EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016123

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko apirilaren 21eko bilkuran hartua «Euskal Irrati Telebista Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa (EITB) eta mendeko dituen sozietateak, 2014» txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-04-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201602806
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko apirilaren 21ean egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Euskal Irrati Telebista Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa (EITB) eta mendeko dituen sozietateak, 2014» txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 21a.
HKEEren lehendakaria,
JOSE LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EUSKAL IRRATI TELEBISTA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOA (EITB) ETA MENDEKO DITUEN SOZIETATEAK, 2014
Laburdurak:
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, uztailaren 13koa, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.
4/2013 Legea: 4/2013 Legea, abenduaren 20koa, 2014ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAETB: 1/2011 Legegintza Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruz indarrean dauden lege xedapenen bateratutako testua onartzen duena.
EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.
EI, SAU: Eusko Irratia, SA kide bakarreko sozietatea.
EITB: Euskal Irrati Telebista Ente Publikoa.
EITBNET, SAU: Eitbnet, SAU kide bakarreko sozietatea.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
ETB, SAU: Euskal Telebista, SA kide bakarreko sozietatea.
GI, SAU: Gasteiz Irratia, SA (kide bakarreko sozietatea).
GSDN: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia.
SPKL: 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB : 3/2011 Legegintzako Errege-Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratu Legearen Testu Bategina.
TVCP/HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak ezarritakoari jarraikiz, Euskal Irrati Telebista /EITB Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren eta mendeko dituen Sozietateen Urteko Kontuak fiskalizatu ditu, 2014ko ekitaldiari dagozkionak.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: Ondasun eta zerbitzuen erosketan, langilerian eta ekonomia-finantzaren kudeaketan indarreko legeria bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: Aurkeztutako dokumentazio finantzarioa ezargarri diren kontularitzako printzipioei meneratzen zaiela egiaztatzea.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta eragimenari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
Fiskalizazio lana sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu da eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia defendatzeko, baita kanpoko auditore batek egindako urteko kontuen auditoria euskarritzen duten lan paperen azterketa ere.
EiTB Eusko Legebiltzarraren maiatzaren 20ko 5/1982 Legeak sortu zuen eta berezko nortasun juridikoa du. Autonomia Estatutuaren 19. artikuluak xedatzen duenaren arabera, eskuordetu ziren eskumenen esparruan Autonomia Erkidegoari dagozkion egitekoak betetzen ditu, irrati eta telebista zerbitzuen titular den aldetik.
Irrati-telebistako zerbitzu publikoen kudeaketa horretarako sortutako sozietateen bitartez gauzatzen da: Euskal Telebista-Televisión Vasca, SAU/ETB, SAU, Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca, SAU/EI, SAU, Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SAU/RV, SAU eta Eitbnet, SAU/EITBNET, SAU. Horrezaz gain, 2014ko abenduaren 31n EITBNET, SAUk honako partaidetza hauek ditu: Vilau Media, SLn, ehuneko 25; Expressive Media Proyects, SLn ehuneko 24,62; Media For Future, SLn ehuneko 16,43; eta Kulture Klub Euskadi, SLn ehuneko 22,73.
EiTB eta mendeko sozietateak, horien akzioen titular bakar dena, EAEren Aurrekontu Orokorren kontura eta gauzatzen dituzten jardueretatik eratorritako diru-sarrera eta etekinen bidez finantzatzen dira, 5/1982 Legearen 45 artikuluak agintzen duenaren arabera. Bestetik, EITBNET, SAU Estatutuen 12. artikuluan jasotakoaren arabera, bere jardueratik eskuratutako berezko sarreren bidez finantzatuko da.
2014ko ekitaldirako ez da inongo kontratu-programarik izenpetu, ezta horren jarraipen-batzorderik elkartu ere eta 2012koa luzatu da, 2012ko ekainaren 21ean izenpetutako kontratu-programaren 7. klausulan jasotakoari jarraikiz, aldez aurretik 2011ko abenduaren 28ko jarraipen batzordeak eta 2012ko maiatzaren 22ko EJren Gobernu Kontseiluak onartu zutena.
