EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016131

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Cronimet Hispania SL enpresa Zierbenako Dikean (Bizkaia) sustatzen ari den metalezko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko plantari dagokion proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-06-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201603082
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko martxoaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Cronimet Hispania SA enpresak aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa jaso ziren. Enpresa horrek Zierbenako Dikean egin nahi duen metalezko hondakin ez-arriskutsuak (ferrikoak eta ez-ferrikoak) kudeatzeko plantari dagokion proiektuari buruzko dokumentazioa zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 45. artikuluarekin bat (aurrerantzean, 21/2013 Legea), arau horretako II. eranskineko 9. taldean dagoelako. Eskaera horrekin batera proiektuaren ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zen, aipatutako legeko 45. artikuluan ezarritako edukiarekin.
21/2013 Legeko 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Sailburuordetzak proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin die kontsulta, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.
Zehazki, kontsultatuko zaie Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari eta IHOBEri –guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren erakundeak–, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Euskal Herriko Itsasertz-Mugarteari, Bilboko Portuko Agintaritzari, Zierbenako Udalari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari ere.
Kontsulten izapidean zehar, zeina abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 46. artikuluaren arabera egin baita, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Departamentuko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren eta Ihoberen erantzunak jaso ditugu, guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailaren erantzuna ere. Horri dagokionez, Ihoberen txostenean aipatutakoaren arabera, lurzatia baimendutako betegarri artifizialen eremu batean baldin badago, non VIE-A mailatik gorako ebaluazioko balio adierazgarriak badauden, lur-indusketak edo -mugimenduak egitekotan, indusketa-plan bat aurkeztu beharko da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
21/2013 Legeko 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Cronimet Hispania SA enpresak sustatutako metalezko hondakin ferrikoak eta ez-ferrikoak (ez-arriskutsuak) kudeatzeko plantari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio. Ebaluazio horrek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Cronimet Hispania SAk sustatutako metalezko hondakinen kudeaketarako planta dela-eta, ondoren adierazitakoaren arabera.
A.– Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da Zierbenako Dikean (Bizkaia) hondakinak, ferrikoak eta ez-ferrikoak, balioztatzeko planta bat funtzionatzen jartzea. Hondakinak, funtsean txirbilak eta txatarra luzea, guztiak ere arriskutsuak ez direnak, helduko dira produktuen metalezko eraldaketa-jarduketetatik –mekanizatuak, fundizioa eta eraikuntza lanak, besteak beste–. Hondakin horiek ehotze-birrintze bidez tratatuko dira, txirbilen kasuan, eta ebaketa bidez, berriz, txatarren kasuan, eta gero amaierako kudeatzaileei igorriko zaizkie.
B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
Plantan garatuko den jarduera nagusia metalezko hondakin ferrikoak eta ez-ferrikoak, materialen eraldaketa metalikoko prozesuetatik heldu direnak, balioztatzea izango da. Balioztatu beharreko hondakin guztiak ez-arriskutsuak izango dira.
Honako hauek izango dira plantan aurrera eraman ahalko diren prozesuko etapa nagusiak: hondakinak jasotzea, metalak sailkatu eta bereiztea, haiek ehotze edo ebaketa bidez egokitzea, biltegiratzea, txatarra paketetan biltzea eta amaierako produktua kanporatzea.
Plantak urtean metalezko hondakinen 18 000 t tratatzeko gaitasuna izango du. Jotzen da haietatik % 95 txatarra luzea izango dela eta % 5, berriz, txirbilak.
Plantaren azalera osoak zoladura dauka; guztira 10 000 m
Enpresak honako eremu hauek izango ditu: kontroleko eta erregistroko eremua, bulegoetako eremua, aldagelak eta entsegu eta kontroletarako laborategia, materialak biltegiratzeko eremua, bai pabiloian (material txikiak eta txirbilak), bai kanpoaldean, ehotzerako eremua (pabiloiaren barruan), ebaketa-eremua, prentsatze-eremua, zizailatze- eta paketatze-eremua eta, azkenik, edukiontziak kargatzeko eremua.
Honako makina hauek beharko dira: bi pisatze-baskula, detektagailu erradiologikoak, pabiloiaren barrurako zubi-garabia, errota-birringailu bat, plasma bidezko ebaketa-ekipamendu bat, prentsa-zizaila bat, paketatzeko gailu bat, bai eta orga jasotzaile elektriko bat, gasoliozko beste bat eta bi olagarro ere. Laborategian, halaber, indukzio-labe bat, errota txiki bat eta jasotako hondakinak analizatzeko beste bi ekipamendu txiki instalatuko dira.
