EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016116

AGINDUA, 2016ko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie unibertsitatez kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei, hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten, 2016-2017 ikasturtean.

Xedapenaren data: 2016-06-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201602660
Maila: Agindua
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen, 2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuteko, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria da eskuratutako ikaskuntzak transferitu, bideratu eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzeko.
Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako irteerako profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak.
Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren arabera, hauek garatu behar ditu Oinarrizko Hezkuntzak era integralean: pertsonaren gaitasunak, eta norberaren errealizazio eta garapenerako bizi osoan zehar beharko dituen oinarrizko eskumenen lorpena, herritar aktiboak, gizarteratzea eta enplegua. Ikasleek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziak dira ikasleen irteera-profil orokorra, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakin dezaten. Eta, hori lortzeko, konpetentzien profil egokia eduki behar dute euskal hezkuntza-sistemako irakasleek, baldintza onenetan bete ahal izateko beren egitekoak eta lanak. Honela, bada, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten, eta hezkuntza arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jarduerak ezaugarrituko dira, besteak beste, bikaintasuna sustatzeagatik hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatuz eta profesionalen arteko lankidetza-prozesuak laguntzeagatik (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).
Testuinguru horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, EAEko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan, euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak jasotzen dira, eta, bertan, garrantzi berezia izango dute konpetentziaren araberako eredua aplikatuz Oinarriko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Plan horretan jasotzen den ildo estrategikoetako bat da «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» bultzatzea. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako 2014-2017 aldirako Prest Gara Planaren lehentasuneko jardun-ildo bat ere bada. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean aldaketaren eragile nagusi baten, hau da, irakasleen mende dagoela hezkuntza hobetu asmo duen ekimen oro, irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende baitago hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza.
Zuzentasun eta bikaintasun hori lortzeko, etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetu behar da ikastetxeko heziketa-lana eta ikasketa. Eta hezkuntza-komunitate osoa, bai hezkuntza-zentroa, bai irakasleak eta gainontzeko profesionalak, baita familiak ere, funtsezko eragileak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eta etengabeko hobekuntza prozesuaren eragile aktibo izan behar dute.
Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, inpaktu nabaria izan dezaten, hasierako egoera aldatzen dela ikusteko gisan. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek inpaktu handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie, eta antolaketa aldatzeko bidea izan daitezke. Hori dela eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, inpaktu positibo bat sorraraziz ikastetxearen ohiko dinamikan eta lan-praktika egokiak partekatuz, bai ikastetxean bertan bai beste ikastetxeekin, eta horrela «inter pares» prestakuntzaren balioa azpimarratuz.
Horiek horrela, bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 9/2015 Legearen bidez onartutako kredituak aintzakotzat hartuta, aurrekonturik badagoenez, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapen orokorren arabera, honako hau
EBAZPEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea 2016-2017 ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean jarraian zehaztuko den prestakuntza-proiektu motaren bat egiten duten unibertsitatez kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik–:
– Berrikuntza-proiektu integralak.
– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
– «Partekatuz ikasi» esperientziak.
2. artikulua.– Onuradunak.
Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo -motak emateko baimena badute, heziketa-zikloetako irakaskuntzak soilik ematen dituztenak izan ezik.
3. artikulua.– Deialdiaren hornidura ekonomikoak eta diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 550.000 euro bideratuko dira.
2.– Hornidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagun daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:
a) 104.000 euro berrikuntza-proiektu integraletarako, lurraldeka honela banatuta: 16.000 euro Arabarako, 50.000 euro Bizkairako eta 38.000 euro Gipuzkoarako.
b) 362.000 euro hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 60.000 Arabarako, 170.000 euro Bizkairako eta 132.000 euro Gipuzkoarako.
c) 84.000 euro «Partekatuz ikasi» esperientzien ikastetxe tutoreetarako.
