EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016127

AGINDUA, 2016ko uztailaren 1ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-07-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602944
Maila: Agindua
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari esleitzen dio gizarte-ekonomiaren sustapena, zuzendaritza honetatik landuko, kudeatuko eta betearaziko diren programa eta ekintzen bitartez.
Era berean, 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuekin batera doan memorian, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehentasunezko helburutzat jasotzen dira gizarte-ekonomiako berariazko prestakuntza-jarduerak sustatzea, argitalpenetan gizarte-ekonomia hedatzea eta zabalkunderako ekitaldiak egitea, eta, hain zuzen ere, helburu horiek diru-laguntzen agindu honetan gauzatzen dira.
Kontuak kontu, gizarte-ekonomiako prestakuntza espezializatuak Euskadin gizarte-ekonomia sustatzeko politika publikoak diseinatzeko zutabeetako bat izaten jarraitzen du; eta horretan ahalegintzen dira, alde batetik, enpresa horiek ordezkatzen dituzten erakundeak eta erakunde akademikoak eta, bestetik, administrazio publikoa.
Diru-laguntza ildo hori, bestalde, bat dator Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako plan estrategikoaren ildo nagusiekin eta, ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenekin. Bere diseinuan, mantendu egiten da laguntza publiko horren oinarrizko egitura, eta baita laguntza emateko irizpideak eta zenbateko globalak ere, 2015eko ekitaldian ezarritakoak, aurrez ezarritako helburu kualitatibo eta kuantitatiboak lortzeko orduan gastu publikoaren zentzuzko eraginkortasuna bermatzen dutenak.
Agindua egiteko prozesuan Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako euskal gizarte-ekonomiako familien egitura ordezkagarrien araberako balorazioa egin da.
Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, 2016ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta gastuak, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:
1.– Prestakuntza-jarduerak:
a) Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak –prestakuntza espezifikoa eta desberdindua–, unibertsitate-eremuan edo/eta sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.
b) Gizarte-ekonomiako enpresa bat diseinatzeko eta abian jartzeko ekintzak, unibertsitate-prestakuntzaren parte gisa, eta haren tutoretzaren pean.
2.– Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:
a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.
b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.
Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2017ko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.
3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta diru-laguntzaren muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta bi mila (402.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta berrogeita bat mila eta berrehun (241.200) euroko ordainketa-kreditua, 2016ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogei mila eta zortziehun (160.800) euroko konpromiso-kreditua, 2017ko ekitaldirako.
2.– Adierazitako zenbateko orokorra igo ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta ondokoen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren beste programen betearazpenetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren beste aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.
3.– Ezarritako epearen barruan beren eskaerak aurkezten dituzten interesdun guztiek, aurreikusitako agirien bidez Agindu honetan eskatutako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute, 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatzeko irizpideen arabera dagozkien diru-laguntzak jasoko dituzte.
4.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskari guztiei aurre egiteko Agindu honek ahalbidetzen dituen gehieneko zenbatekoetan, honela jokatuko da:
a) Lehenik eta behin, egiaztatuko da ezen, 2.1.b) artikuluan jasotzen diren jardueretarako esklusiboki aurkeztatu diren eskaera guztiei –aipatutako parametroak erabiliz kalkulatutako zenbatekoetan– erantzuteko nahikoa diru badagoela. Hala bada, dagokion zenbatekoa emango da diru-laguntza gisa. Baina, horrela ez bada, hasieran kalkulatutako kopuruak murriztu egingo dira. Horretarako, hainbanaketa bakarra egingo da, 2.1.b) artikuluko jarduerei dagozkien eskabide horien artean; eta gainerako eskaeretarako aurkeztutako eskabide guztiak ukatu egingo dira.
b) 2.1.b) artikuluko jardueretarako eskabideei –dagozkien zenbatekoen arabera– erantzuteak ez badu agortzen deialdirako jarritako diru-hornidura, gelditzen den zenbatekoa erabiliko da gainerako jardueretarako laguntza-eskabideei erantzuteko. Zenbateko horrekin ez bazaie erantzuten eskabide horiei, dagozkien zenbatekoen arabera, zenbatekoak murriztu egingo dira, eta, horretarako, hainbanaketa bakar bat egingo da guztientzat.
