eskatzailea ez dela onuradun izan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa/Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan, 2016ko diru-laguntza deialdian. Era berean, 2017-2018 epealdian diru-laguntzarik jasoz gero, uko egingo diola Agindu honen babesean esleitutakoari.
– Eskatzaileak ez duela jaso Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak xede berberarekin 2016. urtean emandako diru-laguntzarik. Era berean, 2017-2018 epealdian diru-laguntzarik jasoz gero, uko egingo diola Agindu honen babesean esleitutakoari.
– Egiazkoak direla eskabide-orriko datuak eta haiei erantsitako agiriak eta indarrean den araudian diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.
– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.
5.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira: Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez duela, eta ez dagoela sartuta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera. Halaber azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.
8. artikulua.– Diru-laguntza honetan parte hartu ahal izateko diruz lagun daitezkeen hedabideen baldintzak.
1.– Deialdiaren epe-barrutia kontuan izanik, 2016ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartera, laguntza mota honetara aurkezten den hedabideak epealdi horretan kalean izan behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.
2.– Hedabideak originala izan behar du. Hots, multzo berean laguntzagai den beste hedabide edo aldizkako argitalpen baten aldaerarik ez da onartuko.
3.– Era berean, honako baldintza berezi hauek bete behar ditu:
3.1.– A multzoari (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak) dagozkion baldintza bereziak:
3.1.1.– Euskara hutsezko prentsa inprimatuari dagozkion baldintza bereziak:
a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.
b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.
c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.
d) Gutxieneko maiztasuna izatea: astean 4 zenbaki.
e) Formatua eta orrialde-kopurua:
– Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen den euskara hutsezko eguneroko prentsa: tabloide formatuko 28 orrialde edo gehiago. Kasu bakoitzean zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak proportzionalki kalkulatuko du orrialde-kopurua, orriaren neurriaren arabera.
– Udalerri edo eskualde jakinetan zabaltzen den euskara hutsezko eguneroko prentsa: tabloide formatuko 16 orrialde edo gehiago astean. Kasu bakoitzean zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak proportzionalki kalkulatuko du orrialde-kopurua, orriaren neurriaren arabera.
f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.
g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
3.1.2.– Udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren euskara hutsezko informazio orokorreko aldizkariei dagozkien baldintza bereziak:
a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.
b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.
c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.
d) Gutxieneko maiztasuna izatea: urtean 11 zenbaki.
e) Formatua eta orrialde-kopurua: DIN-A4 formatuko 16 orrialde edo gehiago. Zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak proportzionalki kalkulatuko du orrialde-kopurua, orriaren neurriaren arabera.
f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.
g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
3.2.– B multzoari (albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak) dagozkion baldintza bereziak:
a) Legezko gordailuaren edota ISSN delako zenbakiaren jabe izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatuta edukitzea.
b) Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea.
c) Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean. Dohainik zabaltzen diren hedabideen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango.
d) Gutxieneko maiztasuna izatea: urtean 44 zenbaki informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 4 zenbaki aldizkari espezializatuenean.
e) Formatua eta orrialde-kopurua: DIN-A4 formatuko 20 orrialde edo gehiago informazio orokorreko aldizkarien kasuan, eta 32 orrialde edo gehiago aldizkari espezializatuenean. Zehaztutako formatua erabili beharrean beste bat erabiliz gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak proportzionalki kalkulatuko du orrialde-kopurua, orriaren neurriaren arabera.
f) Jarraian eta etengabe izen berberarekin argitaratzea.
g) Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
3.3.– C multzoari dagozkion baldintza bereziak (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):
a) Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko irrati-programak.
b) Emisio-orduak: astean, gutxienez, 25 ordu euskaraz. Aurrerago aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
3.4.– D multzoari dagozkion baldintza bereziak (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):
a) Urte osoan zehar emititu behar dituzte euskarazko telebista-programak.
b) Emisio-orduak: astean, gutxienez, 10 ordu euskaraz. Aurrerago aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
3.5.– E multzoari dagozkion baldintza bereziak (Internet bidezko hedabideak):
3.5.1.– Euskara hutsezko egunkari eta aldizkariei dagokienez:
a) Gutxieneko kalitate-estandarrak bete behar dira. Hau da, interneten hedabideek izan ohi duten diseinuari, koloreari, neurriari... erreparatuko zaie.
b) Maiztasuna: gutxienez ere, astebeteko maiztasuna izan behar dute.
c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.
