EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016139

78/2016 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Nafarroako Gobernuarekin sinatu den segurtasun-arloko lankidetza-protokoloa.

Xedapenaren zenbakia: 201600078
Xedapenaren data: 2016-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201603251
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak protokolo hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nafarroako Gobernuarekin sinatu den segurtasun-arloko lankidetza-protokoloa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 4KO 78/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-PROTOKOLOA NAFARROAKO GOBERNUAREKIN SEGURTASUN-ARLOAN
Vitoria-Gasteiz , 2016ko ekainaren 30a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Estefanía Beltran De Heredia Arroniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua.
Beste alde batetik, María José Beaumont Aristu andrea, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren 2016ko ekainaren 1eko akordioak eman dion ahalmena erabiliz.
Bi aldeek beren izenean eta beren erakundeen ordezkari gisa hartzen dute parte, egintza hau gauzatzeko behar beste botere eta ahalmen dutela elkarri aitortuta, eta, ondorio horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Bi departamentuen lanen funtsezko premisa da segurtasun-arloan ematen duten zerbitzu publikoa hobetzea, bakoitzak bere lurraldean politika publikoak gauzatuz, polizia-arloan, babes zibilean eta larrialdietarako arretan eta bide-segurtasunean, besteak beste.
Lan horiek egiteko, beren polizia-kidegoez gain (Ertzaintza eta Nafarroako Foru Polizia), 112 – SOS Deiak eta SOS Nafarroa zentroak dituzte, larrialdiak koordinatzekoak, bai eta larrialdiei, babes zibilari eta trafikoari buruzko beste baliabide eta bitarteko batzuk ere.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua jabetzen dira ezen, segurtasuneko zerbitzu publikoa hobetzera daraman bidea egiteko gizarte moderno eta demokratiko batean, beren eskumenak garatzean, beren esperientzien eta garatzen duten jarduerari buruzko prestakuntzaren eta informazioaren trukea areagotu behar dutela, eta, halaber, beren funtzioak efikaziaz gauzatzeko eska dakiekeen lankidetza eta laguntza aktiboa ere gauzatu behar dutela.
Beren helburuak lortze aldera, komeni da bi departamentuen arteko lankidetza-bideak formalizatzea. Testuinguru horretan, bai Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak beren esperientzien, proiektuen, prestakuntza-planen, lan-programen eta informazioen trukea sustatzeko asmoa dute.
Protokolo hau sinatzen duten bi aldeen premiei egokiro erantzuteko, eta beren ezaugarriak eta berezitasunak kontuan hartuta, protokolo hau bi administrazio publikoen arteko lankidetzarako tresna da, gaiaren gaineko eskumena duten erakundeen arteko interakzioa ahalbidetzen eta sustatzen duena. Azken buruan, herritarrei ematen zaizkien zerbitzu polizialen efikazia eta efizientzia handitzea du helburu.
Lehen adierazitako motiboengatik, bi aldeek sinatzen dute lankidetza-protokolo hau, honako hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza-protokoloaren xedea.
Protokolo honen xedea da bi departamentuen arteko lankidetza- eta kooperazio-oinarriak ezartzea, bi departamentuen segurtasun-arloetan, eta bereziki gai polizialei dagokienez, Nafarroako Foru Poliziaren eta Ertzaintzaren artean, larrialdietarako arretan eta koordinazioan, babes zibilean, trafikoan eta bide-segurtasunean.
Bigarrena.– Aldeek hartzen dituzten konpromisoak.
Protokolo honen helburua lortzeko, alde sinatzaileek agintzen dute lankidetza- eta kooperazio-ekintza espezifikoak bultzatuko eta garatuko dituztela, arlo hauetan:
1.– Lankidetza eta kooperazio poliziala:
Nafarroako Foru Poliziak eta Ertzaintzak solaskideak izendatuko dituzte, beren kidego polizialen arteko lankidetza- eta kooperazio-mekanismoak ezartzeko.
