EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016120

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 15ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbo, 2016-2017) egiteko deialdia zabaltzen duena. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (EVETU) antolatu du ikastaroa, eta, ikastaroaren deialdiaz gain, ikastaroan parte hartzeko bost matrikula-bekatarako deialdia ere egiten da honen bidez.

Xedapenaren data: 2016-06-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201602747
Maila: Ebazpena
«Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola – Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» sortzeko, abian jartzeko eta antolatzeko Dekretuaren bidez (80/1986 Dekretua, martxoaren 11koa), IVAPen mende geratu zen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU). Bestalde, lantzen dituen gaiak direla eta, Lurralde Antolamenduan eskudundutako Eusko Jaurlaritzako Sailaren bultzada zuzena jasotzen du, eta hirigintzako ikastaroak antolatzen ditu 1992. urteaz geroztik, arlo horietan jarduten duten langile teknikoak prestatzeko eta birziklatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen aldatu da hirigintza-araubidea, Autonomia Erkidegoak berak eta Estatuko Administrazioak eman dituzten arauen ondorioz. Hala, arau horiek guztiak aztertuko dira ikastaroan, kontuan hartuta etengabe berritu behar ditugula egitarauak eta haien edukiak, araudien aldaketen ondorioz.
Aurtengo edizioa, XLII.a (42.a), Bilbon egingo da, eta, ikastaroen funtsezko alderdi gisa, nabarmentzekoa da hirigintza, lurralde-antolamendu eta ingurumenaren arloan lan egiten duten funtzionario, profesional eta akademikoz osatutako aditu-talde batek emango dituela. Hirigintza-jarduera horietan diharduten edo horien berri izan behar duten administrazioko eta sektore pribatuko eragile tekniko eta juridikoentzat eta hirigintzaren alorrean lan egin nahi duten profesionalentzat eta gradudunentzat prestatu dira ikastaroak, hirigintzaren teoria eta haren alderdi praktikoak ezagutu ditzaten. Arrazoi horregatik beragatik, bost matrikula-beka ere prestatu dira, ezarritako eskakizunak betetzen dituzten ikasleek errazago parte hartu ahal izan dezaten.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Honen bidez, Hirigintzako XLII. (42.) Ikastarorako (Bilbo, 2016-2017) deialdia egiten da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) antolatuta.
Era berean, iragartzen da bost beka izango direla Hirigintzako XLII (42.) Ikastaroaren (Bilbo, 2016-2017) matrikula ordaintzeko, jarraikiz: 1. – IVAPen Diru-laguntzen Plan Estrategikoari. 2 – Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; era berean, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. 3 – Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak kontuan izanda.
2. artikulua.– Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroaren oinarri arautzaileak.
Hirigintzako XLII (42.) Ikastaroaren (Bilbo, 2016-2017) oinarri arautzaileak ezartzen dira.
Ikastaroaren programa, egutegia matrikula eta informazio osagarria IVAPen web-orrian (ivap.euskadi.eus) kontsultatu daiteke PRESTAKUNTZA / LHIEE / MODULU BIDEZKO IKASTAROAK atalean:http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vedpre04/es/contenidos/informacion/evetu/eu_3811/cursos_modulares.html
2.1.– Helburua.
Hiria eta lurraldea eraldatzen dituzten prozesuak, metodologiak, araudi- eta teknika-aldaketak eta hirigintzan sartutako paradigma berriak aztertzea, hartara egoera berriari egokitutako hirigintza-proiektu eta -arauak egin ahal izateko.
2.2.– Hartzaileak.
Izendapen politikoko kargudunak, zuzendaritzako langileak, A taldeko enplegatu publikoak zein B taldekoak –Hirigintzarekin eta/edo Lurralde Antolamenduarekin nahiz Ingurumenarekin lotura duten heinean–, profesionalak eta gradudunak, lizentziadunak, ingeniariak eta arkitektoak. Guztiek izan behar dute goi-mailako unibertsitate-titulu bat, beren jarduera profesionala Hirigintzaren, Lurralde Antolamenduaren edo Ingurumenaren alorrean gauzatzeko aukera emango diena.
