EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016140

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2016ko ekitaldiari dagokionez, Hirugune-Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntza-programarako arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-07-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201603282
Maila: Agindua
Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Ekintza Planak, «Merkataritza Jarduera Bultzatu» izeneko bigarren ardatzaren barruan, honako hau jasotzen du: merkataritza dinamizatzeko ekintzen garapena laguntzea; betiere, auzuneetan eta udalerrietan, merkataritza-zonetara demanda erakartzeko eta horri eusteko helburuarekin. Halaber, lankidetza publiko-pribatua balorizatzea ere jasotzen da; hartarako, «Hirigune» hiri-inguruneak dinamizatzeko programak ezarriz udalen eta elkarteen artean.
Euskadiko Merkataritza Egokitzeko 2016 Planetik eratortzen diren jarduera-ildo nagusiak, merkataritza garatzeko agertoki lehiakorrago eta profesionalago bat sustatzera bideratuta daude. Merkatua aurrera doa globalizaziora bidean eta tokiko merkataritzak gero eta argiago definituta eduki behar ditu, bai bere lehiakortasun-tresnak, eta bai bezeroen leialtasuna lortzera orientatu eta finkatu beharreko estrategiak ere. Horregatik, Lurraldea ardatz estrategikoan kokatuta, ondorengo lan-programa garatu da: Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazioa eta Lehiakortasuna.
Horren ondorio gisa, kontsumitzaileen gustuak eta lehentasunak asetzea eta, hortaz, berorien leialtasuna hobetzea.
Helburu horrek hirugarren sektorerako estrategiak ekarri behar ditu; zonako lankidetza-ekintzak izango dira horiek, inguruneak eskaintzen dituen eremuko edo sektoreko aukerei balioa emateko; horren ondorioz, inguruneak marka-kokapen hobea izango du, eta haren kudeaketa profesionalizatua bermatuko da.
Ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzari beharrezkoa eta giltzarria dela irizten zaio programa honen helburuak lortzeko, bai eta dauden baliabideen aprobetxamendu onena erdiesteko ere.
Aurkeztutako jarduera-proiektuak globalak eta bakarrak izango dira, udalerrikoak, eta aldeen artean ezarritako helburu guztiak hartuko dituzte barnean, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-hitzarmena behin sinaturik dela, zeina diru-laguntzaren xede den proiektuaren plangintzarako, jarraipenerako eta ebaluaziorako bitarteko eta tresna izango baita.
Horren guztiaren kariaz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinean jasotzen den legez, 2016ko ekitaldiari dagokionez, honako deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea: Hirugune-Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntza-programarena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Oinarriek prozedurari dagokionez aurreikusten ez dituzten kasuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea –Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– ezarriko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Lege honen xedea da:
a) Beren jarduera gauzatzen duten hiri-inguruneetako marka-kokapena eta merkataritza arloko lehiakortasuna hobetzera zuzendutako hiri-merkataritzako lankidetza eta dinamizazio estrategien garapena sustatzea.
b) Merkataritza-dentsitate txikiko gunetan, zonako lankidetzako proiektuen ezarpena eta garapena bultzatzea; betiere, suspertu behar diren zonetan merkataritza-hornikuntza hobetzeko proposamen estrategikoak integratzen badituzte proiektuok.
2.– Aipatu programarekin bat etorriz, jarraian zehaztu jarduera-proiektuak ezarri eta garatzeko laguntza ekonomikoak emango dira: udalerri mailakoak izanik, euren izaera estrategikoa dela-eta bereizi eta globalak izateaz gain, parteek adostutako ekintza guztiak integratuko dituztenak. Adostasun hori lankidetza-hitzarmen publiko-pribatu baten sinadurarekin gauzatuko da, bakarra udalerri bakoitzeko, beharrezkoa laguntza lortu nahi bada, proiektuarekin batera, eta urtero berretsi beharko da. Esandako adostasunak berariaz jasoko du zer-nolako modua ezarri den diru-laguntzaren xede den proiektuaren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Goragoko artikuluan zehaztu helbururako diren baliabide ekonomikoek 1.571.428,57 euro egingo dituzte, udalei dagokienez (2016rako 1.100.000,00 euro, eta 2017rako 471.428,57 euro); eta hiriko merkataritzako merkatarien elkarte eta elkarte mistoak edo hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte-multzoak edo elkarteen jarduerei dagokienez, 1.645.000,00 euro; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
Agindu honetan araututako laguntzen osoko kopurua aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, betiere azken horien gaineko erabakiak hartu aurretik. Hala gertatuz gero, argitara emango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez.
2.– Aipatu laguntzei aurre egin behar dien aurrekontuak ez badu kreditu egoki eta nahikorik lortu nahi den helbururako, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpenaren bitartez. Era berean, diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, gertaera horren berri emateko, arlo honetan eskumena duen sailburuordetzak administrazio-ebazpen bat emango du eta bertan adieraziko du zer egunetan agortu den aipatu kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den beste laguntza-eskaerarik.
3.– Diru-laguntzen eskaera-espedienteak era ordenatuan ebatziko dira, agindu honetan galdatutako dokumentazio guztia esandako espedienteetan osatuta geratzen den momentuaren arabera.
3. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, gauzatuko dira, eta Agindu honetan zehazten diren jarduerak finantzatuko dira.
4. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo du, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzak batuta, aurkeztutako aurrekontuaren % 100 gainditu.
Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, eman beharreko diru-laguntza murriztu egingo da diruz lagundutako proiektua egikaritzeko aurreko lerrokadan ezarritako osoko kostuaren mugaraino.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak eskatu ahal izango dituzte EAEko udalek eta udalerriko merkatarien elkarteek edo hiri-merkataritzaren elkarte mistoek edo hiri-merkataritzaren plataformek, elkarte-multzoek edo elkarteek; baina lankidetza publiko-pribatuko «esparru-akordio» bat sinatu beharko dute biek, eta honako hauek xeheki adierazi beharko dira bertan:
– Udalerriko merkatarien elkarteen izena eta kopurua, eta, egoki bada, haien ordezkariaren izendapena.
– Helburuak.
– Ekintzak.
– Aurreikusitako egutegia.
– Proiektua gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta berorien jatorria.
– Ekintza bakoitzaren estaldura eta arrakasta-maila neurtzeko erabiliko diren adierazleak.
– Existituko ez balitz, proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egingo duen organo baten eraketa.
a) Udalak:
1) 15.000 biztanletik gora dituzten udalerriak. Zerrenda agindu honetako II. eranskinean dago jasota.
2) 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hirigune historikoa baldin badute eta udalerriko merkataritza-establezimenduen kopurua dela eta, biziberritze komertzial baterako potentzialtasuna duten kasuan. Esandako udalak agindu honetako III. eranskinean daude zerrendatuta.
3) Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak. Aipatu udalak agindu honetako IV. eranskinean daude zerrendatuta.
4) Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeetako udalerri nagusiak, 100 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak, agindu honetako 6. artikuluko 1.d idatzi-zatian jasotako jardueretarako soilik. Halako udalak agindu honetako V. eranskinean zerrendatzen dira.
b) Eremu zonaleko merkatarien elkartek eta elkarte mistoak, baldin eta, 2016ko urtarrilaren 1ean, inskribaturik badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, zeina ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaz arautu baitzen.
c) Plataformak, elkarte-multzoak edo hiri-merkataritzako elkarteak, pertsona fisiko edo juridiko gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo edozein motako unitate ekonomiko edo ondare, izaera juridiko propioa duena, eta, zuzenbideak onartutako edozein eran, 2016ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.
2.– Merkatarien elkarte bat baino gehiago, hiri-merkataritzako plataforma, elkarte-multzo edo elkarte dagoen udalerrien kasuan, udalerriko hiri-merkataritzaren plataformarik badago, plataforma, elkarte-multzoa edo hiri-merkataritzako elkarte horixe izango da onuraduna. Honako hau jotzen da halako plataformatzat: udalerriko merkatari elkarteen ordezkaritzaren gehiengoa duen zonako merkataritza-elkartea.
Hiri-merkataritzako plataforma, elkartze-multzo edo elkarterik ez bada, udalerriko merkatarien elkarteen multzoak erabakiko du, era adostuan, erantsitako agiri batean, zeinek izango duen haien ordezkaritza, bakarra izango baita udalerriko, eta elkartea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; esandako dokumentuan jasoko dira, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion diru-laguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa.
Udalerriko merkatarien elkarte guztien adostasuna lortuko ez balitz; elkartekide kopuruari dagokionez enpresa-ordezkaritza maila handiena duen edo duten erakundearen/en eta udalaren artean iritsitako akordioak balioko du.
Horretarako, elkarrekin adostutako dokumentu bat aurkeztu beharko dute, aldeek sinatuko dutena eta bertan islatuko dira esandako akordioa lortzeko egin diren izapideak, akordiotik kanpo geratu diren erakundeak, zer arrazoigatik geratu diren kanpoan eta erakunde sinatzaileen ordezkaritza maila.
Era berean, urteko jardueren eragiketa-plana eta aurreikusitako finantzazio-sistema aurkeztu beharko dituzte.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek, edo edozein Administrazio Publikoak, ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko.
Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete diren automatikoki egiaztatuko da, diru-laguntza eman aurretik; hala ere, ordainketak diru-laguntza eman osteko ekitaldietan egin behar badira, eta diru-laguntza eman denetik hiru hilabete baino gehiago igaro badira, hurrengo ekitaldietan egingo diren lehenengo ordainketa-proposamenen aurretik egiaztatuko da erakunde haiekiko betebeharrak bete direla.
Erakunde eskatzaileak deialdia egin duen erakunde kudeatzaileari baimena eman behar dio zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete dituen zuzenean egiaztatzeko; baimenik ematen ez badio, eskumena duen ogasun-agintaritzak eta Gizarte Segurantzak emandako administrazioko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaile horrek.
II. KAPITULUA
UDALEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZAK
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Diruz lagun daitezkeen inbertsio-proiektutzat jotzen dira ondorengo hauek:
1.– Ikerlanak.
a) Agindu honetan aurreikusitako udalerrietan Merkataritza Suspertzeko Planak –halakorik ez badute– prestatzeko eta lantzeko ikerlanak, edo, egin zirenetik, 5 urtetik gorako antzinatasuna duten planak eguneratzeko egin beharrekoak.
Diruz lagundu ahal izateko, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:
1) Udalerriaren identifikazio-parametroen azterketa.
2) Zonako merkataritza azterketa.
3) Zonako espazio azterketa.
4) Udalerriko hornidura-sistemen azterketa, salerosgaien karga- eta deskarga-ordenantzei buruzko alderdiak barne direla.
5) Eskaeraren azterketa.
6) Diagnostikoa.
7) Helburuak eta ekintzak zehazten dituzten jarduera-proposamenak eta haiek gauzatzea ahalbidetuko duten adierazleak.
b) Txikizkako udal azokak eraldatzea, berregituratzea eta modernizatzea xede duten ikerlanak.