Horretarako, lankidetza- eta kooperazio-ekintza espezifikoak bultzatu eta garatuko dituzte, eta behar den elkarrekiko aholkularitza bilatuko dute, balorazio estrategikoak trukatzearen bidez eta beharrezkotzat jotzen duten laguntzaren bidez, jarduera-eremu hauetan:
a) Prozedura eta operatibo polizialak.
b) Sare kriminal antolatuen aurkako prebentzio-lana eta borroka.
c) Terrorismoa.
d) Informazioa.
e) Delinkuentzia arrunta.
f) Genero-indarkeria.
g) Zirkulazio-bideak etetea, bi autonomia erkidegoei eragin ahal dietenean, natura-elementuak (elurra, euria) direla-eta edo bide-segurtasunarekin zerikusia duten kontuak direla-eta (garraio pisudunarentzako murrizketak, bai datengatik bai garraio bereziak izateagatik).
h) Katastrofeak eta munta handiko istripuak.
i) Kirol-probak.
j) Pertsonak bilatu eta erreskatatzea.
k) Dokumentazio espezializatua.
l) Irakasleen eta espezialisten trukea.
m) Ekipamendu polizialak eta teknologia berriak.
n) Polizia Zientifikoa.
o) Ingurumen-delituak.
Lankidetza hori, Berehalako Jakinarazpenetan, protokolo honen I. eranskinean ezarritako jakinarazpen-sistemen bidez antolatuko da, eta Solaskideen bidez, datu edo informazio erreserbatuak trukatu behar direnean; solaskideok bi kidego polizialek izendatuko dituzte, enuntziatutako jarduera-arloaren arabera maila goreneko bitarteko gisa jardun dezaten.
2.– Larrialdietarako eta babes zibilerako lankidetza.
Bi erkidegoetako larrialdien eta babes zibilaren gaineko ardura duten agintariek lankidetzan jardungo dute, ondoren azaltzen diren eremuetan honela jokatuz:
a) Ekintza komunak garatuz, lurralde mugakidetako herritarrekiko arreta hobetzeko, bi lurraldeetako baliabideak optimizatzeko eta bitartekoen eta dispositiboen koordinazioa sustatzeko. Ekintza horiek zona mugakideetan aplikagarriak diren taktika operatiboetan gauzatuko dira.
b) Elkarri laguntzeko sistemak ezarriz, zeinetan kudeaketa-tramiteak sinplifikatuko baitira, larrialdiei azkar erantzutea ahalbidetzeko. Arrisku-egoeretarako elkarrekiko laguntza emanez, bi erkidegoetako zona mugakideetan eragin dezaketen arriskuak daudenean bereziki, esate baterako, baso-suteak. Laguntza hori bi erkidegoetako Ekintzak Koordinatzeko Zentroen (EKZ) bidez bideratuko da.
c) Informazio- eta komunikazio-teknologia komunak garatuz, informazio-trukea sinplifikatzeko eta koordinazioa hobetzeko.
d) Esperientzien trukea eta bi administrazioetako profesionalentzat prestakuntza-jarduera bateratuak egitea sustatuz.
e) Ariketa eta simulazio bateratuak eginez, babes zibilari, erreskateari eta salbamenduari dagokienez.
f) Administrazio bakoitzaren lurralde-eremutik kanpo emandako zerbitzuen jarraipena egitea ahalbidetzen duten mekanismoak garatuz.
SOS Deiak eta SOS Nafarroa zerbitzuen arteko komunikazioak protokolo honen II. eranskinean aurreikusitakoaren arabera antolatuko dira.
3.– Trafikoa eta bide-segurtasuna:
Bi erkidegoetako trafikoaren eta bide-segurtasunaren gaineko ardura duten agintariek lankidetzan jardungo dute, ondoren azaltzen diren eremuetan honela jokatuz:
a) Bi erkidegoen arteko komunikazioa antolatzen duten errepide-sarean trafiko-kudeaketa eta bide-segurtasuna hobetzeko ekintzak eginez.
b) Trafikoa kudeatzen duten zentroen arteko informazioa trukatuz.
c) Jarduerak protokoloetan sartuz, bereziki neguko bidezaintza bermatzekoak badira edo bi erkidegoetako trafikoan eragina duten urtaroko arrazoiak, kirol-probak, gorabeherak edo aparteko beste arrazoi batzuk badaude tartean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 25ean neguko bidezaintzari buruz sinatutako protokoloan ezarritakoa beteko da.
