EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2016118

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 6koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2016. urterako deialdi irekia egiten duena Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako euskararen B1 eta B2 gaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko.

Xedapenaren data: 2016-06-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201602691
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/07/31n argitaratutako 2003/07/22ko 200300179 DEKRETUA
  • Ikus 2011/01/31n argitaratutako 2011/01/19ko AGINDUA [201100449]
  • Ikus 2015/07/31n argitaratutako 2015/07/22ko AGINDUA [201503391]

Eusko Jaurlaritzak «2013-2016 Euskararen Agenda Estrategikoa» onartu zuen, helburuotako bat izaki, euskal hiztunen kopurua gehitzea. Horretarako, helduen euskararen komunikagaitasuna areagotzeko, Agenda horrek zenbait lan-ildo zehazten ditu, besteak beste, herritar helduen euskararen komunikagaitasuna egiaztatzeko aukerak zabaltzeari buruzkoak. Zehazki, Agenda horren 2015 eta 2016rako Kudeaketa-planetan zeregin hau aurreikusten da: «Helduen euskalduntzea oinarri hartuz, eta HABEren gidaritzapean, egiaztatze-deialdi irekia egitea».
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak eta Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak araututakoaren babesean, HABEk bi motatako deialdiak bidera ditzake, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko: ohiko deialdiak, batetik, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei zuzendutakoak; eta deialdi bereziak, bestetik, gizarte-behar jakinei erantzutera bideratutakoak. Egungo egoeran HABEren zuzendaritzak gizarte-behar jakina irizten dio ezein herritar helduk euskara-agiria eskuratzeko aukera irekia izateari.
Bestalde, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren baitan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2015eko uztailaren 22ko Agindu bidez HEOCaren egitura eta deskribapena onartu zituen: helduen euskalduntzearen ikasprozesua sei mailatan eratua (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua eta C2, Erabiltzaile aditua); elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua; ekintza komunikatibotan definitua, eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua. Ikuspegi horiei jarraikiz, Agindu horrek jasotzen ditu mailaz maila zehaztutako helburuak, edukiak (testuinguru soziolinguistikoa, gaiak, testu-generoak, funtzioak, adierazpide testualak, adierazpide linguistikoak, estrategiak...), ildo metodologikoak eta ebaluazio-irizpideak.
Halaber, Agindu horren azken xedapenetatik lehenengoak aldatu egiten du Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19koaren 7. artikulua, ebaluazio-irizpideei dagokiena, hain zuzen ere, Curriculum berrira egokitzeko.
Hori guztia dela eta, bidezkoa da HABEk Euskararen Agenda Estrategikoaren Kudeaketa-planetan aurreikusitako deialdi irekia egitea, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– HEOCean zedarritutako B1 eta B2 mailak egiaztatzeko 2016ko deialdi irekia egitea, Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.
Bigarrena.– Deialdi hau burutzeko, mailaz mailako izendapen hauek egitea:
B1 gaitasun-mailako probetarako:
– Epaimahaia: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B1 mailarako epaimahaia.
– Arduradunak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako lurralde-arduradunak.
– Tutoreak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B1 mailarako tutoreak.
– Aztertzaileak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B1 mailarako aztertzaileak.
B2 gaitasun-mailako probetarako:
– Epaimahaia: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B2 mailarako epaimahaia.
– Arduradunak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako arduradunak.
– Tutoreak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B2 mailarako tutoreak.
– Aztertzaileak: 2016ko ohiko deialdietarako izendatutako B2 mailarako aztertzaileak.
Hirugarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketari lehentasuna ematea.
Laugarrena.– Interesdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Donostia, 2016ko ekainaren 6a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.
I. ERANSKINA
B1 eta B2 GAITASUN-MAILAK EGIAZTATZEKO DEIALDI IREKIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak xedatutakoaren arabera, deialdi irekian matrikulatutakoek HEOCean zedarritutako B1 eta B2 mailei dagokien gaitasun komunikatiboa egiaztatu ahal izan dezaten, 2016. urteko deialdi irekiaren zehaztapenak egitea.