Lehentasuna izango dute ordena honetan: izendapen politikoko kargudunak, zuzendaritzako langileak, A taldeko enplegatu publikoak zein B, eta bigarrenean gainerako eskatzaileak.
2.3.– Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroaren (2016-2017) egitura eta ikastaroa egiteko aukerak: ikastaroa osorik egitea edo modulu independente batzuk egitea –dela deialdi batean, dela zenbait urteko deialditan–. Iraupena.
Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa deialdi bakar baten barruan egin ahal izango da oso-osorik edo hainbat deialditan moduluka (Ikus I. eranskinean moduluen iraupena), betiere ikastaroaren baldintzak beteta.
Honela egituratzen da «Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroa» (Bilbo, 2016-2017):
1) Nahitaez egin behar dira eskola teoriko-praktikoak dituzten sei modulu (700 orduko iraupena guztira, eskola teorikoen eta aplikazio praktikoari buruzkoen artean: aurrez aurreko 400 ordu eta bertaratu gabeko 300 ordu, irakurtzeko, talde-lanak eta beste lanak egiteko.
2) Nahitaezko banakako ikerketa-lana egitea edo Goi Mailako Hirigintza Ikastaroari dagokiona.
3) Aukerako praktikak erakunde nahiz enpresetan (300 ordu), eta horiek homologatu ahal izango dira ezin badira egin esperientzia daukatelako.
Sei eskola-moduluak gainditu, banakako ikerlana amaitu eta, hala behar denean, hirigintzako goi-mailako ikastaroa eta praktikak egin ondoren, ikasleak Hirigintzako Diploma jasoko du, eta diploma hori Hirigintzako Zuzenbideko Diplomarekin homologatuta egongo da.
Hauek dira ikastaroko eskola-moduluak:
I. modulua: «Derecho Administrativo Básico del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)»
II. modulua: «Normativa sobre Ordenación del Territorio, legislación sectorial y Medio Ambiente del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)»
III. modulua: «Ordenación y Planeamiento Urbanístico del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)»
IV. modulua: «Ejecución de la Ordenación Urbanística (Gestión Urbanística) del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)»
V. modulua: «Garantía y protección de la Ordenación Urbanística (Disciplina Urbanística) del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)»
VI. modulua: «Proyecto de Ejercicio Profesional del XLII (42) Curso de Urbanismo (2016-2017)». Modulu praktiko hori egin ahal izateko, ikasleak gaindituta izan beharko ditu, gutxienez, III. eta IV. Moduluak.
IVAPen zuzendariaren ebazpen bidez arautuko dira praktikak. Praktikak egiteko, ikasleek azken 8 urteotan 48 praktika-hilabete baino gutxiago eduki beharko dute.
Eskatzaileek osorik egin ditzakete deialdi honetan sei eskola-moduluak –ikastaro oso gisa–; badute, orobat, beste aukera bat: deialdi honetan modulu batean edo batzuetan matrikulatzea eta hurrengo deialdi edo urte akademikoetan ikastaroaren gainerako eskakizun guztiak betetzen joatea.
I. eranskinean zehazten dira moduluen zerrenda, iraupena ordutan, matrikula, moduluen hasiera- eta amaiera-datak eta eskaerak aurkezteko azken eguna.
2.4.– Modalitatea, metodologia eta hizkuntza. Ebaluazioa, modulua aprobetxatu izanaren ziurtagiriak eta Hirigintzako Diploma.
Ikastaroaren modalitatea aurrez aurrekoa da.
Ikasleen parte-hartze aktiboa sustatuko da, eta benetako adibideetan oinarritutako azalpen praktikoak emango dira. Honako prestakuntza-jarduera hauek egingo dira: 1. aurrez aurreko eskolak, 2. talde-lana, 3. tailerrak, 4. dokumentuak irakurtzea eta beste informazio-iturri batzuk bilatzea, 5. banakako lanak, 6. praktikak.
Ikastaroa gaztelaniaz irakatsiko da.
