EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016128

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 1ekoa, Arartekoarena, 2016-2017 aldirako ikerketa aplikatuko beka bat emateko deialdia onartzen duena.

Organo emailea: ARARTEKOA
Xedapenaren data: 2016-07-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602981
Maila: Ebazpena
Ararteko erakundeak hainbat beka iragarri ditu urte batzuetan, giza eskubideen alorrean ikerketak burutzeko. Horrela, bere eginkizuna betez, giza eskubideen arloko diziplinarteko ikerlana bultzatu nahi izan du gure autonomia erkidegoan.
Deialdi honen bidez, sakon aztertu nahi da eskubideren baten aplikazioa edo gizarte-talde ahulenetako baten egoera gure autonomia erkidegoan, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
I.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea ikerlanerako beka bat ematea da, gure erkidegoan, gizarte-talde ahulenetako bati dagokionez, giza eskubideak nola edo zenbateraino aplikatzen diren ikertzeko.
II.– Bekaren edukia.
1.– Beka honek Ararteko erakundearen laguntzarekin ikerketa burutzeko aukera emango dio bekadunari –pertsona bakarra zein taldea izan–. Erakundeak, bere dokumentazio zerbitzuaren bitartez, materialak eta informazioa eskuratzeko bidea erraztuko dio, Estatuko edo autonomietako beste erakunde batzuekin informazio-trukeak bideratuz.
2.– Beka honen helburua ikerlanak egitea da, EAEn talde jakin batzuk, eskubide bat edo eskubide multzo bat zein egoeratan dauden sakonki aztertu eta ezagutarazteko.
III.– Pertsona edo talde eskatzaileek bete beharrekoak.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren herritar guztiek izango dute beka hau jasotzeko aukera.
IV.– Eskabideak noiz eta nola egin.
1.– Eskabideak aurkezteko, erabaki hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 eguneko epea izango da.
2.– Erabaki honen eranskinean aipatzen diren datuak adierazi beharko dira eskabidean, honako agiriokin batera:
a) Egin nahi den lanaren txostena edo proposamena.
b) Unibertsitateko titulu eta espediente akademikoak.
c) Curriculum vitae-a. Hor adieraziko da norberak zer-nolako eskarmentua duen lanean eta borondatezko lanetan (halakorik izango balu(, zein hizkuntza dakizkien, nolako eskarmentua eta prestakuntza dituen, eta baita ere, bekaren mamiari begira, interesgarritzat jotzen dituen bestelako merezimenduak.
Eskabidea pertsona talde batek aurkezten badu, taldearen datuak ere adierazi beharko dira: aurrez egindako lanak, taldekideen prestakuntza, eskarmentua eta lanbide-esperientzia, batez ere lana koordinatzeaz arduratuko den pertsonarenak.
d) Curriculum vitae-n adierazitako merezimenduen egiaztagiriak.
e) Eskatzailea pertsona bakarra bada, lan hori egitea eragotziko dion bateraezintasun arrazoirik ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena; eta lan bera egiteagatik beste diru-laguntzarik jasoko ez duela ziurtatzen duen agiria, eskatzailea norbanakoa nahiz taldea izan.
f) Txosten labur bat, deialdiaren aztergaiarekin zerikusia duten aurretiko lan eta esperientziak azaltzen dituena, eta hasierako lan-proposamena.
3.– Eskabideak Ararteko erakundearen egoitzara bidali beharko dira (Prado kalea 9, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo bere bulegoetakoren batera (San Bizente 8, Albia eraikina, 11. solairua, 7. Bulegoa, 48001 Bilbao; eta Askatasunaren hiribidea 26, 4. Solairua, 20004 Donostia).
V.– Hautagaien aukeraketa.
1.– Aukeraketa Batzordeko partaideak honako hauek izango dira:
Lehendakaria: Arartekoa edo hark ordezko izendatzen duena.
Mahaikideak:
– Arartekoko Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendaria.
– Euskal Herriko Unibertsitateko bi ordezkari.
– Ararteko erakundeko idazkari nagusia edo hark ordezko izendatzen duena. Idazkari-lanak egingo ditu.
Aholkulari gisa parte hartu ahal izango du, hitzarekin baina botorik gabe, aurkezten diren proiektuetako batean edo batzuetan aditua den Arartekoko pertsonaren batek, Arartekoak izendatuta.
2.– Aukeraketa Batzordeak gehiengoz hartu beharko du edozein erabaki.
3.– Arartekoko Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendariak sailkatuko ditu eskabideak, eta lehen balorazioa egingo du, aurkeztutako agirien arabera. Balorazioa egiterakoan, batez ere kontuan hartuko da eskatzaileek giza eskubideen alorrean duten ezaguera eta prestakuntza, eta giza eskubideei buruzko ikerlanak egiten duten eskarmentua, mamia zehazteko eta adierazteko gaitasuna, bekaren gaia aztertzeko duten denbora, eta beren lehen lan-proposamena interesgarria den eta zein ikuspegitatik aztertzeko asmoa duten.
4.– Lehen aukeraketan hartutako hautagaiak elkarrizketa batera deituko dituzte. Han azaldu eta defendatu ahal izango dute beren proposamena. Sei eskabide baino gehiago jasotzen badira, Aukeraketa Batzordeak lehenbiziko sei hautagaiak bakarrik elkarrizketatu ahal izango ditu, aurkezturiko agirien arabera haiek baloratu ondoren.