3.5.2.– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren irratiei dagokienez:
a) Emisioa zuzenekoa izango da.
b) Emisio-orduak: astero-astero, gutxienez ere, 25 orduz euskaraz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.
3.5.3.– Zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistei dagokienez:
a) Emisioa zuzenekoa izango da.
b) Emisio orduak: astero-astero, gutxienez ere, 10 orduz euskaraz emititzea. Aipaturiko orduon zenbaketa egiteko orduan ez da aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.
c) Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra. Entitate eskatzaileak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.
4.– Hedabide orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen hedabidea kanpo utziko da.
5.– Hedabide orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den hedabidea kanpo utziko da. Finantzaketa-maila hori honako hauetakoren bat izango da:
a) Agindu honen babeseko laguntza-deialdira eskaerak aurkezteko azken egunean urtebeteko bizitza baino laburragoa duten hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 35 izango da.
b) Lehenagotik ari diren hedabideen kasuan, gutxienez ere, gastu-aurrekontuaren % 40 izango da.
9. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
10. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.
1.– Ondorengoak joko dira Agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena badute. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko:
1.1.– A eta B multzoei dagokienez:
a) Horiei dagozkien prestakuntza-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
b) Nolanahi ere, erdal aldizkarien erabateko edo zatikako itzulpena edota moldaketa diren hedabideen kasuan, edukiak itzuli eta hedabidea argitaratu eta zabaldu ahal izateko egin beharreko gastuak baino ez dira kontuan hartuko.
1.2.– C multzoari dagokionez (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):
a) Euskara hutsez ari diren irratien kasuan, programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
b) Euskaraz eta gaztelaniaz ari diren irratien kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak. Nolanahi ere, euskara ez den beste hizkuntza bati dagokion programazioak ekarritako gastuak kanpo utziko dira.
1.3.– D multzoari dagokionez (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):
a) Euskara hutsez ari diren telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
b) Euskaraz eta gaztelaniaz ari diren telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak. Nolanahi ere, euskara ez den beste hizkuntza bati dagokion programazioak ekarritako gastuak kanpo utziko dira.
1.4.– E multzoari dagokionez:
a) Internet bidezko euskara hutsezko egunkari eta aldizkarien kasuan, horiei dagozkien prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
b) Internet bidez euskara hutsez ari diren irrati eta telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
c) Internet bidez zati batean euskaraz ari diren irrati eta telebisten kasuan, euskarazko programazioari dagozkion prestatze-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak.
1.5.– Diru-laguntza honen bitartez aurreko ataletan zehaztutako gastuak soilik lagunduko dira. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:
a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
b) Sareko hedabideen kasuan, aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, aplikazio berriak egitea edo lehendik daudenak egokitzea.
c) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
d) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
2.– Agindu honen 8.4 atalean aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
Diru-sarrera horien berri zehatza emango da eskabidearekin batera bete beharreko formularioan.
3.– Defizitarioak diren hedabideei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako diru-laguntza publikoekin berdindu ezin dituzten hedabideei. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen ez den hedabidea kanpo utziko da.
4.– Hedabide bakoitzari esleitutako diru-laguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da, eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den hedabidea ez da diruz lagunduko.
5.– Baldin eta hedabideren batek diru-laguntza jaso bazuen euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak emateko 2015eko deialdian, eta orduko jarduerari eusten badio, deialdi honetako urte bakoitzean jasoko duen kopurua gutxienez iaz esleitu zitzaionaren % 80 izango da, betiere gainerako baldintzak betetzen baldin baditu.
