EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016137

84/2016 EBAZPENA, uztailaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Heziketa, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memoranduma; helburua da Unescoren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza indartzea kultura-, gizarte-, heziketa-, zientzia- eta ingurumen-gaietan.

Xedapenaren zenbakia: 201600084
Xedapenaren data: 2016-07-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201603211
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ulertzeko Memoranduma hori sinatu du, eta, beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Heziketa, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren testua; helburua da Unescoren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza indartzea kultura-, gizarte-, heziketa-, zientzia- eta ingurumen-gaietan. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 6KO 84/2016 EBAZPENARENA
ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUMA HEZIKETA, ZIENTZIA ETA KULTURARAKONAZIO BATUEN ERAKUNDEAREKIN IZENPETUA, UNESCOREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN ARTEKO LANKIDETZA INDARTZEKO KULTURA-, GIZARTE-, HEZIKETA-, ZIENTZIA- ETA INGURUMEN-GAIETAN
Elkar ulertzeko Memoranduma, hauen artekoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua (Espainiako Erresuma), Iñigo Urkullu Rentería lehendakariak ordezkatua (aurrerantzean, «Eusko Jaurlaritza»).
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea, Irina Bokova zuzendari nagusiak ordezkatua (aurrerantzean, «Unesco»).
aurrerantzean, Unesco eta Eusko Jaurlaritza, biak batera «Sinatzaileak»
Nazio Batuen Sistema Orokorrean, Unescori dagozkio hezkuntza, zientzia, kultura, komunikazio eta informazioaren arloko eskumenak.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Euskal Herria bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasuna iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat».
Autonomia Estatutuari jarraikiz, arlo hauetan ditu eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoak, Unescoren beraren mandatuan zuzenean jasoak:
a) Autonomia Estatutuaren 10.17 artikulua betez, EAEk eskumen esklusiboa du kulturaren arloan, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera (haren arabera, estatuarentzat eginbeharra eta oinarrizko aginpidea da kultura sustatzea).
b) Autonomia Estatutuaren 16. artikuluari jarraikiz, eta Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarrian bildutako eskubide historikoak aplikatuta, EAEren eskumena da irakaskuntza osoa, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak, eta Estatuak Konstituzioaren 149.1.30 artikuluan ezartzen duen oinarrizko edukia gorabehera.
c) Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera, EAEren eskumen esklusiboa dira lurraldearen eta kostaldearen antolaketa, hirigintza eta etxebizitzak, baita, Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumenari eta ekologiari buruzko Estatuko oinarrizko legeen aurrerabidea eta betearazpena ere. Horren haritik, Eusko Legebiltzarrak uztailaren 6ko 5/1989 Legea onartu zuen (Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzkoa), eta Gobernu Kontseiluak erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana jarri zuen martxan abuztuaren 3ko 242/1993 Dekretuaren bidez.
d) Azkenik, Autonomia Estatutuaren arabera, Estatuko Administrazio Zentralak EAEko Administrazioari eman dio zientzia, teknologia, komunikazio eta informazioarekin erlazionatutako hainbat arloren gaineko eskumena.
Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzi zuenez, Eusko Jaurlaritzak kanpo-proiekzioko jarduerak egin ahal izango ditu bere eskumenak baliatzeko beharrezkoak edo, gutxienez, komenigarriak direnean. Horrek ez dakar eskubiderik itunak izenpetzeko (ius contrahendi), Estatuaren kanpo-politikan esku hartzeko edo Estatuari atzerriko estatuekiko edo nazioarteko nahiz nazioz gaindiko erakundeekiko erantzukizuna emateko.
Aurretik izandako lankidetza-ibilbide emankorra ikusita (bereziki, 1997an Federico Mayor Zaragozak, Unescoren orduko zuzendari nagusiak, eta José Antonio Ardanzak, orduko lehendakariak, sinatu zuten elkar ulertzeko memorandumaz geroztik), sinatzaileek egoki deritzote baterako ekintza-programa bat garatzeari, Unescok eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jardun dezaten kultura-, gizarte-, heziketa-, zientzia- eta ingurumen-gaietan.
Euskadik gizarte zibileko erakunde ugari ditu unesco sarearen barruan, baita Unescorekin bestelako harremana duten beste erakunde batzuk ere. Memorandum hau sinatzerakoan, hauek daude, besteak beste: Unescorekin harreman ofiziala duen zentro bat, Biosferaren Erreserba bat, bost katedra, elkartutako zazpi eskola, elkartutako bi liburutegi eta Gizateriaren Ondare izendatutako lau toki.