Modulu bakoitza banan-banan ebaluatuko da, gainditu beharreko hainbat azterketaren bitartez. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo ditu moduluen aprobetxamendua ziurtatzeko agiriak. Moduluak gainditu izanaren ziurtagiriak emateko, baldintza hauek bete beharko ditu ikasleak: eskolen % 80ra joan izana gutxienez, matrikula ordaintzea eta aprobetxamendu-proba gainditzea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak «Hirigintzako Diploma» emango die baldintza guztiak bete dituzten pertsonei. Honako hauek dira baldintzak:
1) Eskola-modulu guztiak gainditu behar dira (asistentzia eta azterketa).
2) Banakako ikerlana defendatuta eta onetsita edukiko du, edo, bestela, horren ordez, Hirigintza Goi-ikastaroa gaindituta eduki beharko du.
3) Ikastaro osoaren zenbatekoa eta/edo moduluei dagokiona osorik ordainduta eduki beharko du.
4) Gainera, praktikak instituzioetan eta/edo enpresetan egin baditu, erakunde hartzaileak emandako aldeko balorazioa eta, orobat, LHIEEko koordinatzailearen aldeko txostena izan beharko ditu.
«Hirigintzako Diploma» «Hirigintza-zuzenbideko Diploma»rekin homologatu da.
2.5.– Ikastaroa emateko tokia.
Bilbao, IVAPen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren egoitza (Errekalde zumarkalea, 18). Nolanahi ere, baliteke salbuezpenez Bilboko beste guneren batean ere ematea ikastaroa, zer inguruabar diren.
2.6.– Programa, irakasleak, eskolen egutegi eta ordutegia.
Programa, irakasleak eta egutegia: ikus IVAPen webgunea, http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vedpre04/es/contenidos/informacion/evetu/eu_3811/cursos_modulares.html
Egunak: nagusiki asteazkenetan eta ostegunetan (azterketak, astearteetan).
Ordutegia: nagusiki 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara.
2.7.– Ikastaro osorako eta moduluetarako eskabideak. Agiriak aurkezteko.
Eskatzaileek –dela ikasturte osorako, dela modulu independenteetarako– II. eranskinean jasotako eskabide normalizatua bete, eta hor eskatutako dokumentazioa erantsi behar dute: 1. Nortasun-agiriaren fotokopia; 2. Nortasun agiriaren neurriko bi argazki; 3. Curriculum Vitae; 4. Titulu akademikoaren fotokopia; 5. Ikasketa-ziurtagiriaren fotokopia.
2.8.– Eskaerak aurkezteko epeak.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zabalduko da eskaerak aurkezteko epea, modalitate guztietarako: bai matrikula-bekak eskatzeko, bai ikastaro osoa edo moduluak egiteko.
Moduluak egiteko eskaerak aurkezteko epeak: ikus I. eranskina.
Eskaera aurkezteko azken eguna: matrikula-bekak: 2016ko abuztuaren 18an, eta Ikastaro osoa: 2016ko irailaren 16an.
2.9.– Ikastaro osorako edo moduluetarako eskabideak eta horiei lotutako agiriak aurkezteko lekuak. Informazioa.
Eskabideak (II. eranskinean) eta dagokion dokumentazioa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari bidaliko zaizkio.
Eskabideak aurkeztu ahal izateko:
1) Posta bidez edo eskuz emanda: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzan (helbidea: Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 48009 Bilbao; Tel.: 94 403 16 00 04 Faxa: 94 403 16 01, www.ivap.euskadi.eus). Halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein bulegotan aurkez daitezke eskabideak, baita Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean).
2) Aurreko aukeraren alternatiba gisa evetu@ivap.eus emailean izapidetu ahalko dira eskaerak eta gainerako agiriak.
3) Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 38.4 artikuluan aipatutako moduetatik edozeinetan aurkez daitezke.
Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
Enplegatu publikoak: Eusko Jaurlaritzako langileek, sare korporatiboko kide baldin badira, automatrikularen bidez emango dute izena, helbide honetan: JAKINA/IVAP/PRESTAKUNTZA IKASTAROAK. Toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako langileek beren prestakuntza-koordinatzailearen bitartez eman dezakete izena. Koordinatzaileak eskaerari oniritzia eman, eta IVAPera bidaliko du eskaera-zerrenda, ohiko prozeduraren bidez. Prestakuntza-koordinatzailerik ez duten erakunde eta instituzio publikoen kasuan, interesdunak II. eranskinaren arabera helaraz dezake dagokion eskabidea, EVETU-IVAPera bidalita.
Informazioa: IVAP-EVETU. Errekalde Zumarkalea 18, 1.a – 48009 Bilbao, Tf.: 94 403 16 00 – 94 403 16 04. Faxa: 94 403 16 01. emaila: evetu@ivap.eus
2.10.– Matrikula. Matrikula saria ordaintzeko modua.
Matrikula kobratzean, arau hauetan xedatutakoak hartuko dira kontuan: 1998ko abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduari buruzkoa, eta 2014ko abenduaren 11ko Agindua, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzen duena (Ebazpena 2014ko abenduaren 30eko EHAAn argitaratu zen, 248. zenbakian). 2014ko abenduaren 11ko Agindua aplikatzeko, aintzat hartuko dira aurrez aurreko orduak.
Ikastaro osoko eta moduluen Matrikula-prezioak: ikus I. eranskina.
Ordainketa egiteko jardunbidea hau izango da. IVAPek Ordainketa-gutuna eta faktura prestatu arte ez da ordainketarik egingo. Ordainketa-gutunak hura identifikatzeko barra-kode bat izango du, eta fakturaren batera postaz emango da, jakinarazpen bidez. Emandako ordainketa-gutunean adieraziko da non ordain daitekeen (Internet bidez, transferentzia bidez, hitzartutako banketxeen bidez). Ez da beharrezkoa ordainagiria gero ematea.
Ordainketa internet bidez edo banketxeraino bertaraino joanda egin ahal izango da. Ordainketa-gutunean agertuko da horretarako beharrezko informazio guztia. Edonola ere, ezin da edozein banketxe erabili, finantza-entitate laguntzaileen zerrendako bat aukeratu behar da (ordainketa-gutunaren beheko ezkerraldea).
Ordainketa-gutunean, beste hainbat datu interesgarri dago, esate baterako interneteko web gunea, eta ordainketa egiteko azken eguna. Egun horretatik aurrera eta kasuan-kasuan, konpentsazio- edo premiamendu-bidean sartuko gara.
1) INTERNETEZ EGINEZ GERO, ordainketa-gutunarekin Euskal Administrazioaren Ordainketa-Pasabidearen, www.euskadi.net/nireordainketa helbide elektronikoaren bitartez; ordaintzeko era hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke. Visa, Maestro edo Mastercard txartelekin ordaindu daiteke edo, bestela, erakunde horien banka elektronikoko zerbitzuaren bidez: Kutxabank, Laboral Kutxa, Banco Sabadell-Guipuzcoano, La Caixa, Bankia, Bankoa, BBVA eta Banco de Santander eta beste erakunde txartelak (Visa, Mastercard, Maestro). Hala ere, ondorengo paragrafoan adierazitako banku-sukurtsaletan bertan ere egin daiteke ordainketa.
2) ORDAINKETA BANKU-SUKURTSALETAN BERTAN EGITEKO, erakunde-hauetara joan behar da: Kutxabank, Laboral Kutxa, Banco Sabadell-Guipuzcoano, La Caixa, Bankia, Bankoa, BBVA eta Banco de Santander. Ordainketa egiteko, ordainketa-agiria aurkeztu beharko da. Ordainketa agiriek barra-kodea ere badutenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez edo eskuzko datu-eskuratzearen bidez ordaindu daiteke.
Ikastaro osoan matrikulatzen direnek bi epetan ordaindu ahalko dute matrikula: lehen ordainketa, matrikularen prezioaren % 50, 2016ko urriaren 30a baino lehen egin beharko dute, eta bigarrena, gainontzeko % 50, 2016ko abenduaren 15a baino lehen.
