EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-07-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016126

73/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Laudioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako lan-poltsa sortzeko argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600073
Xedapenaren data: 2016-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201602899
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Laudioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako lan-poltsa sortzeko testua (eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 13KO 73/2016 EBAZPENARENA
POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ETA LAUDIOKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, TOKIKO POLIZIAREN OINARRIZKO ESKALAKO BITARTEKO AGENTEENTZAKO LAN-POLTSA SORTZEKO
Laudion, 2016ko ekainaren 3an,
BILDU DIRA:
Alde batetik, Malentxo Arruabarrena Julián, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia, urtarrilaren 8ko 68/2013 Dekretu bidez izendatua (urtarrilaren 16ko EHAA, 11. zk.), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Organismo Autonomoaren izenean, eta hura ordezkatuz, EAEko Segurtasun Publikoko Sistema Antolatzen duen ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 20. eta 26. artikuluek esleitzen dioten eskumenarekin bat.
Bestetik, Natxo Urkixo Orueta, Laudioko Udaleko alkatea, udal hori ordezkatuz.
Bi alderdiek, duten ordezkaritzarekin bat, dagozkien eskuduntzetan jardunez eta elkarri ordezkaritza horretatik ondorioztatzen diren ahalmenak errekonozituta,
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Jarduten ari diren bi administrazioak jabe direla toki mailan tokiko poliziaren oinarrizko eskalako agente-plazak bitarteko-erregimenean estaltzeak eragiten dituen arazoez. Halakoak estaltzea beharrezkoa izaten da bai oporraldietan, oro har, udan, bai aurreikusi ezineko egoeretan edo bestelakoetan, eta nolanahi ere bitarteko agente horiek kontratatu behar izaten direla dagozkien funtzioak betetzeko.
Bigarrena.– Arazo horri ondo helduko bazaio, aipatutako bi aldeek batera bultzatu beharko dute Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako bitarteko agente izateko lan-poltsa bat sortzeko; udalek, hala, hango pertsonak bizkor eta eraginkor kontratatu ahal izango dituzte, behar dutenean, lehendik egongo baitira hautatuta eta funtzioak ondo gauzatzeko trebatuta eta gaituta.
Hirugarrena.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, hain zuzen, azken horien ekintza-baliabideak optimizatzeko.
Laugarrena.– Sinatzen duen udalak ez du berezko baliabide teknikorik bitarteko tokiko agenteak hautatzeko eta prestatzeko, eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak horretarako baliabideak eta azpiegiturak dituenez, bi alderdiek jotzen dute egokitzat akademia bera erabiltzea, bitarteko-erregimenean, behar diren tokiko poliziako oinarrizko eskalako bitarteko agente-plazak estaltzeko.
Bosgarrena.– Lankidetza horren legezko oinarria apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua da, Tokiko Erregimenaren Oinarriak erregulatzen dituena. Horren arabera, toki-administrazioaren eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko ekonomiako, teknikako eta administrazioko arloetako lankidetza borondatez egingo da, bai toki-zerbitzuetan bai guztien intereseko gaietan, legeetan ohartemandako moduan eta erara; nolanahi ere, partzuergoen bidez edo administrazio-mailan izenpetutako hitzarmenen bidez ere egin daiteke.
Halaber, lankidetza hori ekainaren 28ko Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzen duen 15/2012 Legearen 3.3 eta 44.1 artikuluetan jasota dago: «3.3 Segurtasun publikoan parte hartzen duten euskal administrazio publiko guztiak eta horren karguko zerbitzu guztiak lankidetza-, koordinazio- eta elkarlan-printzipioen arabera erlazionatzen dira elkarrekin.»; «44.1 Segurtasun publikoko sail eskudunak polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatu ahal izango ditu interesa duten udalekin, elkarlanerako eta lankidetzarako modu eta prozedurak zehazteko.»
Horregatik guztiagatik, aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, hurrengoei jarraikiz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea eta helburua. Hitzarmen honen xedea tokiko poliziako oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa sortzea da, hala behar duten udal sinatzaileei modu bizkor eta eraginkorrean lan-poltsako pertsonak kontratatzea ahalbidetzeko, premia handiko egoeretan eta kontzeptuan bertan jasotzen den aldi baterako izaera izanik. Langile horiek aldez aurretik hautatu, prestatu eta gaituko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, berezko funtzioetan jarduteko. Kudeaketa eraginkorra eta baliabideak modu hobezinean erabiltzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoko Sistemaren beharrak egoki artatzea batera egitekoak dira, sistemaren kalitatea bermatzeko.
Hitzarmen honen helburua da, beraz, udal sinatzaileen eskaerei erantzutea, eta haiei aldi baterako estaldura-zerbitzua eskaintzea, bitarteko-erregimenean, tokiko poliziaren oinarrizko eskalako agente-plazak betetzeko behar denean, kalitatea eta eraginkortasuna bermatuta eta publikotasunaren, berdintasunaren, merezimenduaren eta ahalmenaren printzipioekin bat.