4.– Beste zeharkako eremu batzuk:
a) Lankidetza, bi erkidegoetako zona mugakideetan dauden segurtasun publikoko arazoak aztertzeko.
b) Koordinazio administratiboa, bi erkidegoetako lurralde-eremu osoan eragina duten segurtasun publikoko politikak ezartzeko, segurtasun publikoko sistemaren funtzionamenduan nahi ez den muga-efektua saihesteko eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak optimizatzeko.
c) Metodologiari eta planei buruzko esperientzien trukea.
d) Jarduera-arlo horrek berezko dituen gaiei buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak.
Hirugarrena.– Jarduera-eremu berriak detektatzea.
Bi departamentuetan izendatutako arduradunek aktibatuko dute lankidetza-protokolo hau, aurreko ataletan sartu daitekeen beste edozein jarduera –interesgarria izan daitekeena– detektatzen dutenean. Halaber, ezarriko dute zein ezagutza-arlotan islatuko den lankidetza, arlo zehatz horretan bilatzen diren helburuetara hobekien egokitzen den lankidetza-modalitatea zehaztuz eta adostuz.
Laugarrena.– Segimendua eta ebaluazioa.
1.– Bi aldeek agintzen dute honako lankidetza-protokolo honen jarraipen bateratua egingo dutela eta haren efikazia ebaluatuko dutela sei hilabeterik behin. Horretarako, Hitzarmenaren Segimendurako Batzorde Mistoa ezartzen dute. Hitzarmena interpretatzean sor daitezkeen zalantzak argitzeaz gain, hura gauzatzean eta garatzean sor daitezkeen desadostasunak konponduko ditu, protokoloaren martxa orokorra berrikusiko du, eta, beharrezkoa izanez gero, hura hobetzeko proposamenak egingo ditu.
2.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea eta Nafarroako Gobernuko Barne Departamenduko zuzendari nagusia izango dira batzordeko kideak, bai eta egokitzat jotzen diren aholkulariak edo espezialistak ere, zeinek urteroko jarduera-txostena helaraziko baitiete solaskidetza-protokolo honen sinatzaileei: Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuari.
3.– Batzorde horren ohiko bilkura sei hilabeterik behin egingo da. Aldeetariko batek eskatuz gero ere bilduko da.
Bosgarrena.– Protokoloaren garapena.
Protokolo honetan aurreikusitako lankidetza-ildoak obligazioen eta ondorio ekonomikoen aldetik eduki jakin bat duten ekintzetan zehaztuko dira, kasuan kasuko hitzarmenen bidez, non ezarriko baitira alde bakoitzak bere gain hartzen dituen obligazioak eta lankidetza horretatik ondorioztatzen diren ekintza zehatzen finantziazioari, antolakuntzari eta gauzatzeari buruzko baldintza bereziak.
Seigarrena.– Indarraldia.
Protokolo honek sinatzen den egunetik izango ditu ondorioak, eta urte betez iraungo du. Urte betez luzatuko dela ulertuko da, isil bidez, aldeetariko batek berariaz uko eginez gero izan ezik; horrela gertatuz gero, utziko dio indarrean egoteari sei hilabeteko epean beste aldeari erabaki hori jakinarazten zaionetik.
Aldeetariko batek protokoloa suntsitu nahi izanez gero, jakinarazpen bat zuzendu beharko dio besteari horren berri emateko, eta, horrela izatekotan, ez du eraginik izango bi erakundeek berariaz baliogabetzen ez dituzten eta egiteko dauden edo egiten ari diren ekintzetan.
Protokolo hau aldeetariko edozeinek ados jarriz gero aldatu ahalko da, dagokion addenda formalizatzearen bidez.
Zazpigarrena.– Azkentzeko arrazoiak.
