EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016112

AGINDUA, 2016ko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2016-06-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201602551
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio sailaren barruan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak.
Gure Artea sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta saria jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lanaren ordaina izan nahi dute, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena ere. Horretarako, batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitekoa da, besteak beste, arte plastiko eta ikusizkoak sustatzea. Sari-deialdi hau eta berari atxikia dagoen sari-ematea aipaturiko helburu hori lortzeko tresna bat dira, zeren eta sormenaren garapena bultzatzen baitute arte-sorkuntzarako pizgarrien eta aitorpenaren bidez, eta euskal arte garaikidearen hedapena errazten ere bai, bide batez beren lan sortzailea dela-eta edo arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera dela-eta gizartearen errekonozimendua bideratzen baitute.
Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2016-2018 urteetarako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.
Beraz, bere zeregina betetzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egoki deritzo arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, haien hiru modalitateetan, arautzea eta horretarako deialdia egitea:
a) Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.
b) Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.
c) Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak.
2.– Guztira hiru sari emango dira, modalitate bakoitzean bat.
2. artikulua.– Sarien diru-baliabideak eta zuzkidura.
Agindu honen xederako 54.000 euro izango dira, 2016ko EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontu-partidaren kargu. Sari bakoitzaren zenbatekoa 18.000 euro gordin dira.
3. artikulua.– Kudeaketa organoa.
Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko zuzendariari dagokio.
4. artikulua.– Betekizunak.
1.– Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko saria (b modalitatea) jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko erakunde autonomoren batek emandako izaera bereko laguntzaren baten esparruan itzultze- edo zigor-prozedurak abiarazi badira eta oraindik izapideak egiten ari badira, sarien esleipena eta, hala badagokio, sariak ematea delako prozedurak amaitu arte baldintzatuta egongo dira.
3.– Ezingo dira saridun izan laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsonak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute saria jaso sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsonek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
5. artikulua.– Epea, hautagai-zerrendak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Hautagaiak epaimahaiko kideek aurkeztuko dituzte arrazoitutako proposamenaren bidez eta hautagaien beraien aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko dute. Halaber, ibilbide artistikoa aitortzeko (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko (b modalitatea) sarietako hautagaiek 4.1 artikuluan zehaztutako betekizunak konplitu beharko dituzte.
2.– Epaimahaikideek beren hautagaitzak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara bideratuko dituzte. Zuzendaritza honi dagokio aurkeztutako hautagaitzei buruzko dokumentazioa aztertzea.
3.– Hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
4.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
5.– Betekizunak konplitzeari dagozkion akreditazioak eta onespenari dagokion dokumentazioa, lehenago ekarri ez badira, Epaimahaiak akordia lortzen duenean eskatuko dira. Hautagaiak bere onespena eman ezean edo eskatutako betekizunen bat konplitzen ez duela egiaztatuko balitz, edo horri dagokion akreditazioa aurkeztuko ez balitz, hautagaitza baztertuta dagoela ulertuko da. Horren ondorioz Epaimahaiak deliberazioekin jarraitu beharko du beste akordio bat lortu arte. Hautagaitza egin duen pertsonari dagokio akreditazioak aurkeztea.
6. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Hautagaiak aztertu eta ondorengo epaia ematea epaimahai bati dagokio. Epaimahaia bost kidek osatuko dute eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.
2.– Epaimahaia nortzuk osatuko duten erabakitzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan xedatutakoa beteko da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak agindu baten bidez izendatuko ditu epaimahaikideak.
3.– Idazkari-lanetan Eusko Jaurlaritzako funtzionario bat arituko da, hori ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatua. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.
4.– Erabakia hartu baino lehenago, EHAAn argitaratuko den Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu baten bidez emango da jakitera epaimahaiaren osaera.
5.– Epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu erabakia hartzeko:
a) Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea:
– Artistaren jardueraren kalitate artistikoa.
– Ibilbide eta bilakaera artistikoa.
– Euskal sorkuntza eta kultura garaikideari egiten dion ekarpena.
– Nazioarteko proiekzioa.
b) Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea:
– Artistaren lanaren kalitate artistikoa.
– Azken urteotako ibilbide eta bilakaera artistikoa.
– Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena.
c) Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan egindako lana aitortzeko modalitatea:
– Saria jasotzeko hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren kalitatea eta haren garrantzi artistiko-kulturala.
– Saria jasotzeko entitatearen hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren interesa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko lanagatik kulturaren balio-katearen edozein fasetan.
– Euskal artisten lana hedatzeko eta balioztatzeko ekimenak garatzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektore sozial eta ekonomikoekin elkarreragiteko eta harremanetan jartzeko proiektuak garatzea, Euskal sortzaileen sorkuntza-lana balioztatzeari begira.
7. artikulua.– Epaimahaiaren erabakia.
1.– Epaimahaiak modalitate bakoitzeko sariak emateko proposamen arrazoitua egingo du, proposamen hori funtsatzen duten zergatiak azalduta. Epaimahaiaren erabakiek bertako kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak agindu bidez modalitate bakoitzean Gure Artea saria irabazi dutenak izendatuko ditu. Agindua banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, hautagaitza ez dela onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian modalitate bakoitzean saritutako pertsonen zerrenda jasoko duen iragarkia argitaratuko da, baina, horrez gain, hedabideetan egokitzat jotzen dituen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, baina kasu horretan epaimahaiak erabaki hori hartzeko zertan oinarritu den azaldu beharko du.
5.– Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.
8. artikulua.– Sarien ordainketa.
Saria ordainketa bakar batean emango da, behin saria ematen duen ebazpena hartutakoan eta gehienez hiru hilabeteko epean. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten saria onartu egiten dutela ulertuko da.
9. artikulua.– Bateragarritasuna.
Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntzekin.
10. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetan finkatutako edozein betebehar zein beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi aplikatu dakiokeena betetzen ez bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoari ekingo zaio (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du) eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen hautagaitzaren onespen formularioan jasotako datu pertsonalak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren «Laguntzak eta diru-laguntzak. Kultura-sorkuntza» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek beren onespena ematen dute Administrazio Publikoak erkatu ahal izateko adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egiteko diru-laguntzen onuraduna izateko betekizunak konplitzen direla ziurtatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Berorren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.