EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2016129

AGINDUA, 2016ko ekainaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Deutsche Schule, S. Coop. kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201603018
Maila: Agindua
AURREKARIAK
1.– 2016ko otsailaren 19an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Deutsche Schule, S. Coop. sozietatea onura publikokoa dela deklaratzeko eskaera sartu zen. Eskaera hori egitean, adierazi dute otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan adierazitako arauzko betekizunak betetzen dituztela.
2.– 2016ko maiatzaren 2an, iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoa betez, eta jendaurreko informazio-erakustaldia ireki zen, interesdunek espedientea aztertu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko hogei eguneko epean. Epe hori igaro ostean, ez da alegaziorik aurkeztu.
3.– 2016ko maiatzaren 5ean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzako Lege Aholkularitzak eginiko txostena jaso da, 64/1999 Dekretuaren 9. artikulua betez, dekretu horretako 7. artikuluarekin lotuta.
Aurreko egintzei honako hauek aplikatzen zaizkie:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 137.2 artikuluan dioenez, Euskadiren onuraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak onura publikokotzat aitortuko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunen arabera.
2.– Artikulu hori garatuz, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartu zuena.
3.– Onura publikokoa dela deklaratzeko 64/1999 Dekretuaren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako izapideak bete dira.
4.– Herri-onurakoa dela aitortzeko 64/1999 Dekretuak 5. artikuluan ezartzen dituen betekizunak erakundeak zuzen bete dituela baieztatu da.
5.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietate bat onura publikokoa dela deklaratzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 4.1.a) artikuluarekin lotuta.
Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deutsche Schule, S. Coop. izeneko kooperatiba-sozietatea onura publikokoa dela deklaratzen da.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Haren kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza hau eman duen organoari; horretarako epea hilabetekoa izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 9a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.