Jarraituko den prozesua hau izango da:
Behin hondakinak jasota, ikuskatu egingo dira, haien osaera kontrastatzeko. Baldin eta ikuskatze-irizpideak betetzen badituzte, onartu egingo dira, eta dagokien tokian deskargatuko dira. Biltegiratu baino lehen, beharrezkoa bada, egokitu egingo dira. Honako honetan datza egokitzea: ebaketa; prentsatzea eta zizailatzea txatarra luzearen kasuan; paketetan biltzea; eta errota birringailu batez txirbilak birrintzea, beharrezkoa denean. Azkenik, lortutako hondakin ez-arriskutsuak amaierako balioztatzaileei igorriko zaizkie.
Kontsumoei dagokienez, energia elektrikoa erabiliko da (230 000 kWh/urtea) bulego eta zerbitzuetarako, bai eta orga jasotzailerako, paketeak egiteko gailurako, errotarako eta plasma bidezko ebaketarako ere; halaber, gasolioa erabiliko da erregai gisa olagarroetarako eta orga jasotzailerako, eta horretarako enpresak 1 m
Prozesuak, berez, ez du ur industrialik sortuko. Hondakin-ur sanitarioak sortuko dira, zeinak arazte-sistema batetik igaroko baitira: hobi septiko bat eta iragazki biologiko bat. Horiek, euri-ur «zikinekin», zeinak hidrokarburoetarako dekantagailu-bereizgailu batekin tratatuko baitira, eta euri-ur garbiekin batera, portuko kolektorera bideratuko dira.
Sortutako hondakinei dagokienez, bi motatakoak izango dira: arriskutsuak eta ez-arriskutsuak. Arriskutsuak bidoi itxietan edo kutxetan biltegiratuko dira, nabearen barruan seinaleztatutako eta zedarritutako eremu batean, erretentzio-aska baten gainean. Kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu. Jarduerak sortzen duen hondakin ez-arriskutsu nagusia txatarra eta txirbila izango dira, eta horiek beren tipologiaren arabera biltegiratuko dira, eta amaierako baliozkotze-egileei igorriko zaizkie. Halaber, hobi septikoan lohiak pilatuko dira, eta gainerako hondakinekin batera legedia indardunen arabera kudeatuko dira, betiere lehentasuna emanez, ahal dela, haiek birziklatu eta/edo balioztatzeari.
Atmosferarako emisioak difusoak izango dira eta hondakinen deskarga-, karga-, pilatze- eta manipulatze-prozesuekin lotuta egongo dira; ibilgailuen joan-etorriek eta pala kargatzaileen funtzionamenduak, halaber, halako emisioak sortuko dituzte.
Jarduerak sortutako zaratari dagokionez, materialaren karga- eta deskarga-lanetan izango du jatorria, bai eta jasotako metala egokitzeko makinerian (errota bidezko birrintzea, ebaketa eta paketatzea) eta ibilgailuen joan-etorrietan ere. Horri dagokionez, nabarmenena (kontuan izanik inguruan ez dagoela eraikuntza nabarmenik) izango da jardueraren ondorioz kamioien zirkulazioa areagotzeak sortuko duena.
Paisaiaren kalitatean izango duen eraginari dagokionez, lurzatiaren kokapena dela medio, ez dirudi paisaian kalte nabarmenik eragingo duenik.
Bestalde, istripuak gertatzeko arriskuari dagokionez, aipatu beharra dago ustekabeko isuriak gerta daitezkeela, errotan prozesatzekoa den txirbilak izan dezakeen ebaketa-likidoari lotutakoak. Haiek kontrolatzeko kutxatila itsuak jarriko dira, isuri horiek hartzeko. Isuriak gero kanpora igorriko dira, hondakin arriskutsu gisa kudea ditzaten.
2.– Proiektuaren kokapena:
Instalazioa Bilboko Portuan dauden 2-4 lurzatietan (10 500 m
Itsasoari hartutako lurrak dira, modu artifizialean bete zirenak itsas zabalean 2011n egindako dragatze-lanetatik heldutako harea lohitsuekin, eta haietan ez da aurrez inongo jarduketarik egin. Gaur egun, lurzati horiek jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatu gisa daude sailkatuta.