Ikerlan horiek, diru-laguntzarik jaso ahal izateko, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:
1) Ikerketaren helburuak.
2) Udalerriaren deskribapen-azterketa.
3) Zonako merkataritza azterketa.
4) Xede-merkatuaren oraingo egoeraren azterketa, espazio, arkitektura eta merkataritza alderdiei dagokienez; irisgarritasuna, dekorazioa eta postuen kokapena ere aztertuko dira.
5) Oraingo kudeaketa-eredua eta baliabideak.
6) Eskaeraren azterketa.
7) Diagnostikoa.
8) Jarduera proposamenak:
– Globalak, azoka osorako, oro har.
– Azokako eskaintza komertzial globala (establezimendu aukera eta tipologia).
– Espezifikoak, salmenta-postu bakoitzarentzat.
– Erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzea (etxera banatzea, ordutegiak, txartelak, aparkalekuak, informazio-puntuak,...).
– Produktu-gama berriak sartzea (bidezko merkataritza, produktu ekologikoak, tokikoak, eskuz landuak, jatorri-izendapen babestukoak, geografia-adierazpen babestukoak,...).
– Hondakinak gaika bildu eta tratatzeko sistemak.
– Barne araudia.
9) Proiektuaren bideragarritasuna epe labur, ertain eta luzera.
10) Gauzatzeko egutegi optimoa.
11) Kostuak kalkulatzea.
12) Ondorioak.
c) Hiri-markari buruzko ikerketak.
Halako azterlanek, gutxienez, honako informazio hau izan beharko dute:
1) Zioen adierazpena eta helburuak.
2) Udalerriaren ezaugarri espezifikoen gaineko azterketa.
3) Merkataritza-sektorearen ezaugarri espezifikoen gaineko azterketa.
4) Gainontzeko sektoreen ezaugarri espezifikoen gaineko azterketa.
5) Udalerriaren eta merkataritza-sektorearen ezaugarri bereizgarriak.
6) Hiri-marka zehaztea eta ezaugarriak.
7) Markaren euskarriak eta ezaugarriak.
8) Aplikazio-proposamenak.
d) Udalerriko plan estrategikoak prestatzeko azterlanak, honako hauentzako direnak: probintzietako hiru hiriburuak; eskualdeetako hiri-nagusiak, V. eranskinean jasotakoak, eta, merkataritzaren aldetik duten munta dela-eta, Barakaldo, Gernika-Lumo, Getxo eta Errenteria. Eta, gutxienez, honako hauek jaso beharko dituzte:
1) Hiriko Merkataritzaguneak (BID).
2) Merkataritzako Lokalak – Hiriko Merkataritza Sarea Leheneratzea.
3) Merkataritza – Turismoa Koordinazioa.
Hiriko Merkataritzaguneak (BID).
Diru-laguntzak lortu ahal izateko, inplikatutako udalerrien aldez aurreko berariazko adostasuna izan beharko dute azterlanek, eta, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:
• Jarduera-eremu geografiko mugatua.
• Ekimen pribatuak babes publikoarekin sortutako irabazte-asmorik gabeko erakundea.
• Demokratikoki sortuta, oro har atxikipen bidez.
• Udal araudiak aldez aurretik onetsita: finantzaketa, jarduera-plana.
• Eremuko negozioen jabe edo okupatzaile guztien nahitaezko ekarpenaren bidezko finantzaketa (tasa, errekargu, kontribuzio edo zerga berezien bitartez). Bestelako finantzabideak: laguntza publikoak, dohaintzak, zerbitzu-prestazioa, babesak, ekitaldiak antolatzea, etab.
• Jarduera ekonomikoa garatzen deneko higiezinen jabetzaren katastro-balioari lotutako kontribuzio-tasaren kalkulua, oro har.
• Administrazio eta zuzendaritzako organoak: Biltzar nagusia, zuzendaritza-batzordea, lan-batzordeak, zuzendari-gerentea.
• Kontribuzioa biltzen du udalak tokiko zergen bidez, eta ondoren BIDeko erakundeari transferitzen dio (Hiri-merkataritzaren Plataformak).
• Negozio Planaren garrantzia; jardun-estrategia eta finantzaketa zehazten ditu, eta urteko jardun-planetan gauzatuta dago.
• Kudeaketa profesionala.
• Hiriko ekonomia suspertzera bideratutako ekintzak: sustapena, komunikazioa, marketina, zerbitzuak, etab.
Merkataritza Lokalak Leheneratzea.
Diruz lagundu jaso ahal izateko, itxita dauden merkataritza-lokalak leheneratzeko plan bat diseinatu beharra dago, honako hauek jasotzen dituena:
• Helburuak.
• Merkataritza, enpresa, turismo eta kulturako eskaintzaren analisia.
• Bizitoki-eskariaren analisia (zenbait kasutan turistikoa ahaztu gabe).
• Jardun-estrategia.
– Hutsik dauden lokalen errolda.
– Jabeak nor diren zehaztea.
– Beharren azterlana (bizilagunak eta bisitariak).
– Operadore berriak zehaztea.
– Bitartekotza alderdien artean (jabeak - operadoreak).
– Lege-aholkularitza.
Hiriko Merkataritza Sarea.
Diruz lagundu ahal izateko, hiriko merkataritza-sareari buruzko azterlanak, honako eduki hauek jaso beharko ditu:
• Eremuan edo inguruan dagoen merkataritza-eskaintza.
• Eremu horietan bizi direnen profila.
• Bizitegi-eremu berrietan bizi direnen profila.
• Eremuetako biztanleria mugikorraren profila.
• Bisitarien profila.