6.– B multzoko hedabideen kasuan, guztiek izango dute bermatuta 25.000 euroko diru-laguntza urteko, betiere onartutako diru-eskabidea horretara iristen bada eta onartutako gastu-aurrekontuaren erdia gainditzen ez badu. Horretara iristen ez denak onartutako diru-eskabidea jasoko du; nolanahi ere, jaso lezakeen gehienezko diru-laguntza bere aurrekontuaren erdia izango da.
7.– Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 23. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 21. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.
8.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Salbuespen dira Agindu honen 2.1.b) eta 5.2.i) ataletan aipatzen direnak; halaber, 2017-2018 epealdian diru-laguntzarik jasoko balute, uko egin beharko liokete Agindu honen babesean esleitutakoari.
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2016ko irailaren 9ra arte.
2.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:
– Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa, 102 zk.).
– Eskabidea postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.
3.– Era berean, eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2016_2018/hedabideak/eu/
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, diru-laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.
1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFK.
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.
1.2.– Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Autonomoen Erregimenean alta emanda egon behar du. Hori egiaztatzea diru-laguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio.
1.3.– Guztiek aurkeztu beharrekoak:
– Eskatzaileak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala. Hori egiaztatzea diru-laguntzaren organo-kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina. Eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan edo Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Azken bi kasu horietan, ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.
– Elkarlanean egiten diren egitasmoen kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu bakar batek egingo duenez, ordezkaritza hori ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
Eskatzaileak 1.1 edo 1.2 ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazio honetan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabidean adieraztea zein Sailetan edo Zuzendaritzatan aurkeztu ziren.
Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du. Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.
2.– Diruz lagun daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa.
● A multzoa: helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak: eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak.
– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.
– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, hedabideak 2015ean izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Doaneko argitalpenen kasuan, hedabideak 2015ean izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
● B multzoa: albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak (pentsamendua, zientzia, musika, natura, haur eta gazteei zuzendutakoak...).
– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.
– Ordainketa bidezko argitalpenen kasuan, hedabideak 2015ean izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek ordainketa bidezko zabalkunde arrunta ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Doaneko argitalpenen kasuan, hedabideak 2015ean izandako zabalkundearen ziurtagiria, Zabalkundearen Justifikaziorako Bulegoak (OJD erakundeak) egindakoa. Agiri horrek banatzekoak diren aleei dagokien zabalkundea ziurtatu beharko du. Ziurtagiririk ezean, inprimaketa-gastuei dagozkien egiaztagiri originalak edo horien fotokopia konpultsatuak (fakturak eta ordainagiriak). Egiaztagiri horietan ale-kopurua zehaztu beharko da. Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Argitaratutako azken zenbakiaren ale bat.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
● C multzoa: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak.
– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.
– Irrati-zerbitzua emateko lizentzia (ezinbestean aurkeztu beharko da eskabidearekin batera).
– Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
● D multzoa: zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren telebistak.
– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.
– Telebista-zerbitzua emateko lizentzia (ezinbestean aurkeztu beharko da eskabidearekin batera).
– Informazio osagarri gisa, CIES enpresaren edo beste erakunderen baten neurgailua erabiliz gero, horren berri emango da, azken neurketaren datuak zehaztuz.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
● E multzoa: Internet bidezko hedabideak.
– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua.
– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
14. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:
1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienez:
a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.
b) 10. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako hedabidearen gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Zeregin horretarako, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finkatutako kostu estandarrak erabiliko dira. Horiek eskatzaileen eskueran egongo dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan.
c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.
d) Kontraste-lan horren ondorioz onartutako gastu-aurrekontua eskatzaileak adierazitakoa baino handiagoa bada, adierazitako gastu-aurrekontua hartuko da, eskatutako diru-laguntzarekin eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioarekin batera, diru-laguntza kalkulatzeko erreferentzia-oinarritzat.
1.2.– Puntuei dagokienez:
a) Hedabide bakoitzari dagozkion puntuak 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira.
b) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Balorazio batzordeak multzo bakoitzerako puntuazio tarteak eta horiei dagozkien estalpen-indizeak proposatuko ditu.
2.– Hedabide bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 10.4 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.
3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.
