EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016135

108/2016 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen dekretua aldatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600108
Xedapenaren data: 2016-07-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201603164
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2007/06/29an argitaratutako 2007/06/26ko 200700105 DEKRETUA aldatzen du

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, onetsi ziren karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak. Dekretu hori zenbaitetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz.
Lanpostuen zerrendak Administrazioaren barne-egitura antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Laneko eta gizarte-segurantzako ikuskatzailetza-sistema arautzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 3. artikuluan (uztailaren 23ko BOE), lan-ikuskatzaileordeen kidegoa sortzen da, gaikuntza nazional eta guzti, eta, kidego horrek ordezkatzen du azaroaren 14ko 42/1997 Legearen Enplegu eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileordeen kidegoa.
Kidego berri horretan bi eskala espezializatu daude: Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskala eta Lan Segurtasun eta Osasuneko eskala.
Lege horren bosgarren xedapen gehigarrian dago xedatuta ezen, aurrerantzean, Enplegu eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileordeen kidegoari lan-ikuskatzaileordeen kidegoa deituko zaiola, eta kidego horretako funtzionarioak, legea indarrean jartzearekin batera, lan-ikuskatzaileordeen kidegoan txertatuko direla, Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalan.
Estatuko Administrazio Orokorrak aldatu egin du ikuskatzaileordeen kidegoak kodetzeko modua: A1503 kodea eman dio Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalako lan-ikuskatzaileordeen kidegoari; A1504 kodea, Lan Segurtasun eta Osasuneko eskalako lan-ikuskatzaileordeen kidegoari, eta baja eman dio Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalako lan-ikuskatzaileordeen kidegoarena zen A1510 kodeari. 23/2015 Legeak ondorioak dituen eguna denez, 2015eko uztailaren 23an egiten dira aldaketak.
Kontuan hartuta Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalako lan-ikuskatzaileordeen kidegoa Estatuko kidegoa dela, eguneratu egiten da lanpostuen zerrenda honela: ireki egiten da Enpleguko ikuskatzaileordeen kidegoa, 511210 kodekoa, aipatutako A1503 kodeko kidegora irekita, Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalako lan-ikuskatzaileordeen A1504 kodeko kidegoaren ordez. Lanpostuaren egokitzapenak izendapenean ere izango du eragina, eta enplegu-ikuskatzaileorde deituko zaie.
Proposatutako aldaketatik sortzen diren ondorioek atzerako eragina izango dute 23/2015 Legeak ondorioak sortzen dituen egunetik, 2015eko uztailaren 23tik hona, bertan sortzen baitira kidego-eskala berriak.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak; zerrenda horiek dekretu honen eranskinean daude, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu honek 2015eko uztailaren 23tik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.