5.– Eskatzaileak (pertsona bakarrak edo lanaren koordinatzaileak, eskabidea talde batek eginez gero) Aukeraketa Batzordearekin izango duen elkarrizketan, aurkezturiko lan-proposamena azaldu eta defendatu beharko du. Batzordeak galderak egin ahal izango dizkio, bai azaldutakoaz, bai beste gai batzuez ere: hala nola bekaren aztergaiaz, eskatzailearen edo eskatzaileen lanbide-profilaz eta lan egiteko aukerez.
6.– Aukeraketa Batzordeak, egindako balorazioaren arabera, beka esleitzeko proposamena egingo du. Bertan agertuko dira beka jasotzeko lehen tokian eta bigarrenean proposaturiko pertsonaren edo taldekideen izen-abizenak, bai lau ordezkorenak ere; azken hauek, sailkapenean lortu duten tokiaren arabera, lehentasuna izango dute uko-egiteengatik edo bestelako gorabeherengatik gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko. Azkenik, arartekoak ebatziko du deialdia, esleipen-proposamen horren babesean.
7.– Baldin eta, Aukeraketa Batzordearen ustez, aurkeztu diren proiektuek kalitate nahikorik ez badute, beka hori ez esleitzea proposa dezake.
8.– Aukeraketa Batzordea gai izango da oinarri hauek interpretatzeko eta hautagaien aukeraketa-prozesuan azal daitezkeen zalantzak argitzeko.
VI.– Beka hartzen duen pertsonaren edo taldearen betebeharrak.
Beka hartzen duen pertsonak edo taldeak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Deialdi honen helburuarekin bat datorren azterlana edo ikerlana egin beharko du, euskaraz edota gaztelaniaz. Azterlanaren mamia eta ikuspegia bi aldeek ados jarrita erabakiko dute.
b) Gutxienez hiru hilabetean behin, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko dio Ararteko erakundeari, oniritzia edo onespena jasotzeko.
c) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak onartu beharko ditu.
VII.– Bekaren ezaugarriak.
1.– Bekak hamar hilabete iraungo du, nori eman erabakitzen den egunetik kontatzen hasita.
2.– Beka 22.000 eurokoa izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, beka nori eman erabaki bezain laster; bigarrena, VI.b) atalean aipatu dugun hiruhileroko lehen informazioa ontzat ematean; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan.
3.– Beka hartzeak eta horri onura ateratzeak ez du kontratupeko edo estatutupeko loturarik sortuko Ararteko erakundearekin.
4.– Beka hartzen bada, ezin da lan bera egiteagatik beste erakunderen baten laguntzarik jaso.
5.– Beka hartu duen pertsonak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.
VIII.– Beka kentzeko arrazoiak.
1.– VII.2) atalean aipatu diren kopuruak emateari utziko zaio zertzelada hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Bekadunak edo bekadunek VI. atalean aipatu diren betebeharretakoren bat betetzen ez badute.
b) VI.b) atalaren arabera bekadunak edo bekadunek aurkeztu beharreko informazioak erakundearen oniritzia jasotzen ez badu.
c) Beka-lana egiten ari den bitartean, bekadunak edo bekadunek on ustez bateraezintasun-baldintza urratzen badute, non eta erakundeak ez duen besterik erabakitzen, kasuan kasuko zertzeladak aintzat hartuz.
2.– Bekadunak edo bekadunek beka hau eskatu zaizkien baldintzak bete gabe lortu badute, oso-osorik itzuli beharko dute jasotako diru-kopurua. Gorabehera hori beka-lana egiten hasi osteko bi hilabeteetan antzematen bada, lehenengo ordezkoa izendatuko dute bekadun.
3.– Erakundeak lana ez dela ona edo bekari ez zaiola onurarik atera irizten badio, itzuli egin beharko da jasotako diru-kopuruaren zati bat edo kopuru osoa.
4.– Artikulu honetan ezarritakoaren arabera hartzen diren erabaki guztiak behar bezala arrazoituko dira eta interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta betiere errespetatu egingo dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutako printzipioak.
IX.– Ikerlana ezagutaraztea.
1.– Beka honen ondorioz sortutako lana Ararteko erakundearena izango da. Erakundeak, egoki deritzonean, lan hori argitaratu eta zabaltzeko eskubidea bereganatuko du −lan osoa edo zati bat, bere bitartekoak erabiliz edo beste erakunde batzuekin hitzartuta−, eta beti lanaren egilea edo egileak aipatuko ditu. Lana argitaratu eta zabaltzeko, Ararteko erakundeak beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatu ahal izango dizkie egileei.
Lan hori formatu digitalean argitaratuko da, Creative Commons erabilera partekatuko lizentzia publikoaren bitartez.
2.– Lana aurkeztu zenetik bi urte igaro ondoren Ararteko erakundeak argitaratu ez badu, egileek beren lanak eskura izango dituzte, egokien iruditzen zaien bidea erabiliz ezagutaraz ditzaten.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 1a.
Arartekoa,
MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.
ERANSKINA
BEKAREN ESKABIDE-ORRIAN AGERTU BEHARREKO DATUAK
A) Norberaren datuak:
*Norbanakoen eskabideak (izen-abizenak eta NA):
*Taldeen eskabideak
Taldekideen datuak (izen-abizenak eta NA)
B) Taldearen koordinatzailea(k):
Helbidea:
Herria:
Telefonoa:
Posta kodea:
C) Merezimenduak:
* Aurrez egindako lanak:
* Prestakuntza:
* Lana egiteko aukera:
* Hizkuntzak:
D) Eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak edo materialak:
Zenb.: Edukia:
1.– ........................................................
2.– ........................................................
3.– ........................................................
4.– ........................................................
Arartekoa