2. oinarria.– Deialdirako oinarrizko esparrua.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua izango dira azterketariaren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko oinarri eta barruti, hurrenez hurren.
Horrela, HEOCean ezarritako B1 eta B2 gaitasun-mailei dagozkien ziurtagiriak lortzera bideratutako gaitasun-probak HEOCean zedarritutako ebaluazio-irizpideetara eta II. eranskineko edukietara bilduko dira.
3. oinarria.– Deialdian matrikulatzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan matrikulatu ahal izateko honako bi baldintza hauek bete beharko dira:
a) Gutxienez 17 urte izatea edo 2016an betetzea.
b) Matrikula egoki egin eta jarritako epean ordaintzea.
2.– Bateraezina izango da deialdi honetan eta zuzendaritza nagusi honen 2016ko otsailaren 22ko Ebazpenez egindako bigarren ohiko deialdian parte hartzea. Beraz, euskaltegietako eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleek bigarren ohiko deialdian mailaren bat egiaztatzeko baldintzak betetzen dituztenean, aukeratu egin beharko dute deialdi batean zein bestean matrikulatu, gaitasun-maila hori egiaztatzeko.
4. oinarria.– Deialdia burutzeaz.
Deialdi ireki honen harian antolatuko diren proben egutegia eta jarraibideak, HABEren 2016ko ohiko bigarren egiaztatze-deialdiari dagozkionak izango dira.
5. oinarria.– Deialdiaren egutegia.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar laneguneko epean emango du argitara HABEk, www.habe.euskadi.eus atariaren bidez, deialdi honetarako aurreikusitako egutegia: onartutakoen zerrenda argitaratzeko data, probak egiteko egunak eta lekuak, eta proben emaitzak jakinarazteko datak.
2.– HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake deialdi honen kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, 6. oinarrian zehaztutako matrikula-epea izan ezik.
3.– Egiaztatze-prozesuan matrikula egin eta gero, azterketariak egiaztatze-proba egiteko egutegian ezarritako azterketa-data aldatu ahal izateko, inguruabar eragileak eman beharko dira, eta emandako egunean azterketariari proba egitea galarazten dion arrazoiak ustekabekoa eta ezinbestekoa beharko du izan. Halaber, azaldutako karia dagokion txosten edo dokumentu zalantzagabeez frogatu beharko da, ezinbestez. HABEk gertaera hori berariaz ontzat emanez gero, proba egiteko eguna aldatzeko aukera eskainiko dio azterketariari. Horrelakoetan, data berriak egiaztatzegintzaren antolaketaren ardatzetara egokitu beharko du, ezinbestez.
4.– Azterketa-lekua aldatzeko eskabidea posta elektronikoz egingo da www.habe.euskadi.eus atarian finkatutako prozedurei jarraikiz, eskari hori egiteko arrazoiak azalduz, eta, betiere, deialdiaren egutegian ezarritako epeetan.
6. oinarria.– Matrikula egiteko izen-ematea, ordaina eta ordainketa.
1.– B1 eta B2 gaitasun-mailak egiaztatzeko deialdi honetan parte hartzeko izen-ematea eta dagokion ordainketa burutzeko epea 2016ko irailaren 16tik 22ra bitartekoa izango da, biak barne.
2.– Deialdi honetan B1 eta B2 gaitasun-mailak egiaztatzeko gaitasun-proba egiteko izen-ematea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, matrikula-inprimakia betez, horretarako ezarritako epearen barruan.
3.– Matrikularen ordainari dagokionez, deialdi honen matrikula-epealdia irekitzen denean indarrean dauden prezio publikoak aplikatuko dira, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzeko onartutako araudiaren arabera. Zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez emango ditu ezagutzera HABEk.
4.– Matrikularen ordainketa ere epe horretan egin beharko da, interneten bidez edo, bestela, horretarako bidea ematen duten finantza-erakundeetan (Kutxabank, Sabadell Guipuzcoano, Laboral Kutxa, Bankoa, BBVA, Santander, La Caixa), izena ematean eskuratzen den matrikula-inprimakia erabiliz.