Kontratu-programa honek, aurrekoek bezala, Erakundeak gauzatu beharreko irrati-telebistako zerbitzu publikoaren edukiak definitzen ditu; irrati-telebistako zerbitzu publikoa emateko dituen konpromisoak, zerbitzua kudeatzekoak, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpenen bitartez finantzaketa egonkorra definitzen du, berariazko jarduerek, zerbitzuen prestazioak eta Erakundearentzat eta bere Kudeaketa Sozietateentzat aktibo erreal eta finantzazkoetan egindako inbertsioek eragindako ustiapen gastua berdintzeko.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1.– Zuzendarien kontratazioa.
1.– 5/1982 Legearen 16. artikulua aldarazten duen 4/1996 Legearen 1.2 artikuluak zuzendari nagusiari eskumena ematen badio ere «erakunde publikoko eta bere sozietateetako zuzendaritza-langileak irizpide profesionalak baliatuta izendatzeko, aldez aurretik izendapen horien berri administrazio kontseiluari emanez», egia da ere zuzendaritzako langilearen figura ez dagoela zehaztuta.
Alabaina, 5/1982 Legearen 47. artikuluak dio Ente Publikoko eta mendeko dituen Sozietate Publikoetako langileria laneko legerian xedatutakoak arautuko duela (47.1 artikulua), nahiz era berean dioen «Enterako eta bere Sozietateetarako langileen hautaketa deialdi publiko bidez egingo da eta merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako sistemei jarraikiz» (47.2 artikulua).
130/1999 Dekretuari jarraikiz, EITBk «goi kargudunetan» 4 pertsona ditu izendatuak eta gainera, kargu horietarako goi zuzendaritzako kontratua nahitaez baliatu behar dela ezartzen du.
2014ko ekitaldian zuzendaritza postu funtzionaletara 19 pertsonek izan dute sarbidea, Entea sortzen duen Legearen 16. artikuluan aurreikusten den «profesionaltasun» kontzeptua baliatuta, aurrez aipatutako 4/1996 Legeak aldarazitakoa; horietatik guztietatik bakar batek ez zuen aldez aurretik Eitb taldearekin kontratu harremanik eta ez da «goi kargudun» modura ageri; honenbestez, ezin zaio aipatutako irizpidea aplikatu eta ondorioz, 5/1982 Legearen 47. artikulua urratu du.
Epaitegi honen ustetan, Enteak eta mendeko sozietateek aurreko paragrafoan aipatutakoa alde batera, zuzentasunez bete dute 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Entearen eta mendeko sozietateen Urteko Kontu finkatuek alderdi esanguratsu guztietan 2014ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Langileria.
III.1.1.– Zuzendariak.
2014ko abenduaren 31n indarrean zegoen plantillan, 2014ko uztailaren 22ko EITB taldearen organigrama berria onartu ondoren, berariazko araudiari meneratutako 4 «goi kargudunez» gain, beste 72 pertsona ageri dira «zuzendaritzako langile» modura; horietatik, aurreko urteetan sartutako 22 aurretik EITB taldearekin kontratu harremanik ez zuten pertsonak dira, deialdi publikorik gabe eta 5/1982 Legearen 47. artikuluak xedatzen dituen merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako sistemen babesik gabe kontratatu direnak; halaber, beste 50 pertsona, guztiak 2014 baino lehenago sartutakoak, taldeko langile finkoak dira, izendapen askearen prozedura baliatuta eskuratu dutenak lanpostua, 4/1996 Legearen 1.2 artikuluari jarraikiz, 5/1982 Legearen 16. artikulua aldarazten duena.
Gainera, organigramaz kanpo erantzukizun karguak dituzten 39 pertsona daude; horietako 19, aurretik EITB taldearekin kontratu harremanik ez zuten pertsonak dira, deialdi publikorik gabe eta 5/1982 Legearen 47. artikuluak xedatzen dituen merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako sistemen babesik gabe kontratatu direnak. Gainerako 20 pertsonak EITB taldeko langile finkoak dira.
