EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016128

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 30ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaie Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioa eta kindergartena monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2016-05-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201602985
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzeko.
Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioak eta kindergartenak duten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioa eta kindergartena monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Hasiera ematea Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioa eta kindergartena monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari ere, egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 30a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketa.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: iparraldean, lerro paralelo bat, gimnasioa dagoen gorputzaren fatxada nagusira doana, gorputz perpendikularraren fatxada nagusiaren ipar-ertzetik marratua; hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, lurzati horren mugakideak diren jabetza pribatuen mugak.
b) Justifikazioa.
Mugaketa hori proposatu da beharrezkoa delako Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioaren eta kindergartenaren ingurumen- eta ikusmen-balioak babestea. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta bere balioa emateko, beharrezkoa da ingurune hori babestea; beraz, eraikuntzari espazialki eta funtzionalki atxikitako guneak ere babestu behar dira, kindergartenaren eta gimnasioaren berezko izaera gordetze aldera; horrekin batera, euren balioa nabarmentzeko gune bat egokitu behar da. Hori dela eta, mugaketan, eraikuntza bera ez ezik, kanpoko espazioa ere sartu da; hau da, eraikuntza osatzen duten bi gorputzek aurrean duten kanpoko espazioa, bi fatxada nagusien eta alboetako jabetzen muken artekoa.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Eraikina Deustun dago, Bilboko udalerrian. Agirre Lehendakariaren etorbideko 1ean dago, mehelinen artean dagoen orubearen atze-atzealdean, eta badago etorbidetik zuzenean sartzea.
II. Errepublikaren garaian, Estatuak funtsezko iritzi zion hezkuntzari, demokrazia finkatzeko; beraz, irakaskuntza hobetzeko programa bat erabili zuen, eta hobekuntzek eragina izan zuten eskolen arkitektura ulertzeko moduan. Politika horren ondorioz, Bilbon, eskola ulertzeko modua aldatu zuen udal eskoletarako eredu bat ezarri zen, arkitektura modernoagoko bat, eta eredugarria izan zen ondorengo ekimenetarako.
Ondorioz, eskola batzuk birgaitzeko eta birmoldatzeko proiektu asko sortu, zerbitzuak ugaldu, eta eskola asko eraiki ziren, hala nola San Frantzisko eta Briñas Luis kaleetako udal ikastetxeak. Horiek, hain zuzen, 1933an hasi ziren eraikitzen, baina, oso proiektu konplexuak zituztenez, ez zituzten amaitu Gerra Zibilera arte, 40ko hamarkadan. San Frantziskoko eskolaguneak, amaitu ez bazen ere, mugarria ezarri zuen eskolan eta arkitekturan pentsatzeko moduan.
Erakunde pribatuek sustatutako ikastetxeak izan ziren II. Errepublikan zehar amaitu ziren ikastetxe bakarrak. Horren argibide dira: Luis Vallejoren Errotatxuetako eskola (1933) eta Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa (1934); haietarako, San Frantziskoko ereduaren aurretiko esperientzia oinarritzat hartuta, proposamen xumeago batzuk egin ziren, eta amaitu egin ziren. Biak datoz bat arkitektura moderno baten erabileran eta garaiko beharretara egokitutako espazio berrietan.
1934ko Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa Estanislao Segurolaren obra dira, Bilboko Udalaren Hiri Ikasketen Ataleko arkitekto nagusia bera garai hartan.
Estanislao Segurolak parte hartu zuen San Frantziskoko eskola-lehiaketan, eta bazekien zein ziren garaiko hezkuntzako berrikuntzak. Baliteke Thomas Schockenen laguntza ere izatea. Thomas Schocken arkitekto berlindarra garai hartan Berlín-Charlottenburgoko goi-eskola teknikotik atera berria zen, eta Segurolaren estudioan lan egin zuen 1933tik 1936ra. Ikastetxe horretako irakasleetariko bat Heinrich Tessenow arkitekto alemaniarra izan zen, eta baliteke irakasle horren eragina izatea Segurolaren arkitekturan Segurolak eta Schockenek estudioan elkarrekin lan egin zuten urte haietan.
Eskuairan jarritako bi gorputzeko eraikina da. Haietako lehenak 6 metroko altuera du, eta haren azalera 24 metro luze eta 10 metro zabal da; barnealdean, beheko solairuan, gimnasioa zegoen, haren erdi-parean galeria bat, eta aldagelak eta komunak. Argiztapenerako, zortzi leihate handi zeuden fatxadaren goialdean. Espazio hori moldagarria zen, eta ekitaldi-areto gisa erabil zitekeen.
Gimnasioaren perpendikularrean dagoen beste gorputzean, beheko solairuan, atondoa, komunak eta, ikasgela batean, kindergartena. Kindergartena 7 bat metro zabal zen, 8 metro luze, eta 3.50 altu. Ikasgelak terraza estali baterako sarbidea zuen. Terraza estaltzeko, hiru orritan banatutako gillotinako hiru leiho-ate zeuden, eta horiei esker airezta zitekeen egokiro, unean-uneko inguruabarren arabera. Goiko solairuan, tamaina desberdinetako bi ikasgela zeuden. Atzealdean, lehen solairuan bezala, bi gela txiki zeuden, soberako espazio irregularra aprobetxatzeko zirenak.
Ondorioz, batere ohikoa ez zen eraikin bat sortu zen garaiko eremu arkitektonikoan. Errepublika-garaian eraikitako eraikina da, eta bat dator eskola-eredu berriarekin, espazio- eta forma-kontzeptuak garaiko ideien isla baitziren, eta ez zuen zerikusirik ordura arteko proposamenekin.
Gaur egun, eraikinak beste banaketa bat du, aldatzen joan baita unerik unera izan diren espazio-beharrei eta bestelako beharrei erantzuteko. Gimnasioa eraberritu eta bi solairutan banatu da, hainbat ikasgela egin baitira, zein bere leihoekin. Beste gorputza beheko solairuko barneko jolastoki gisa erabili da, eta goiko solairuko aretoak eta beheko solairuko guneak ere aldatu dira apur batean. Portxeko oinaldea ere desagertu da.