5.– Matrikulatze-prozesua osatu dela ulertuko da izen-ematea eta matrikula-ordainketa emandako epearen barruan eginak daudenean. Beraz, izen-ematea edo ordainketa matrikula-epearen barruan ez egin izanak automatikoki egiaztatze-prozesutik kanpo gelditzea ekarriko du.
6.– Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, non eta oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin ez den.
7.– Gutxienekoak bete eta maila batera baino gehiagotara aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu.
8.– Matrikula egitearekin batera, oinarri hauetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.
7. oinarria.– Onartuen zerrenda.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak gaitasun-proba hauetan parte hartzeko onartuen zerrenda ebatziko du eta www.habe.euskadi.eus atarian emango du argitara.
8. oinarria.– Berariazko egoerak.
Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta egiaztatze probetan parte hartu nahi duen azterketariaren kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk, azterketari horren aukerak bermatzeko; betiere, azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.
Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, HABEren lurralde-arduradunari egin beharko dio eskaera, eta, duen desgaitasuna agiri ofizialez zuritzeaz gain, eskatzen duen egokitzapena azalduko du (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.
Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraikiz.
9. oinarria.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.
1.– Gaitasun-maila bakoitza ebaluatzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen testuak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
2.– HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio Atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, II. eranskinean zehaztutakoa oinarri hartuz, eta Zerbitzuak berak aplikatuko ditu proba horiek, lurraldeka eta lurralde bakoitzean eremu bateratuan antolatuta, egutegian zehaztutako datetan.
3.– Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu probak azterketariak II. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzeko probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Ezinbesteko baldintza izango da irakurmen-proba gainditzea idazmeneko proba zuzendua izateko, eta azkeneko hau gainditzea entzumen- eta mintzamen-probetara aurkezteko.
4.– Egiaztatze-prozesua bideratzeko jardunak, bestalde, gailu elektronikoek (telefono, ordenagailu, argazki-kamera, MP3 grabagailu, haririk gabeko entzungailu, irakurtresnadun ordulariak eta entzungai edo ikusgai diren edukietara sarbidea eskaintzen duten betaurrekoek.) eskain dezaketen edukietarako sarbiderik izan gabe daude aurreikusita eta Interneterako konexiorik gabe.
5.– Idazmen-probetan, irakurgarria izango da idazketa eta ulergarria kaligrafia. Mintzamenekoetan, berriz, argi ahoskatu eta zuzen ebakiko dira hitzak.
10. oinarria.– Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.
1.– Hizkuntza-arauak eta euskalkiak.
Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko azterketariek egindako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.
Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azken emaitza jartzean.
2.– Izengabetasuna.
Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek zein tutoreek, zuzenketa izengabea bermatzeko. Irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak laga beharko du zeregin hori azterketaldiaren antolaketa-garaian.
3.– Irakurmen- eta entzumen-proben zuzenketa.
Gaitasun-probaren atal hauen zuzenketa izendatutako aztertzaileen artean egingo da, II. eranskinera bildutako irizpideen arabera, eta emaitzak akta batera bilduko dituzte kalifikazio-proposamen gisa.
Irakurmen-proba idazmen-probarekin batera zuzenduko dituzte aztertzaileek eta entzumen-proba mintzamen-probarekin batera.
Azterketok, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak zaindu eta gordeko ditu.
4.– Idazmen-probaren zuzenketa.
a) Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute, eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoari dagokionez, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa emango:
– Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.
– Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 edo gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta azterketariak gutxienez ongi kalifikazioa lortu badu atal guztietan, 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan (2015eko uztailaren 22ko Aginduak emandako idazketan) xedatutako irizpideen arabera eta II. eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan.
– Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10 baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.
c) Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoak baino handiagoak direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko behar diren gutxienekoetara iristen ez direnean, epaimahaiari bi aztertzaileek adosturiko emaitza proposatuko zaio, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.
– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz edo tutorea ohartzen bada kalifikazio-proposamena ez dela egokitzen mailako irizpideetara, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu probak, aztertzaileei emango die horren berri, eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.
d) Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaile zein tutoreei euskarri digitalean.
