EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016123

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunen hitzarmen kolektiboko batzorde paritarioaren akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailutzen duena (hitzarmen-kodearena: 86002115012003).

Xedapenaren data: 2016-05-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201602809
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/02/18an argitaratutako 2016/02/05eko EBAZPENA [201600742]
  • Ikus 2016/06/03an argitaratutako 2016/04/15eko EBAZPENA [201602391]
  • Ikus 2016/06/08an argitaratutako 2016/05/12ko EBAZPENA [201602469]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko maiatzaren 4an, Regcon erregistroan aurkeztu dute enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatutako aipatutako hitzarmen kolektiboko batzorde paritarioaren akordioari buruzko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i artikuluarekin bat (2013-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko BOE).
Bigarrena.– Akordio hau sinatu dute Limpieza y Mantenimiento Impacto, S.L., Ferrovial Servicios, S.A. eta Garbialdi, S.L. enpresen ordezkariek eta UGT, CC.OO. eta LAB sindikatuen ordezkariek, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluen baldintzekin bat.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agintzea akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 12a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.
J. JAVIER ALONSO SANTOSEK, OSAKIDETZAKO GARBIKETA-ZERBITZUAREN ENPRESA ESLEIPENDUNEN HITZARMEN KOLEKTIBOKO BATZORDE PARITARIOAK EMANDAKO BAIMENA BALIATUTA, HONAKO HAU
Adierazten du: batzorde horrek gaur –asteartea, 2016ko maiatzaren 3a– egindako bilkuran, besteak beste, jarraian azaltzen den gaia aztertu du, Eulen, S.A. (Galdakaoko Ospitalea) enpresa-batzordeak hala eskatuta, eta hona hemen hartutako erabakia bileraren aktatik hartua:
Planteatu den gaia: Galdakao-Usansoloko Ospitaleko garbiketa-zerbitzuko langileen enpresa-batzordeak batzorde paritarioari eskatu dio igande eta jaiegunetako eta gaueko osagarriei buruzko 71. eta 72. artikuluak interpretatzeko.
Batzordearen ebazpena: batzordeak, aho batez, honako erabaki hau hartu du:
Igandeetan edo jaiegunetan, gauez lan egiten duten langileei gau-plusa ordaindu beharko zaie ordu horien truke, hitzarmenaren 72. artikuluan adierazi bezala, edo igande eta jaiegunetan egindako lanari buruzko 71. artikuluan adierazitako jaiegunetako gau-plusa. Plus hori ordainduko da, artikuluan adierazi bezala, aurreko gaueko 22:00etataik jaieguneko 08:00etara bitarteko orduetan.
Eta hala ziurtatzen du, dagozkion ondorioak izan ditzan, Bilbon, 2016ko maiatzaren 3an.
Lan Harremanen Kontseiluko koordinatzaile juridikoa,
J. JAVIER ALONSO SANTOS.