EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016111

AGINDUA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarriak, 2016ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2016-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602532
Maila: Agindua
Nekazaritza baliotsua da landa-eremuetako ekonomia jasangarria izan dadin. Nekazariek hainbat lan egiten dute, janariak ekoiztetik natura eta turismoa zaintzeraino; euren jarduerei esker, ondasun publikoak hornitzen dituzte.
Europa 2020 estrategiaren helburua da: (NPB) nekazaritzako politika bateratuari beste ikuspegi bat ematea, nekazaritza-jarduna errentagarri eta lehiakor egiteko gai izan dadin eta, aldi berean, nekazariak konpentsatzeko, produktuen prezioek estaltzen ez dituzten lanengatik.
Horren haritik, 2015-2020ko aldiari dagokion landa-garapeneko politikarako esparrua xedatu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduan (EB), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa-garapenean laguntzeari dagokionez.
Erregelamendu horretan, 16. artikuluan, hain zuzen, adierazita dago agindu honek nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideei buruz garatu nahi duen neurria.
Janarien sektorea sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal landa-ingurunerako funtsezko substratua da. Sektore horren lehiakortasuna handitzeko xedeaz, garatzen joan da euskal nekazaritzan nolabait sustraituta dauden produktu batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia bat. Testuinguru horretan sortu dira jatorri-deiturak, adierazpen geografiko babestuak eta kalitate-bereizgarriak; izan ere, janarien ekoizpenari kalitatea emateaz gain, kontsumitzaileen artean oso ospe ona izaten dute.
Kalitate-araubide horietan parte hartzeak batzuetan kostu eta betebehar gehigarri batzuk sortzen dituenez, eta merkatuak ez dituenez beti behar adina saritzen, nekazariek programa horietan parte har dezaten sustatu behar da.
Produktu horiek elikatean hobeto sartzen lagunduko da funtsean neurri horren bidez; horretarako, gure ekoizpen-sektorearen eginkizuna sustatu behar da eta, neurri txikiago batean, transformatzaileena, elikateari balio erantsi bat eman dakion. Halaber, ziurtatutako eta aitortutako kalitatea duten euskal produktuak hobeto jarri behar dira merkatuetan, erkidegokoetan zein kanpokoetan, eta sustatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleek eta produktuek parte-hartze handiago bat izan dezaten Euskadiko kalitate berezi eta ziurtatuaren estrategian.
Horretaz gain, egitura-arazoak dituzten ustiategiak berregituratzen lagunduko du neurri horrek; horretarako, ustiategien lehia-hobekuntza bultzatzeko, kalitate-bereizgarriak har ditzaten sustatuko da eta horiek balio erantsi bat emango die euren ekoizpenei.
Halaber, berrikuntzan ere lagunduko du zeharka; izan ere, merkatuetan kalitate ziurtatua duten produktuak apurka-apurka ugaritzen eta finkatzen joateak eragingo du produktu horien barietateak, formatuak, etiketak, aurkezpena, eta abar berritzea. Halaxe gertatu da Euskadin (1992) apustu politikoa egin zenetik, kalitate bereiz eta ziurtatuaren estrategiaren alde, gure nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen gehienetan.
Azkenik, ekoizpen ekologikoa ere sustatzen den aldetik, nolabait lagunduko du biodibertsitatea berrezartzen eta zaintzen, Natura 2000ko eremuetakoa, natur balio handiko nekazaritza-sistemetakoa eta paisaia europarretakoa, ingurumena zaintzeaz batera.
Erregelamendu erkide berriak badu bere isla Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programan, 2015-2020 aldirako; programa hori Europako Batzordeak onartu zuen, 2015eko maiatzaren 26an, C (2015) 3479 azken erabakiaren bidez. Landa-garapenerako programa horrek 2015-2020 aldirako laguntza-ildo batzuk ditu, hauek, hain zuzen: M03.1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza, eta M03.2. Informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza, barne-merkatuko ekoizle taldeek abiaraziak. Beraz, LGENF funtsaren finantzaketa ere izango dute.