5.– Mintzamen-probaren zuzenketa.
a) Mintzamen-proba bina aztertzailek bideratu eta zuzenduko dute, eta kalifikazio-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Informazioa berariazko fitxa digital batera bilduko da, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.
b) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du.
c) Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira, zuzenketa-prozesuaren euskarri eta ikerketa-helburu zein aztertzaileen trebakuntzarako.
11. oinarria.– Gaitasun-proben emaitzak onartzea.
B1 eta B2 gaitasun-mailetako Epaimahaiek gaitasun-proben zuzenketan aztertzaile eta tutoreek egindako balorazioak aztertuko dituzte eta probei dagozkien emaitzak onartu eta Azterketa Batzordeari igorriko dizkiote.
Jarraian, Azterketa Batzordeak emaitza guztiak HABEren zuzendari nagusiari aurkeztuko dizkio Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
12. oinarria.– Gaitasun-proben emaitzak argitaratzea.
HABEk gaitasun-proben emaitzak argitaratuko ditu www.habe.euskadi.eus atarian, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun, egutegian zehaztutako datetan.
13. oinarria.– Ziurtagiriak.
Gaitasun-probak gaindituz mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.eus atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, finantza-erakundeen bidez edo Internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urteetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.
14. oinarria.– Erreklamazioak eta gora jotzeak.
Egiaztatze-prozesu honetako interesdunak uste badu prozeduran, puntuazioen zenbatzean edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela, erreklamazioa jar dezake dagokion Epaimahaiaren aurrean; betiere, jarraian azaltzen diren datu zein agiriak aurkezten baditu:
– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.
– Nortasun-agiriaren zenbakia.
– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.
– Gertaera edo errakuntza hori izan dela erakusten duten agiriak edo frogak.
– Lurraldea, lekua, data eta egiaztatze-maila.
– Erreklamaziogilearen izenpea.
Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, onartuei buruzko erabakia hartu edota proben emaitzak ezagutzera eman eta biharamunetik kontatzen hasita; erreklamazioak, probak egin aurretik eta emaitza orokorrak onartu baino lehen ebatziko dira, hurrenez hurren.
Interesdunek, halaber, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo, horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak lurralde-arduradunari, mailaz mailako epaimahaiburuari edota Azterketa Batzordeburuari eska liezaieke errekurtsoaren mamiari buruzko txostena; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi honetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren baten irizpena ere eska lezake.
Erreklamazioak zein gora jotzeko errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira igorriko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea 3, 6.a., 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.
Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo deialdi honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.
15. oinarria.– Informazioa eta tramitazioa online.
Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.eus atariaren bidez egingo dira, azterketen gaineko erreklamazioei eta Administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.eus ataria erabiliz gauzatuko ditu oinarri hauetan horrela xedatutako izapideak.
16. oinarria.– Espedienteak ikusteaz.
Idazmen-ataleko eta mintzamen-ataleko kalifikazio-orriak eta azterketariak egindako irakurmen- eta idazmen-probak ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.eus atarian, baita bere mintza-saioa entzungai ere.
17. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.
Egiaztatze-deialdi honen kudeaketan horretarako sorturiko fitxategian tratatuko dira datu pertsonalak. HABEren Zuzendaritza Nagusia bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Zuzendaritza horren aurrean gauzatu ahal izango da. Fitxategi horretan jasotako datuen erabilera ondoren zehazten dena izango da:
– Deialdi honetan araututako prozeduren kudeaketa.
– HABEren Euskararen ezagutza egiaztatzeko agirien erregistroan gordetzea, 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 26. artikuluak dioenari jarraikiz.
– Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratura emandako ziurtagiriak helaraztea, urriaren 16ko 222/2012 Dekretuak agintzen duen moduan, deialdi honetan gaitasun-maila egiaztatzen dutenen datuak. Erregistro horren ardura Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariarena denez, datu horietara jo, datuak aldatu, aurka egin eta ezabatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaritzara jo beharko da.
– Maila egiaztatu duten ikasleei zuzendutako diru-laguntzen proposamena egiteko, horretarako deialdia onartzen bada, datuok HABEren zuzendari nagusiaren eskura jartzea.
Egiaztatze-prozesuan parte hartzeko bete beharreko eskabide-orriak datu pertsonalen babesaren gaineko argibideei buruzko klausula jasoko du.