• Dauden ekipamenduak (kulturguneak, kirol-ekipamenduak, ikastetxeak, etab.).
Merkataritza – Turismoa Koordinazioa.
Diruz lagundu ahal izateko, merkataritza eta turismoa koordinatzeari buruzko azterlanak, honako eduki hauek jaso beharko ditu:
1) Merkataritzaren eta Turismoaren arteko lankidetza-kultura sustatzea, kooperaziorako formulak sortuz (adibidez, baterako komertzializazioa, aliantzak).
2) Kluster elkarte bat sor dadin laguntzea, hainbat organismok, erakundek. Networking jardunaldiak aldian-aldian antolatu ahal izan ditzaten, proposamenak, ideiak, etab. trukatzearren.
3) Lankidetzak lehiakortasuna hobetzeko eskaintzen dituen abantailen eta aukeren gainean saltokiak sentsibilizatzera bideratutako jarduerak diseinatzea eta burutzea.
4) Saltokien eta ostalaritzako enpresen arteko lankidetza saritzea.
5) Merkataritza-Turismo arloko baterako gida bat argitaratzea.
2.– Hirigintza-jarduerak merkataritza eremuetan.
Halako jarduerak dira: 5. artikuluan aipatu esparru-akordioan eta Merkataritza Suspertzeko Plan Berezian jasotako hiri-azpiegiturak egokitzeko proiektuetan egindako inbertsioak, baldin eta agindu honetako 5. artikuluko 1.a) 1), 2) eta 3) paragrafoetan aipatu udalek egiten badituzte, eta udalerriko merkataritza-jarduera aurrerabidean jartzeko helburua badute; esate baterako, merkataritza burutzen den ingurunea hobetzea.
Aurreko paragrafoan esandakoaren ildotik, uste da beharrezkoa dela MBP azterlan bat edukitzea; hala, puntu honetan zehaztu jardueretarako laguntzak eskatu ahal izateko.
Agindu honen ondorioei dagokienez, udalerriko hiri-azpiegituretan –barne dela hiri-ekipamendua– egokitzapen komertziala egiteko beharrezkotzat jotzen dira beherago zehaztu jarduerak; betiere, merkataritza aldeetan burutzen badira eta honako hauentzako badira:
a) Hiri-ingurunean kokatutako kale-merkataritza eta noizbehinkakoa garatzeko eremu espezifikoak egokitzea.
Agindu honen eraginetarako, kale-merkataritza eta noizbehinkakoaren garapen eta hobekuntza gisa hartuko dira esandako merkataritza-aktibitatea eguneratzen eta duintzen duten jarduera haiek, bai eta hiri-ekonomiak animatzeko duten balioa aitortzen dietenak ere, esate baterako:
1) Salmenta tipologia honetako jarduerak garatzeko erabiltzen diren eremuak edo azalerak egokitzea.
2) Merkataritza-aktibitate horri zerbitzua emateko ekipamendu eta azpiegitura ez-iraunkorrak: karpak, desarma daitezkeen egiturak edo antzekoak. Kasu horretan, merkataritza-jarduerari erreferentzia egiten dioten mezuak eta esloganak agerian eta ikusteko moduan paratu beharko dira.
3) Sostengu-zerbitzuen zuzkidura, hala nola argindarra, ura, ekipamendu elektronikoa, eta abar.
b) Udalerriko txikizkako merkatuetako postuak modernizatu eta berregokitzeko inbertsioak.
c) Seinaleztapen komertziala.
Halakotzat jotzen da: merkataritza-zonetako seinaleztapena ipintzea, eta bai merkataritza-zonetarako sarbideen seinaleak paratzea ere, trafikoaren arlokoak izan ezik.
d) Paramentu bertikalak edo antzekoak, iraunkorrak ez direnak, zeintzuen helburua baita: merkataritza-ardatzetako pasaia urbanoa eta estetikoa hobetzea; eta, betiere, jarduera bako lokalekiko loturarik badute.
e) Ardatzak eta kaleak oinezkoentzako prestatzea, eta bai haiek garatu eta birmoldatzea ere, baldin eta, azken zazpi urteetan, laguntzarik jaso ez badute sail honek eratu Merkataritza Suspertzeko Planen bidez.
f) Espaloien zabalera handitzea, 3 metroraino, kale batzuetan, hain justu ere dituzten lonjetan % 70 gutxienez merkataritzarako badira eta horietarik % 70 aktiboan badira Baldintza hori, udalaren ziurtagiriaren bidez kreditatu beharko da.
g) Bideak bitarteko kale bihurtzea.
Agindu honen ondorioetarako, honako espazio hauek jotzen dira bitarteko kaletzat: merkataritza-jarduera izanik, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa dutenak, zeintzuetan oinezkoek lehentasuna duten lehentasunik ibilgailuen zirkulazioarekiko; eta, besteak beste, honako hauek izan daitezke euren ezaugarriak: zoladura plano bakarra, paseorako zonetako eta ibilgailuentzako zonetako zoruak bereiztu egiten direlarik; trafikoa antolatua da eta abiadura mugatua du, gutxi-gorabehera 20 Km/h; kaleak ornamentuzko elementuak ditu, zeintzuek trafikoari atzera eragiten dioten eta oinezkoen aldeko lehentasuna indartzen, eta halakoak dira, bestek beste: arbolak, jardinerak, oztopo-zutoinak, bolardoak, etab.
h) Zamalanetarako eta/edo banaketa logistikorako zonak ezartzea; halakotzat jotzen dira: merkataritzako horniketa-lanak batu, zentralizatu eta minimizatzeko diren espazioak.