4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du. Birbanaketa hori egiterakoan D multzoak izango du lehentasuna eta, multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoenak beteko dira. Bigarren birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Horrela jasoko da balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:
1.1.– A multzoa (helburu nagusia eguneroko informazioa ematea duten euskara hutsezko idatzizko hedabideak. Egunerokotasunari edota tokikotasunari lotutako idatzizko hedabideak eguneroko prentsa inprimatua eta udalerri, eskualde edo lurralde jakinetan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak):
a) Irismen-maila: gehienez ere 75 puntu. Puntu horietatik aurreneko 65 puntuak banatzeko, kontuan hartuko da hedabideak bere eragin eremuan duen irismen-maila. Gainontzeko 10 puntuak, berriz, hedadura mailaren arabera banatuko dira.
b) Finantzaketa: gehienez ere 15 puntu, honela banatuta:
– Salmenta eta publizitatea: gehienez ere 10 puntu.
– Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 5 puntu.
c) Maiztasuna: gehienez ere 5 puntu.
d) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.
1.2.– B multzoa (albisteak edo gai hautatuak egunerokotasunetik haragoko sakontasunez lantzen dituzten euskara hutsezko idatzizko hedabideak: Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen diren informazio orokorreko aldizkariak zein aldizkari espezializatuak):
a) Irismen-maila eta landutako gaiak: gehienez ere 75 puntu. Puntu horietatik aurreneko 35 puntuak banatzeko, kontuan hartuko da hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-maila. Gainontzeko 40 puntuak finkoak izango dira.
b) Finantzaketa: gehienez ere 15 puntu, horrela banatuta:
– Salmenta eta publizitatea: gehienez ere 10 puntu.
– Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 5 puntu.
c) Maiztasuna: gehienez ere 5 puntu.
d) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.
1.3.– C multzoa (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz ari diren uhin bidezko irratiak):
a) Audientzia, eragin eremua kontuan hartuz: gehienez ere 65 puntu.
b) Finantzaketa: gehienez ere 15 puntu, horrela banatuta:
– Salmenta eta publizitatea: gehienez ere 10 puntu.
– Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 5 puntu.
c) Programa motak eta edukiak: gehienez ere 15 puntu.
d) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.
1.4.– D multzoa (zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoan eman ahal izateko beharrezkoak diren lizentzien jabe izanik, zati batean edo osorik euskaraz emititzen duten telebistak):
a) Audientzia, eragin eremua kontuan hartuz: gehienez ere 65 puntu.
b) Finantzaketa: gehienez ere 15 puntu, horrela banatuta:
– Salmenta eta publizitatea: gehienez ere 10 puntu.
– Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 5 puntu.
c) Programa motak eta edukiak: gehienez ere 15 puntu.
d) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.
1.5.– E multzoa (Internet bidezko hedabideak):
a) Bisitari «bakarren» kopurua, erabiltzaile bakoitzeko bisitak eta batez besteko denbora, eragin eremua kontuan hartuz: gehienez ere 65 puntu.
b) Finantzaketa: gehienez ere 15 puntu, horrela banatuta:
– Salmenta eta publizitatea: gehienez ere 10 puntu.
– Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 5 puntu.
c) Creative Commonsen erabilera maila: gehienez ere 5 puntu.
d) Informazio-kopurua eta informazioaren eguneraketa: gehienez ere 5 puntu.
e) Berrien trataera (berrien originaltasuna): gehienez ere 5 puntu.
f) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea: gehienez ere 5 puntu.
2.– Aurreko puntuan aipaturiko irizpide berezietako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak horrela proposatuta, multzo bakoitzak bere puntuazio tarteak eta estalpen indizeak izango ditu. Taula hori balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.
16. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.
2.– Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:
a) Jokin Azkue Arrastoa, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aholkularia, batzordearen buruordea. Ordezkoa, Jorge Giménez Bech, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
c) Jose Manuel Bujanda Arizmendi, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kabinetearen zuzendaria. Ordezkoa, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko aholkularia.
d) Edurne Basoa Gonzalez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.
e) Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
3.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
4.– Aurkeztutako hedabideak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.