1.– Hitzarmen hau azkendu egingo da, honelakoren bat gertatuz gero:
a) Xedea osatzen duten jarduerak betez gero.
b) Indarraldia amaituz gero.
c) Sinatzaile guztiek hori egitea adostuz gero.
d) Ezartzen duena bete ezean, aurretik aldeetariko batek hala egiteko eskatu duelako.
e) Epaileek hori egitea erabakiz gero.
f) Aurrekoa ez den beste edozein arrazoi bat egonez gero, baldin eta legeetan aurreikusita badago.
Eta bi aldeek, ados daudela adierazteko, lankidetza-protokolo hau izenpetzen dute, bi aletan, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua, María José Beaumont Aristu.
I. ERANSKINA, LANKIDETZA-PROTOKOLOARENA
JAKINARAZPENAK
ERTZAINTZAREN ETA NAFARROAKO FORU POLIZIAREN ARTEKO LANKIDETZA-PROTOKOLOA
Ertzaintzaren eta Nafarroako Foru Poliziaren arteko lankidetza estua sendotze aldera, Jakinarazpen-sistema hauek antolatzen dira, bi polizia-kidegoen arteko lankidetza-protokoloaren bigarren akordioan ezarritakoaren arabera.
ERTZAINTZAREN ETA NAFARROAKO FORU POLIZIAREN ARTEKO IDAZKIEN ETA ESKABIDEEN TRUKEA.
1.– Terrorismoa.
Terrorismoa gai espezifikoa denez, Ertzaintzaren eta Foru Poliziaren buruzagitzek ezartzen dituzten barneko bideen arabera egingo da jakinarazpena.
2.– Delinkuentzia arrunta/antolatua- larriak ez diren jakinarazpenen ikerketa.
Foru Poliziaren eta Ertzaintzaren unitate desberdinek elkarri informazioa eskatu edo idazkiak helarazi behar izanez gero, beren jakinarazpenak segurtasun handiko bideen bitartez bidaliko dituzte, bi erakundeetako kontaktu-gune bakar batera, honako taula honetan azaltzen den eran:
Hona jakinarazpen mota horien adibide batzuk:
– Txosten polizialen eskaera.
– Atestatuen eta salaketen eskaera.
– Aurrekari polizialen eskaera.
– Bi lurraldeetako kriminaltasunari buruzko txostenen hileko trukea.
– Gai espezifikoei buruzko ebidentziak Polizia Zientifikoko Laborategira bidaltzea, aztertu ditzan.
– Ekipo bateratuak sortzea, bi lurraldeetan eragina duen delinkuentzia antolatua ikertzeko.
– Poliziak trukatzeko jardunaldiak sustatzea, funtzio poliziala betetzen praktika onak garatzen dituzten unitateen esperientziaren berri izateko eta horren gaineko jakintza-maila hobetzeko.
3.– Garatzen ari diren jarduerak (operatiboak). Jakinarazpen urgenteak.
Dagokion lurraldeko Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol zentroak (Ardatz) eta Nafarroako Foru Poliziaren Aginte eta Koordinazio Zentroa harremanetan jarriko dira, garatzen ari diren gorabehera polizialei eta komunikazio larriei buruzko informazioa emateko, bai eta mota guztietako informazio poliziala trukatzeko ere, betiere akordioetan eta protokoloetan ezarritako berehalako jardueretarako interesekoa bada.
Gai hauek direla-eta, besteak beste, berehalako jakinarazpenak egin behar dira (edo horrela egitea ezartzen den kasuetan).
– Jada izan diren ekintza terroristak, haiek prestatzeko ekintzak (ibilgailuak pistolaz mehatxatuz lapurtzea, eta abar) eta ekintza horien ondorioak, edozein motatakoak eta muntatakoak direla ere.
– Delitu-izaerako gorabeherak, haien ezaugarriak direla-eta, bi kidego polizialei BEREHALA jakinaraztea komeni bada (bi autonomia-erkidegoen arteko muga geografikoa osatzen duten udalerrietan, batzorde bat).