3.– Diru-laguntzaren helburu diren inbertsioak ekitaldia hasten denetik 2017ko abenduaren 31ra bitartean egin daitezke.
4.– Ez dira diruz laguntzeko modukotzat jotzen BEZa, tasak, profesionalen ordainsariak, etekin industriala, gastu orokorrak, ezta esandako kostuan zorrotz sartzen ez den beste ezein kontzeptu ere. Izaera orokorrez, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango gero udalerrira itzultzea eskatuko duten jarduera eta/edo inbertsio haiek.
5.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzeko gehienezko zenbatekoa % 100a izango da. 38/2003 Legeak, azaroaren 17ko, Dirulaguntzen Lege Orokorrak, bere 29 eta 31. Artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dira azpikontratatzerakoan, hain zuzen, kontratua idatziz egitea, Merkataritza Zuzendaritzak aldez aurretik hala onartuta, gutxienez hiru hornitzaile ezberdinen eskaintzak eskatu ondoren.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzen zenbatekoa: inbertsioen egikaritze materialaren kostuaren % 80koa izango da.
6.1 Ikerlanak artikuluan jasotako jardueren kasuan, ondorengo gehieneko zenbatekoak ezartzen dira diru-laguntzentzat, ikerlan motaren arabera:
– 6.1.a) artikuluko ikerlanak (MSPB eta eguneratzeak): 25.000 euro.
– 6.1.b) artikuluko ikerlanak (Udal azokak): 12.000 euro.
– 6.1.c) artikuluko ikerlanak (Hiri-marka): 6.000 euro.
– 6.1.d) artikuluko ikerlanak (Udalerriko plan estrategikoak prestatzea): prestatzearen kostuaren % 70, 25.000 euroko maximoarekin.
2.– Nolanahi ere, deialdi eta udalerri bakoitzeko gehieneko diru-laguntzaren muga hauxe izango da: herri-tramuaren arabera dagokion diru-laguntza udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizienteaz biderkatuta lortzen den emaitza:
Agindu honen ondorioetarako, honako alderdi hauek izango dira kontuan:
a) Erreferentziatzat biztanleriaren eta merkataritzaren azken zentsua hartuko da, zeina Eustatek eman zuen argitara, 2016ko urtarrilaren 1ean.
b) Udalerriko merkataritza-dentsitatea: txikizkako establezimendu kopurua x 1.000/biztanle kopurua.
c) Merkataritza-dentsitatearen koefizientea: udalerriaren merkataritza-dentsitatea/EAEko merkataritza-dentsitatea.
3.– VI. eranskinean aditzera ematen dira honako hauei buruzko datuak: biztanleria, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-dentsitatea, udalerri bakoitzekoak; eta, orobat, EAEko merkataritza-dentsitatea.
4.– Diruz lagundu beharreko eskabideen zenbateko maximoa ez balitz iritsiko agindu honetan aurreikusitako baliabide ekonomikoen osoko zenbatekora, 6. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako jardueretarako, soberakinak hainbanatuko dira hasieran emandako diru-laguntzaren % 20ko hazkunde maximora iritsi arte. Kasu horretan, ebazpen gehigarri indibidual bat jaulkiko da eta bertan jaso beharko da esandako inguruabar hori eta diru-laguntzaren osoko zenbatekoa. Halaber, emandako zenbatekoaren % 70 ordainduko da, 15. artikuluan aurreikusiarekin bat etorriz.
III. KAPITULUA
MERKATARIEN ELKARTE ETA ELKARTE MISTOENTZAKO EDO HIRI- MERKATARITZAREN PLATAFORMAK, ELKARTE-MULTZOAK EDO HIRI-MERKATARITZAKO ELKARTEENTZAKO DIRULAGUNTZAK
8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz laguntzeko modukotzat jotzen dira udalerriko merkataritza garatzeko planteamenduekin bat datozen proiektuak, esparru-akordioan markatutako helburuak lortzera bideratuta daudenak, MSPB ikerlanean edo hura ordezten edo osatzen duen planean jasota daudenak, eta ondorengo eginbide hauek gauzatzen dituztenak:
a) Udalerriko merkataritza dinamizatzera eta sustatzera zuzendutako ekintzak antolatzea eta gauzatzea, berorien helburua merkataritza-fluxuak erakartzea xede duten zonako estrategiak bultzatzea baldin bada.
b) Ingurura merkataritza-fluxuak erakartzea erraztuko duten merkataritzaren zerbitzu osagarriak antolatzea eta sustatzea.
c) Sektorearentzat interes erkidea duten lankidetza-zerbitzuak garatzea eta kontratatzea (eskalako ekonomiak sortzen dituzten proiektuak, negoziazio onuragarriak, etab.)
2.– Ekitaldia hasten denetik 2016ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu ahal izango dira diruz lagun daitezkeen jarduerak.
3.– Estatutuetako helburua banaketaren aktibitateari lotuta duten Merkatarien Elkarteek eta Elkarte Mistoek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan baldin badute eta agindu honetako II, III eta IV. eranskinetan jaso gabeko udalerrietan kokatuak baldin badaude, gutxienez 10 merkataritza-establezimendu badituzte, laguntza eskabidea aurkeztu ahal izango dute, bakarra udalerriko, artikulu honetan jasotako aktibitateak garatzeko, eta aurreikusitako gainerako baldintza guztiak ere bete beharko dituzte, agindu honetako 5. artikuluan eta MSPB ikerlanean jasotako udalaren eta elkarteen arteko esparru-akordioa izan ezik.