Kontuan hartuta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003vLege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duena), Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea, eta Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2016ko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako terminoetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da laguntza hauetarako 2016rako deialdia iragartzea: M03.1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza, eta M03.2. Informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza, barne-merkatuko ekoizle taldeek abiaraziak. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren barruan aurreikusiak dira laguntza horiek.
2. artikulua.– Laguntza-motak.
Bi motatako laguntzak daude:
a) Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez.
b) Informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza, ekoizle taldeek merkatu erkiderako egindako jardueretarako, kalitate-araubideren batek estalitako produktuei begira. Diru-laguntza zuzen baten bidez lagunduko da informazio- eta promozio-ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gainean.
3. artikulua.– Finantziazioa.
1.– Nekazariek II. kapituluko kalitate-araubideetan parte har dezaten ematen diren laguntzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua 191.489,36 eurokoa da; horietatik, 90.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 90.000 euro LGENF Europako funtsaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren babesean. 2016ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.
2.– III. kapituluko kalitate-araubideek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-jarduerak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditua, berriz, 446.808,51 eurokoa da; horietatik, 210.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 236.808,51 euro LGENF Europako funtsaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko 2015-2020 Programaren babesean. 2016ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio denak.
4. artikulua.– Onuradun izateko eskakizun orokorrak.
Laguntza eskatzen duten pertsonek abenduaren Diru-laguntzen 13ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako eskakizunak eta 18. eta 25. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako eskakizun espezifikoak bete beharko dituzte:
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak dituzten establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egon behar dira.
2.– Egunean izatea Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eta diru-laguntzen itzulketagatiko ordaintzeko obligazioak.
3.– Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
4.– Administrazio-bideko zehapen-prozeduraren bat izanez gero, laguntzak baldintzatuta egongo dira prozedura hori ebatzi arte; zehapena berresten bada, laguntzak ukatuko zaizkie.
5. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.
1.– Laguntzaren eskabidea (II. eranskineko eredua) eskuragarri egongo da webgune honetan: http://www.euskadi.eus. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari igorri behar zaio, eta aurrez aurre aurkeztuko da, bai Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluak xedatzen duen tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
2.– Laguntza eskatzen duten pertsonek, agindu honen 19. eta 26. artikuluetan ezarritako berariazko agiriak aurkezteaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) II. eranskin gisa erantsitako ereduan egindako eskaera. Web-gune honetan eskura daiteke: http://www.euskadi.eus. Webgune horretan informazioa bete eta grabatu ostean, inprimatu egin beharko da, eta sinatuta igorri.
b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia, erregistroan zigilatuta.
c) Zinpeko deklarazioa, honako hauek adierazita: aurkeztutako agiriak egiazkoak direla, eskakizun orokorrak eta laguntza bakoitzeko eskakizun espezifikoak betetzen dituela, eta beste ezein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk ez diola laguntzarik eman eskabidean aurkeztutako gastu berberak ordaintzeko.
3.– Diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean lor ditzan zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egoteari buruzko eta nortasunari buruzko (NA) ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten badu, nortasuna egiaztatzen duten agiriak eta kopia aurkeztu beharko ditu (NA).
4.– Dena den, 2015eko ekitaldian deitutako laguntzen onuradunek, eta aldaketarik ez bada egon, betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. f) artikuluan xedatuari atxiki ahal izango zaizkie, eta 2. Paragrafoko a) eta c) idatzi-zatietan adierazitako agiriak bakarrik aurkez ditzakete.
5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.
7.– Eskabideak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ostean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatuarekin bat.
8.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak beharrezkotzat jotzen duen agiri edota informazio osagarri oro eska diezaioke eskatzaileari, aurkeztutako eskabidea egokitu, ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Balorazio-batzorde bat sortuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Hiru pertsonak osatuko dute: batzordekideak izango dira hirurak, zuzendaritza eskudunari atxikiak, horietako bat programa honen arduraduna izango da, eta zuzendaritza horretako teknikarien artean aukeratuko dira beste biak. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak izendatuko ditu horiek guztiak, ebazpen bidez, eta ebazpen horretan adieraziko da nor izango diren batzorde horretako idazkaria eta batzordeburua. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean eta mugarik gabe.
