EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016112

65/2016 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Eibarko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, bertan aldatuta 2012ko abenduaren 10ean sinatutakoa, Eibarko Txonta eremua hiri-berroneratzeko eta babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201600065
Xedapenaren data: 2016-06-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201602550
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eibarko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, bertan aldatuta 2012ko abenduaren 10ean sinatutakoa, Eibarko Txonta eremua hiri-berroneratzeko eta babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzekoa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 3KO 65/2016 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EIBARKO UDALAREKIN 2012KO ABENDUAREN 10EAN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN ALDAKETA BAIMENTZEN DUENA, EIBARKO TXONTA EREMUA HIRI-BERRONERATZEKO ETA BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA AHALBIDETZEKO
BILDUTA:
Batetik, Ángel Toña Güenaga jauna, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
Eta bestetik, Miguel de los Toyos Nazabal jauna, Eibarko Udaleko alkatea.
BERTARATU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua den aldetik eta sail horren legezko ordezkari-lanetan, Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 3an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.
Eta bigarrena, Eibarko alkate-udalburua denez, Udalaren izenean, horretarako gaitasuna duela, Udalbatzak 2016ko urtarrilaren 25ean hartutako erabakiarekin bat.
Agertutako bi aldeek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko behar den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak soilik du lurraldearen eta itsasertzaren antolaketaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloan eskumena.
Bigarrena.– Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatzi-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hortaz, gogoratu beharra dago bi herri-administrazioak lankidetzan arituak direla babestutako etxebizitzen sustapenean, Ardantza, Jardineta eta Egazelai eremuetan, eta 2012az geroztik, Txonta eremuan, hain zuzen.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Eibarko Udalak ulertzen dute komeni dela hondatutako eremuak berroneratzeko lanetan aurrera egitea, hala nola Eibarko Txonta auzoan. Halaber, uste dute komeni dela udalerrian babestutako etxebizitzen eskaintza bermatzea eta areagotzea.
Laugarrena.– Eibarko Udalak eta SPRILUR sozietateak hirigintza-hitzarmena sinatu zuten 2008ko azaroaren 5ean. Horren arabera, Sprilur SAk SAPUI-3 Matxariabarren izeneko sektorean kokatutako zenbait lur-zati urbanizagarriren titulartasuna eskuratu zuen. Horiei dagokien eraikigarritasuna, 25.209 m
Eskualdatutako lur-zatiak, batetik, Txonta eremuko ekonomia-jardueren titularrak birkokatzeko ziren, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta, bestetik, jarduera ekonomikoak garatzeko, Sprilur sozietateari dagozkion sustapen-jarduerekin bat etorrita.
Gaur egun, lur-sail horietan industria-pabilioi batzuk daude, EAEko Administrazio Orokorrak Sprilur sozietateari erosi eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren alde atxiki direnak. Gaur egun, Sail horixe da arduradun etxebizitzen arloan.
Bosgarrena.– Halaber, 2012ko abenduaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak (gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak) eta Eibarko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horretan ezarri ziren, hain zuzen, Eibarko Txonta esparrua berroneratzeko lankidetza-premisak.
Hitzarmenaren xede nagusia zen (eta gaur egun indarrean dago) Txontako hondatutako industria-eremuaren hiri-berroneratzea; horretarako, aldez aurretik eman beharreko urrats gisa, esparru horretan oraindik ere martxan dauden industriak lekualdatu behar dira, ondoren etxebizitza-garapena bermatzeko, batik bat eremu horretan aurreikusten den babes ofizialeko etxebizitzena.
Seigarrena.– 2012ko abenduaren 10eako hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena zera da: Eibarko Udalaren esku jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko jabetzakoak diren pabiloiak eta garajeak SAPUI-3 Matxariabarrena izeneko sektorean, baldin eta horiek beharrezkoak eta egokiak badira Txontako enpresen lekualdaketak gauzatzeko.
Horren truke, Eibarko Udalak hitzematen du birpartzelazioaren likidazioaren kontuan kontsignatzeko jarduerak birkokatzearen ondoriozko gastu guztiak urbanizazio-gastuen zati gisa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 48.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Eibarko Udalak behin betiko onartu du 2015eko otsailaren 23an Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketa Puntuala, Txontako AI 125 eremuari buruzkoa.
Jarduera horren hirigintza-fitxan ezartzen da Txontako jarduerak onartu beharko duela etxebizitzen birkokatzearen kostua, eta Hiri Antolaketa Plan Orokorraren aldaketa hori behin betiko onartzen den datan esparru horretan lanean eta funtzionatzen ari diren jarduerak eta birpartzelazioaren unean lanean edota funtzionamenduan ari diren jarduerak berriz instalatzearen kostua, nahiz une hori iritsi baino lehen jarduten den administrazioarekin birkokatzeko edo lekualdatzeko berariazko akordioa lortzen dutenena.
Zortzigarrena.– Txonta AI 125 eremuaren baitan, Txonta auzoa ez den beste leku batean beren instalazioak modernizatzeko premia atzeraezina duten enpresak daude. Ildo horretan, jarduten diren administrazioetarako interesgarria da Eibarren eustea Txontako industria-jardunari, eta AI 125 eremuaren hirigintza-garapenean, horien instalazioak lekualdatzea Matxariabarren eremuko pabiloi eta garajeetara (Euskal Autonomia Erkidegoko jabetzakoak).
Horri lotuta, Lurzoruaren eta Hirigintzaren 2/2006 Legeak 48.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, udalek, eta haien menpe dauden edo haiek partaide dituzten erakunde edo entitateek, birpartzelazioan parte hartu ahal izango dute. Hartarako, konpentsazio ekonomiko bat ordainduko diote birpartzelazio-erkidegoari etorkizuneko urbanizazioaren kostuen kontura, hirigintza-eraikigarritasunean parte-hartzea lortzeko.