Zuzendaritzak 2013ko ekainean profesionaltasun irizpideekin eta aurretik EITB taldearekin lan-harremanik ez zuten 41 pertsonei, 22 organigraman jasoak eta 19 organigramaz kanpokoak, banaka berretsi zien konfiantzazko langile izaera eta karguan jarraipena, egungo zuzendaritzaren agintaldiaren iraupenari meneratua. 2014an sartu ziren berriek izenpetutako kontratuan, jada egoera hori jasoa dute.
Askotariko komunikabideen jabe den Ente batek duen berariazkotasuna aintzat hartuta eta gogoan izanik 2013an organigramako postuak murriztu zirela eta honenbestez, profesionaltasun irizpideak baliatuta izenda daitezkeen zuzendariak (5/1982 Legearen 16.2.f artikulua), kanpotik datorren langileriaren kontratazioa bideratzeko eta zuzendari nagusiaren eskumenak laneko legeria betetzearekin eta deialdi publikora meneratzearekin bateragarri egiteko, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako sistemei jarraikiz (Entearen Legearen 16. eta 47. artikuluak), gomendagarria litzateke zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluari organigramaren aldaketa bat onartzeko proposatzea, non «goi kargudun» iritzitako lanpostuak edo baliokideak jasoko diren, zentzuzko kopuru batean, 130/1999 Dekretuaren ondorioetarako eta non lanpostu horiek izango diren EITB taldearen plantillakoak izan gabe txertatu daitezkeen bakarrak, profesionaltasun irizpideak oinarri hartuta, zuzendari nagusiaren agintaldiak dirauen epeari lotuko zaizkiolarik.
III.1.2.– Burutzak.
Ez da inongo irizpide objektiborik aurreikusi burutzako lanpostuak bete, balioztatu eta ordaintzeko moldeari dagokionez eta zuzendaritzaren esku geratzen da, baina lanpostuaren eta egindako balorazioen ebidentzia utzi gabe.
Beharrezkoa da burutzako lanpostuen beharrizanak eta ezaugarriak zehaztea eta horiek balioztatzeko irizpide objektiboak finkatzea, eskagarriak diren betekizunen arabera, hala nola, titulazio taldea, ezagutza teknikoak, zailtasuna, erantzukizuna eta baliagarritasuna.
III.1.3.– Gauzazko ordainsariak.
Langileei ondasunak erosteko emandako maileguen gauza bidezko ordainketak ez dira horrela aitortzen Norbanakoen Urteko Irabazien gaineko zergaren ondorioetarako.
III.2.– Aurrekontuak.
III.2.1.– Aurrekontuaren mugaketak.
Berebat, inbertsioei dagokienez EAETBaren 54.2 artikuluak ezartzen duen aurrekontu muga milioi 1 euroan gainditu da, nagusiki, euskal zinemarekiko konpromisoei aurre egiteko beharrak eraginda, ekainaren 7ko 22/99 legea betez. Berebat, langile gastuei dagokienez aurrekontua 709.675 euroan gainditu da, batik bat EI, SAUn, 688.090 euroan. 2014an oker aurrekontuetaratu zen 2013an egindako gastua baino ehuneko 4,2ko zenbateko txikiagoa, enplegu eskaintza publikoa hasi eta amaituko zela eta kontratatu mugagabe ez finkoko 39 plaza amortizatuko zirela aurreikusita, plantilla egiazko beharrizanetara egokitzeko; ordea, prozesua ezin amaitu izan da 2014an eta gastua 2013koaren oso antzekoa izan da.
III.3.– Beste batzuk.
III.3.1.– Hornitzaileei ordainketak.