Matrikulatuak baja berresten ez badu modulua eta/edo ikastaroa hasi baino 7 egun natural lehenago, gutxienez, fakturatu egingo da matrikula, non eta ezinbesteko kasurik egiaztatzen ez den.
Matrikula ordaindu ezean, abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da (haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen da).
3. artikulua.– Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroaren (Bilbo, 2016-2017) matrikula ordaintzeko bost beken oinarri arautzaileak.
Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.
Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak kontuan izan dira.
Ikastaroa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatzen du; hala, IVAPen Diru Laguntzen Plan Estrategikoaren arabera ezartzen dira «Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroaren (Bilbo, 2016-2017) matrikulak ordaintzeko iragarri diren bost beken oinarri arautzaileak.
3.1.– Helburua.
Publikotasun-, lehiaketa- eta objektibotasun-printzipioei jarraikiz, diru-laguntzen deialdia egiten da, bost pertsonari «Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroa» (Bilbo, 2016-2017) osorik ordaintzeko eta, hartara, ezarritako betekizunak betetzen dituzten gradudunen parte-hartzea ziurtatzeko.
3.2.– Matrikula-beken kopurua.
Bost matrikula-bekatarako deialdia egiten da Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroko (Bilbo, 2016-2017) matrikularen zenbatekoa ordaintzeko.
3.3.– Diru-baliabideak eta laguntza bakoitzaren zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ildo horretan 2016rako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraikiz, 13.900,00 euro bideratu dira Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroko (Bilbo, 2016-2017) matrikula ordaintzeko deitutako bost diru-laguntzak finantzatzeko. Matrikula ordaintzeko beka bakoitzaren zenbatekoa 2.780,00 eurokoa da.
3.4.– Bekak emateko prozedura.
Norgehiagoka bidez esleituko dira. Bost matrikula-bekak puntuazio akademikoaren arabera emango dira, betiere eskakizunak betetzen badituzte. Puntu-kopuru bera eman denean, baliabide ekonomiko urriagoak dituztenei emango zaie diru-laguntza.
3.5.– Hartzaileak.
Lizentziadunak, ingeniariak, arkitektoak eta goi-mailako unibertsitateko tituludunak, beren jarduera profesionala Hirigintzaren, Lurralde Antolamenduaren nahiz Ingurumenaren esparruan gauzatu badezakete eta administrazio-auzotasunaren, puntuazio akademikoaren eta baliabide ekonomikoen alorretan eskatutako betekizunak betetzen badituzte. Eta Hirigintzako XLII. (42.) Ikastaroa egin nahi eta betebeharrak betetzen badituzte.
Hartzaileek Ebazpen honen 3. artikuluan aipatzen den araudia eta xedapenak bete behar dituzte.
3.6.– Matrikularako bekaren onuradun izateko eskakizunak.
3.6.1.– Diru-laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzea, betiere Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakoa betez.
3.6.2.– Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
3.6.3.– Eskatzaileek 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eduki behar dute administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan.
3.6.4.– Karrerako notarik baxuena hauexek izango dira: ingeniari- eta arkitekto-titulazioa lortzeko ikasketak egin dituzten ikasleentzat, 5,75 puntu; gainerako tituludunentzat, 6,75 puntu. Kalifikazioen batez besteko nota kalkulatzeko, ikasgaietan lortutako notak hartuko dira aintzat; hortaz, ikasketa-egiaztagiriaren kopia eta batez besteko nota adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dira.
3.6.5.– Ordaindutako lanik ez egitea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta agertzea. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko txartela aurkeztuz egiaztatu behar da. Beka hauei ezin izango zaizkie beste sari batzuk batu, helburu bererako beste laguntzarik edukiz gero.