4.– Aldi beran, aurreko paragrafoetan zehazten diren jarduera berdinak izango dira diruz lagungarriak eskatzaileak Hiri-merkataritzaren Plataformak, Elkarte-multzoak edo hiri-merkataritzako elkarteak direnean.
BEZa eta gainerako tasak eta zergak ez dira lagunduko diruz.
5.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzeko gehienezko zenbatekoa % 100a izango da. 38/2003 Legeak, azaroaren 17ko, Dirulaguntzen Lege Orokorrak, bere 29 eta 31. Artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dira azpikontratatzerakoan, hain zuzen, kontratua idatziz egitea, Merkataritza Zuzendaritzak aldez aurretik hala onartuta, gutxienez hiru hornitzaile ezberdinen eskaintzak eskatu ondoren.
9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren egiazko kostuaren % 80ra irits daiteke.
2.– Nolanahi ere, deialdi bakoitzeko eta udalerriko elkarteen multzorako gehieneko diru-laguntzaren muga hauxe izango da: merkataritza-tramuaren arabera dagokion diru-laguntza udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizienteaz biderkatuta lortzen den emaitza:
Diruz lagundu beharreko eskabideen zenbateko maximoa ez balitz iritsiko agindu honetan aurreikusitako baliabide ekonomikoen osoko zenbatekora, soberakinak hainbanatuko dira, hasieran emandako diru-laguntzaren % 20ko hazkunde maximora iritsi arte. Kasu horretan, ebazpen gehigarri indibidual bat jaulkiko da eta bertan jaso beharko da esandako inguruabar hori eta diru-laguntzaren osoko zenbatekoa. Halaber, emandako zenbatekoaren % 70 ordainduko da, 15. artikuluan aurreikusiarekin bat etorriz.
Agindu honen ondorioetarako, honako alderdi hauek izango dira kontuan:
a) Erreferentziatzat biztanleriaren eta merkataritzaren azken zentsua hartuko da, zeina EUSTATek eman zuen argitara, 2016ko urtarrilaren 1ean.
b) Udalerriko merkataritza-dentsitatea: txikizkako establezimendu kopurua x 1.000/biztanle kopurua.
c) Merkataritza-dentsitatearen koefizientea: udalerriaren merkataritza-dentsitatea/EAEko merkataritza-dentsitatea.
3.– VI. eranskinean aditzera ematen dira honako hauei buruzko datuak: biztanleria, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-dentsitatea, udalerri bakoitzekoak; eta, orobat, EAEko merkataritza-dentsitatea.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA
10. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako kudeaketa guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), eta bereziki, aipaturiko dekretuaren 28.3 artikuluan jasotako zuzenketen ondorietarako, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
Eskabidera sartzea eta berori betetzea Internet bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: //www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html, esandako webguneko funtzionalitateen bitartez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasita. Eskabide-eredua esandako egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.
Espedientera sartzea eta gainerako izapideak beste helbide honetan ere egin ahal izango dira: http://www.euskadi.net/misgestiones
Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko jarduteko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala Administrazioak eska litzakeen guztiak ere aurkeztu beharko dira.
Goiko aukera horren alternatiba gisa, baldin eta sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak helbide honetan bete eta grabatu ostean: http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html, inprimatu egin beharko dira, eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsonak sinaturik Merkataritza Zuzendaritzara bidali beharko dira, eta Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzan –proiektua kokatzen denekoan– eta Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean) aurkeztuko dira; edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan.
Kasu horretan, jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egingo dira, interesdunak lehentasunezkoa dela adierazi duenean, edo espresuki bitarteko hori erabiltzea baimendu duenean soilik.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatuko dituela datu guztiak.
Eskabideak aurkezteko epea hauxe izango da: 2016ko uztailaren 23ko 09:00etatik 2016ko irailaren 30eko 12:00ak artekoa.
Egitea aurreikusten diren jarduerentzako eskabidea bakarra izango da, eta, onar dadin, osorik bete beharko da.
2.– Hizkuntzaren arloko herritarren eskubideak eta botere publikoen eginbeharrak kontuan harturik, erakunde eskatzaileak bi hizkuntza ofizialetako edozein aukeratu ahalko du Administrazioarekin harremanetan jartzeko (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5 eta 6 artikuluak).
3.– Erakunde eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
UDALAK
a) Laguntza eskatzeko erabakiaren ziurtagiria, organo eskudunak egina, aurkeztutako jarduera bakoitzaren kostua eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuta.
b) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardueren inguruko azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren (MSPB) ikerlanean duten kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian dutena, halakorik baldin badago.
Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:
1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:
a- Lortu nahi diren helburuak.
b- Gauzatu beharreko ekintzak.
c- Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.
2) Aurrekontu zehatzak, baita partidaz partida ere, kasuan kasu.
3) Gauzatze-egutegia.
4) Dokumentazio grafikoa, jardueren kokaleku izango diren eremuen aurretiko egoeraren argazkiak barne.
c) 5. artikuluan aipatutako esparru-akordioaren kopia, baita ondoren egindako edozein aldaketaren kopia ere.
d) Erakundeak diru-laguntzen bidez finantzatu nahi diren jarduera horiek eta/edo inbertsioak egiteko bestelako diru-laguntzarik jasotzen ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria, organo eskudunak egina.
e) Erakunde eskatzailearen zin-egite edo erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).
f) Eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren Alta» izeneko dokumentua, Ogasun eta Finantza Sailak xedatutako ereduaren araberakoa (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), bakarrik lehenago ez bada aurkeztu edo lehenagoko eskabideetako datuak aldatu badira.
