EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016116

92/2016 DEKRETUA, ekainaren 14koa, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia SA (Aparkabisa) sozietatearen kapital-gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak parte hartzeko baimenari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201600092
Xedapenaren data: 2016-06-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201602657
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1983/02/19an argitaratutako 1982/12/20ko 198200242 DEKRETUA
  • Ikus 1985/12/24an argitaratutako 1985/12/03ko 198500375 DEKRETUA
  • Ikus 2014/04/29an argitaratutako 2014/04/15eko 201400064 DEKRETUA

Europako herrialdeen arteko merkataritza-harremanak areagotzearen ondorioz eta garraio-sektoreak hartu duen garrantzia ekonomikoaren ondorioz, aipatu bezalako zentroak sortu dira Europan; zentro horiek, hain justu ere, garraioko eskariaren eta eskaintzaren arteko harremana erraztu eta koordinazio intermodala ahalbidetzen dute, eta enpresen koordinazioa, kudeaketa eta antolaketa hobetzen.
Abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaren bidez, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia SA (Aparkabisa) sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sozietate publiko gisa eratu zen, baina abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaren bidez galdu zuen izaera hori. Sozietate horren xedea da Bizkaiko Lurralde Historikoan garraio-zentro integratuak eta ibilgailu astunetarako aparkalekuak sustatu, prestatu eta ustiatzea.
Hitzartutako gehikuntza baino lehenagoko sozietate-kapitala hogeita bederatzi milioi berrogeita bat mila ehun eta hogeita bederatzi (29.041.129,00) eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bost milioi zazpiehun eta laurogeita hamazazpi mila laurehun eta hogeita hiru (5.797.423,00) euroren partaidetza eta sinadura du, alegia, kapitalaren % 19,9628.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Erkidegoan kokaturiko garraio-zentro integratuak sustatzeko duen politikari jarraikiz, kontuan hartu da Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia SA (Aparkabisa) sozietateak bere kapital soziala gehitzeko egindako aurreikuspen-txostena. Hortaz, sozietatearen kapitala seiehun eta laurogei mila eta bederatziehun eta hamaika (680.911) eurotan gehituko da; gehikuntza hori bi mila zortziehun eta berrogeita bederatzi (2.849) akziotan ordezkatuta egongo da, eta horietariko bakoitzak berrehun eta hogeita hemeretzi (239) euroko balio izendatua izango du.
Kapital-gehikuntzari buruzko aurreikuspen-txostena aztertu ostean, egokitzat jo da, helburu horri begira, kapital horren gehikuntzan parte hartzea. Ondorioz, EAEko Administrazioak sozietatearen kapitalean % 19,9630eko partaidetza izango du, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozeduraren arabera.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2016ko ekainaren 14an egindako Gobernu Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau:
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de transportes de Bizkaia SA sozietatearen Akziodunen Ohiko Batzar Nagusiak gehikuntza onartu ahal izango du; hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ehun eta hogeita hamabost mila bederatziehun eta laurogeita hamaika (135.991) euroko ekarpena eginez gauzatuko da gehikuntza eta, ondorioz, sozietatean % 19,9630eko partaidetza izango du aurrerantzean.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko behar diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak sozietatearen estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, bai eta, oro har, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko behar diren gainerako jarduketetan aritzeko ere.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 14an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.