3.– Lehiaketa bidezko prozeduraren bidez esleituko da lurralde historiko bakoitzeko eta diruz lagun daitekeen proiektu-mota bakoitzeko zenbatekoa. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik hornituko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 14. artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu-kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortzen duten puntu-kopuruari jarraituz hornituko dira diruz, goitik behera, onuradunen gehieneko muga bete arte edo, dagokionean, dagokion prozedurari esleitutako diru-kopurua agortu arte.
4.– Ebazpenaren helburu izango dira, lehenik, berriztatzeko proiektu integralei dagozkien prozedurak. Berriztatzeko proiektu integralei dagozkien prozedurak ebatziko dira lehenik eta behin, eta prozeduraren batean esleitutako diru-hornidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahikoa aurkeztu ez delako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino baxuagoak direlako, soberan geratzen den zenbatekoa lurralde historiko horretako berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagokien hornidurari gehituko zaio. Bigarrenik, praktika egokien esperientziei dagokien prozedura ebatziko da. Baldin eta dirurik gelditzen bada «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokien prozedura ebatzitakoan, dagokion lurralde historiko bakoitzari hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako esleitutako kopuruari gehituko zaio sobera geratzen den zenbatekoa, proportzioan. Azkenik, berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatziko dira. Era berean, baldin eta dirurik gelditzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagokien prozeduratakoren bat ebatzitakoan, gainerako lurralde historikoei esleitutako kopuruari gehituko zaio sobera geratzen den zenbatekoa, proportzioan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Deialdi honen kargura, zentro eskatzaile bakoitzak proiektu-modalitate bakarrerako eskuratuko du finantzaketa. Nolanahi ere, 1. artikuluan jasotako modalitate bakoitzerako eskabidea aurkez daiteke. Kasu horretan, honela jardungo da:
– Baldin eta ikastetxe batek proiektu-mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia bera bada, hautaketa-prozeduretatik kanpo geratuko dira biak.
– Baldin eta ikastetxe batek proiektu-mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta proiektuen edukia ezberdina bada, berrikuntza-proiektu integrala baloratuko da lehenik, eta, dirurik ematen bazaio, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez da sartuko balorazio-fasean, eta dagokion esleipen-prozeduratik kanpo geratuko da.
2.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den dirua, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru-zuzkidura; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek haren barruko jarduerak egitekoak. Prestakuntza-jardueraren gastu gisara hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundearen aurrekontuaren arabera–, eta hizlariaren lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak. Hala ere, «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, parte hartzen duten ikastetxe batetik bestera ibiltzeko gastuak ordaintzeko bideratu ahal izango da emandako diru-laguntza, ikastetxe tutoreak eragindako gastuak ordaintzea baita «Partekatuz ikasi» modalitaterako diru-laguntzaren xedea.
3.– Proiektuari atxikitako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31 artikuluan xedatuaren arabera, gehieneko hauekin, betiere:
– 3.000 euro, berrikuntza-proiektu integral berrietarako.
– 2.000 euro, 2015-2016 deialdian modalitate horretarako dirua eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralen bigarren urtean burutzeko.
– 1.000 euro, 2014-2015 eta 2015-2016 deialdian modalitate horretarako dirua eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralen hirugarren urtean burutzeko.
– 2.000 euro, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.
– 1.500 euro, «Partekatuz ikasi» esperientzien ikastetxe tutoreetarako, tutoretzapeko zentro bakoitzeko.
5. artikulua.– Baztertzeak.
Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:
a) «Eleaniztasunerantz» eleaniztasuna bultzatzeko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan dagoelako.
b) Ikastetxe batek aurkezten dituen berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta haien edukia bera bada.
c) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira eta ez irakatsi eta ikasteko prozesuena.
d) Heziketa-zikloei besterik ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
e) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta aurkezten dituzten ikastetxeek horrelako proiektuak egiteko zuzkidurarik eskuratu bazuten aurreko bi ikasturteetan (2014-2015 eta 2015-2016) eta proiektua berria ez bada edo aurreko ikasturtean landutako gaiak garatzen ez baditu.
f) «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko eskabideak, baldin eta ikastetxeak ez baditu haiek aurrera eramateko hiru pertsona gutxienez.
g) «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko eskabideak, baldin eta ikastetxeek esperientzia berean parte hartzeko dirua eskuratu bazuten 2015-2016 ikasturtean.
