EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016132

103/2016 DEKRETUA, uztailaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen dekretua aldatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600103
Xedapenaren data: 2016-07-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201603104
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1997/10/31n argitaratutako 1997/10/14ko 199700226 DEKRETUA aldatzen du
  • 2007/06/29an argitaratutako 2007/06/26ko 200700105 DEKRETUA aldatzen du

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onetsi ziren karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez egin zen; izan ere, dekretu horrek funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz.
2015eko martxoaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen administrazioarekiko 610/2012 auzi-errekurtsoan, apirilaren 24ko 57/2012 Dekretuaren aurka, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen dekretua eta baliogabetzen baita dekretu hori lan-ikuskaritzako zuzendariordearen lanpostua sortzeari dagokion aldetik (apirilaren 30eko EHAA).
Lanpostuen zerrendak administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Epai hori behar bezala betearazteak berekin dakar lanpostuen zerrenda aldatzea, horretarako xedatutako prozeduraren arabera. Bestalde, aldaketa horren eragina atzeratu egiten da 2012ko maiatzaren 1era, zati batean baliogabetutako dekretuaren egunera, epai hori berori betearazteko.
Horren ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 7an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen eranskinean daude, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu honek 2012ko maiatzaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.