EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016127

96/2016 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea sortu eta arautzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201600096
Xedapenaren data: 2016-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201602939
Maila: Dekretua
Gaur egungo nazioarteko egoeraren ezaugarria da globalizazioa gero eta handiagoa dela. Horrek herrialdeen arteko interdependentziak areagotzen ditu, eta lankidetza etengabe bilatzera behartzen du, gobernantza globala bermatze aldera.
Globalizazioaren ondorioz, esponentzialki handitu dira interkonexioak, eta horrek benetako iraultza eragin du munduan. Gaur egungo gizarteak erantzun koordinatuak bilatu behar ditu arazo globalak konpontzeko, hala nola garapen ekonomikoaren iraunkortasuna, genero-berdintasuna, muturreko pobrezia desagerraraztea eta biztanleria zahartzea.
Egoera berri honetan, mugek garrantzi gutxiago dute, gizarte zibila gero eta gehiago gailentzen da nazioartean, eta, horrenbestez, aliatu nagusia da kanpo harremanetan.
Bestalde, nazioartekotzea Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da. Gure herriarentzat erronka da, garrantzi handiko kultura-aldaketa dakarkigu gaur egun eta etorkizunari begira, eta Euskadiko gizarte osoak parte hartu behar du jakintza-arlo guztietan soluziobideak bilatzeko. Prozesu horren barruan daude orain arte tokikoak izan diren arloak (ingurumena, hezkuntza, eta abar), eta esparru horietan balio handiko esperientzia du Euskadik.
Bistakoa da Euskadik ibilbide bikaina egin duela kanpoan. Dena dela, nazioartekotzea prozesu bat da, eta garai berri honetan jauzi kualitatiboa egin behar dugu, orain arte lortutako kanpo-proiekzioa sendotu eta sakondu, gure herriko erakunde eta eragile guztien parte-hartzea kontuan hartuta. Nazioarteko proiekzioan sakontzeko eta mundura zabaltzeko prozesua estrategia integral batean oinarritu behar da. Estrategia horrek, gure indargune eta berezitasunak abiapuntu hartuta, Euskadi aktore global, bikaintasunaren erreferente, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu eta lurralde berritzaile eta lehiakor izatea lortu behar du.
Euskadik aktore globalen lekua hartu behar du, nazioartean nabarmenagoa izan behar du. Euskadiren kanpo-proiekzioa erabili behar da nazioartean berariazko tokia izan dezan, Euskadiren interesak sustatzeko, gure identitatea eta balioak proiektatzeko eta, aldi berean, nazioarteko ordena berri bat eratzen laguntzeko.
«Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategia» nabarmentzen da berrikuntza eta erronka nagusi hau dakarrelako: herritar guztiek Estrategia prestatzeko prozesuan parte hartzea. Horren haritik, gizarteko eta erakundeetako hainbat eragilek kontsultarako eta parte hartzeko prozesuetan jardutea izan da Estrategia eraikitzeko baliatu den ardatz nagusia. Parte hartzeko prozesuari esker identifikatu dira, alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Esparru Estrategiaren bektore diren helburu eta lehentasunak eta, bestetik, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren Ekintza Planaren helburu eta jardun-ildoak.
Basque Country Estrategiak Euskadiko gizarte osoari dei egin dio prestaketa-prozesuan parte har dezan. Herrialde-estrategiaren xedea da Euskadirentzat interesgarriak diren kide jakin batzuekiko harremanak sakontzea hainbat eremutan: erakunde-esparrua, enpresa-arloa, gizartea, osasuna, kultura, artea, hirigintza, arkitektura, ingurumena, eta abar.
Estrategia horren funtsezko apustuetako bat da Euskadi nazioartekotzeko prozesuan Euskadiko gizarte osoa sartzea. Hori guztia gauzatzeari begira, Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea sortzea da Estrategiaren apustua, herritarrek parte hartzeko foro berritzailea izan dadin, nazioartekotzeari buruzko eztabaida sustatzeko eta aholku emateko.
Euskadiko kanpo-harremanen diseinuan Euskadiko gizarteak parte hartzea da, hain zuzen ere, Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea beste batzorde hauetatik bereizten duena: Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea, abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuaren bidez sortua, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanak koordinatzen eta planifikatzen dituzten sailek osatua, eta Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea, martxoaren 18ko 52/2008 Dekretuaren bidez sortua, kanpo-harremanen arloko etorkizuneko proiektuak elkarrekin jorratzeko lankidetzan diharduten Euskadiko erakundeek osatua.
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea administrazio publikoz kanpoko Euskadiko eragileek osatuko dute. Batzordekideek nazioarteko esparruaren ezagutza zabala eta askotariko profilak izango dituzte; besteak beste, soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa. Aholku Batzordeak balio behar du gizarte zibilak gobernuaren kanpo-harremanetan parte hartzeko, Basque Country Estrategiarako lehentasunezkoak diren arloetako gaietan herritarren ikuspegi eta interesen berri emate aldera.
Horrenbestez, lehendakariak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea sortzea eta arautzea da dekretu honen xedea, haren osaera, eginkizunak eta kanpo-harremanen arloko jarduera-araubidea barnean hartuta.