6. artikulua.– Berriztatzeko proiektu integralak.
1.– Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira hezkuntza berriztatzeko proiektu integralak, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak izateagatik, ikasturte bat baino gehiago behar dute horrelako gaiek, baita hezkuntza-komunitatearen akordioa ere. Heziberri 2020 Planaren esparruan, hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezko hobekuntzak sartzeko, gaitasunetan oinarritutako ikuspegitik.
2.– Ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta hobekuntza-plana izango dute erreferentetzat hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek –ebaluazio diagnostikoaren ondorio da ikastetxeko hobekuntza-plana–, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finkatutako oinarrizko gaitasun edo ildo nagusi bati edo gehiagori helduko diote. Bere esku ezarritako http://www.proiektuak.net aplikazio informatikoan, proiektu integralaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak bete beharko ditu interesa duen ikastetxeak, eta ikastetxearen hobekuntza-plana erantsiko dio.
Honako atal hauek izan behar ditu planak:
● Diagnostikoa.
● Helburu estrategikoak.
● Helburu orokorrak.
● Hartzaileak.
● Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
● Aurrekontua.
● Plangintza eta gauzatzeko egutegia ● Garapen-faseak eta epeak.
● Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.
3.– 2015-2016 edo 2014-2015 deialdietan berriztatzeko proiektu integral bat egiteko diru-laguntza eskuratu zuten eta 2016-2017 ikasturtean ere diru-laguntza eskuratu nahi duten ikastetxeek aurreko paragrafoan aipatutako atalak adieraziko dituzte luzapen-eskabidean, proiektuaren bigarren edo hirugarren urteari dagozkionak.
4.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean sartuta egon behar du klaustro osoak. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.
7. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
1.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren batean ekitea, ikasturte bakar baten barruan. Heziberri 2020 Planaren esparruan, zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek ikastetxeei, eta, era berean, aukera eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukitik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko.
2.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek kontuan izango dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, hortaz, honako hauek izango dituzte erreferentzia nagusitzat: batetik, ebaluazio diagnostikotik sortzen den hobekuntza-plana eta, bestetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finkatutako ildo nagusiak. Gainera, arreta berezia jarriko dute irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta oinarrizko gaitasunen garapenean. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. http://www.proiektuak.net estekako aplikazio informatikoan, proiektu integralaren edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak adieraziko dituzte ikastetxeek, eta, dagokionean, ikastetxearen hobekuntza-plana erantsiko dute.
Honako atal hauek sartu behar dira barruan:
– Diagnostikoa.
– Helburu estrategikoak.
– Helburu orokorrak.
– Hartzaileak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
– Aurrekontua.
– Plangintza eta gauzatzeko egutegia – Garapen-faseak eta epeak.
– Proiektua ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.
3.– Ez da eskabiderik onartuko baldin eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak ez badira 2014-2015 edo 2015-2016 ikasturteko deialdian ikastetxe berek aurkeztutako proiektuen errepikapena besterik.
4.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar da gutxienez, eta kontuan hartuko dira proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten lagunak. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.
8. artikulua.– «Partekatuz ikasi» esperientziak.
1.– «Partekatuz ikasi» esperientziak irakasleak bikaintasunerako prestatzeko modu bat dira: ikastetxe batek laguntza eta orientabidea eska diezaioke ikastetxe tutore bati, bikaintzat jotzen diren eta eredugarriak diren praktika pedagogikoen berri izateko eta haiek gauzatzeko lehenengo pausoak emateko. http://www.proiektuak.net estekako aplikazio informatikoan, proiektu integralaren edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak adieraziko dituzte ikastetxeek, eta, hala dagokionean, dokumentu bat erantsiko dute, «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko arrazoiak azaltzeko. Era berean, ikastetxeko hobekuntza-plana erantsiko dute.