Bestalde, 2/2006 Lege horren 147. artikuluan ezarritakoaren arabera: egikaritze-unitate batean sartutako lursailen jabeen kargukoak diren urbanizatze-kargak dira lege horren arabera dagozkien kalte-ordainak eta jarduerak berriz instalatzeko gastuak. Bigarren xedapen gehigarrian dago ezarrita funtzionamenduan diren jarduerak lekuz aldatzeko araubidea.
Bederatzigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak erabiliz, Eibarren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du (udalerri horretan, etxebizitzen premia egiaztatua dago), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Hamargarrena.– Aldeek, bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak zuzen gauzatzeko, 2012ko abenduaren 10eko Hitzarmena aldatzen dute. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean sinatu zuten, hiria berroneratzeko eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko Eibarko Txonta sektorean. Hori guztia, honako hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– 2012ko abenduaren 10eko Hitzarmenaren laugarren klausula aldatzen da, eta laugarren klausula bis bat sartzen da. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean sinatu zuten, hiria berroneratzeko eta babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko Eibarko Txonta sektorean. Hain zuzen, honela idatzita geratuko da:
«Laugarrena.– Eibarko Udalak, bere aldetik, konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari emango dizkiola gero, truke bidez, babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko diren orube eraikigarriak eta eskubideak, birpartzelazioan parte hartu ahal izateko jarduerak lekuz aldatzeko gastuengatik birpartzelatzeko erkidegoari emandakoagatik, hirigintza-jardueraren ondoriozko gainbalioetan udalaren partaidetzagatik edota beste edozein titulurengatik Eibarko Udalari edota bere menpeko erakunderen bati legozkiokeenak. Orube eta eskubide horien balioak eta truke bidez emandako pabilioien eta garajeen balioak parekoak izan beharko dute. Balorazio horretan sartuko da lurzoruen kutsaduraren ondoriozko gastuen haztapena, hala gertatuz gero.
Eibarko Udalak edota bere menpeko erakundeek trukearen xede den eraikigarritasunaren titulartasuna lortuko dute, Txonta eremuari dagokionez Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa puntuala egindakoan. Eibarko Udalak hartu du aldaketa hori izapidetzeko konpromisoa. Trukea edo trukeak gauzatzeko beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eremua birpartzelatzeko proiektua onartzea; proiektu horrek ondasunen eta eskubideen jabe guztien eskubideak eta zamak zehaztu eta esleitu beharko ditu.
Laugarrena bis.– Arestian esandakoari kalterik egin gabe, eta Txonta eremuko industriek eska dezaketen lekualdaketa-premia atzeraezinak aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Eibarko Udalaren aurretiko eskaera arrazoituaren ondoren, aurreratu egin ahal izango du udal horren esku uztea Txontako industriak birkokatzeko pabilioien erabilera.
Nolanahi ere, Eibarko Udalari pabilioien jabetza osoa ematea Txonta auzoa berroneratzeko hiri-jardunaren esparruan birpartzelazio-proiektua behin betiko onartzearen menpe egongo da, eta, era berean, jardueraren hirigintza-zama gisa islatu beharko da bereziki lagapenaren enpresa onuradunaren jardueraren lekualdaketa.
Eusko Jaurlaritzak, pabiloien erabileraren lagapenak irauten duen bitartean, hileroko errenta bat jasoko du Udalaren eskutik. Errenta hori lagatako pabiloien tasazio-balioaren % 0,05ekoa izango da, eta zenbateko hori amaierako prezioaren kontura ordainduko da, azkenean jabetza osoa emanez gero.
Lagatako pabilioiak har ditzaketen jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak ordaindu beharko ditu Eibarko Udalak. Era berean, horiek zuzen mantendu beharko ditu, eta eraikinak behar bezala bermatu izan daitezkeen gertakizunen aurrean.
EAEko Administrazio Orokorrak Eibarko Udalari pabilioien erabileraren lagapen aurreratua egin eta 6 urteko epean ez baldin bada behin betiko onartzen Txota eremua birpartzelatzeko proiektua, edo hori onartu bai, baina horrek ez badu aurreikusten Matxariabarren eremuko pabiloietara egindako lekualdaketak jarduera-zama gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zera egina ahal izango du:
a) Pabilioien alokairua urtero luzatu, gehienez ere bi urteko epean; epe horren barruan onartu beharko da behin betiko birpartzelazio-proiektua eta hitzarmen honetako laugarren klausulan aurreikusitako trukeak gauzatu beharko dira.
b) Edo, bestela, aldez aurretik lagatako pabilioien jabetza osoa emateko eskatu; kasu horretan, Eibarko Udalak onartuko du, hitzarmen honen bidez, horiek erosteko betebeharra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ordaindu beharko dio pabilioi horien prezio osoa.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak alokairua luzatzea aukeratzen badu klausula honetako a) ataleko baldintzetan, aurreikusitako gehienezko epea igarotakoan, aldez aurretik lagatako pabilioien jabetza osoa emateko eskatuko du; Eibarko Udalak onartuko du horiek erosteko betebeharra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ordaintzea entregatutako pabilioien prezio osoa.»
Bigarrena.– Hitzarmen honetako akordioen edukiak berritu eta ordezkatu egiten dituzte aldeen artean arestian sinatutako besteak, baldin eta xede honetarako aipatu eta horiekin bateragarriak badira. Bestalde, horiekin bateragarriak diren gainerako klausulei bere horretan eutsiko zaie.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ÁNGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.
Eibarko alkate-udalburua,
MIGUEL DE LOS TOYOS NAZABAL.