EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016116

AGINDUA, 2016ko ekainaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen duen agindua, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez.

Xedapenaren data: 2016-06-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201602648
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/07/29an argitaratutako 2011/07/15eko AGINDUA aldatzen du [201103798]
  • Ikus 2014/07/08an argitaratutako 2014/06/26ko AGINDUA [201403072]

Ikasturtearen hasierak planifikatzeko eta langileak kokatzeko prozesu batzuk egitea dakar eta ikasturte-hasierako esleipena da prozesu horien azken fasea. Esleipen horretan irakaskuntza-lanpostu libreak ondorengo pertsonei esleitzen zaizkie: behin-betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioei, hautatze-prozesuetan hautatuak izan direnei eta ordezkapenak egiteko ordezkogaien zerrendetan daudenei. Parte hartuko duten pertsonen zerrenda antolatu bat ezarri behar da eta, gainera, zerrenda horiek kudeatzeko orduan kontuan hartu beharreko argibide edo arauak finkatu behar dira derrigorrean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartu zuenak) arlo hau arautzen du ordezkogaiei begira, eta, horrela, uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duenak) 17.1 artikuluan xedatutakoa betetzen da.
Bestalde, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren bidez arautzen da irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokien ikasturte-hasierako esleipen-prozesua.
Agindu hori lehen aldiz aldatu zen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez. Aldaketak honako helburu hauek izan zituen: Agindua Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuan (otsailaren 21eko 21/2012) ezarritakoari egokitzea; ordezkogaien zerrendetako kolektiboen egituraketan izandako aldaketak eguneratzea; bestelako autonomia-erkidego batzuetan esleitzeko erreserba-aukeraren idazketa argitzea; eta esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak espresuki jasotzea.
Agindu honek bigarren aldiz aldatzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Agindua. Kasu honetan, aldatu egiten dira 13., 20. eta 32. artikuluak, eta kendu egiten dira Hezkuntzako lurralde ordezkaritzen iragarki-tauletan egin beharreko argitalpenen erreferentziak, honako xedapen hauetan zehaztutakoak: 2. artikuluko 7. eta 8. zenbakiak, 3. artikuluko 2. zenbakia, 5. artikulua, 15. artikulua, 21. artikuluko 6. zenbakia, 37. artikulua, lehenengo xedapen gehigarriko 2. zenbakia eta bigarren xedapen gehigarria. Horrez gain, kendu egiten dira II. eta III. eranskinak, eta eranskin horiei buruzko aipamenak, artikulu hauetan jasoak:: 2. artikuluko 4. eta 8. zenbakiak, 13. artikuluko 4. zenbakia, 20. artikuluko 2. zenbakia, 25. artikuluko 1. zenbakia eta 28. artikuluko 2. zenbakia.
Aldaketa horiek helburu hauek dituzte:
13. artikulua eskaera orokorren garapenari buruzkoa da. Bertako 4. zenbakiak eskaera mota horretako lanpostuak ordenatzeko modua ezartzen du; zehazki, e) letrak ezartzen du derrigorrezkotasun bakoitzaren barnean jarraitu beharreko ordena. Etorkizunean egungo araudian jasotzen ez diren beste mota bateko lanaldi murriztuak sortzeko aukera ez mugatzeko, alderdi honen idazketa zabalagoa egiten da.
20. artikuluak lanpostuen espezialitateak barne hartzen dituzten talde generikoak zehazten ditu. Zenbaki horiek aldatu egin behar dira, ikasturte hasierako prozeduren esparruan sartzeko Arte Dramatiko eta Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzetako espezialitate berriak. Horiek ordezkagaien zerrendetako kolektiboen egituraketan sartzen dira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko ekainaren 8ko Aginduaren bidez egindako 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren hirugarren aldaketaren bidez. Horren ondorioz, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola (Dantzerti) sortu zen.
32. artikuluak ondoriozko lanpostuetan ofizioz finkatzeko azpifasea aipatzen du, ikastetxean finkatzeko fasearen barnekoa. Artikulu horrek ez du berariaz aipatzen esleitu beharreko lanpostuen lanaldi mota. Hain zuzen ere, lanpostu horiek lanaldi osokoak dira. Beraz, lanaldi mota zehaztu da, osoa dela adieraziz.