Lurzatia honela dago zedarrituta:
– Iparraldetik mugakide ditu AZ1 eta AZ2 Kairako sarbideko errepidea eta Kantauri Itsasoa.
– Hegoaldetik, mugakide du txatarra biltegiratze-, kargatze- eta deskargatze-lanak egiten diren lurzatia.
– Mendebaldetik, 6-8 lurzatia du mugakide (Lointek).
– Ekialdetik, kaiko bide sekundarioa du mugakide, bai eta AZ1 eta AZ2 kaien arteko muga ere.
Plantarako errepide bidezko sarbidea El Calera-ren pare dago, N-639 errepidean, AZ-1, AZ-2 eta AZ-3 kaietara sartzeko bide batean.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla eta, inpaktu adierazgarrienak plantaren jarduerari berari dagozkionak dira. Garrantzitsuenak kutsadura atmosferikoari dagozkionak dira, hautsaren sorrerarengatik (emisio difusoak, txirbilen birrintzetik, plasma bidezko ebaketatik eta metalezko hondakinen biltegiratzetik eta manipulatzetik heldu direnak) zein errekuntza-gasen bestelako emisio batzuengatik. Halaber, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek zarata sortuko dute. Uretarako emisioei dagokienez, kutsagarri gerta daitezkeen urak tratatu egingo dira portuko kolektorera isuri baino lehen.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira hurrengo baldintzak:
– Obrak, bai eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako gunetik kanpo, obretako makinen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da.
Bestalde, sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu edo instalazioak egon diren lurzatietan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015eko Legea.
– Baliozkotu beharreko materialaren deskarga, bai kanpokoa bai barrukoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo da, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek, atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik, izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
• Baliozkotzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.
• Segurtatuko da aurreikusitako aspertsorea gunerik egokienean dagoela hauts gehien harrotzen diren eremuak ureztatzeko eta jarduerak eskatzen duen maiztasunarekin lan egingo dutela. Nahikoa ez bada, aspertsore gehiago jartzeko aukera aztertuko da, hauts-sorrera ahal den guztian gutxitzeko.
Plantako aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, kasua bada egoera onean mantendu dadin. Ildo horri jarraikiz, Legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Uda garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
Era berean, gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.
• Materialaren karga eta deskarga egingo da hauts-sorrera ahal den guztian gutxitzeko behar diren neurriak hartuz (materiala hartzean olagarroaren atzaparrak erabat itxiko dira, kargaren erorketa-altuera gutxitu egingo da.).
• Saihestuko da hautsa sor dezakeen materiala kanpoaldean manipulatzea, aurkakoak diren baldintza meteorologikoetan.
• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak arrasta ditzala, bai eta hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.
Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.
• Txirbilen ebaketa- eta birrintze-eragiketak egingo dira ahal den guztiak gutxituz partikulen atmosferarako emisioak.
• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.
– Ura kaiko euri-uren sare orokorrera isurtzeari dagokionez, lurretik itsasora isurketak egiteko baimenean, Uraren Euskal Agentziaren baimenean jasotakoak, ezartzen diren mugak eta kontrolak betetzeaz gainera, erregularki ikuskatuko da hondakin-ur sanitarioak kanporatzeko hobi septikoa, eta kudeatzaile baimendu batek garbituko du hobi septiko hori.
– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak ezertan ere kendu gabe, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
Hondakinen sorkuntza gutxitu egingo da, ahal dela.
Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzerako prestaketa, birziklatzea eta beste balioztatze mota batzuk, balioztatze energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzean ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den gehien murriztuko da eragin hori.
Berariaz debekatuta izango da, sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan edo ez-arriskutsuak izan. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak, konpresorearen purgatzeen urak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak, etab. behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira; horrela, ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, kutsadura, oro har, sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari eskuratuko zaizkio, kasuko tratamendua egin dezan, legedi indardunari jarraituz.
Hirugarrena.– Kontuan izanik lehenengo puntuan ezarritako baldintzak eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoak eta dagokion baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Cronimet Hispania SAk Zierbenako Dikean sustatu duen metalezko hondakin ez-arriskutsuak baliozkotzeko planta dela-eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaio bai Zierbenako Udalari, bai eta proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau bidali egin behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.