5.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkatutako irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan daitezkeen eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.
b) Diruz lagundutako hedabideen zerrenda; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak osotara eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean, interesdunei jakinaraziko die.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, diruz lagundutako egitasmoen berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.
3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.
1.– Diru-laguntzaren onuradunak esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, diru-laguntza onartu egin duela adieraziko dio idatziz aipatu Zuzendaritzari.
2.– Diru-laguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
19. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.
g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
i) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 25. artikuluan esandakoaren arabera.
j) Diru-laguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkatela ziurtatzea.
k) Euskarazko hedabideek sektore sozioekonomikoko edozein eragileren eskutik euskaraz jasotako prentsa-ohar edo dokumentu informatiboen berri eman beharko dute beren ohiko agerkarietan, euskarri ezberdinetan (paperekoan, internetekoan, irratian, telebistan). Betiere, jakina, eman behar den berria hedabidearen hedapen eremukoa denean, eta hedabideak berak egokien irizten duen moduan.
2.– Aipatutako betebehar horiek urte batean ez betetzeak urte horretarako esleitutako diru-laguntza galtzea ekarriko du ondorio bezala.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak 4 zatitan egingo dira:
a) 2016. urteari dagokion % 65, ebazpena jakinarazitakoan (diru-laguntza onartu eta bi hilabeteko epean).
b) 2016. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 35) eta 2017. urteari dagokion lehenengoa (% 65), 2016. urtean diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 24. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2017ko martxoaren 31 izango da.
c) 2017. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 35) eta 2018. urteari dagokion lehenengoa (% 65), 2017. urtean diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 24. artikuluko 1. 2. eta 3. puntuetan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2018ko martxoaren 31 izango da.
d) 2018. urteari dagokion bigarren ordainketa (% 35), 2018. urteko diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatu ondoren eta diruz lagundutako egitasmoari dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, bi hilabeteko epean, 24. artikuluko 4. puntuan ezarritakoari jarraituz. Justifikazioa aurkezteko epea 2019ko uztailaren 30a izango da.
21. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.
22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.
b) Agindu honen 19. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.
c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.
d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero eta, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak edo Diru-laguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.
3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, diru-laguntza itzultzeko prozedurak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1 artikuluak ezarritakoari jarraituko dio eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.
23. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoa urtero gauzatu dela justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean.
2.– Diru-laguntza zuritzeko, urte bakoitzeko datuak urte horretako urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartekoak izango dira. Urtealdi bakoitzaren justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.
4.– Era berean, justifikazioak bide elektronikoak erabiliz aurkezteko aukera izango da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
24. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko, honako hauek igorriko dira Euskara Sustatzeko Zuzendaritzara:
– A eta B multzoetako hedabideen kasuan, argitaratutako zenbaki guztien ale bana (paperean edo euskarri elektronikoan).
– C eta D multzoetako hedabideen kasuan, berriz, programazioaren lagin zehatz bat.
– E multzoko hedabideen kasuan, urtean zehar argitaratutako albisteen zerrenda, argitaratze-dataren arabera antolatua.
Urteroko justifikazioarekin batera euskarri elektronikoan jasotako testuak, idatzizkoak zein ahozkoak, hizkuntza-ikerketen euskarri izango diren corpusak elikatzeko erabili ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzak. Nolanahi ere, urte amaierako justifikazioaren zain egon beharrean argitaratu edo emititu ahala bidali nahi izanez gero, jokamolde horri ekin ahal izango zaio. Bide hori aukeratuz gero, onuradunak Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarekin finkatuko du prozedura.
2.– Diru-laguntzaren justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da, antolamendu juridikoak horretarako aukera ematen duenean, hau da, diru-laguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen ez duenean. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu:
a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.
b) Diruz lagundutako hedabideari dagokion aurrekontu likidatua.
c) Beste diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
d) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.
e) Diruz lagundutako hedabideari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.
f) Agindu honetako 19. eta 25. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.
Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, diru-laguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate moneta laginketa teknikak erabiliz. Horretarako berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzea eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
3.– Jasotako diru-laguntzaren zenbatekoak 60.000 euro gainditzen duenean, justifikazioak honako hauek jasoko ditu: aurreko atalean aipatutako dokumentazioaz gain, aurrerago aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
4.– Agindu honen 20.1 artikuluaren d) atalean aipatzen den diru-laguntzaren ordainketa egiteko, artikulu honen 1., 2. eta 3. ataletan jasotakoaz gain, honako hauek ere osatuko dute diru-laguntzaren justifikazioa:
a) Diru-laguntzaren onuraduna enpresa, fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2016-2018 epealdiko edozein urtetan, onuradunaren urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, onuradunaren urte horretako edo horietako kontuak. Halaber, aipatu onuradunari legez auditoria egitea badagokio, 2016ko, 2017ko eta 2018ko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
b) Diru-laguntzaren onuraduna elkartea bada eta deialdi honetan aurkeztutako egitasmoak edota egitasmoek, 2016-2018 epealdiko edozein urtetan, elkartearen urte horretako % 50etik gorako jarduera osatzen badute, elkartearen urte horretako edo horietako kontabilitatea. Kontabilitate horrek elkartearen finantza-egoeraren, emaitzaren eta ondarearen irudi leiala lortzeko aukera emango du. Aipatu elkarteari legez auditoria egitea badagokio, 2016ko, 2017ko eta 2018ko auditoriak ere aurkeztuko ditu. Edonola ere, onuradunak aurkeztutako egitasmoaren edo egitasmoen urte jakin bateko gastu-aurrekontuak 500.000 euro gainditzen duenean, urte horri dagokion auditoriak egindako onuradunaren gastu-sarreren kontuaren azterketa mugatuaren txosten berezia.
5.– Agindu honen 20.1 artikuluaren b), c) eta d) ataletan aipatzen den diru-laguntzaren ordainketak egiteko, hala badagokio, diru-laguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta izan behar ditu. Horien egiaztapena 7.1 artikuluan finkatutakoari jarraituz egingo da.
6.– Diru-laguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste informazio osagarria eskatzeko aukera izango du.
7.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:
– Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
– Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.
– Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
8.– Anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 21. eta 22. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.
25. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aipamena.
1.– Agindu honen 19. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetara jotzen duen hedabide orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta,
1.1.– A, B eta E multzoen kasuan:
a) Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.
b) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren kreditu-ezaugarriak (argitaratzailea, zuzendaritza, erredakzioa, tirada, etab.) adierazten diren toki berean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.
d) Oro har, publizitate-ohar horrek, gutxienik ere, 45 cm
1.2.– C multzoaren kasuan:
a) Diruz lagundutako irrati orok honako publizitate-oharra jaso beharko du ezinbestean: «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.
b) Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz entzule gehien dauden orduetan (06:00-10:00), hirugarrena arratsaldean zehar eta laugarrena, gauean.
c) Publizitate-ohar hori esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
1.3.– D multzoaren kasuan:
a) Diruz lagundutako telebista orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onuradunen eskura jarriko du publizitate-ohar hori.
b) Publizitate-ohar hori, gutxienez 4 aldiz txertatuko da egunean zehar: 2 aldiz ikus-entzule gehien dauden orduetan (21:00-24:00), hirugarrena goizean zehar eta laugarrena, eguerdian.
c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua esleitutako diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 36 hilabetez agerian egongo da.
2.– Aurreko puntuan aipaturiko zehaztasun horiek artez eta moldez betetze aldera, onuradunak beharrezko argibideak eman eta eskatuko dizkio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honetako 6. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
Guztirako zenbatekoa aldatuz gero, Agindu honen 6.2. artikuluan aipatutako C, D eta E multzoei dagozkien diru-kopuruei erantsiko litzaieke, honela: C multzoari % 5, D multzoari % 25 eta E multzoari % 70.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraituz, deialdi honen izapidetzean jasotako datu pertsonalak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren «Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek beren onespena ematen dute Administrazio Publikoak erkatu ahal izateko adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egiteko diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen xede diren diru-laguntzei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie (EBAO L187, 2014ko ekainaren 26koa), zeinaren bidez laguntza-kategoria zehatz batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETIK BIGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 20a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.