Egin beharreko argitalpenei dagokienez, kendu egiten dira Hezkuntzako lurralde ordezkaritzen iragarki-tauletakoak, eta bere horretan uzten dira irakaslegunearen bidez eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunearen bidez egiten direnak, baldin eta hala badagokie; izan ere, gaur egun, teknologia berriek esleipen-prozesuari buruzko informazioa eskuratzeko aukera ematen dute, ohiko euskarri fisiko batean eduki beharrik gabe, eta horregatik interesdunen eskubideak kaltetu gabe.
Azkenik, II. eranskinean «Ikastetxeen antolamendua» eta III. eranskinetan «Taldeen, espezialitateen eta lanpostuaren beste ezaugarri batzuen antolamendua» aldaketa ugari egin dira ikasturteetan zehar. Hori dela eta, eranskin horien edukia eguneratu ahal izateko, agindu hau aldatu beharrik gabe, eranskin horiek urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean sartuko dira. Hartara, ordeztu egiten dira artikuluetan eranskin horiei egindako aipamenak, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen horri buruzko aipamenak jarri. Beraz, I. eranskina «Eskaera-eredua» izango da Aginduaren eranskin bakarra.
Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea 2011ko uztailaren 15eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Agindua honela aldatzen da:
Bat.– Aldatu egiten dira 2. artikuluaren («Lanpostuak») 4., 7. eta 8. zenbakiak, eta honela gelditzen dira idatzita:
«4.– Lanpostu ibiltariak, bereziak eta lanaldi murriztukoak ezaugarri horiek ez dauzkaten gainerako lanpostuak bezalaxe esleituko dira. Agindu honen 13. eta 14. artikuluetan aipatzen diren eskaera generikoak garatzean zein nahitaezko eskaerak sortzean izango dira kontuan.
Hala ere, lanaldi murriztuko lanpostuak irakasleen ordezkogaien zerrendan aukera hori egin duten pertsonei soilik esleituko zaizkie. Prozesu horretarako, lanaldi motak Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean agertzen direnak dira, lanpostu bakoitzak duen ordu kopuruaren arabera.
7.– Prozesuko lanpostuak hura hasi aurretik jarriko dira jendaurrean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean, haien ezaugarriak biltzen dituen zerrenda baten bidez. Hala badagokio, ezaugarri bereziak dituen lanpostua dela edo praktika-aldia egiteko ezin hauta daitekeen lanpostua dela adieraziko da.
Argitaratzeko egunak prozedurarako deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko dira.
Lanpostuak interesdunei jakinarazteko bestelako modu batzuk ere erabil daitezke.
8.– Urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean zehaztutako espezialitateetan aurreikusi gabeko lanpostuak, edo ebazpen horretan bertan jaso ez den tipologia bateko ikastetxeetako lanpostuak esleitu behar badira, ezaugarri bereziak dituzten lanpostutzat joko dira.
Lanpostu horien eskaera-kodeak eta ezaugarriak Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez argitaratuko dira, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean jarriko dira jendaurrean».
Bi.– Aldatu egiten da 3. artikuluko («Parte-hartzaileak») 2. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«2.– Ez dute nahitaez parte hartu beharko ordezkogaien zerrendako pertsonek, baldin eta Langileriaren Kudeaketako zuzendariak ebazpen bidez ezarritako puntuazio minimoa baino txikiagoa badute. Ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean jarriko da jendaurrean.
Nahitaez parte hartzeko muga gisa jarritako puntuazioa hutsik dauden lanpostuak betetzeko pertsona kopurua kalkulatu ondoren zehaztuko da, eta aurreko ikasturtean azken lanpostua esleitzeko erabilitako puntuazioa hartuko da kontuan.»
Hiru.– Aldatu egiten da 5. artikulua («Prozedura irekitzea eta egutegia»), eta honela gelditzen dira idatzita:
«5. artikulua.– Prozedura irekitzea eta egutegia.
Agindu honetan araututako prozedura urtero irekiko da Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, eta ekaineko bigarren hamabostaldian jarriko da jendaurrean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean; bertan zehaztuko da egutegia».