MERKATARIEN ELKARTEAK ETA HIRI-MERKATARITZAKO ELKARTE MISTOAK EDO PLATAFORMAK, ELKARTE-MULTZOAK EDO ELKARTEAK:
a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa. Kasuan kasu, eratze-eskrituraren, estatutuen eta erregistroko izen-ematearen kopiak aurkeztu beharko ditu.
Hainbat elkarte ordezkatzen dituen enpresa-erakundearen, edo hiriko merkataritza plataformen kasuan, aipatutako ordezkaritza jasotzen duen akordioaren kopia, eta ordezkatutakoen zerrenda.
Esandako akordioan ez badute udalerriko elkarte guztiek parte hartzen, azalpen-agiri batean jasoko dira akordioa lortzeko egindako izapideak, zer erakunde geratu diren akordiotik kanpo eta zergatik.
b) Erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsonaren NANaren fotokopia eta berorren ahalorde-agiria, edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimena hura lortzeko.
c) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia, edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimena hura lortzeko.
d) Azalpen-memoria, merkataritzaren ikuspegitik egina, laguntzaren helburu den jarduera bakoitzari buruzkoa; betiere, honako hau jasoz: MSPB ikerlanean sartzen den ala ez, edo, halakorik bada, hura ordezten edo osotzen duenean.
Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:
1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:
a- Lortu nahi diren helburuak.
b- Gauzatu beharreko ekintzak.
c- Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.
2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehetuak.
3) Gauzatze-egutegia.
e) Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera egokiak emandako ziurtagiri eguneratua, Merkatarien Elkarteen Erroldan erakunde eskatzaileaz dauden datuei buruzkoa, dauden datu guztiak jasoz.
f) Elkarte edo hiri-merkataritzako plataforma, elkarte-multzo edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria, zeinetan honako hauek jasotzen diren: elkartekideen zerrenda, eskabide egiteko epearen aurreko hilabetearekiko eguneratua, eta azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bananduta islatu beharko da; alegia, merkataritza-enpresetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.
g) Kasuan kasu, 5. artikuluan aipatutako esparru-akordioaren kopia, baita ondoren egindako edozein aldaketaren kopia ere.
h) Erakunde eskatzailearen zin-egite edo erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik –ez zigor arlokorik ez administrazio bidekorik– edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).
i) Merkatarien elkarte bat baino gehiago duten udalerrien kasuan, haien ordezkaritza duen erakundeak honako hauek aurkeztu beharko ditu: elkarteetariko bakoitzak proiektuaren exekuzioarekiko duen konpromiso- eta partaidetza-maila; laguntza zehaztearen ondorioei dagokienez zenbatekoa; eta elkartearen ordezkari izango den pertsona izendatzeko dokumentazioa –laguntzaren onuradun gisa dituen obligazioak betetzeko ahalmen aski duena izango da ordezkaritza hori.
j) Eskatzailearen «Hirugarrenaren Alta» izeneko dokumentua, Ogasun eta Finantzetako sailak xedatutako ereduaren araberakoa (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), bakarrik lehenago ez bada aurkeztu edota lehenagoko eskabideetako datuak aldatu badira.
11. artikulua.– Zuzenketak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde ordezkaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, haiek zuzen ditzan; halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Esandako epe horretan akatsa konpontzen ez bada, lurralde ordezkariak ebazpena jaulkiko du adieraziz eskatzaileak atzera egin duela, Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42. eta 71.1 artikuluetan dioenaren arabera.
12. artikulua.– Eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.
1.– Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lurralde-ordezkaritzari (inbertsioa egingo edo jarduera gauzatuko deneko lurraldearen araberakoari) dagokio aurkezten diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezko irizten dien argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
2.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamen bat aurkeztuko da eta berariaz adieraziko da eskatutako diru-laguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.
13. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.
1.– Merkataritzako zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako proposamenak aurrean dituela, sei hilabeteko epean –laguntza-eskabidea aurkeztu zen hurrengo egunetik zenbatuta–, ordenan ebatziko ditu eskabideak, espedientea osaturik geratzen den momentuaren arabera, agindu honetako 2. artikuluko 3. paragrafoan xedatuarekin bat etorriz.
2.– Erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan xedatuari jarraikiz.
3.– Laguntza ematearen ebazpenak erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektu bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoa, berorren kostu estimatua eta egikaritzeko epea jaso beharko ditu. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.
4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen –Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– 43. artikuluan xedatuarekin bat etorririk, ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskabidea onartu egin dela ulertuko da.
14. artikulua.– Gastuak eta inbertsioak justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektua gauzatu ostean, erakunde onuradunak honako dokumentazioa aurkeztu beharko du lurralde-ordezkaritza egokian: justifikazio-dokumentazioa, kasuan kasukoa, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erreglamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.3 artikuluan ezarritakoaren arabera:
– Kontu-sailak likidatzeari buruzko ziurtagiriak.
– Jardueraren amaierari buruzko udal ziurtagiriak.
– Faktura originalak edo konpultsatuak eta euren ordainketa-egiaztagiriak.
– Dokumentazio grafikoa.
– Azken buruko egoeraren argazkiak, eskabidean aurkeztutakoekin bat datozenak.
– Jarduerako gastuak eta sarrerak.
– Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko deklarazioa, zeinetan honako hauek jasotzen diren: erakunde finantzatzailea eta onartutako edo jasotako zenbatekoa.