Uztailaren 5eko 15/2010 Legearen Xedapen Gehigarri 3.ak eskatutako informazioari dagokionez, merkataritza eragiketetan berandutzaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duena, 2014ko urtean legezko epea gainditu duen hornitzaileei egindako ordainketen zenbatekoa 23,3 milioi eurorena izan da, guztira ordaindutakoaren ehuneko 28 eta haztatutako batez besteko ordainketa epea 15 egunean gainditu da. Bestetik, 2014ko abenduaren 31n EITB taldeko hornitzaileei ordaintzeke zegoen saldotik 615.985 euroren zenbatekoak (horietatik, 451.761 euro ETB, SAUri dagozkio), legeak horretarako finkatzen duen legezko 60 eguneko epea baino gerorapen luzeagoa zeukan.
IV.– Urteko Kontuak eta aurrekontuen likidazioa.
IV.1.– EITB eta taldeko sozietateen kontu kontsolidatuak.
Hona hemen balantzea, galera-irabazien kontua, ondare garbian aldaketen egoera eta eskudiruzko fluxuen egoera, 2014ko abenduaren 31n finkatuak eta auditatuak:
Kontsolidatutako ondare garbian aldaketen egoera:
IV.2.– EITB-ren eta taldeko sozietateen banako kontuak.
Hona hemen 2014ko abenduaren 31n urteko kontuak, milako euroetan emanak:
Ondare garbian aldaketen egoera:
IV.3.– EITB-ren eta taldeko sozietateen aurrekontu likidazioa.
2014ko ekitaldirako kapital eta ustiapen aurrekontuak honako hauek dira:
EUSKAL IRRATI TELEBISTA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOA (EITB) ETA MENDEKO DITUEN SOZIETATEETATIK BIDALITAKO ALEGAZIOAK
TXOSTENAREN ONDORIOEI ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.– 1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1.– Zuzendaritzako langileak kontratatzea.
Alegazioa.
TVCP-HKEEren iritziz, Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoa sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 47. artikulua ez da bete, pertsona baten hautaketari dagokionez, 2014ko ekitaldian zuzendaritza-kargua betetzeko kontratatua izan zena, aipatutako aginduan aurreikusten diren merezimendu- eta gaitasun-printzipioak ustez hausteagatik.
Eztabaida hori ez da berria; erakunde eta sozietate publikoetan, oro har, eta EITBn eta bere mendeko sozietate publikoetan, zehazki, «zuzendaritzako langile» kontzeptuaren definizioa eta irismena ditu oinarri, TVCP-HKEEk berak 2014ko ekitaldiko fiskalizazioari buruzko txostenean adierazten duen bezala. Honako hau dio gai horren inguruan: «Nahiz eta 5/1982 Legearen 16. artikulua aldatzen duen 4/1996 Legearen 1.2 artikuluak zuzendari nagusia eskuduntzen duen profesionaltasun-irizpideen arabera izendatzeko erakunde publikoko eta bere sozietateetako zuzendaritza-langileak, aurretik izendapen horiek Administrazio Kontseiluari jakinarazita, egia da ere zuzendaritza-langileen figura ez dela zehaztuta geratzen».
Berriro ere ekarri behar dugu gogora 5/1982 Legeak, oro har, EITBko eta sozietateetako langileak hautatzean merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bete behar direla ezartzen badu ere (47.2 artikulua), 5/1982 Legeak berak ezartzen duela, halaber, arau orokor horren salbuespen bat, zuzendaritzako langileen kasu berezirako, hark duen berezitasuna kontuan hartuta, batez ere izendatzen dituen Zuzendaritza Nagusiari dagokionez zuzendaritza-kudeaketan horiek duten konfiantza bereziko izaera kontuan hartuta (5/1982 jatorrizko Legearen 16. artikulua aldatzen duen 4/1996 Legearen 1.2 artikulua). Salbuespen-kasu horretarako, EITBren lege-arauak berak eskumena ematen dio Zuzendaritza Nagusiari zuzendaritzako langileak hautatzeko eta izendatzeko, profesionaltasun-irizpideak baliatuta, eta izendatu aurretik Administrazio Kontseiluari jakinarazi beharko dio (4/1996 Legearen 1.2. artikulua). Bada, bi eskakizun horiek, profesionaltasun-irizpidea betetzea eta aurretik jakinarazpena egitea, EITBko erakunde publikoak bete egin ditu, 2014ko ekitaldian eginiko zuzendaritzako langileen 4 izendapen berrietan, TVCP-HKEEren iritziz legea hautsi den zuzendaritzako langilearen kasuan barne. TVCP-HKEEk ez du alegaziorik aurkeztu horren inguruan eta, beraz, ulertzen dugu bi eskakizun horiek bete direla egiaztatuko zuela.