Lau.– Aldatu egiten da 13. artikuluko («Eskaera generikoak garatzea») 4. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«4.– Eskaera generiko bateko lanpostuak honela ordenatuko dira:
a) Urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean ezarritako lurralde historikoa-bilgunea-udalerria-ikastetxea ordenaren arabera.
b) Ikastetxe bakoitzaren barruan, urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean ezarritako talde eta espezialitateen ordenaren arabera.
c) Espezialitate bakoitzean, 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak 1. hizkuntza-eskakizunekoak baino lehen.
d) Hizkuntza-eskakizun bakoitzaren barruan, derrigorrezkotasun beteak atzeratuak baino lehen.
e) Derrigorrezkotasun bakoitzean, lanaldi osoko lanpostuak murriztuak baino lehen esleituko dira, eta azken horien artean, iraupen handiagoko lanaldia dutenak iraupen laburragoko lanaldikoak baino lehen.
f) Lanaldi bakoitzean, ez-ibiltariak ibiltariak baino lehen esleituko dira.
g) Azkenik, lanpostu ez-bereziak bereziak baino lehen».
Bost.– Aldatu egiten da 15. artikulua («Datu pertsonalak erabiltzea»), eta honela gelditzen dira idatzita:
«15. artikulua.– Datu pertsonalak erabiltzea.
Parte-hartzaileen datu pertsonalak agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko bakar-bakarrik erabiliko dira, eta horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendaria da, eta harengana jo beharko da datuotan sartu, datuok zuzendu, ezeztatu eta aurkatzeko eskubideez baliatzeko (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Parte-hartzaileek baimena ematen dute datu pertsonalak agindu honetan adierazitako moduan eta xedeaz erabiltzeko; era berean, baimena ematen dute datuok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) eta irakaslegunean argitaratzeko, prozedura honetako tramiteak betetzeko soilik. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari haren artxiboetan beraiei buruz duen bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozedurarako aproposa bada.
Izapidetze osoan zehar, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zaindu egingo du bete egiten dela Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean (Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa) xedatutakoa».
Sei.– Aldatu egiten da 20. artikuluko («Ezaugarriak») 2. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«2.– Eskubidea sortu duen lanpostuaren espezialitateari dagokion taldeko espezialitateetako lanpostuetarako soilik da finkatzeko eskubidea.
Prozedura horretarako, espezialitate bakoitza zortzi talde generiko hauetako baten barruan dago, urtero ikasturte hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean ezarritakoari jarraituz:
a) 1. taldea. Maisu-maistrak.
b) 2. taldea. Bigarren Hezkuntza.
c) 3. taldea. Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.
d) 4. taldea. Hizkuntza Eskola Ofizialak.
e) 6. taldea. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak.
f) 7. taldea. Musika-irakaskuntzak.
g) 8. taldea. Arte Dramatikoko goi-mailako arte-irakaskuntzak.
h) 9. taldea Dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzak».
Zazpi.– Aldatu egiten da 21. artikuluko («Finkatzeko eskubidea duten pertsonak») 6. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«6.– Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean jarriko dira jendaurrean talde bakoitzean finkatzeko eskubidea duen pertsona kopurua eta pertsonak».
Zortzi.– Aldatu egiten da 25. artikuluko («Baldintzak») 1. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«1.– Fase honetako parte-hartzaileek lanpostuak betetzeko baldintza guztiak betetzen dituzten lanpostuak eskuratuko dituzte, espezialitateari, eskolak emateko hizkuntza-eskakizunari, esparru geografikoari, lanaldi motari, zeinu-mintzairari, hirueletasunari eta lanpostuaren gainerako ezaugarriei dagokienez ordezkogaien zerrendan agertzen diren aukeren arabera, baldin eta parte hartzen ari diren taldeko lanpostuak badira.
Lanpostua espezialitatearen arabera eskuratzeko baldintza da espezialitate bakoitzerako urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean datorren taulan zehazten den zerrendan edo zerrendetan 1. kidetasunarekin agertzea eta, hala badagokio, adierazitako baldintza betetzea».
