EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016120

64/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoren lurralde-esparruan Irakaskuntza Pribatuaren Finantzaketaren eta Gastuen Inkesta egiteko (irakaskuntza pribatu itundu eta itundu gabekoa - 2014-2015 ikasturtea).

Xedapenaren zenbakia: 201600064
Xedapenaren data: 2016-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602745
Maila: Ebazpena
Euskal Estatistika Erakundea lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmena Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoren lurralde-esparruan Irakaskuntza Pribatuaren Finantzaketaren eta Gastuen Inkesta egiteko (irakaskuntza pribatu itundu eta itundu gabekoa - 2014-2015 ikasturtea); eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 1EKO 64/2016 EBAZPENARENA
Lankidetza-hitzarmena, Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoren lurralde-esparruan Irakaskuntza Pribatuaren Finantzaketaren eta Gastuen Inkesta egiteko (irakaskuntza pribatu itundu eta itundu gabekoa - 2014-2015 ikasturtea).
Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jauna, Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, INE) lehendakaria; erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz jarduten du, maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuaren 5.2 artikuluak emandako eskumenen arabera.
Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) zuzendari nagusia; erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz jarduten du, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuak ematen dizkioten eskudantzien arabera, bai eta 2016ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluak eman dion baimenaren arabera ere.
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.- Estatistikako Institutu Nazionalak aurreikusita du Irakaskuntza Pribatuaren Finantzaketaren eta Gastuen Inkesta (2014-2015 ikasturtea) egitea. Eragiketa estatistiko hori abenduaren 19ko 1085/2014 Errege Dekretu bidez onartutako 2013-2016 Estatistika Plan Nazionalean sartuta dago.
Bigarrena.- Euskal Estatistika Erakundeak 2016an Irakaskuntza Pribatuaren Gastuaren eta Finantzaketaren Estatistika egingo du. Eragiketa horrek 042913 kodea du, eta azaroaren 13ko 3/2014 Legearen bidez onartutako Euskal Estatistika Planean dago sartuta. Eragiketaren edukia eta metodologia aurrekoaren oso antzekoak dira.
Hirugarrena.- Bai estatuak eta bai Euskal Autonomia Erkidegoak ikastetxe pribatuen gastuak eta finantzaketa aztertu nahi dituzte. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31 artikuluaren arabera Estatuak estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa duela eta abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsi zuen Euskal Autonomia Estatutuko 10.37. artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak bere xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa duela, komenigarria da estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horren gaineko jarduera koordinatzea, horrela bikoiztasunik ez gertatzeko.
Hori dela eta, estatuko eta EAEko estatistika-zerbitzuen arteko lankidetzaren ildoan jarraitzearren, eta baliabide publikoak eraginkortasunez erabiltzeko eta informazio-emaileen arteko lankidetza hobetzeko xedez, bi alderdiek honako hau
HITZARTZEN DUTE:
Lankidetza-hitzarmen hau sinatzea. Hona hemen
KLAUSULAK
Lehenengoa.- Lankidetza hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko lankidetza formalizatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan Irakaskuntza Pribatuaren Finantzaketaren eta Gastuen Inkesta egiteko (irakaskuntza pribatu itundu eta itundu gabekoa - 2014-2015 ikasturtea).
Bigarrena.- Metodologia, direktorioa eta galdera-sorta.
A) Euskal Estatistika Erakundea arduratuko da ikertu beharreko ikastetxeen direktorioa lortzeaz.
B) INEk Eustati inkestaren proiektuko zehaztapen metodologikoak eta dagozkion agiri teknikoak emango dizkio.
C) Euskal Estatistika Erakundeak irakaskuntza pribatuaren gastu eta finantzaketaren estatistika egiteko erabiltzen duena izango da galdera-sorta, eta horri gehituko zaizkio bertan jasotzen ez diren baina Estatistikako Institutu Nazionalak estatuko gainerako erkidegoetarako erabiltzen duen galdera-sortan jasotzen diren aldagaiak. Galdera-sorta elebidunetan (gaztelania/euskara) bi erakunde sinatzaileen logotipoak jarriko dira.
D) Informazioa biltzeko, metodo hau erabiliko da: unitate informatzaileek beraiek emango dute informazioa Euskal Estatistika Erakundearen web-orriaren bidez, edo, bestela, paper-formatuan bilduko da, ikastetxeak hala eskatzen badu.
E) Euskal Estatistika Erakundeak behar diren aplikazioak prestatuko ditu datuak web-orriaren bidez jasotzeko, eta, era berean, galdera-sorta elebidunak itzultzeaz, editatzeaz eta inprimatzeaz arduratuko da unitate informatzaileetara bidaltzeko.
Hirugarrena.- Inkestaren sustapena.
A) Euskal Estatistika Erakundeak inkesta sustatzen duen gutuna bidaliko die ikertu beharreko ikastetxe guztiei Euskal Autonomia Erkidegoan inkesta hori zein modutan egingo den azaltzeko. Gutuna bi hizkuntzatan idatzita egongo da, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren zuzendari nagusiak eta Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusiak sinatuko dute.
B) Bi erakundeek inkesta Euskal Autonomia Erkidegoan sustatzeko eta horren inguruko publizitatea egiteko egoki deritzoten beste edozein era hitzartuko dute elkarrekin.
Laugarrena.- Datu-bilketa.
