EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016126

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plan Berezia aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa emateko dena.

Xedapenaren data: 2016-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602906
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016Ko otsailaren 16an, Bilboko Udalak Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plan Berezia aldatzeko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea bidali zuen.
Ikusi ondoren hasierako eskabideak 21/2013 Legeko 29.1 artikuluan zehaztutako dokumentuak erantsita zituela, otsailaren 22an, ingurumen-organoak eragindako administrazio publikoak eta pertsona interesdunak kontsultatu zituen, beren iritzia eman zezaten, txosten-eskaria jaso eta gehienez ere berrogeita bost egun balioduneko epean.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. Artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kostaren eta Itsasoaren Jasangarritasunaren Zuzendaritza Nagusia, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioa, Ihobe SA Ingurumen Jarduketerako Sozietate Publikoa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Espedientean jasota dago horren emaitza. Horretarako, araudian jasotzen denez, espedientean diren txostenak kontuan izanik, ingurumen-organo honek baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua hau da: ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 6.2.a artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaie administrazio publiko batek erabakitako edo onetsitako planetan edo programetan egindako aldaketa txikiei, baita udalerri mailan hedapen txikiko eremuen erabilera ezartzen dutenei ere, betiere legezko xedapen batek eskatzen badu plan edo programa hori egitea eta onestea, baldin eta legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuek etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta gai jakin batzuei buruzkoak badira; gai horietako bat lurzoruaren erabilera da, hain zuzen ere.
Abenduaren 9ko aipatu 21/2013 Legeak ezartzen du plan baten ingurumen-ebaluazio sinplifikatua hasteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskari bat eta sektoreko legeriak eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar direla, delako plan edo programaren zirriborroarekin eta ingurumen-dokumentu estrategiko batekin batera, zeinak 29.1 artikuluan aipatutako edukia izango baitu.
Ikusi ondoren aurkeztu den dokumentazioa bat datorrela artikulu horretan eskatzen denarekin, ingurumen-organoak eragindako administrazio publikoak eta pertsona interesdunak kontsultatuko ditu beren iritzia eman dezaten, txosten-eskaria jaso eta gehienez ere berrogeita bost egun balioduneko epean.
Alegazioak jasotzeko gehienezko epea igarota, eta aski judizio-elementu dituela ikusita, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa egingo du, ebaluazioa hasteko eskabidea eta horrekin batera bidali beharreko dokumentua jaso eta lau hilabeteko epean.
Egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa egingo du, plan edo programari –ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeela-eta– ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ebazteko, edo, aitzitik, irizteko ingurumenean eragin adierazgarririk ez duela, txostenean ezarritakoaren arabera.
Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasota dauden txostenak aztertu ondoren, eta ikusita Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, ingurumen-organo honek uste du aski judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eta plana aplikatzeak izan ditzakeen inpaktu adierazgarrien aurreikuspenari buruz epaia emateko, ingurumen-ondorioetarako soilik, betiere 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plan Berezia aldatzeko, honako hauen arabera:
Planen eta programen ezaugarriak
Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeak eragin zuzena eta esklusiboa du Alde Zaharraren Plan Berezian, horren bidez obren proiekturako esparrua ezartzen baita, higiezinaren egungo erabilera honela aldatuta: sistema orokor gisa erabiltzetik (izaera publikoko beste ekipamendu batzuk) erabilera tertziarioa izatera pasatzen da (ekipamendu-erabilerak onartzen dituena).
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aldaketa txiki hori egitearen berezko mugak, hedapen txikiko eremuen erabilera ezartzen duenak, udalerri mailan egokitasuna kentzen dio ingurumen-ardurak integratzeko planari, batik bat garapen jasangarria sustatzeko eta ingurumen gaietan erkidego- edo nazio-legeria ezartzeko, higiezinaren egungo erabilpena soilik aldatzen baitu – solairuartea eraikitzea ahalbidetzen du–, egungo plan orokorraren arau orokorretan ezarritako baldintzetan, eta espazio libretarako lagapen gisa uzten kanpoko zerrenda, Jesusen Zerbitzarien nasa bezala ezagutzen dena.
Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak
Planaren izaera kontuan hartuta, ez dirudi eragin negatibo garrantzitsurik izango duenik ingurumenean; esaterako, izaera moderatua duten bi inpaktu bakarrak –neurri zuzentzaileak izan dituztela-eta– ez garrantzitsu bezala baloratu dira.
Aurreikusten diren ingurumen-ondorio nabarmenenak positiboak dira, eta honako hauekin dute lotura:
– Hiri-ingurumenaren kalitatea eta baliabide estetiko-kulturalak hobetzea, Bilboko gune adierazgarri bat berreskuratzen delako; gunea alde zaharraren eta hiri-zabalgunearen artean kokatuta dago, eta monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu duten ondare-multzoko elementu bat da.
– Lurzorua okupatzea, lurzoru antropizatu bat berrerabilita.
– Lurzoruaren kalitateari buruzko Adierazpena, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko 4/2015 Legearen 23. artikulua betetzekoa.
Kontsultei emandako erantzunak
Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei ingurumen-organoak otsailaren 22an egindako kontsultari dagokionez, honako hauen erantzunak jaso dira epe barruan:
– Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.
– Kostaldearen eta Itsasoaren Jasangarritasuneko Zuzendaritza Nagusia. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa.
– Kultura Ondarearen Zerbitzua. Bizkaiko Foru Aldundia.
Ingurumen-ondorioetarako, egindako kontsulten emaitzatik lurzoruaren kalitatea dela-eta Naxa trenari irekitako espedientea (DSC-06/15-EG) nabarmentzen da.
Azken zehaztapenak, ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar direnak.
Hori guztiagatik, egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, esan daiteke Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plan Berezia aldatzeak ez dituela ondorio garrantzitsuak ingurumenean, ingurumen-txosten estrategiko honetan emandako baldintzetan:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 delakoaren arabera, ingurumen-ardurak integratzea sustatu beharko du planak, garapen jasangarria sustatzeko bereziki, honako hauek sartuta:
– obratako hondakinen birziklatzea, eraikuntza eta eraikingintzan baliabideak beren bizitza-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko, bereziki, hondakinak aprobetxatzeari dagokionez.
Horren helburua honako hauek sustatzea izango da, hurrenkera honetan: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, deuseztatzeko direnak trataera egokia izan dezatela; horretarako, bermatu beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honen inguruko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Arkitektura jasangarria: eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak bultzatzeko, eraikuntza-proiektuan aintzat hartu beharko dira Etxebizitzen Eraikigarritasun Iraunkorrari buruzko Gidaliburuan jasotako gomendioak; hori horrela ez bada, ez betetzea justifikatu beharko da eta adierazi proposatzen diren neurri tekniko alternatiboak, arauz haratagokoak, kuantifikatuz, horien betetzea egiaztatzeko baldintzak ezarriz eta iturriak zehaztuz.
Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.
Neurri horiek, kasu honetan, gutxienez alderdi hauei eragin beharko die:
– Lehengai ez berriztagarrien kontsumoa gutxitzea.
– Iturri ez berriztagarrietatik sortutako energiaren kontsumoa edo iturri horietatik ekoitzitako energia gutxitzea.
– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.
– Negutegi-efektuko eta argi-gasen isurketak murriztea.
– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Plan berezia aldatzearen ondorioz garatzen diren proiektuei dagokienez, arreta berezia jarri beharko da kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruetan eta horiei lotutako jarduketetan; aintzat hartu beharko dira, halaber, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko 4/2015 Legean ezarritako lurzoruaren kalitatearen deklarazio-prozeduraren arabera bete beharrekoak (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko 4/2015 Legea).
Bigarrena.– Xedatzea Naxako geltoki zaharraren eremuari dagokionez Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plan Berezia aldatzeak ez duela eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritako baldintzen arabera.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bilboko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau eman eta bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.