EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016140

110/2016 DEKRETUA, uztailaren 19koa, Iquitanz elkartea (Hirugarren Munduari laguntzeko gobernuz kanpoko elkartea) onura publikokoa dela deklaratzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600110
Xedapenaren data: 2016-07-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201603280
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Hirugarren Munduari laguntzeko gobernuz kanpoko Iquitanz elkarteak deklarazio hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, garapenerako lankidetzan eta sentsibilizazioan egiten dituen jarduerengatik.
Eskabidea egiten duen elkarte hau (Hirugarren Munduari laguntzeko gobernuz kanpoko Iquitanz elkartea) 1993ko maiatzaren 21ean sortu zen, eta Justizia Saileko Kabinete Teknikoaren 1992ko ekainaren 23ko Ebazpenaz inskribatu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta (erregistro-zenbakia: AS/B/03986/1993).
Batez ere, Bizkaiko lurralde historikoan jarduten du; baina, garapenerako nazioarteko lankidetza ere bada elkartearen funtsezko helburuetako bat, eta helburu horretako proiektuak egiteko, lankidetza horretako herrialdeetan ere jarduten du.
Hirugarren Munduari laguntzeko gobernuz kanpoko Iquitanz elkartea sortu denetik, bere helburu nagusiak lortzeko behar izan dituen jarduera guztiak egin ditu; hauexek dira helburu nagusi horiek: garapenerako lankidetza, iritzi publikoaren eta erakundeen sentsibilizazioa, mundu zabaleko herrialde pobreenen arazo hauei begira: azpigarapena, baztertzea eta marjinazioa.
Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloko sail eskudunak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betetzearren, espediente bat izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.
Ondorioz, lehendakariaren eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, erakunde interesdunek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 19ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Hirugarren Munduari laguntzeko gobernuz kanpoko Iquitanz elkarteari (Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorreko AS/B/03986/1993 erregistro-zenbakia) onura publikoaren deklarazioa ematea, bere jardueren bidez denon interesetan laguntzen duelako.
Horrekin batera, deklarazio honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.