TVCP-HKEEren tesiak badirudi parekatu egiten dituela (badirudi diogu, fiskalizazio-txostenak ez baitu berariaz islatzen) EITBko eta sozietateetako zuzendaritzako langileen kontzeptua eta «goi-kargu»ena, eta zehaztasun gutxiz ematen du ulertzera goi-kargua dutenak bakarrik (arauzko aginduz gaur egun 4 baino ezin dira hartu, 130/1999 Dekretuaren arabera) har daitezkeela EITBn eta bere sozietateetan zuzendaritzako langiletzat, eta, alde honen iritziz, oker parekatzen ditu «zuzendaritzako langile» figura –EITBri aplikatzekoa den araudi bereziaren maiatzaren 20ko 5/1982 Legeak aipatzen duena– eta «goi-kargua» –administrazio publikoan eta erakunde, sozietate eta erakunde publikoetako zuzendaritzako lanpostu jakin batzuei aplikatzekoa den administrazio-jatorrizko kontzeptua–. «Jakin batzuk» diogu, gai hau arautzen duen administrazio-araudiak berak berariaz zehazten duelako, modu berezian, tasatuan eta salbuespenez, zer zuzendaritza-karguk duten «goi-kargua»ren estatusa, Dekretuak zehazten dituena baino ez direla.
Baina araudi bidez tasatutako izendapen horrek eragotzi egiten du EITBk eta bere sozietateek, gainerako erakunde publikoek bezala, izendatu ahal izatea, esleitutako enpresa-kudeaketaren berezko erakunde-beharren arabera «goi-kargudunen edo horien antzekoen» izaera ez duten beste zuzendaritza-kargu batzuk. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendarien langile-estatutuak arautzen dituen otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuak ezartzen du araudi hori baino ez duela aplikagarri eta, beraz, «goi-kargudun» izaera aplikatzen zaiela «... zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendariei, halakotzat kalifikatzen dena 3. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera» (2. artikulua- Aplikazio-eremua). Horrela, aipatutako 3. artikuluak berariaz ezartzen du hauxe: «1.– Jaurlaritzaren Kontseiluak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako erakundeak atxikita dituzten sailetako titularren proposamenez, erakunde horietako zuzendaritza-taldekideen zerrenda onartuko du dekretu bidez». Ordea, zuzenbide pribatuko erakunde eta sozietate publikoetan beste zuzendaritza-kargu batzuk egoteko aukera onartzen du, aipatutako Dekretuak araututako goi-karguez bestelakoak. Lege- eta antolamendu-aukera hori ezeztatzea da erakunde horien errealitatea ezeztatzea, ez direla strictu sensu administrazio publiko, nahiz eta enpresa-sektore publiko izenez ezagutzen denaren zati izan.
Ondorioz, lege-aginduz, «goi-kargudun» izaera bakarrik dute 130/1999 Dekretuaren bidez izaera horrekin berariaz izendatu diren erakunde eta sozietate publikoetako zuzendariek. EITBren eta bere mendeko sozietateen kasu zehatzean, goi-kargu horiek 4 baino ez dira, TVCP-HKEEk dioen bezala, martxoaren 7ko 41/2000 Dekretuaren bidez izendatuak. Horrek ez du eragozten zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, enpresa-sektore publikoan eta Lan Zuzenbidearen mende (5/1982 Legearen 47.1 artikulua) daudenak, beste zuzendari batzuk eduki ahal izatea, zuzendaritza-erantzukizun funtzionalak betetzen dituztenak, «goi-kargudun» estatusa dutenak; horiek, aurretik esan dugun bezala, salbuespen-egoeran egoteagatik, tasatuta egon behar dute eta araudi-prozedura bereziaren bidez izendatuta egon behar dute, eta horien sorrera edo izendapena ezin da geratu dagokion erakunde publikoaren erabakimenean.
