EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016115

AGINDUA, 2016ko ekainaren 2koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Bilboko udalerrian, Mina del Morron, 86 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

Xedapenaren data: 2016-06-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201602621
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/03/18an argitaratutako 2016/03/03ko IRAGARPENA [201601218]

GERTAKARIAK
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Bilboko Udalak 1998ko urriaren 21ean Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten, Bilboko udalerrian, Mina del Morro eta Miraflores alorrean, babes ofizialeko etxebizitzen sustaketa ahalbidetzeko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak zuzenean sustatu ditu 86 araubide autonomikoko zuzkidura-bizitoki alokairuan, Bilbon, Mina del Morro alorrean, eta beraien titularra da. Sustapenaren espediente zenbakia EB2-1204/10-AA da. Zuzkidura-bizitoki horietako 82 logela bakarrekoak dira eta 4 bi logelakoak. Logela bakarreko lau zuzkidura-bizitoki mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude; batak 53,90 m²-ko azalera du eta beste hirurek 54 m²-koa.
Hirugarrena.– Bilboko Udal Etxebizitzak 2016ko maiatzaren 20an Etxebizitza Sailburuordetzari eskatu dio gazteei eta Bilbon erroldatutakoei lehentasuna ematea sustapen honetako zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio honako Agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen denaren arabera (aurrerantzean 39/2008 Dekretua); 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduko 48. artikuluan xedatutakoari jarraiki (aurrerantzean 2012ko urriaren 15eko Agindua).
Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak, Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea onartzen dio. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte Legearen Laugarren Xedapen Iragankorra ezarriko da; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.
Aipatutako Xedapen horrek honako baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.
Eskubide subjektibo hori onartzeak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko garaian; beraz, prozedura honetan lehentasun hori kontuan hartu beharko da.
Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura hau kide bakarreko, bi kideko edo hiru kideko bizikidetza unitateei zuzenduko zaie.
Laugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeko 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta beren erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.
Bosgarrena.– 39/2008 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honakoa ezartzen du: bizitokiak hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Bizitoki hauen truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoak aplikatuko dira; alegia, 2012ko urriaren 15eko Aginduko II Tituluan araututako prozedura.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Bilboko udalerrian Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko 86 zuzkidura-bizitoki alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.
Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena epe baterakoa izango da. Hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan.
Hirugarrena.– Hileko kanona babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2010eko azaroaren 3ko Aginduaren arabera kalkulatuko da. Kanon hori ezin izango da bizikidetza unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30a baino gehiagokoa izan.
Laugarrena.– Esleipen prozedura honetan Agindu hau argitaratzen den egunean honako baldintzak betetzen dituztenek parte hartu ahalko dute:
a) Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Bilbao metropolitanoko eskualde egiturako edozein udalerritan alta emanda daudenek (Abanto y Ciérvana Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbao, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopelana, Ugao-Miraballes, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena).
b) 2014. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzen dutenek. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.
c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean eduki ez dutenek agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.
d) Kide bateko, bi kideko edo hiru kideko bizikidetza unitateak direnek.
Bosgarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Bizkaiko Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2016ko ekainaren 20tik uztailaren 4ra bitartean (biak barne).
Seigarrena.– Esleipen prozedurari dagozkion onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratuko dira.
Zazpigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.
1) Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).
2) Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 15, gutxienez 5).
3) 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.
4) Bilbon erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira eta Bilbao metropolitanoko eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta egoteagatik 5 puntu.
5) 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.
Zortzigarrena.– 1.– Zuzkidura-bizitokien esleipenean lehentasuna izango dute kide guztiak 30 urtetik beherako gazteak diren bizikidetza unitateek, beti ere, honako lehentasun-ordena kontuan hartuta:
1) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko izen-ematearen titular bat Bilbon hiru urte edo gehiagoko antzinatasunaz erroldatua duten bizikidetza unitateak, etxebizitza duin eta egoki baterako eskubide subjektiboa onartzeko baldintzak betetzen dituztenei lehentasuna emanda.
2) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko izen-ematearen titular bat Bilbon hiru urte baino gutxiagoko antzinatasunaz erroldatua duten bizikidetza unitateak, etxebizitza duin eta egoki baterako eskubide subjektiboa onartzeko baldintzak betetzen dituztenei lehentasuna emanda.
3) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko izen-ematearen titular bat bera ere Bilbon erroldatua ez duten bizikidetza unitateak, etxebizitza duin eta egoki baterako eskubide subjektiboa onartzeko baldintzak betetzen dituztenei lehentasuna emanda.
Bizitokiak esleitu gabe geratuko balira, gainontzeko bizikidetza unitateen artean esleituko dira, lehentasun-orden bera kontuan hartuta.
2.– Egokitutako zuzkidura-bizitokien esleipenean honako lehentasunak hartuko dira kontuan:
1) Gurpil-aulkian ibili behar duen pertsona bat duten bizikidetza unitateak eta Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.
2) Gurpil-aulkian ibili behar duen pertsona bat duten bizikidetza unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.
3) Bi bastoiren mendekotasuna duen pertsonaren bat duten bizikidetza unitateak eta Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.
4) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen duen pertsonaren bat duten bizikidetza unitateak eta Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.
5) Bi bastoiren mendekotasuna duen pertsonaren bat duten bizikidetza unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.
6) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen duen pertsonaren bat duten bizikidetza unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.
3.– Logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak kide bakarreko edo bi kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie; bi logelako zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan hiru kideko bizikidetza unitateek lehentasuna izango dute.
4.– Esleipenean lehentasuna ematen duten baldintzak Agindu hau argitaratzen den egunean bete beharko dira.
5.– Barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira zuzkidura-bizitokiak, jasotako lehentasunak aintzat hartuta.
Bederatzigarrena.– Esleipenaren ondoren zuzkidura-bizitokirik eskuratu ez dutenekin itxaron-zerrenda osatuko da, zortzigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta, eta baremazio ordenaren arabera; itxaron-zerrenda hori esleipendunek uko egiteagatik edota esleipena baliogabetzeagatik hutsik geratzen diren zuzkidura-bizitokiak esleitzeko erabiliko da.
Itxaron zerrenda agortzen bada 2012ko urriaren 15eko Aginduko 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.
Hamargarrena.– Esleipendunen zerrendak egokitutako zuzkidura-bizitokiak barne, eta dagozkien itxaron-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.
Hamaikagarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 2a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.