EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016130

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 23koa, Farmaziako zuzendariarena, Abadiñoko udalerrian (Bizkaia) farmazia-bulego bat sortzeko baimena emateko dena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-06-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201603046
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/04/07an argitaratutako 2015/03/13ko AGINDUA [201501524]
  • Ikus 2015/12/03an argitaratutako 2015/11/25eko AKORDIOA [201505165]

Abadiñoko udalerrian (Bizkaia) farmazia-bulego bat sortzeko, Miren Itziar Sánchez Robles andreak egin duen baimen-eskaera aztertuta, eta honako hauek ikusita:
EGITATEAK
Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 13ko Aginduaren bidez, iragarri zen farmazia-bulego bat –Abadiñoko farmazia-barrutian– irekitzeko prozedurari ekin zitzaiola.
Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, 2015eko azaroaren 25ean batzorde horrek hartutako erabaki batez, lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz; erabakia 2015eko abenduaren 3ko EHAAn argitaratu zen (231. zk.).
Zerrenda horren arabera, Begoña Dúo Uriartek zeukan puntuaziorik handiena.
Hirugarrena.– Erabaki hori 2016ko urtarrilaren 27an irmo bihurtu zen.
Laugarrena.– 2016ko otsailaren 3an, Begoña Dúo Uriarte andreak baimen-eskabidea aurkeztu zuen, Vitoria-Gasteizen farmazia-bulego bat irekitzeko zena; hortaz, ulertu zen uko egiten zuela Abadiñoko farmazia-barrutikoari dagokion prozeduran.
Bosgarrena.– Prozeduran aurrera eginez, 2016ko otsailaren 4an ofizioa bidali zion Farmaziako zuzendariak Miren Itziar Sánchez Robles andreari. Ofizioan adierazi zitzaion bera izan zela alegatutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena lortu zuena eta, hortaz, 338/1995 Dekretuak, Farmaziak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzen dituenak, 5. artikuluan xedatutakoarekin bat jokatu behar zuela. Ohartarazi zitzaion deialdian parte hartzeari uko egiten ziola ulertuko zela, eskatutako agiriak dekretu horretan ezarritako epean aurkeztu ezean.
Seigarrena.–2016ko ekainaren 2an, Miren Itziar Sánchez Robles andreak Abadiñoko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko eskabidea aurkeztu zuen, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta dekretu horren 5. artikuluan aurreikusitako agiriak erantsi zizkion eskabideari.
Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Urbitarte poligonoa 002, 1F, 008 atea, Abadiñoko udalerria, Abadiñoko farmazia-barrutian.
Zazpigarrena.– 2016ko ekainaren 3an, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez espediente honetan interesdun izan daitezkeenei espediente bidali zitzaien, batetik, espedientean pertsonatzeko, eta bestetik, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Hala egin zen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. eta 79.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Zortzigarrena.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2016ko akainaren 22an, aldeko txostena egin zuen Miren Itziar Sánchez Robles andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 10. artikuluan.
Bigarrena.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, Miren Itziar Sánchez Robles andreak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, lehiakideak agiri guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela egiaztatu da. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari farmazia-bulegoa jartzeko baimena ematea.
Dena dela, jardun ahal izateko baimena lortu beharko da, emandako baimenak indarra izango badu; hala ezartzen da 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoan.
Horregatik guztiagatik, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Dña. Miren Itziar Sánchez Robles andreari baimena ematea farmazia-bulegoa jar dezan leku honetan: Urbitarte poligonoa 002, 1F, 008 atea, Abadiñoko udalerria, Abadiñoko farmazia-barrutian; betiere, berak aurkeztutako agiriak aintzat hartuta.
Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, Miren Itziar Sánchez Robles andreak jardunean jartzeko baimena aurretiaz lortu beharko du. Baimen hori eskatzeko lau hilabeteko epea izango du, honako ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta betiere, 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen berri emango zaie interesdunei; era berean, ohartaraziko zaie honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelakoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Osasuneko sailburuordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 23a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.