Bederatzi.– Aldatu egiten da 28. artikuluko («Ezaugarriak») 2. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«2.– Esleipena irizpide hauen arabera egingo da:
a) Lehenik, parte-hartzaileak aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren talde, espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasun-data bereko lanpostuetan finkatuko dira, baldin eta zerrendan horiek eskuratzeko aukera guztiak badituzte.
b) Ondoren, lanposturik lortu ez dutenak ikastetxean talde berean hutsik dauden lanpostuetan finkatuko dira. Lehenik, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun bereko, baina beste derrigorrezkotasun-data batekoetan. Horrelakorik ez badago, espezialitate bereko eta beste hizkuntza-eskakizun batekoetan. Azkenik, beste espezialitate bateko lanpostuetan, urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako ebazpenean ezarritako espezialitate-ordena kontuan izanda».
Hamar.– Aldatu egiten da 32. artikulua («Ezaugarriak»), eta honela gelditzen dira idatzita:
«32. artikulua.– Ezaugarriak.
Azpifase honetan, aurreko azpifasea amaitutakoan hutsik geratu diren lanaldi osoko lanpostuak ofizioz esleituko ditu administrazioak, irizpide hauen arabera:
a) Lehenik, aurreko ikasturtean betetako lanpostuaren talde, espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta derrigorrezkotasun-data bereko lanpostu bat bete zuten pertsonei, eta une horretan lanpostu esleiturik gabe edo hasierako lanpostuetan bestelako ezaugarrietako lanpostu batekin daudenei.
b) Bigarrenik, une horretan lanposturik gabe dauden beste pertsonei».
Hamaika.– Aldatu egiten da 37. artikulua («Esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpena»), eta honela gelditzen dira idatzita:
«37. artikulua.– Esleitzeko behin-behineko eta behin betiko ebazpena.
Lanpostuen behin-behineko esleipena prozesuaren fase guztiak amaitutakoan erabakiko da, Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, eta irakaslegunean eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka erreklamazioak aurkez daitezke irakaslegunean eskuragarri dagoen aplikazio elektronikoaren bidez, http://www.irakasle.eus helbidetik sartuta.
Erreklamazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpena eman eta modu berean argitaratuko da».
Hamabi.– Aldatu egiten da lehenengo xedapen gehigarriko («Ikastetxearen eta helbidearen arteko distantzia») 2. zenbakia, eta honela gelditzen dira idatzita:
«2.– Eskaerak egiteko epea hasi aurretik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko den Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez, epe bat bideratu ahal izango da interesdunek eskolak emateko lurralde historikoaren eta lanaldi motaren aukerak alda ditzaten. Aldaketa horrek agindu honetan araututako prozesuan eta aukera hori eman den ikasturte zehatzean baino ez du eragina izango».
Hamahiru.– Aldatu egiten da bigarren xedapen gehigarria («Esleitu gabeko lanpostuak»), eta honela gelditzen dira idatzita:
«Bigarrena.– Esleitu gabeko lanpostuak.
Agindu honek aipatzen duen prozesuan esleitu gabe geratzen diren lanpostuak eta ikasturte-hasierarako behar diren gainerako ordezkapenak, hezkuntza-zerbitzua emateko beharrezkoak direnak, ekitaldi publikoetara deituta esleituko dira.
Ekitaldi horietarako deialdia Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean jarriko dira jendaurrean.
Esleipen-ekitaldietan, irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek hartuko dute parte, baldin eta Agindu honetan araututako prozesuan lanposturik lortu ez badute eta prest badaude.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak esleipenerako baliabide informatikoak ezarriko ditu pixkanaka, ekitaldi publikoetarako deialdiak ordezteko».
Hamalaugarrena.– Kendu egiten dira II. eranskina «Ikastetxeen antolamendua» eta III. eranskina «Taldeen, espezialitateen eta lanpostuaren beste ezaugarri batzuen antolamendua», eta aldatu egiten da I. eranskina «Eskaera-eredua», horren ordez «Eskaera-eredua» eranskina jarrita.
Kentzen diren eranskinak urtero ikasturte-hasierako esleipen-prozesuaren deialdia egiten duen Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean sartuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 20a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.