Euskadik etengabe lagundu dio Unescori 1998az geroztik, hainbat eratara: gazteentzako programa ugaritan parte hartuta; eta erakundearen argitalpenak eta agiri ofizialak zabalduta (tartean, batzarretako testuak), gaztelaniara eta euskarara itzulita, eta hizkuntza horietan ezagutarazita.
Horrenbestez, sinatzaileek adostu dute elkar ulertzeko memorandum hau formalizatuko dutela, artikulu hauen arabera:
ARTIKULUAK
1.– Xedea.
Elkar ulertzeko memorandum honen xedea da Unescoren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana indartzea kultura-, gizarte-, heziketa-, zientzia- eta ingurumen-gaietan.
Xede hori eta hartatik sortzen diren ekintzak Espainiako agintariekin elkarlanean eta harremanetan garatuko dira, bereziki, Unescorekiko Lankidetzarako Espainiako Batzorde Nazionalarekin eta Unescoren Espainiako Ordezkaritza Iraunkorrarekin, eta arau guztiak errespetatuz, EAEkoak, Espainiakoak eta Unescorenak.
2.– Elkarlan-esparruak.
Sinatzaileentzat interes berezikoak diren esparruotan gauzatuko da aurreko artikuluan aipatutako elkarlana:
A) Demokrazia, gobernua eta gobernantza ona.
Sinatzaileek gobernantza-eredu berriak indartu nahi dituzte, herritar gehiagok parte har dezan demokrazia eraikitzen, eta gizartean politikak eta jardunbideak ezartzerakoan gardentasuna, gobernantza ona eta kontu-ematea nagusitu daitezen, prozesu demokratiko parte-hartzaileak sustatzeko.
B) Giza eskubideak eta bakearen kultura.
Elkar ulertzeko memorandum hau sinatzerakoan, espezifikoak bezain zeharkakoak diren bi esparruri heldu nahi diete sinatzaileek (hots, giza eskubideak eta bakearen kultura), euskal ekimenen eta Unescoren ekimenen arteko lankidetza-harremanak finkatuta eta Unescoren nazioarteko esperientzia Euskadiren testuinguruan aplikatuta.
Horretarako, Unescoren esparru estrategikoetan jardungo da elkarlanean (besteak beste, bakerako hezkuntza eta giza eskubideak), giza eskubideak hezkuntza formalean eta ez-formalean nola islatzen diren aztertuta. Horren ondorioz, giza eskubideen zeharkako ikuspegia hartu beharko da hezkuntza-politiketan eta -jardunbideetan.
Elkar ulertzeko memorandum honetan aipatzen diren lehentasunezko esparruetan ez ezik, elkarlan-esperientzia baduten eremuetan ere jarraituko dute sinatzaileek baterako lana sustatzen:
OROKORRA
● Unescoren ordezkariak Euskadira etortzeko bisita instituzionalak sustatzea, elkarren intereseko programen barruan, eta euskal adituek Unescoren ekitaldietan parte har dezaten bultzatzea, hala dagokionean. Ekitaldietan parte hartzeko, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministeriora jo behar da, eta harekin koordinatu.
● Euskal aholkulariak Unescora eramateko programa mantentzea, indartzea eta garatzea.
● Unescorekin harremana duten beste eragile subestatal batzuekin koordinatuta, bide berritzaileak eta mekanismo berriak aurkitzea, helburuak betetzerakoan Unescok probetxu handiagoa atera diezaien eskualdeetako gobernuen ekarpenei, bere konstituzioaren eta arauen barruan, eragindako estatuekin koordinatuta eta uneoro haien araubide konstituzionalak, politikoak eta arautzaileak osorik errespetatuta.
● Unescoren argitalpenak euskaraz ateratzea.
HEZKUNTZA
● Unescorekin elkartutako eskolen sarea mantentzea eta indartzea.
● Jardunbide egokien trukea sustatzea.
● Biztanle Guztientzako Hezkuntzaren Segimendu Txostenari buruz Unescorekin egindako lana indartzea eta harekin jarraitzea.
● Garapen iraunkorrerako hezkuntza sustatzea.
● IKTak hezkuntzan sar daitezen indartzea.
● Hezkuntza eleaniztunaren arloko esperientzia-trukea eta eztabaida sustatzea.
● Ikerketaren eta prospektibaren arloan elkarlan handiagoa sustatzea, hain zuzen ere, Hezkuntza Agenda 2030 delakoaren testuinguruan.