2.– Ez da «Partekatuz ikasi» esperientzia jakin batean parte hartzeko eskabiderik onartuko baldin eta ikastetxeak esperientzia berean parte hartu eta horretarako dirua eskuratu bazuen 2015-2016 ikasturtean.
3.– Deialdi honen II. eranskinean datoz ikastetxe eskatzaileen eskura dauden «Partekatuz ikasi» esperientziak eta erreferentziazko ikastetxeak. Eskabidean, ikastetxe bakoitzak adieraziko du zer «Partekatuz ikasi» esperientziatan parte hartu nahi duen; gehienez, hiru adieraziko ditu, eta bere lehentasunaren arabera ordenatuko. «Partekatuz ikasi» esperientzia eskatzeko, ezinbestekoa da ikastetxe eskatzaileak eta ikastetxe tutorea itunpeko ikastetxe pribatuen elkarte edo federazio berekoak izatea. Ez da onartuko II. eranskinean ez dauden jardueretarako eskabiderik.
4.– «Partekatuz ikasi» esperientzia baterako eskabideak gehiegizkoak badira ikastetxe tutoreen ahalmenerako, honako hauek izango dute lehentasuna, ikastetxe gehiagok izan dezaten metodologien berri: lehenik, aurrez esperientziarekin zerikusirik izan ez duten eta erreferentziazko ikastetxeekin edo prestakuntza-sareekin lotutako prestakuntza-saio eta mintegietan parte hartu ez duten ikastetxeek; Horren harira, txostena eskatuko zaio ikastetxe eskatzaileari dagokion elkarteari edo federazioari. Bigarrenik, 2016-2017 ikasturteko deialdian berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat egiteko finantzaketarik lortzen ez dutenek; eta, azkenik, ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek. Lehenengo adierazten duten esperientzia egin ezin duten ikastetxeek, bigarren aukerarekin jarraituko dute prozeduran edo, ahal dagokionean, hirugarrenarekin.
5.– «Partekatuz ikasi» esperientziek barnean hartuko dituzte garatzeko beharrezkoak dituzten prestakuntza- edo berrikuntza-jarduera guztiak: bisitaldiak (hiru gutxienez ikastetxe eskatzailera, eta bat ikastetxe tutorera), batzarrak, ikasgelarako sarrera, materialen eskuratzea edo prestakuntza-saioak. Akordio batean, «Partekatuz ikasi» esperientzia gauzatzeko lan-egitasmoa adostu eta sinatuko dute ikastetxe eskatzaileak eta ikastetxe tutoreak, III. eranskineko ereduari jarraikiz.
6.– Edukiaren arabera, departamentu batek, arlo batek, hezkuntza-etapa batek edo klaustro osoak edo haren zati batek parte hartu ahalko dute «Partekatuz ikasi» esperientzietan. «Partekatuz ikasi» esperientzia bakoitzak 15 ordu izango ditu gutxienez garatzeko eta gauzatzeko.
7.– «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, ikastetxe eskatzaileak dagokion itundutako ikastetxeen elkartearen edo federazioaren txostena erantsiko du, honako hauek bilduko dituena: ikastetxe bakoitzak esperientziaren edukian egindako bidea, parte hartzen ari den proiektuen zerrenda eta parte-hartzearen egokitasunari buruzko balorazio bat, aurreko gaiak aintzat hartuz.
9. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.
1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 11. artikuluan xedatuarekin bat, eta euren proiektuaren edo «Partekatuz ikasi» parte hartzeko eskabidearen edukia 6., 7. eta 8. artikuluetara doitu.
2.– Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:
● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.
● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
Hori dela eta, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.
3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
5.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:
– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.
– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ezagutzen duela proiektua eta onartu egin duela.