5.– Ezin izango da guztira 100.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskaerak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/fr_2016/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte:
1.– Fakultateak, Unibertsitate Eskolak, Unibertsitate Institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.
2.– Federazioak, Kooperatiba Konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako ekonomia sozialeko enpresen beste elkartze-egitura batzuk eta Lan Sozietateen Taldeak.
3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen menpe daudenak.
4.– 2.1.b) artikuluak aipatutako gizarte-ekonomiako erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateren baten prestakuntza- eta ekintzailetza-planen tutoretzapean eratutakoak.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea sozietatearen edo elkartearen egoitza.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ogasun eta Finantza Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.
c) Alta emanda egotea, Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.
– Aurrez aurreko bidea erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.
– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.
d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Halaber, Agindu honetan aurreikusitako laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren Erakunde Autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulera- edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.
e) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).
2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aipatutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
7. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko baldintzak. Adierazpen hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
2.– Eskaera aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.
3.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.
4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskaerak Agindu honetako I. eranskin gisa jasotako inprimaki normalizatuaren bidez egingo dira. Inprimaki hori 4. artikuluan aipatutako helbide elektronikoan ere eskura daiteke.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:
– Giza-baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
– Diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.
– Proiektuak finantzatzeko plana.
– Programaren Erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.
2.– Zehazki, 2.1.b artikuluko jarduerei dagokienez, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
– Enpresa-proiektuaren sorreraren oinarri den prestakuntza-planaren memoria.
– Ikasle bazkide langileen Gizarte Segurantzaren alta-agiriaren kopia.
– Bazkide langileak ikasten ari diren unibertsitatearen zinpeko adierazpena edo ziurtagiria, bertan matrikulatuta daudela dioena, bai eta unibertsitateak kasuan kasuko enpresa tutoretzapean duela ere.
10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioarekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– 2.1.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
2.– 2.1.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 5.000 euro jaso ahal izango ditu.
3.– 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.
4.– 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.
5.– Agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako diru-laguntza ez da, inola ere, ordaindutako kostu garbi erreala baino handiagoa izango.
6.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetarako laguntza publikoa kalkulatzeko, jarduera horretako kostutzat hartuko dira enpresaren bideragarritasunari buruzko analisian izandakoak, bai eta enpresak lehen urtean egindakoak ere, unibertsitatearen tutoretzapean jarraitzen badu.
7.– 2.2.b) artikuluko jardueretarako diru-laguntzak esleitzeko irizpideak honako hauek izango dira:
– Antolatutako jardunaldiaren eragina, erreferentzia gisa jardunaldiaren hartzaile potentzialen kopurua hartuta: gehienez ere, 40 puntu.
– Jardunaldiaren berri emateko ahalegina: gehienez ere, 10 puntu.
– Antolatutako ekitaldiaren jarduketa-eremua eta proiekzioa (nazioartekoa, estatu mailakoa edo erkidego barrukoa): gehienez ere, 25 puntu.
– Erakundearen eta, halakorik badago, hizlarien kualifikazioa eta ospea: gehienez ere, 25 puntu.
Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ez dira finantzatuko.
Emandako diru-laguntzak soil-soilik izango dira jardueretan parte hartzen duten hizlarien gastuak, diruz laguntzekoak diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen kostuak eta ekitaldia hartuko duten lokalen alokairua (onuradunarena berarena ez bada) ordaintzeko.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.
2.– Agindu honetako laguntzak eta onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitate-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, Aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko betebeharra ezartzen dion.
4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:
a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, % 40, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.
2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:
Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.
3.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hartara eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritakoak; eta, horiez gain, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.
b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da, baldin eta diru-laguntzaren gai izan diren jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta.
c) Diru-laguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzaren helburua konplitutzat hartu delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli egin beharko dituzte.
17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bategina.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko da, gehienez ere bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.
c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidetik ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46,1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 1a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
aNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.