● Biztanle guztientzako hezkuntzaren esparruan lan egitea, tartean bakerako hezkuntzaren eta giza eskubideen esparruan.
KULTURA
● Gizateriaren Ondarearen Zerrendan jasotako tokien kudeaketa indar dadin sustatzea, tokien kudeatzaileen eta erakunde akademikoen arteko gaitasunak eta sareak sortuta; eta gizateriaren ondarearen arloan Unescorekin elkarlanean aritzeko esparru berri posibleak bilatzea.
● Kultura-ondare immaterialak garapen iraunkorrari ekarpena egin diezaion sustatzea, kultura-ondare immateriala babesteko eta nazioarteko lankidetza-mekanismoetan parte hartzeko tokiko komunitateek eta erakundeek dituzten gaitasunak indartuta (besteak beste Kultura Ondare Immateriala Babesteko Batzarraren harira sortutako zerrendetan eta erregistroan Espainiako Erresumak aurkeztutako elementu lokal eta multinazional egokiak erregistra daitezen bultzatzea).
● Urpeko Kultura Ondarearen programan elkarlanean aritzeko aukera baloratzea eta sustatzea.
● Sortze- eta kultura-industriak sustatzeko elkarlana indartzea, hiriek sormenean duten eginkizuna baloratuta eta Unescoren Hiri Sortzaileen Sarea sendotuta.
GIZARTE- ETA GIZA ZIENTZIAK
● Bakerako kulturarteko eztabaida sustatzea.
● Programetan giza eskubideen, genero-berdintasunaren, gardentasunaren eta gobernantza onaren zeharkako ikuspegia sustatzea.
● Gazteen partaidetza sustatzea, politikak eginda eta berrikusita, helduarora igarotzeko eta gizarte-konpromisoa hartzeko gaitasunak garatuta, eta partaidetza demokratikoa eta gizarte-berrikuntza indartuta.
● Migrazio-prozesuen ondoriozko aniztasunaren kudeaketa-esperientziak trukatzea.
● Hiriekin erlazionatutako Unescoren sareetan euskal hiriek parte har dezaten sustatzea.
● Unescok jasotako arloetan nazioarteko lankidetza indartzea (besteak beste, hezkuntza, zientziak, kultura, komunikazioa eta informazioa).
NATURA-ZIENTZIAK
● Gizakiari eta Biosferari buruzko programan (MAB, ingelesez) eta Biosferaren Erreserbetan enpresa-ekimenak eta ordezko kudeaketa-ereduak sar daitezen sustatzea, MABen Batzorde Nazionalaren bidez.
● Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren garapen iraunkorraren arloko esperientzia zabaltzea eta nazioartekotzea, baita ingurumen-hezkuntzaren arloko ekimenak ere.
● Ekosistemetako Biodibertsitateari eta Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Plataforman modu aktiboan parte hartzea.
● Garapen iraunkorrari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unescoren Katedraren eta MAB programaren arteko harremanetan jardunbide egokiak indartzea, bereziki, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarekiko harremanetan.
● URA Uraren Euskal Agentziak Unescoren nazioarteko programa hidrologikoan (IHP, ingelesez) parte har dezan sustatzea, IHPren Batzorde Nazionalaren eta Ur Baliabideak Ebaluatzeko Munduko Programaren (WWAP, ingelesez) bidez.
● Ur-baliabideen gobernantza iraunkorrean garapenerako lankidetzan aritzeko gaitasunak sortzen izandako esperientzien trukea sustatzea, Unescoren ur-baliabideen sarearekin elkarlanean (besteak beste, IHPren Batzorde Nazionala eta ur-baliabideekin erlazionatutako Unescoren zentro eta katedrak).
● Nekazaritzari eta abeltzaintzari loturiko kultura-paisaiak kudeatzeko arloan Unescorekin lan egiteko aukerak sustatzea.
● Euskal Kostaldeko Geoparkea Geoparkeen Europako Sarean sartze.
● Unescoren Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia programan modu aktiboan parte har dadin sustatzea, eta parte hartzeko euskal sare edo plataforma sortzea.
● Sortze-industrien arloan garapen-ildo berriak aztertzea.
● Aurrerabide zientifikoa partekatzeko giza eskubidea sustatzea, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordearekin koordinatuta.
KOMUNIKAZIOA
● Komunikatzeko bide independenteak eta pluralistak garatzen laguntzea, bereziki, eremu urriko hizkuntzei dagokienez, eta Komunikazioaren Garapenerako Nazioarteko Programan (IPDC, ingelesez) laguntzea.