– Proiektuaren datuak bete dituela http://www.proiektuak.net-en.
10. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.
1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du proiektu integrala eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla; eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.
2.– Ikastetxeak bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal ditu proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.
3.– Proiektu integral bat edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza proiektu bat onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat gutxienez izango dute Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz.
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira euskadi.net-en, https://www.euskadi.net, egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoen bidez, 2016ko irailaren 9a arte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bat aurkeztu ahalko du, hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuaren modalitate bakoitzeko. Modalitate bererako eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, horiek guztiak ezetsiak izango dira.
2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2016/bikaintasunerantz/y22-izapide/es 1. artikuluko proiektu-mota baterako edo gehiagorako eskabide egin ahalko dute ikastetxeek.
3.– Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones-en bidez egin beharko dira.
4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, eskabidea egin duen ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.
12. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak.
13. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu.
– Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunek edo haiek izendatutako ordezkariek.
– Berritzeguneko zuzendari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta.
– Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari batek, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.
14. artikulua.– Eskabideak hautatzea.
1.– Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskabideak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.
2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahalko dizkio laguntza-zerbitzuei.
3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dizkio. Onartzeko proposatzen diren berrikuntza-proiektu integralak, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eta «Partekatuz ikasi» esperientziak adieraziko ditu proposamenean, baita bakoitzari ematea proposatzen duen zenbatekoa ere. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaizkie interesa duten ikastetxeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ohartemandako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
16. artikulua.– Ziurtagiriak.
Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jasotzen duen bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu-mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu proiektu integralei dagokienez, 30 ordu hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagokienez, eta 15 ordu «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.
17. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.
Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako beste edozein laguntzarekin, nahiz iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak.
18. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.
Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.
c) Zertarako ematen den diru-laguntza, bada horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integrala, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua edo «Partekatuz ikasi» esperientzia eta bertako jarduerak egiteko erabiltzea.
d) Tokiko Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin kolaboratzea proiektuaren edo esperientziaren aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.
e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako dirua dela eta.
f) Proiektua edo «Partekatuz ikasi» esperientzia gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.
g) Berrikuntza-proiektu integralak egiteko dirua esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartzea, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere).
19. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:
a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 67; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, berariazko ukapenik egon ezean.
b) Bigarren igorpena 2017an egingo da, hurrengo atalean aurreikusitako baldintzen arabera emandako diru-laguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.
2.– 2017ko ekainaren 15a baino lehen, proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dute zentro onuradunek http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunean.
Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.
Justifikazio-kontuan jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbiderapenen berri ere eman beharko da.
3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko) eta berrikuntzarako prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Gipuzkoakoak), diru-laguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok, hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak –diru-laguntzei buruzko arauak ezarritakoak– errespetatzen badira, betiere. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.
21. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du bikaintasuneranzko aukeratutako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakaslegoaren Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.
2.– Baldin eta ikasturtean zehar gorabeheraren bat gertatzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, eskualdeko Berritzeguneko zuzendaritzak Lurraldeburutzari jakinaraziko dio eta egoki iritzitako txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek deialdi hau egoki betetzeko bidezko neurriak hartu ahal izan ditzan.
3.– «Partekatuz ikasi» esperientzietako ikastetxe tutoreek esperientzien bilakaerari buruzko txosten bat egingo dute ikasturte bukaeran, eta ikastetxe bakoitzak izandako parte-hartzea ebaluatuko dute. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari helaraziko diote txostena, 2017ko ekainaren 15a baino lehen.
4.– Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu onartuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso behar dira, eta, hala ez bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.
22. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
b) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.
c) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.
d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
e) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo emakida-ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
23. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da administrazio-prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKAERAK EBALUATZEKO BAREMOA
II. ERANSKINA
«Partekatuz ikasi» ESPERIENTZIAK
III. ERANSKINA
«PARTEKATUZ IKASI» ESPERIENTZIETAN PARTE HARTZEKO AKORDIOA