EITBn eta estatuan eta EAEn zuzenbide pribatuko erakunde, sozietate eta organismo publiko guztietan zuzendaritzakoak ere badiren baina goi-kargudunak ez diren langile horien kasuan izendapenak araudi erregulatzailean egon behar du zehaztuta. Hori dela eta, EITBren eta bere sozietateen kasurako, lege erregulatzaileak zuzendari nagusia eskuduntzen du profesionaltasun-irizpideei jarraikiz izendatzeko erakunde publikoko eta bere sozietateetako zuzendaritzako langileak, aurretik izendapen horien berri Administrazio Kontseiluari emanda (5/1982 Legearen 16. artikulua aldatzen duen 4/1996 Legearen 1.2 artikulua). Profesionaltasun-irizpide hori kontrajarrita dago salbuespen gisa, zuzendaritzako langileen izaera bereziagatik, zuzendaritzakoak ez diren langileen kontratazioaren merezimendu- eta gaitasun-printzipioen irizpide orokorrarekin.
TVCP-HKEEk dioen bezala, EITBko eta bere erakunde publikoetako zuzendari 41/2000 Dekretuak izendatutako 4 goi-kargudunak bakarrik izan ahal izatea okerra da, izan ere, horrek ekarriko luke Administrazio Kontseiluak onetsitako organigrama ofiziala 4 goi-kargudun horiekin bakarrik parekatzea, kontuan hartuta, TVCP-HKEEk dakien bezala, EITBko Administrazio Kontseiluak, EITB arautzen duen Legeak esleitzen dizkion eskumenez baliatuta, aipatutako lau goi-kargudunez bestelako zuzendaritza-karguak jasotzen dituen organigrama ofiziala duela onetsita, erakunde publikoa eta bere sozietateak antolatuta dauden arloetako zuzendaritzako edo burutza funtzionaleko karguak gauzatuta. EITBko Administrazio Kontseiluak behar bezala onetsitako organigrama osatzen duten eta EITBko zuzendari nagusiak izendatutako zuzendaritza-kargu horiei ere profesionaltasun-irizpidea aplikatzen zaie izendapenean, konfiantza-harreman bereziaren berezitasuna kontuan hartuta zuzendaritza-erantzukizuna baliatzean. Inoiz ez da zalantzan jarri kargurako izendatutako pertsonaren profesionaltasuna edo egokitasuna.
Hala ere, nahiz eta TVCP-HKEEk berak berariaz adierazten duen bere fiskalizazio-txostenean bere iritziz EITBri eta bere mendeko sozietateei aplikagarri zaien araudian EITBko eta bere mendeko sozietateetako zuzendaritzako langileen figuraren ingurunean legezko hutsunea dagoela, ondorioztatzen du 2014an zuzendaritzako lanpostua betetzeko pertsona bat kontratatu izanak arau-haustea dakarrela, merezimendu- eta gaitasun-printzipio orokorrak hausten direlako (maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 47.2 artikulua). Legezko zehaztugabetasunaren aurrean, legegileari hutsune hori araudi-bidetik behar bezala zehazteko edo argitzeko iradoki edo proposatu ezean, erakunde publikoaren arau-haustea antzematen du. Horrek ez dirudi arrazoizkoa denik; izan ere, TVCP-HKEE, «Iritzi» atal honetan, legezkotasuna betetzeko analisira mugatu behar da, indarrean dagoen araudira egokitzen den jakiteko, eta ez, TVCP-HKEEren funtzio eta eskumenekiko errespetu osoz, indarreko legeriaz bestelako interpretazioak egitera, are gehiago kontuan hartuta berariaz aitortzen duela zuzendaritzako langileen kontzeptuaren legezko zehaztugabetasuna EITBren eta bere sozietateen araudi berezian. Arrazoizkoagoa irudituko litzateke, alde honen iritziz, «zuzendaritzako langile» kontzeptuaren irismena, egokitzat joz gero, argituko edo, hala badagokio, murriztuko duen lege-aldaketa proposatzera edo iradokitzera mugatzea, «Barne-kontroleko kudeaketa-sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak» atalean.