3.6.6.– Oro har, matrikula ordaintzeko bekak jaso ahal izateko eta oinarri honen gainerako paragrafoetan ezarritakoak gorabehera, azken zerga-ekitaldian (2015. urtean), familiaren errenta gordina ezin izango da hurrengo zenbateko hauek baino handiagoa izan:
Familiaren errenta kalkulatzeko, kontuan hartzen diren kide guztiek azken zerga-ekitaldian izandako diru-sarrera gordinak batuko dira, zeinahi ere dela diru-sarreron jatorria. Jabeek edo usufruktudunek erabilitako hiri-ondasunak etekin gisa hartuko dira. Hori guztia, kontuan hartu gabe diru-sarrera horiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aitortu behar diren ala ez, edo arestian aipatutako familiako kide horiek aitorpena aurkezteko beharra duten ala ez.
Estimazio Objektiboko edo Zuzeneko Estimazioko zerga-erregimenei atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, ez dira kontuan hartuko diru-sarrera gordinak. Benetako errentagarritasuneko irizpideak aplikatuz lortuko da errendimenduen balioespena.
Eskatzaileren batek pertsona bakarreko familia-unitatea osatu eta independentetzat har dezaten eskatu nahi badu, ekonomikoki eta familiarki independentea dela egiaztatu beharko du. Hau da, bi gauza justifikatu beharko ditu: batetik, etxebizitza duela –jabetzan izan (egiaztatzeko, jabariaren ziurtagiria edota Jabetza Erregistroaren ohar soil bat aurkeztu behar du, edo, kasuan-kasuan, eskrituren eta/edo hipotekaren kopia) zein alokairuan izan (hala izanez gero, alokairu-kontratuaren kopia aurkeztu behar du)–, eta, bestetik, baduela oinarrizko gastuei (janaria, arropa eta etxebizitza) aurre egiteko behar besteko baliabide ekonomiko. Bere kabuz bizi dela eta baliabide ekonomiko propioak dituela egokiro justifikatu ezean, ukatu egingo zaio eskabidea.
3.7.– Matrikula-beken eskabideak: zer inprimaki eta non aurkeztu behar diren. Aurkeztu behar duen Dokumentazioa. Informazioa.
Eskabideak (III. eranskinean edo https://www.euskadi.eus/r61-11333x/eu/q41aWar/cambioidioma.do?newidioma=eu aplikazioan dagoena) eta dagokion dokumentazioa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari bidaliko zaizkio.
3.7.1.– Eskabideak (III. eranskina) eta gainerako dokumentazioa aurkeztu ahal izateko:
3.7.1.1.– Posta bidez edo eskuz emanda: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzan (helbidea: Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 48009 Bilbao; Tel.: 94 403 16 00 04, Faxa: 94 403 16 01, www.ivap.euskadi.eus). Halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein bulegotan aurkez daitezke eskabideak, baita Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean).
3.7.1.2.– Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 38.4 artikuluan aipatutako moduetatik edozeinetan aurkez daitezke.
3.7.1.3.– Aurreko aukeraren alternatiba gisa, eskabideak Internetez ere egin ahalko dira. Horretarako, helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimaki-eredua bete behar da: https://www.euskadi.eus/r61-11333x/eu/q41aWar/cambioidioma.do?newidioma=eu. Eskatzaileak eskabidea bete eta inprimatu egin beharko du kasu guztietan; izan ere, onarpen-kode bat izango du bertan, eta horren bitartez identifikatuko zaio prozesuan zehar. Eskabide horretan adieraziko ditu ezarritako betekizunei buruz egin behar dituen erantzukizunpeko adierazpenak. Dokumentazioa helarazteko, interesdunak bi aukera ditu:
a) Internet bidez, aplikazioan eskabidea egitean dokumentazio guztia .pdf batean bidalita. Behin prozesua amaituta, eskabidea inprimatu behar du.
b) Sistema konbentzionalaren bidez, dokumentazioa paperean emanda. Horretarako, urrats hauek bete behar dira:
b.1.– Paperezko eskabidea edo Interneteko eskabide elektronikoa betetzea eta inprimatzea.
b.2.– Inprimatutako eskabidea sinatzea eta eskatutako dokumentazio guztia eranstea.
b.3.– Eskabideak horretarako ezarri den epe barruan aurkeztea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzan (helbidea: Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 48009 Bilbao; Tel.: 94 403 16 00/04). Halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen edozein bulegotan, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 38.4 artikuluan aipatutako moduetatik edozeinetan. Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak, ziurtatu aurretik, irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna eta zigilua jar diezaien.