Bigarrena.– Bitarteko agenteen lan-poltsa osatzeko aplikazio-eremua eta pertsona hartzaileak. Lan-poltsa hau Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetza-hitzarmen hau sinatu duten udalek bakarrik erabil dezaketa, eta soilik bitarteko agenteak izendatzeko tokiko poliziako oinarrizko eskalako agente-kategorian lanpostuak bete behar direnean, beharra eta premia behar bezala justifikatuta, karrerako langile funtzionarioek bete ezin ditzaketenean.
Lan-poltsako zati izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako hautaketa-prozesuan parte hartu, bera gainditu, eta akademia horrek berak Arkautiko instalazioetan antolatutako prestakuntza-ikastaroa egin duten pertsonak.
Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagozkion sustapen-lanak eragotzi gabe, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-prozesu baterako deialdia egingo du; onartutako eta kanpoan utzitako hautagaien zerrenda onartuko du; kalifikazio-epaimahaiko pertsona titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu; probak antolatu eta kudeatuko ditu; gainditu duten pertsonen zerrenda ezagutaraziko du, eta hautagaiak prestatuko ditu.
Hautagaiek hasiera batetik lan-poltsak eskaintzen dituen aukerak ezagut ditzaten, Akademiak hautaketa-prozesuaren deialdia behar bezala iragarriko du, eta hitzartutako udalen webguneetan ere argitaratu.
Bestalde, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten udalek erabat onartzen dituzte tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteentzako poltsa sortzeko jardute-irizpide hauek:
1) Polizia-agenteak karrerako funtzionario gisa integratzeko berezko hautaketa-prozesuen ondoriozko lan-poltsak antolatzeari uko egiten diote.
2) Segurtasun Sailaren poltsako bitarteko langileak modu esklusiboan erabiltzeko hitza ematen dute, eta, hala ez bada, galarazi egiten da ondoren erabiltzea. Horrek esan nahi du berariaz uko egiten diotela beren poltsak osatzeko deialdiak egiterai edo beste tokiko erakunde batzuetako poltsak erabiltzeari.
3) Udal sinatzaileak berariaz jasota uzten badu, lan-poltsa hau sortu aurretik existitzen ziren lan-poltsetako kideak errespetatuko dira; baina irizpide hori eskatzen duen udalaren udal-mugartearen barruan bakarrik aplikatuko da.
a) Aurreko puntuan adierazitakoarekin bat, Laudioko Udalak adierazten du udaltzainen lan-poltsa bat duela, indarrean mantentzeko asmoa duela, eta, beraz, lan-poltsa horretara joko duela Segurtasun Sailak osatuko duen poltsara jo baino lehen, hargatik ezertan eragotzi gabe hitzarmen hau sinatuta bere gain hartzen dituen konpromisoak.
Laugarrena.– Jarraipen-batzordea. Hitzarmena behar bezala zaintzeko, jarraipen-batzorde tekniko bat sortu da, lau kidek osatua: bi, Segurtasun Publikoko Euskal Administrazioa ordezkatuz; eta beste bi, dagokien udala ordezkatuz. Batzordeburu izango da Segurtasun Publikoko Euskal Administrazioko ordezkarietako bat.
Batzorde horren zereginak hauek dira: hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzea, betearaztean agertzen diren desadostasunak konpontzea, hitzarmenaren urratsak aztertzea eta, behar izanez gero, hori hobetzeko proposamenak egitea.
Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, aldeetako batek horrela eskatzen badu, eta adostasunez hartu beharko dituzte erabakiak.
Bosgarrena.– Hitzarmena aldatzea. Lankidetza-hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean alda daiteke, bi aldeek hala erabakiz gero, eta erabaki berriak gehigarri gisa gehituko dizkiote dokumentu honi.
Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak. Hitzarmen hau administrazio-arlokoa da, eta, beraz, interpretatu eta garatzeko, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko administrazio-araubidea bete beharko da.
Laugarren klausulan jarraipen-batzordeari esleitutako funtzioak eragotzi gabe, hitzarmen hau garatzean eta egikaritzean bi aldeen artean sortzen diren liskarrak administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren esku jarriko dira.
Zazpigarrena.– Indarraldia eta amaiera. Hitzarmen hau aldeek sinatzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarraldia 2016ko abenduaren 31n bukatuko da. Nolanahi ere, isilbidez luzatuko da ondoz ondoko urtebeteko aldietan, aldeetako batek salatu ezean. Salatzeko, idatziko jakinarazpena egin behar zaio beste aldeari, hitzarmenaren edo luzapenen mugaeguna baino hilabete lehenago gutxienez.
Hitzarmena edozein unetan amaitu ahal izango da, aldeek hala adosten badute.
Zortzigarrena.– Erantsitako dokumentazioa. Hitzarmen honekin batera, dokumentu hauek daude:
a) Tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa hautatzeko prozedura arautzen duten oinarriak eta deialdia (2014ko otsailaren 25eko EHAA).
b) Tokiko poliziaren oinarrizko eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren funtzionamendu-sistema arautzen duen arautegia.
Hitzarmen hau alde biek irakurri ondoren, bertan esandakoarekin bat datozela adierazteko, bina kopia sinatu dute, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean, eta bertan ezarri diren klausulekin bat.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.
Laudioko Udaleko alkatea,
NATXO URKIXO ORUETA.