Aurreko guztia ukatu gabe, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere txostenean aipatzen duen zuzendaritza-kidea (kide bat baino ez) izendatzea dela eta, esan beharra dugu –2013ko jardunaldiaren fiskalizazio-txostenari zegozkion alegazioetan modu orokorrean esan genuen bezala– kontratazio hori espresuki lotu dela iraupenaren aldetik izendapena egin duen oraingo Zuzendaritza Nagusi honen agintaldira, adierazi diren arrazoiengatik, alegia, izendapen askekoa eta aldi batekoa izateagatik konfiantzazko kargu hori.
III.– Barne kontrol sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko txostenaren oharrak.
III.1.– Langileak.
III.1.1.– Zuzendaritzako langileak.
Alegazioa.
Errepikapenik egon ez dadin, «II.– Iritzia» ataleko «II.1.1.– Zuzendaritzako langileen kontratazioa» kapituluari buruz egindako alegazioak aipatuko ditugu; nahiz eta atal hau kudeaketa hobetzeko prozedurazko alderdiei buruzkoa izan, indarreko araudiaren betearazpenean modu esanguratsuan eragin gabe, zuzenean dago lotuta alegazioen aurreko atalean aipatutakoarekin; izan ere, biek egiten diote erreferentzia zuzendaritzako langileak kontratatzeko erabilitako sistemari.
Kudeaketako hobekuntza-neurri gisa –ez gaur egungo lege-araudiaren ez-betetzea–, TVCP-HKEEk zera proposatu du: «...komeni da zuzendari nagusiak proposatzea Administrazio Kontseiluak organigramaren aldaketa onets dezan, non "goi-kargudun" edo antzeko postuak ezarriko diren, arrazoizko kopuruan, 130/1999 Dekretuaren arabera, sartuko diren bakarrak izanik EITB Taldeko plantillakoa izan gabe, profesionaltasun-irizpideetan oinarrituta, eta zuzendari nagusiaren aginte-aldira lotuko diren».
Ez dugu azpimarratuko TVCP-HKEEk gai honen inguruan izan duen posizionamendu-aldaketa, izan ere, agerian geratu da alde honek aurreko ekitaldietako fiskalizazioari buruz egindako alegazioetan, eta kritikatu egin zen TVCP-HKEEren barruan ere, Erakunde honen bokalen boto berezien bidez, gehienen tesiaren aurkakoak izanik. «II.– Iritzia. II.1.1.– Zuzendaritzako langileak kontratatzea» atalaren alegazioetan adierazi bezala, zuzendaritzako langileen izendapenean dagoen lege-hutsunearen ageriko froga.