3.7.2.– Aurkeztu behar duen dokumentazioa eskabidearekin batera: eskatzaileak dokumentazio hau eman behar du:
3.7.2.1.– Curriculum Vitaea.
3.7.2.2.– NANaren fotokopia.
3.7.2.3.– Akademia-tituluaren fotokopia edo titulua eskuratzeko tasen ordainagiriaren fotokopia.
3.7.2.4.– Ziurtagiri akademikoaren fotokopia, bertan adierazita lortutako notak.
3.7.2.5.– Eskatzailearen administrazio-auzotartasunaren / erroldatzearen egiaztapen eguneratua, bizilekuan bizi diren lagun guztien zerrenda eta eskatzailea EAEko udalerri batean erroldatu zeneko eguna barne.
3.7.2.6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enplegu-eskatzaile txartelaren fotokopia.
3.7.2.7.– Familiako sostengatzaile nagusiaren 2015. urteko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen osoaren fotokopia erkatua eta, hala behar bada, kontuan hartzen diren gainerako kideena, edo aitorpenik egin ez izana egiaztatzen duen ogasun-ziurtagiria.
3.7.2.8.– Diru-sarrerak enpresa- edo lanbide-jardueretatik datozenean, balio erantsiaren gaineko zergaren urteko aitorpen laburtuaren fotokopia erkatua, baldin eta aurkeztu beharrik bada.
3.7.2.9.– Pertsona bakarreko familia-unitate bat eratzen dutenek, etxebizitza jabetzan izanez gero, jabariaren ziurtagiria edo Jabetzaren Erregistroko ohar soil bat aurkeztu behar dute, edo eskrituraren eta/edo hipotekaren kopia; alokairuan bizi badira, berriz, alokairu-kontratuaren kopia.
Eskatzaile eta/edo esleipendunek, hala eskatzen bazaie, prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar dituzte. Eskatzaileek ez badute dokumentazioa adierazitako epe barruan aurkezten, ezingo dira esleipendun izan, eta haien jardun guztiak baliogabe geratuko dira, eskabideak faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunak gorabehera.
Informazioa: IVAP-EVETU. Errekalde Zumarkalea 18, 1.a – 48009 Bilbao, Tf.: 94 403 16 00 – 94 403 16 04, Faxa: 94 403 16 01, emaila: evetu@ivap.eus
3.8.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Erantzukizunpeko adierazpenak: eskatzaileak honako hauen inguruko erantzukizunpeko adierazpenak egin behar ditu eskabidea betetzean:
3.8.1.– Erantzukizunpeko aitorpena eginez unibertsitate-ikasketetan (e)ko nota atera nuela batez bestez, 10eko eskalan. Ikasketa-espedientean ikasgaien notak puntuka agertzen ez badira, baliokidetzako taula hauen arabera aterako da batez besteko nota: Ohorezko matrikula, 10 puntu; bikain, 9,00 puntu; oso ongi, 7,50 puntu; nahiko, 5,50 puntu. Batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ikasketa-planen arabera «gai» kalifikazio hutsa duten ikasgaiak edo kredituak.
3.8.2.– Erantzukizunpeko aitorpena eginez ez duela ordainpeko lanik egiten, ez eta arrazoi berarengatik funts publikoetatik emandako ezein diru-laguntza edo laguntza motarik jasotzen ere.
3.8.3.– Erantzukizunpeko aitorpena eginez ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekurik edo administrazio-zehapen edota zehapen penalik, barruan direla emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak.
3.8.4.– Erantzukizunpeko aitorpena eginez ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan.
3.9.– Diru-laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
Laguntza-eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2016ko abuztuaren 18an amaituko da.
3.10.– Diru-laguntza kudeatzeko organoa.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendekoa izanik EVETU, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.
3.11.– Prozedura: Epaimahai kalifikatzailea, Jakinarazpenak eta esleipenaren Ebazpena.
3.11.1..– Epaimahai kalifikatzailea.