2. artikulua.– Izaera.
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea kide anitzeko organoa da, eta Euskadi nazioartekotzeko prozesua sustatzeko aholkularitza eskainiko du.
3. artikulua.– Atxikitzea eta egoitza.
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea Lehendakaritzari atxikita dago, lehendakariaren mende, baina ez dago haren egitura organikoaren barruan. Egoitza Gasteizen dago.
4. artikulua.– Osaera.
1.– Kide hauek osatzen dute Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea:
a) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Batzordeko burua izango dena.
b) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularra.
c) Eusko Jaurlaritzan industriaren alorrean eskumena duen saileko titularra.
d) Eusko Jaurlaritzan turismoaren alorrean eskumena duen saileko titularra.
e) Eusko Jaurlaritzan kulturaren eta euskararen alorrean eskumena duen saileko titularra.
f) Kidego kontsularreko dekanoa.
g) Euskadiko merkataritza-ganberetako lehendakaria.
h) Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria.
i) Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako lehendakaria.
j) Mondragon Internazionala Talde Korporatiboko lehendakaria.
k) Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies ikastegiko zuzendaria.
l) Unesco Etxea gobernuz kanpoko erakundeko lehendakaria.
m) Munduko Nekazaritza Foroa garapenerako elkarteko lehendakaria.
n) Basque Culinary Center fundazioko zuzendari nagusia.
o) Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, ordena horren arabera urtebeteko txandak eginez.
p) Tecnalia eta Ik4 korporazio teknologikoetako zuzendari nagusiak, ordena horren arabera urtebeteko txandak eginez.
q) BC3 - Basque Center for Climate Change bikaintasun ikerketa-zentroko lehendakaria.
r) Tknika - Euskadiko Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroko zuzendari exekutiboa.
s) Ikerbasque - Zientziarako Euskal Fundazioko zuzendari zientifikoa.
t) Euskararen arloan aditua den ordezkari bat, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak proposatua.
u) Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseiluko kide diren garapenerako lankidetzarako gizarte-eragileen ordezkari bat, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak proposatua.
v) Kanpoko euskal komunitatearen ordezkari bat, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak proposatua.
x) Nazioartean eragina duten bi pertsona ospetsu, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak proposatuak.
y) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko pertsona bat, batzordeko idazkari-lanak egingo dituena; hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botorik eman.
Batzordeko eskubide osoko kide izango dira pertsona horiek. Lehendakariak izendatuko ditu, 4 urteko epealdirako, eta beste epealdi batean jarraitu ahal izango dute.
2.– Batzordean ordezkariren bat duen erakunde edo organo bakoitzak ordezko pertsona bat izendatu ahal izango du titular bakoitzeko, tokia hutsik dagoenean, titularra ez dagoenean edo gaixo dagoenean haren tokia hartzeko.
3.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeko kideek, beren karguaren ondorioz badira kide, kargua uzten duten unean bertan modu automatikoan utziko diote kide izateari.
4.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen osoko bilkurako lehendakariak eman ahal izango du bilkuretan edo batzordeetan jorratuko diren gaietan adituak diren pertsonek parte hartzeko baimena. Aditu horiek dagozkien gaiei buruz hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.
5. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Joera global nabarmenenak aztertzea, baita joera horiek munduan duten eragina ere, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-ekintza testuingururatzen laguntzeko xedez.
b) Kanpo-harremanetarako ildo eta orientabide-lerro estrategikoak ezartzen eta lantzen laguntzea.
c) Kanpo-harremanetarako plan estrategikoa prestatzeko eta haren jarraipena egiteko lanetan parte hartzea.
d) Kanpo-harremanen arloko jarduerak hobetzeko egoki iritzitako ekimen eta proposamen ez-lotesleak Jaurlaritzari igortzea.
e) Irizpena eskatutako kanpo-harremanen arloko gaiak aztertzea eta haiei buruz aholku ematea.
f) Nazioarteko jarduera handia duten eragileen artean lankidetza, kooperazioa eta elkar laguntza bultzatzea.
g) Kanpo-ekintzaren arloan, plangintzarako urte askotarako ekimen eta tresnen berri izatea.
6. artikulua.– Antolaketa eta funtzionamendua.
Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeak osoko bilkuran dihardu. Haren barruan batzordeak edo lantaldeak sor daitezke, eta Aholku Batzordeak ezarritako maiztasuna izango dute haien bilerek.
7. artikulua.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordearen bilkurak.
1.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeak urtean behin egingo du, gutxienez, ohiko bilkura. Horrez gainera, bilkurak egingo dira lehendakariak beharrezko irizten badio edo kideen gehiengoak idatziz eskatzen badu.
2.– Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeko kideek ez dute ordainsaririk jasoko.
3.– Administrazio honetan ez diharduten Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeko kideek batzorde horretan parte hartzeagatik izandako gastuen ordainsariak eta dietak jasotzeko eskubidea izango dute, indarrean dauden arauek ezarritakoari eta Gobernu Kontseiluak xedatutakoari jarraituz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Osagarritasuna.
Dekretu honetan zehaztu ez den prozedurari buruzko guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992) edo hura ordezkatzen duen arauan xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 28an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.