Egiaztatze-deialdian parte hartuko duten administrazio-langileek eta berariaz izendaturiko kideek deialdiaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.
Prozesuko argitaratze-faseek publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak izango dituzte, eta erreklamatzeko epeak igaro arte bakarrik jasoko dituzte. Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango du, alegia, datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dutela eta euren helburu bakarra prozedura honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea dela adieraziz. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri, eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.
Egiaztatze-prozesua amaitu ondoren, lau trebetasunak neurtzeko egin probak prestakuntza eta ikerketarako erabili ahal izango dira, betiere datu pertsonalak bereizi ondoren, indarrean dagoen legediak agintzen duen moduan.
18. oinarria.– Jarduerak isilpean gorde beharra.
Aztertzaile, tutore, maila bakoitzeko epaimahaikide, Lurralde Batzordeetako kide, zein Azterketa Batzordeko kideen betebeharra da isilpean gordetzea, egiaztatzegintzari lotutako ezein eragileri buruz, beren egitekoen jardunean jakindako gertaera, ezagututako dokumentu, kalifikazio-proposamen, izandako eztabaida eta emandako egoerak.
II. ERANSKINA
2016. URTEKO DEIALDI IREKIAN B1 ETA B2 MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETAK: EBALUAZIO-IRIZPIDEAK, EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK
1.– Ebaluazio-irizpideak.
B1 eta B2 gaitasun-mailak egiaztatzeko azterketetan oinarri hartuko dira B1 eta B2 mailetako ebaluazio-irizpideak eta eskalak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren Aginduz 2015eko uztailaren 22an indarrean jarritako HEOCaren «Ebaluazioa» atalean jasotakoaren arabera.
2.– Ezaugarriak, antolamendu-modua, eta atalez ataleko kalifikazioak.
B1 maila: erabiltzaile independentea.
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko testu grabatua entzungo du, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua bereizi, xehetasun batzuk nabarmendu... Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.
Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira, izan aurrez aurreko solasaldietatik jasotakoak (elkarrizketa sinpleak, ipuinak, gertaerak, errezetak...), izan komunikabideetatik jasotakoak (albiste laburrak, eguraldi-iragarpenak, kontaketak, iragarkiak...) eta HEOCean B1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak. Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.
Mintzamena:
Probak hiru atal izango ditu:
a) sarreran, azterketariak aztertzailearekin elkarrizketa motz bat izango du eta hainbat gairi buruzko galderei erantzungo die (norberaren ezaugarriak, familia, zaletasunak, lana, bidaiak...);
b) aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpen laburra, pertsonen, gauzen zein tokien deskribapenak, kexa edo erreklamazioa...) eta B1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa);
c) bukatzeko, elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin elkarreraginean, emandako argazki bat oinarri hartuta.
Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen. Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu bigarren atala prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Irakurmena:
Azterketariak, emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra eta xehea eskatuko zaio, eta betiere, testutik informazioa ateratzea. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (lagunen gutunak, errezetak, ipuin eta kontaketa errazak, gai ezagunetako azalpen-testuak...), eta HEOCean B1 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.
Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 35 minutu ingurukoa.
Idazmena:
Azterketariak, gutxienez, 140 hitzeko testu bat edo 100 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (mezu laburrak, pertsonen, tokien eta gauzen deskribapen laburrak, gutun pertsonalak, kontaketa laburrak, eskari-gutunak, aholkuak eta gomendioak, curriculum vitaea...), eta B1 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).
Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna. Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 60 minutukoa izango da.
Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:
– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.
– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri.) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.
– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.
Horrez gain:
– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.
– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.
– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.
Antolaketa:
Deialdi ireki honen antolaketa lurraldeka eta lurralde bakoitzean barruti bateratuan egingo da. Deialdi honen antolaketarako egutegiak bi egun aurreikusiko ditu probok egiteko: lehenik, irakurmen- eta idazmen-probak batera egiteko; eta bigarrenik, entzumen- eta mintzamen-probak egun berean egiteko.
Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:
a) B1 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 30.
Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.
c) Emaitzak:
Irakurmena: gai/ez gai.
Idazmena: gai/ez gai.
Entzumena: gai/ez gai.
Mintzamena: gai/ez gai.
Guztira: gai/Ez gai.
B2 maila: erabiltzaile aurreratua.
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatu entzungo ditu, eta ulertu duela frogatzeko zenbait egiteko burutu beharko ditu: ideia nagusia jaso, informazio garrantzitsua bereizi, xehetasun batzuk nabarmendu... Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Entzun aurretik, azterketariak galderak irakurtzeko denbora jakin bat izango du eta, entzungai-motaren arabera, grabazioak behin edo bitan entzuteko aukera izango du.
Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira, izan aurrez aurreko solasaldietatik jasotakoak (gertaerak, kronikak, azalpen didaktikoak, prozesuen deskribapenak...), izan komunikabideetatik jasotakoak (albisteak, elkarrizketak, dokumentalak, kantak, bertsoak...) eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak. Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 25 minutu ingurukoa.
Mintzamena:
Probak hiru atal izango ditu:
a) sarreran, azterketariak aztertzailearekin elkarrizketa motz bat izango du eta hainbat gairi buruzko galderei erantzungo die (norberaren ezaugarriak, familia, zaletasunak, lana, bidaiak, osasuna...);
b) aurrez prestatutako gai bati buruzko ekintza komunikatibo bat gauzatuko du. Enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (azalpena, argudiozko adierazpena, kexa edo erreklamazioa, gertaeren kontaketak, pasadizo barregarriak...) eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa);
c) bukatzeko, elkarrizketa izango du aztertzailearekin edo beste azterketari batekin elkarreraginean, emandako argazki bat oinarri hartuta.
Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia eta ongi lotua den; 3) jarioduna eta ongi ahoskatua den; 4) aberatsa den eta 5) zuzen adierazi duen. Proba honek, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu bigarren atala prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Irakurmena:
Azterketariak, emandako testua edo testuak irakurri ondoren, zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra eta xehea eskatuko zaio eta betiere emandako testutik informazioa ateratzea. Testu guztiak maila honetako ekintza komunikatibo baten adierazle zuzen eta egokiak izango dira (toki publikoetako instrukzio edo argibideak, hitzaldi baten laburpena, katalogoak, prospektuak eta agiri ofizialak, administrazioko idazkiak, bilera-aktak, egunkariko erreportajeak, lan-egitasmoak...), eta HEOCean B2 mailarako zedarritutako edukiez osatutakoak.
Proba honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Probaren iraupena eskatutako egitekoa egoki betetzeak beharrezkoa duen neurrikoa izango da; eta betiere, 45 minutu ingurukoa.
Idazmena:
Azterketariak, gutxienez, 200 hitzeko testu bat edo 150 inguruko bi testu idatziko ditu, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa (administrazioko idazkiak, jakinarazpen-gutunak, erreportaje edo albiste baten laburpena, argudio-testu laburrak, biografiak...), eta B2 gaitasun-mailari dagokion egoera eta testuinguru jakin bat (erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa).
Ekintza komunikatiboaren ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia; 3) kohesioa; 4) aberastasuna eta 5) zuzentasuna. Proba honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 75 minutukoa izango da.
Hitzak zenbatzeko, irizpideok erabiliko dira:
– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.
– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.
– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.
Horrez gain:
– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko dira, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.
– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.
– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.
Antolaketa:
Deialdi ireki honen antolaketa lurraldeka eta lurralde bakoitzean barruti bateratuan egingo da. Deialdi honen antolaketarako egutegiak bi egun aurreikusiko ditu probok egiteko: lehenik, irakurmen- eta idazmen-probak batera egiteko; eta bigarrenik, entzumen- eta mintzamen-probak egun berean egiteko.
Kalifikazioak, ponderazioa eta emaitzak:
a) B2 mailako proben kalifikazioak honela emango dira:
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 26.
Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.
c) Emaitzak:
Irakurmena: gai/ez gai.
Idazmena: gai/ez gai.
Entzumena: gai/ez gai.
Mintzamena: gai/ez gai.
Guztira: gai/ez gai.