EVETUren Kontseilu Errektoreak eratuko du.
3.11.2.– Erabakiak jakinaraztea.
Interesdunek www.ivap.euskadi.eus helbidean kontsultatu ditzakete epaimahai kalifikatzailearen erabakiak, URL honetan: https://www.euskadi.eus/r61-11333x/eu/q41aWar/cambioidioma.do?newidioma=eu. Hautaketa-prozesuari lotutako iragarkiak IVAPen egoitzetako iragarki-oholetan argitaratuko dira.
a) Gasteizen: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Donostia kalea 1 (Lakua). PK: 01010.
b) Bilbon: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP); Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009.
c) Donostian: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP); San Bartolome kalea 28. PK: 20007.
d) Oñatin: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP); unibertsitate zaharra; PK: 20560.
3.11.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta eta epaimahai kalifikatzaileak aurrez proposatuta, IVAPen zuzendariak oniritzia emango dio onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendari. Zerrenda lortutako puntu-kopuruaren arabera ordenatuko da. Hamar egun balioduneko epea ezarriko da onartutakoen eta baztertutakoen behin behineko zerrendari alegazioak egiteko edo, hala badagokio, eskabidea zuzentzeko. Epe horretan ez bazaio onartutako eta baztertutako behin-behineko zerrendari alegaziorik egiten, behin betiko zerrenda bilakatuko da.
Alegazioak aurkeztu badira, horiek ebatzi, eta IVAPen zuzendariak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartuko du.
3.11.4.– Esleipena ebaztea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak emango du esleipenaren ebazpena, EVETUko Kontseilu Errektorearen proposamena ikusi ostean eta gehienez hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epe hori amaitu ondoren interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da.
Ebazpen horretan bertan, hala balegokio, ordezkoen zerrenda bat ere jaso daiteke ikasle esleipendunen zerrendarekin batera, ziurtagiri akademikoko puntu-kopuruen arabera ordenatuta, lehen multzoko norbaitek uko egiten badu ere.
Ebazpena, webgunean eta IVAPeko bulegoetako iragarki-oholetan jartzeaz gain, interesdunei banan-banan ere jakinaraziko zaie, eta, era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
3.12.– Matrikula ordaintzeko diru-laguntzaren onuradunen eskubide eta betebeharrak. Matrikularako diru-laguntzaren ordainketa.
Bekaren esleipendun izan direnek, esleipenaren jakinarazpena jaso eta hilabete igarota, ez badiote horiei espresuki uko egin, matrikula-bekaren guztizkoaren (2.780,00 euro) aurre-ordainketa bat jasoko dute, eta zenbateko horrekin ordaindu beharko dute ikastaroaren matrikularen guztizko zenbatekoa, 2016ko abenduaren 15a baino lehen.
Esleipendunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebehar guztiak bete behar dituzte (testu bategina bi arau hauek onartu zuten: batetik, 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, azaroaren 11koa), eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotakoak ere.
Diru-laguntzaren xedea bete beharko dute, ikastarora bertaratu, eta ikastaroa egokiro aprobetxatu. Horiek horrela, ikastaroa egin bitartean arazoren bat sortzen bada eta, hori dela-eta, ikasleak ikastaroan jarraitzerik ez badu, horren berri eman beharko dio EVETUko koordinatzaileari, gehienez egutegiko hamar eguneko epean. Jakinarazpena idatziz egingo du. Hamar eguneko epean berariazko jakinarazpenik egin ezean, baliogabetuta geratuko da adjudikazioa.
Diru-laguntza hau ezin izango da eman, baldin eta eginkizun berbererako beka edo laguntzak jasotzen badira funts publikoetatik.
4. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko edo datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketa Idazkaritzara jo dezakete.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari buruz, berariaz, ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 15a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
EGITURA, MODULUAK, IRAUPENA,MATRIKULA, HASIERA, BUKAERA ETA EPEA AURKEZTEKO ESKABIDEAK
II. ERANSKINA
ESKABIDEA
III. ERANSKINA
BEKA MATRIKULA ESKABIDEA