EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016131

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2016. urteko ediziorako deia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-06-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201603080
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2004/01/14an argitaratutako 2003/12/23ko 200300316 DEKRETUA

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (2004ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.) Gaztemundu programa arautu zuen –martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak (2015eko apirilaren 9ko EHAA, 65. zk.) aldatu zuen dekretu hori–. Programa horren bitartez, gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren lan jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitetan.
Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2016ko ekitaldirako laguntzetarako deia egitea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Gaztemundu programarako deia egitea, 80.000 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2016ko egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan arautu ez den guztirako, hauek aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.
ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2016 PROGRAMARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da Gaztemundu programarako deia egitea, ondorengo oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2016ko urriaren 1etik 16ra.
2.– Edizio honetarako prestakuntza-gaia da sukaldaritza eta euskal gastronomiako jakiak prestatzea. Gai hori aukeratzeko, kontuan izan da euskal etxeetan badaudela euskal jatetxeak eta elkarte gastronomikoak, eta horregatik beharrezkoa da balio handiko ondare soziokultural hori –euskal gastronomiako jakietan bildutako sukaldaritza, alegia– gehiago ezagutzea eta praktikatzea.
Azpimarratu beharra dago Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarrean –Donostian izan zen batzar hori 2011ko azaroan– Gaztemendu programarako erabaki zela urteroko prestakuntza-gaien egutegi bat egitea eta euskal gastronomia ezarri zela 2016. urterako, ondo sustraituta baitago euskal munduan, bai Euskadin bai kanpoan den euskal komunitatean.
3.– Edizio honetan 25 egonaldi eskainiko dira gehienez.
Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2016ko urtarrilaren 1ean.
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.
3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuraduna ez izatea, 2003an arautu zenetik.
5.– Gastronomiari buruzko ezaupideak egiaztea, sukaldaritzako proposamen bat biltzen duen bideo bat aurkeztuz.
Hirugarrena.– Zenbatekoa.
Gaztemundu prestakuntza-programara 2016rako 80.000 euro bideratu dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik dator zenbateko hori.
Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Ebaluazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:
a) Sukaldaritza proposamena aurkeztuko duen bideo grabaketaren balorazioa (40 puntu, gehienez).
b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).
c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).
d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu, gehienez).
Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, eskatzaileek 50 puntu lortu beharko dituzte, gutxienez.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Kanpoan den Euskal Komunitatearen Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bitartez, egingo ditu Gaztemundu programak berekin dakartzan kudeaketa-zereginak.
A irizpidea: «Bideo grabaketaren balorazioa». Honako hau baloratuko da:
– Proposamena testuinguruan kokatzea, proposamenaren jatorria, koherentzia eta justifikazioa (10 puntu, gehienez).
– Aukeratutako sukaldaritza-aldaera ezagutzea (10 puntu, gehienez).
– Jaki gastronomiko bat prestatzeko ahalmena eta prestaketaren azalpena (10 puntu, gehienez).
– Ezagutza pedagokikoa jaki horren errezeta irakasterakoan (10 puntu, gehienez).
B irizpidea: «Eskatzailearen antzinatasuna eta parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean». Honako hau baloratuko da:
– Bazkidearen antzinatasuna partaide den erakundean (10 puntu, gehienez).
– Iraganean euskal etxea kudeatzen arduradun karguak izan dituztenei, baina ebazpen hau argitaratzen den egunean horrelakorik ez dutenei (5 puntu, gehienez).
– Ebazpen hau argitaratzen den egunean berariazko zereginen baten erantzukizunen bat dutenei zuzendaritza batzordeen alorretik kanpo, hala nola gazte-taldeetan, dantzetan, gastronomian, liburutegian eta abarretan (5 puntu, gehienez).
– Eskabidea egiteko unean, arduradun-karguak izatea zuzendaritza-batzordeetan, bokal gisa edo kudeaketa eginkizun orokorretan (10 puntu, gehienez).
– Egun erakundeko arduradun-karguren bat izatea; adibidez, erakundeko presidente, idazkari edo diruzain (10 puntu, gehienez).
Puntu bat emango da dena delako euskal etxeko bazkidetza-urte bakoitzeko, eta puntu bat arduradun-karguan emandako urte bakoitzeko.
C irizpidea: «Euskara jakitea». Euskararen ezagutza egiaztatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako zentroen ziurtagiriak aurkeztuko beharko dira, orobat bestelako dokumentu batzuk, euskara menperatzen dela edo ikasten emandako urteak egiaztatzeko moduan (10 puntu, gehienez).
D irizpidea: «Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea». 10 puntu emango zaizkio Euskal Herrian inoiz egon ez denari.
2.– Hautaketa-prozeduran onartzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte eskaerek.
Bosgarrena.– Eskariak aurkeztea.
1.– Eskariak hona bidali behar dira: Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2 01007 Vitoria-Gasteiz, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako edozein bide erabilita. Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki-eredua erabili beharko da, eta inprimakiak web orri honetan egongo dira interesdunen esku: www.euskadi.eus/euskaldunak
2.– Agiri hauek erantsi behar zaizkio eskariari:
a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.
b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
c) Euskal etxearen txostena: eskatzaileak noraino hartzen duen parte euskal etxearen bizitza sozialean, eta, hala bada, zuzendaritza-batzordeetako arduradun-karguetan edo kudeaketa-lan orokorretan, denboraldiak zehaztuta.
d) Gutxienez hiru minutu eta gehienez 10 minutuko bideo grabaketa bat, hautagaia euskal gastronomiako jaki bat prestatzen eta jaki hori prestatzeko prozesua azaltzen erakusten duena.
e) Euskaren ezagutzaren egiaztagiria.
f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Herria inoiz egon gabekoa dela adierazten duena.
g) Eskatzailearen euskal etxearen ziurtagiria: etxe horrek bere gain hartzen du gastuak itzultzeko erantzukizuna, esleipendunak bere eginbeharrak bete ez eta gasturik sortuz gero.
3.– Eskatzaileak sinatu behar du eskaria.
Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zazpigarrena.– Ebaluazio-batzordea.
2013ko irailaren 24ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-batzordeak honako kide hauek izango ditu –martxoaren 31ko Dekretuak aldatu zuen dekretu hori–:
– Asier Vallejo Itsaso jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.
– Maribel Etxabarria Pérez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokal.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.
Zortzigarrena.– Prozedura ebaztea.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak ebatziko du Gaztemundu programaren dealdia, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena kontuan izanda.