A) Euskal Estatistika Erakundea arduratuko da informazioa biltzeaz eta, hala dagokionean, ikertu beharreko ikastetxeei galera-sortak emateaz.
B) Euskal Estatistika Erakundeak hautatu, prestatu eta kontratatutako langileek bilduko dute informazioa, eta informazio-bilketa hori 2016ko urriaren 21ean bukatuko da.
C) Estatistikako Institutu Nazionalak eta Euskal Estatistika Erakundeak, elkarrekin adostuta, egoki deritzoten datu-bilketa ikuskatzeko eta kontrolatzeko sistema ezarriko dute, hala dagokionean.
Bosgarrena.- Arazketa, grabazioa eta azken fitxategia lortzea.
A) INEk aldez aurretik bidaliko dizkio Eustati informazioa arazteko eta grabatzeko arauak, Eustatek dagozkion aplikazio informatikoak egin ditzan.
B) Eustatek, 2016ko urriaren 31 baino lehen, azken fitxategia bidaliko dio INEri; fitxategi horretan, informazio grabatua, araztua eta balioetsia jasoko da, eta bi erakundeek adostutako erregistro-diseinua izango du, hitzarmena sinatzean zehaztuko dena.
C) Informazioa euskarri magnetikoan jaso ondoren, INEk dagozkion egiaztapenak egingo ditu, eta detektatutako funsgabetasunen berri emango du (baleude) azaroaren 21a baino lehen. INEk fitxategi hori onartzen ez badu, erabakia arrazoitu egin beharko du, eta Eustatek dagozkion erregistroak aldatu beharko ditu, bien adostasunarekin, horrela behin betiko fitxategia sortzeko. Eustatek 2016ko abenduaren 31 baino lehen zuzendu eta itzuliko du.
D) Euskal Autonomia Erkidegorako azken fitxategia bakarra izango da, eta egozteko, baliozkotzeko eta arazteko arauak aplikatzeko bi erakundeek lortutako akordioaren ondorioz lortutakoa izango da.
Seigarrena.- Informazioaren ustiapena eta zabalkundea.
A) Eustatek irakaskuntza pribatuaren finantzaketaren eta gastuen inkestari buruz (2014-2015 ikasturtea) egindako argitalpenetan, INEk lagundu duela agerraraziko da. Era berean, INEk horri buruz egindako argitalpenetan, Eustatek lagundu duela agerraraziko da.
B) Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion emaitzen zabalkundea bi erakunde sinatzaileek modu koordinatuan egingo dute. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako eremuan kokatzeko, INEk Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio Eustati, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino bost lanegun lehenago.
C) Bai INEk bai Eustatek Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion datuen zabalkundea egin ahal izango dute, eta mikrodatuak eman ahal izango dizkiete hala eskatzen duten informazioaren erabiltzaileei, baldin eta anonimotasuna gordetzeko behar diren neurriak hartzen badituzte. Horretarako, erakunde biek neurri horiek adostu beharko dituzte, behar bezala bermatzeko ikastetxeak ezin direla identifikatu.
Zazpigarrena.- Estatistika-sekretua.
Euskal Estatistika Erakundeak eta Estatistikako Institutu Nazionalak beren gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute, baina, horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte.
Zortzigarrena.- Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez du alderdi sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik sortuko.
Bederatzigarrena.- Jarraipen Batzorde Teknikoa.
Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde Teknikoa sortu da. Hona hemen batzordea osatzen duten ordezkariak:
INEren ordezkariak:
- Estatistika Sozial Sektorialen zuzendariorde nagusia.
- Datuen Bilketako zuzendariorde nagusia.
- Estatistiken eta Lan Estatistiken eta Prezio Estatistiken Zuzendaritza Nagusiko pertsona bat.
Eustaten ordezkariak:
- Ekoizpeneko eta Azterketa Estatistikoko zuzendariordea.
- Azpiegitura Estatistikoaren arduraduna.
- Estatistika Sozio-demografikoen arduraduna.
- Administrazio eta Zerbitzuetako arduraduna.
Hitzarmen hau interpretatu edo betetzean sor daitezkeen desadostasunak edo eztabaidak Jarraipen Batzorde Teknikoak ebatziko ditu.
Hamargarrena.- Hitzarmenaren indarraldia.
Sinatzen den egunetik adierazitako lanak amaitzen diren arte egongo da indarrean hitzarmen hau; gehienez ere, 2017ko martxoaren 31ra arte. Ez da hitzarmenaren luzapenik aurreikusi.
Erakunde sinatzaileetako batek hitzarmen honek dakartzan obligazioak ez betetzea hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoia izango da.
Hitzarmena ez bada elkarren adostasunez suntsiarazten, beste alderdiari gutxienez bi hilabete lehenago eskatu beharko zaio.
Hamaikagarrena.- Erregimen juridikoa eta jurisdikzioa.
Hitzarmen administratiboa da, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginetik kanpo dago, 4.1.c artikuluari jarraikiz. Hala, bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6. eta 8. artikuluek arautzen dute.
Bestalde, aipatu 30/1992 Legeko 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmena indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak Jarraipen Batzorde Teknikoak ebatzi ezin baditu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, hura arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, Madrilen, 2016ko maiatzaren 16an.
Estatistikako Institutu Nazionalaren lehendakaria,
GREGORIO IZQUIERDO LLANES.
Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.