3.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Baztertutako horien zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.
b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, laguntzen irizpide objektiboen eta kuantifikatze-irizpideen arabera.
c) Laguntza-mota bakoitzeko, onuradun bakoitzari eman beharreko zenbatekoari buruzko proposamen bat egitea.
4.– Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezartzeko aukera izango du, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27.era xedatutakoaren arabera ebatziko dira arau horiek jasotzen ez dituzten alderdiak.
7. artikulua.– Ebazpena.
1.– Aurkeztu diren eskabideak eta agiriak aztertuta, eta batzordeari iritsi zaion proposamena ikusita, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren ebazpenik ematen badu, behar bezala arrazoitu beharko du.
2.– Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du gutxienez:
A) II. kapituluko laguntzei buruz:
– Onuradunaren izena edo baltzu-izena.
– Laguntzaren xedea.
– Guztira zenbat jaso behar duen, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.
B) III. kapituluko laguntzei buruz:
– Ekoizle onuradun taldea.
– Laguntzaren xedea.
– Diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa.
– Diru-laguntzaren kopurua, eta, kopuru horretatik zenbat finantzatu behar den LGENF Europako funtsaren kontura eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren kontura.
3.– Ebazpena eman eta jakinarazi egingo da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean. Epe hori igaro ondoren ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsa dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen arazoaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatuarekin bat.
4.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat.
5.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, EHAAn ere argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.
6.– Onuradunei emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
8. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek izango dituzte onuradunek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horren haritik, diru-laguntzaren onuradunak ez badio diru-laguntzari idatziz uko egiten diru-laguntza emateko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, diru-laguntza hori isilbidez onartu dela ulertuko da.
b) Diruz laguntzen den gastua egitea emate-ebazpenak xedatzen duen epean.
c) Zertarako ematen den laguntza, hartarako erabiltzea.
d) Eskatutako informazio guztia ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eginkizunetan.
e) Idatziz jakinaraztea ea lortu den beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzarik edo diru-laguntzarik, diruz lagundu daitekeen ekintza bererako, emanda zein jasota. Jakinarazpen hori egiteko epea hamabost egun naturalekoa da, aldaketa horren berri izaten denetik hara, baina, edonola ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egingo da.
f) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz. Jakinarazpen hori egiteko epea hamabost egun naturalekoa da, aldaketa horren berri izaten denetik hara, baina, edonola ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egingo da.
g) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein betebehar betetzea.
h) Informazio- eta publizitate-arloko betebeharrak betetzea. Betebehar horiek hemen daude xedatuta: Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 Betearazpen Erregelamenduaren IV. eranskineko 2. idatzi-zatia (EB). Haren bidez xedatzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 Erregelamenduaren aplikazio-xedapenak (EB), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) landa-garapenean laguntzeari dagokionez (EBAO, L227, 2014ko uztailaren 31).
9. artikulua.– Betearazpen-epeak.
2016ko abenduaren 31 da ekintzak betearazteko azken eguna.
10. artikulua.– Gastua justifikatzea.
1.– Laguntzen gastua justifikatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu behar zaizkio jatorrizko agiri hauek edo, horien ezean, kopia konpultsatuak:
a) III. kapituluan jasotako laguntzetan, egindako jardueren justifikazio-memoria.
b) II. kapituluko laguntzei dagokienez, kalitate-araubideen kontrol-agintaritzak edo ziurtapen-organoek egindako ziurtagiria. Ziurtagirian hauek adieraziko dira: zein egunetan sartu den eskatzailea kalitate-araubidean eta, kasu bakoitzean, zenbat hektarea, abelburu, milioi litro eta erlauntz diren.
c) III. kapituluko laguntzei dagokienez, bankuko fakturak eta ordainketa-egiaztagiriak. Halaber, memoria gehigarri bat ere aurkeztu beharko da, fakturei eta egindako ordainketei buruzko taula zehatz bat bilduko duena, baldin eta 50 faktura baino gehiago badaude edo agiri eta/edo fakturaren bat euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntza batean badaude.
d) Erantzukizunpeko aitorpena, non zehaztuko den ekintzak justifikatzeko agiriak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, ordainketaren faktura edo ziurtagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.