Bestalde, TVCP-HKEEk aitortzen duen ikus-entzunezko baliabidearen espezifikotasunaren beraren ageriko froga (hauxe baieztatzen du, hitzez hitz: «Zenbait komunikabideren titular den Erakunde baten espezifikotasuna kontuan hartuta, 2013an organigramako postuak murriztu zirela aintzat hartuta eta, beraz, profesionaltasun-irizpidean oinarrituta izenda daitezkeen zuzendariak (5/1982 Legearen 16.2.f artikulua), kanpotik sartzen den pertsonaren kontratazioa indargabetzeko eta zuzendari nagusiak lan-legeria betetzearekin eta deialdi publikoaren pean jartzearekin dituen eskumenak bateragarri egiteko...»), badirudi TVCP-HKEEk onartzen duela Erakunde Publiko honen alegazioetan jasotako tesia, «I.– Iritzia. II.1.1.– Zuzendaritzako langileen kontratazioa» atalari buruzkoa, alegia, 5/1982 Legearen 16.2.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, zuzendaritzako langileak izendatzeko eskumena, profesionaltasun-printzipioan oinarrituta eta aurretik Administrazio Kontseiluari jakinarazita, edo, beste modu batera esanda, zuzendaritzako langileak izendatu ahal izatea, «goi-kargudun edo horien antzeko» 4 horietatik kanpo, aipatutako irizpidean oinarrituta. Ez dirudi arrazoizkoa, eztabaida juridikoari dagokionez, ezeztatzea aukera hori Iritzi Atalean, eta hobetzeko gomendio edo ekintza gisa iradokitzea, «goi-kargudun edo horien antzeko (??)» izaeran, «... betiere arrazoizko kopuru batean...».
TVCP-HKEEren kontraesan hori gorabehera, gaur egungo Zuzendaritzak TVCP-HKEEk iradokitako kudeaketa-gomendioak bete ditu –ez legezko arau-hausteak–: TVCP-HKEEk dakien eta adierazi duen bezala, 2013ko ekitaldiko fiskalizazioaren helburu izan zenez, 2013ko ekainean EITBko Administrazio Kontseiluak, gaur egungo Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, EITBren eta bere sozietateen zuzendaritza-organigraman aldaketa bat egitea onartu zuen, eta murrizketa handia egin zuen zuzendaritzako karguen kopuruan, eta plantillako plaza finkoa ez duten zuzendaritza karguen izendapena egungo Zuzendaritzaren agintearen iraungipenarekin lotu zuen, izendapena justifikatzen duen «konfiantzazko karguak» izaerarekin bat, TVCP-HKEEk aurretik proposatutako baldintzetan eta Euskal Administrazio Publikoko berezko izendapen libreko aldi baterako karguei esleitutako baldintza beretan. Oraingo zuzendaritzak aldi batekotzat jo ditu halako izendapen guztiak (2014ko txosteko «II.– Iritzia» atalean Epaitegiak aipatu zuen kasu zehatza barne) eta, hortaz, berariaz bereizi ditu plantilan plaza duten langile finkoengandik. Ez dirudi arrazoizkoa denik zuzenbide pribatuko erakunde publikoei kontratu-aukera hori ukatzea, izan ere, Euskal Administrazio Publikoan egiten da, eta zalantza gabe onartu da.
Azken batean, laburbilduz, berriro ere esan nahi dugu komenigarria izango litzatekeela legegileak etorkizunean EITBren eta bere sozietateen «zuzendaritzako langileak» kontzeptuaren estatusa eta irismena zehaztea, Zuzendaritza Nagusiak bere zuzendaritza-karguak izendatzeko duen legezko eskumena arautzeko, zuzenbide pribatuko enpresa-erakundearen konfiantza- eta profesionaltasun-irizpideetan oinarrituta, interpretaziozkoa baino ez den eta eragileok eztabaidatu behar izaten dugun eztabaida juridiko hori amaitutzat emateko. Espero dugu legegileak EITBri eta bere sozietateei aplikagarri zaien lege-erregimenaren inguruan iragartzen duen hurrengo erreformak behin betiko heltzea gai honi, beharrezko segurtasun publikoaz.
III.1.2.– Buruzagitzak.
Alegazioa.
Errepikapen desegokirik egon ez dadin, gai honen inguruan alde honek aurkeztutako alegazioetara jotzen dugu, aurreko ekitaldietako fiskalizazio-txostenei buruzkoetara. Nolanahi ere, Erakunde Publiko honek positiboki jasotzen ditu TVCP-HKEEk «III.– Barne-kontrol sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak» atalean eginiko gomendioak, baloraziorako eta, hala badagokio, ezarpenerako.