Esparru-akordioan ezarritako segimendu-batzordeak egindako balioespen-akta, eta, halako batzorderik ez bada, elkarteak egindako txostena, zeinetan honako hauek jasotzen diren: gauzatutako proiektuen adierazleetako hasierako eta bukaerako emaitzak, lortutako ondorioak, eta garatutako jarduera bakoitzaz udalak zein merkatarien elkarteak egindako balioespena. Hurrengo ekitaldietan hura errepikatzeko motiboak eta komenientzia.
Onuraduna Hiri-merkataritzaren Plataforma, Elkarte-multzoa edo elkarte; edo zenbait elkarte ordezkatzen duen enpresa-erakunde bat izanez gero, artikulu honetan zehazten diren justifikazio-agiriak onartuko dira Hiri-merkataritzaren Plataforma, Elkarte-multzo, edo elkartearen izenean daudenean; baita plataformaren kide den edozein merkataritza-elkarteren izenean, edo zenbait elkarte ordezkatzen duen enpresa-erakunde daudenean ere.
2.– Aurkeztutako proiektuaren/en justifikazioan, aurkeztutako eta diru-laguntza emateko kontuan izandako aurrekontuari dagokionez beherazko % 25ekoa baino desbideratze txikiagoa badago; bada, diru-laguntza birkalkulatu egingo da, betiere hasierako esleipena kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberak aplikatuz.
Beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako diru-laguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu honetan, aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Kasu bietan ere, alegazioak aurkeztu ahal daitezen, entzunaldiaren izapidea eskainiko da, eta agindu honetako 19. artikuluan aurreikusitako espedientea izapidetuko da.
3.– Merkatarien elkarteek garatutako jarduerei dagokienez, 2016ko abenduaren 31 izango da epe-muga; eta udalek garatutakoei dagokienez, 2017ko abenduaren 31.
Justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2 hilabetekoa izango da, onartutako azken proiektua exekutatzen denetik hara.
4.– Lurralde-ordezkaritzek gastu justifikatuen azterketaren eta aurkeztutako euskarri materialaren bitartez egiaztatuko dute laguntzaren xede izan diren jarduerak gauzatu direla, eta betetzen dituela, azken batean, agindu honetan ezarritako betekizunak. Halaber, Lurralde-ordezkaritzek kasu guztietan ikuskatuko dute lagundutako inbertsio-proiektua, jarduera egikaritu dela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen dela egiaztatzeko, eta dagokion agirian edo txostenean jasoko dute lortutako emaitzaren berri.
5.– Aipatutako alderdi guztiak behin egiaztatu dituztenean, Lurralde-ordezkaritzek txosten bat jaulkiko dute eta Merkataritzako Zuzendaritzari igorriko diote; bertan, egindako gastuaren arabera, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Laguntzak ondorengo formularen arabera ordainduko dira:
Aldeko ebazpena eman ostean ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 70, 16.a) artikuluan aurreikusitako epea igarotakoan, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.
Diruz lagundutako jarduera eta/edo inbertsio guztiak bukatu ondoren ordainduko da enparaua, betiere agindu honetako 14. artikuluan zehaztu dokumentazioa aurkeztu ostean erakunde onuradunak.
16. artikulua.– Enpresa onuradunaren/en betebeharrak.
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Justu ematen zaien xede horretarako erabili beharko dute diru-laguntza.
c) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
d) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea, betiere erakundeok euren funtzioak betetzen ari direla.
e) Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe.
f) Udalak: diruz lagundutako jarduera guztietan, berariaz jaso beharko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Merkataritza Zuzendaritzak emandako babesa, betiere Ikusizko Nortasunaren Eskuliburuaren bidez Merkataritza Zuzendaritzak zehaztutako eran. Era berean, Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraziko diote jarduera bakoitzaren amaiera data.
g) Merkatarien elkarteak eta Hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte-multzoak edo hiri-merkataritzako elkarteak:
– Idatziz jakinarazi beharko diote dagokion lurralde-ordezkaritzari, gutxienez 7 egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako aktibitateak non, noiz eta zer ordutan izango diren.
– Beherago zehaztutakoetan, berariaz jaso beharko da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Merkataritza Zuzendaritzak emandako babesa: edozein euskarri, kartelak, seinaleak eta diruz lagundutako jarduerak, haien zabalkundea edo, kasua bada, publizitatea egitea badakarte, betiere Ikusizko Nortasunaren Eskuliburuaren bidez Merkataritza Zuzendaritzak zehaztutako eran. Era berean, esandako horietako bakoitzaren ale bat gutxienez entregatuko dute.
– Idatziz jakinarazi beharko diote dagokion lurralde-ordezkaritzari, diruz lagundutako aktibitateen edozein aldaketa, egitea aurreikusita zegoen data baino lehenago.
– Ez dute ezein euskarritan, publizitatekoa edo informaziokoa izan, hizkera edo irudi sexistarik erabiliko (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legearen 3. artikulua). Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa izango da.
g) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jardueren argitalpen, iragarki eta publizitate guztietan, eta pertsona erabiltzaileei eta kontsumitzaileei erakunde onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Onartu daitekeen bakarra dagokion eskabidean aurkeztutako eta garatu beharreko jardueretan aldaketaren batzuk egitea da. Baina, inola ere ez da onartuko jarduketak ordeztea, ezta eskabidean aurkeztu ez diren jarduketak sartzea ere. Eragin horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak birdoitu egingo ditu emandako diru-laguntzen zenbatekoak, dagokion likidazio-ebazpenean.
18. artikulua.– Ikuskatzea.
Diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola ari diren garatzen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, bai eta legezko interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, edo zati baten diruitzulpena, 38/2003 Legeak, bere 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Ez-betetze espedientea irekitzea kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzako delegatuari dagokio. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.