• Zehaztapen operatiboa: epigrafe horretan, garatzen ari diren gorabeherak sartzen dira, gai hauek direla-eta: sexu-erasoak, bahiketak, bizitzaren eta osotasun fisikoaren aurkako delituak ondorio larriak dakartzatenean eta su-armak baliatzen dituzten guztiak, betiere egilea topatu ez badute.
• Era berean, «mugakidea ez den» udalerri batean izaten diren delituak, eta lehenengo informazioen arabera egileek beste erkidegora ihes egin duela pentsatuz gero, hori gertatu izana berehala jakinaraziko zaio erkidego horri, eta behar diren zehaztapenak emango zaizkio, egileak bidean atzeman ditzaketen agenteen osotasunerako arriskuren bat egon daitekeen ebaluatzeko. Armak baliatu dituzten ala ez azalduko da beti.
– Ibilgailuak lapurtu izana edo berreskuratu izana, bi kidego polizialentzat intereseko kontua izan daitekeenean.
• Zehaztapen operatiboa: epigrafe horren barruan, garatzen ari diren gorabeherak sartzen dira, baldin eta udalerri mugakideetan gertatutako ibilgailuren baten lapurreta bati buruzkoak badira eta aukera badago lapurtutako ibilgailua Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko.
– Katastrofeak, kalamidadeak, munta handiko istripuak eta komunikazio bideak etetea natura-elementuak direla-eta (elurra, euria) edo bidesegurtasunarekin zerikusia duten kontuak direla-eta, betiere horiek guztiak interesekoak direnean Nafarroako Foru Komunitatearentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat.
– Bi erkidegoetako lurraldeetan egiten diren kirol-probak.
– Pertsonak bilatu eta erreskatatzea.
•Zehaztapen operatiboa: epigrafe horren barruan, desagertutako pertsonak aurkitzeko egiten diren bilaketa-lanak sartzen dira, bi erkidegoetako kidego polizialetako txakur gidak baliatzen dituztenak, naturaguneetan zein hiriguneetan, bai eta unitate espezializatuek pertsona horiek erreskatatzeko lanak ere.
Ertzaintzaren eta Nafarroako Foru Poliziaren Aginte- eta Kontrol-Zentroetako (AKZ) unitateek 24 orduko zerbitzua dute.
II. ERANSKINA, LANKIDETZA-PROTOKOLOARENA
SOS DEIAK ETA SOS NAFARROA ZERBITZUEN ARTEKO LANKIDETZAPROTOKOLOA
SOS Deiak eta SOS Nafarroa koordinazio-guneen arteko lankidetza estua sendotze aldera, honako Jakinarazpen-sistema hauek antolatzen dira:
1.– Garatzen ari diren jarduerak (operatiboak). Jakinarazpen urgenteak.
Larrialdiak koordinatzeko guneek (dagokion lurraldeko SOS Deiak eta SOS Nafarroa) elkarri joko diote, garatzen ari diren gorabeheren berri emateko, berehalako jakinarazpenak egiteko eta mota guztietako informazioa trukatzeko akordioetan eta protokoloetan ezarritako berehalako jardueretarako interesekoa denean.
Gai hauek direla-eta, besteak beste, berehalako jakinarazpenak egin behar dira (edo horrela egitea ezartzen den kasuetan).
– Katastrofeak, kalamidadeak, munta handiko istripuak eta komunikazio bideak etetea, natura-elementuak direla-eta (elurra, euria) edo bide-segurtasunarekin zerikusia duten kontuak direla-eta, betiere horiek guztiak interesekoak direnean Nafarroako Foru Komunitatearentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat.
– Pertsonak bilatu eta erreskatatzea. Epigrafe horretan, desagertutako pertsonak aurkitzeko bilaketa-lanak sartzen dira, bai eta unitate espezializatuek haiek erreskatatzeko egiten dituzten lanak ere.
– Bi autonomia erkidegoetan eragina duten baso-suteak.
Bi erkidegoetako koordinazio-zentroek 24 orduko zerbitzua daukate.