EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016137

2/2016 FORU ARAUA, ekainaren 14koa, 2016ko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201600002
Xedapenaren data: 2016-06-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201603207
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/09/17an argitaratutako 2007/03/27ko 200700004 FORU ARAUA
  • Ikus 2016/01/21ean argitaratutako 2015/12/23ko 201500008 FORU ARAUA

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2/2016 Foru Araua, ekainaren 14koa, 2016ko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2016ko uztailaren 4a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Foru arau honen xedea da 2016ko ekitaldiko aurrekontuan konpromiso kreditu berriak sortzea, GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea eraikitzeko proiektua bukatzeak dakartzan finantzaketa beharrei aurre egiteko.
2015. urtean, geldiarazi egin ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak Antzuola eta Bergara artean GI-632 saihesbidea eraikitzeko hasita zeuzkan lanak. Eraikuntzan zehar agertu ziren arazo geotekniko ugari eta era askotakoengatik hartu zen erabaki hori. Arazo horiek guztiek tamaina handiko aldaketak eskatzen zituzten, obren kostua % 20tik gora gehitzen zutenak.
Azterketa geoteknikoak egin eta gero, agerian geratu da beste ezusteko batzuk daudela eta beharrezkoa izango dela euste sisteman eta egituretan soluzio berriei aurre egitea, eta, jakina, horrek egin beharreko lanen aurrekontua nabarmen gehitzea ekarriko du berekin.
Hortaz, GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea amaituko duten eraikuntza lanen finantzaketa osatzeko, konpromiso kreditu berriak sortu behar dira, 19.170.296 euro guztira.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 8/2015 Foru Arauak 156.234.189 euroko konpromiso kredituak onartu zituen.
Hortaz, 15.623.418,90 eurotan finkatu zen Diputatuen Kontseiluak 2016ko ekitaldirako onar zitzakeen konpromiso kreditu berrien muga. Kopuru horretatik, oraindik 14.383.259,65 euro daude erabilgarri.
Muga hori ez denez nahikoa gertatzen Antzuola eta Bergara artean GI-632 saihesbidea eraikitzeak dakartzan finantzaketa behar berriei aurre egiteko, beharrezkoa da handitzea abenduaren 23ko 8/2015 Foru Arauan aurreikusita dauden konpromiso kredituen zenbatekoa.
Foru arau honen bitartez abenduaren 23ko 8/2015 Foru Arauak ezartzen duen konpromiso kredituen zenbatekoa handitu egiten dela kontuan izanda, Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio konpromiso kreditu berrien muga handitzeko; muga hori 17.540.448,50 eurotan finkatzen da.
1. artikulua.– Konpromiso kredituak.
1.– Onartzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016rako aurrekontuan 19.170.296 euroko konpromiso kredituak sortzea, kodifikazio honen arabera:
5.0710.110.611.01.11.2018 – GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea- zenbatekoa: 10.223.824,00 euro.
5.0710.110.611.03.11.2018 – OZ. GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea - zenbatekoa: 393.802,00 euro.
5.0710.110.611.01.11.2019 – GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea - zenbatekoa: 8.264.463,00 euro.
5.0710.110.611.03.11.2019 – OZ. GI-632 saihesbidearen Antzuola-Bergara tartea - zenbatekoa: 288.207,00 euro.
2.– Foru arau honen bitartez sortzen diren konpromiso kredituen zenbatekoa ez da konputagarria izango 8/2015 Foru Arauak 11. artikuluan ezartzen duen mugaren ondorioetarako.
2. artikulua.– Onartutako konpromiso kredituen aurrekontu aldaketen araubidea.
Kreditu aldaketak egiteko, aintzat hartzekoak izango dira, batetik, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzkoa, eta, bestetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 8/2015 Foru Arauaren III. titulua.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauan aurreikusitako muga aldatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 8/2015 Foru Arauak 11. artikuluan ezartzen duen muga foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 gehitzen da.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.