● Hizkuntza-aniztasuna eta eleaniztasuna sarean sustatzea.
● Dokumentu-ondarea zaintzea eta zabaltzea.
● Espainiako estatuak aurkezten dituenetatik Munduaren Memoria programan zer hautagai sar daitezkeen ebaluatzea eta sustatzea.
3.– Sinatzaileen konpromisoak.
Adierazitako helburuak eta ekimenak gauzatzeko, konpromiso hauek hartuko dituzte elkar ulertzeko memorandum honen sinatzaileek:
A) Unesco.
Bigarren artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzeko, Unescok, Espainiaren Ordezkaritza Iraunkorrarekin koordinatuta, zuzenean jardun ahal izango du, edo, bestela, Euskadin dauden UNESCOren beste zentro batzuekin batera.
Beste zentro batzuekin batera arituz gero, Unescok behar duten laguntza teknikoa eskainiko die zentroei agiri honen bigarren artikuluan ezarritako ekimenak betetzeko.
Elkar ulertzeko memorandum hau gauzatzeko, aplikagarri diren Unescoren arauak eta erregulazioak bete behar dira, eta diru nahikoa egon behar du.
B) Eusko Jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritzak onar litezkeen baliabide finantzario edo tekniko guztiak eskainiko ditu jarduera horiek guztiak gauzatzeko, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bidez eta harekin elkarlanean.
Eusko Jaurlaritzak ekarpen finantzarioren bat egiten badio Unescori, Unescok kudeatuko du ekarpena, bere arau eta erregulazio finantzarioei jarraikiz.
Eusko Jaurlaritzari dagokio, baita ere, Unescorekin erlazionatuta dauden eta EAEn antolatzen diren ekimenen koordinazioa sustatzea eta, horretarako, beharrezkoak diren egiturak sortuko ditu.
4.– Elkar ulertzeko memorandum espezifikoak.
Memorandum honetako helburuen artean dauden jarduerak gauzatzeko beharrezkoa denean, elkar ulertzeko memorandum espezifikoak egin ahal izango dituzte sinatzaileek, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bidez behar bezala formalizatuta.
5.– Ekintzak zabaltzea.
Elkar ulertzeko memorandum honetan jasotako ekintzei buruz egiten diren publizitate-jarduera eta informazio publiko guztietan adieraziko da ekintzek Unescoren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dutela.
6.– Elkar ulertzeko memorandum hau betearaztea eta haren segimendua egitea.
Lotura-batzordea osatuko dute, gehienez sei pertsonakoa eta pertsona kopuru berekoa sinatzaileko, eta aldian-aldian egingo dituzte bilerak.
7.– Elkar ulertzeko memorandum hau indarrean sartzea eta egotea.
Unescok eta Eusko Jaurlaritzak sinatu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean elkar ulertzeko memorandum hau. Bi urtez egongo da indarrean, eta urtero luzatu ahal izango dute sinatzaileek, idatziz, hala adostuz gero.
Edonoiz aldatu ahal izango da elkar ulertzeko memorandum hau, idatziz hala adostuz gero. Aldatzeko agiria behar bezala formalizatuko da, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bidez.
Elkar ulertzeko memorandum hau edo hura garatzeko memorandum espezifikoak interpretatzerakoan edo aplikatzerakoan gatazka edo zalantzarik sortzen bada, sinatzaileak fede onez jokatzen saiatuko dira gatazka edo zalantza adiskidetasunez konpontzeko.
8.– Elkar ulertzeko memorandum honen lege-izaerarik eza.
Agiri honek ez du lege-izaerarik eta ez da juridikoki loteslea; bertako klausulak ez daude nazioarteko zuzenbideko arauen pean, eta sinatzaileak nahi duten heinean atxiki dakizkieke klausula horiei.
9.– Unescoren pribilegioak eta immunitateak.
Elkar ulertzeko memorandum honetako edo harekin erlazionatutako ezerk ez du eragingo Unescoren pribilegio eta immunitateei uko egitea, ez esplizituki, ez inplizituki.
Ados daudela adierazteko, elkar ulertzeko memorandum honen bi kopia sinatu dituzte aldeek, eta bana jaso dute.
Hitzarmen hau jatorrizko hiru aletan egin da, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz, testuaren hizkuntza ofizialetan, hain zuzen ere.
Paris, 2016ko uztailaren 5a.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Lehendakaria, Iñigo Urkullu Renteria
Unescoren izenean, Zuzendari nagusia, Irina Bokova.