2.– 2017ko otsailaren 28a da laguntzei dagozkien proiektuetako gastuak aurkezteko azken eguna, beranduenez.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahalko ditu, egoki baderitzo.
11. artikulua.– Ordainketa.
1.– Laguntza bien onuradunei ordaindu baino lehenago, helburua eta gastua bete direla egiaztatu beharko dute, aurreko artikuluan xedatutako agirien bidez.
2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzeari dagokionez, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio adostasun horri laguntzaren eskabidean, eta, orduan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.
3.– Erakunde ordaintzailea ordainduko ditu LGENF Europako funtsaren arabera aitortutako laguntzak, erakunde ordaintzailearen zuzendariak horretarako ebazpenak eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea eratu zuen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatuarekin bat.
4.– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza ezartzen bada edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen bada, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik. Hala dagokionean, diru-laguntza hauek onuradunei ordaintzeko, diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.
12. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza hauek emateko izan diren inguruabarretariko bat edo beste aldatu bada eta beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik eta laguntzarik lortu bada, idatziz jakinarazi eta justifikatu behar zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, inguruabar berriaren berri izan eta egutegiko hamabost eguneko epean eta, edozein kasutan ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu aurretik. Horrek diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa eragin dezake, betiere laguntza emateko gutxieneko eskakizunak eta helburua babestuta. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak behar den likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
13. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute; betiere, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
2.– Laguntzaren onuradunak eman zaion laguntzari uko egiteko aukera izango du une oro, ebazpena jakinarazten denetik gastua egiten amaitu arte. Horretarako, idatzi behar dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari; berak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko egitea, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du. Uko egitea onartu ondoren, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez aitortutako eskubide hori, bai eta lortutako laguntza osorik edo partez jasotzeko eskubidea ere.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Nolanahi ere, baldin eta onuradunak betetzen ez badu eskakizunen bat eta betebeharren bat edo, hala badagokio, diru-laguntza emateko ebazpenean xedatutako baldintzaren bat, eta, hori dela eta, laguntzaren helburua osorik aldatzen bada, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko 38/2003 Legearen 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Elikagaien Kalitateko zuzendariak, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, behar izanez gero, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertzen gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
15. artikulua.– Bateragarritasunak.
Administrazio publikoek zein erakunde pribatuek deialdi honetan emandako laguntzak, diruz lagundu daitekeen gastu bererako izan arren, bateragarriak izango dira baldin eta ez badute gainfinantzaketarik eragiten edota ez badituzte agindu honen 22. eta 31. artikuluetan xedatutako laguntzen mugak gainditzen. Gainfinantzaketarik izan edota mugak gaindituz gero, soberakoari dagokion kopurua kenduko da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
II. KAPITULUA
NEKAZARIEK KALITATE-ARAUBIDEAN LEHEN ALDIZ PARTE HARTZEKO LAGUNTZA
16. artikulua.– Helburua.
Hau da kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua:
a) Kalitate-programetan ekoizle gehiago sar dadin erraztea.
b) Kalitate-programetan sartzeak ustiategiei eragiten dizkien gainkostuak murriztea.
c) Biodibertsitatea, nekazaritza-lurzorua, haren mendeko paisaiak eta ekosistemak zaintzeko eta berrezartzeko eragin handiagoa duten kalitate-programak erraztea.
17. artikulua.– Pertsona onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako ustiategien nekazari titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradunak, baldin eta kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzen badute edota Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kalitate-araubideko produkzio-bideak lehendabizi hartzen badituzte, 2015eko ekitaldiko eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik deialdi hau amaitzeko epea igaro bitartean, betiere Ondorioz, ezin izango dira onuradun izan kalitate-araubide hautagarrietan dagoeneko inskribatuta daudenak edo beraietan parte hartu dutenak, Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kasuan izan ezik.
2.– Europar Batasunean aitortutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako kalitate-araubideren baten barruan egon behar dute onuradunek, edo Euskal Autonomia Erkidegoan aitortu eta ezarritako araubideren batean:
a) Europar Batasunean aitortutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araubideak: Jatorri Deitura Babestuak (JDB), Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB), Ekoizpen Ekologikoa, araudi hauetan ezarritakoarekin bat: ardoari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1151/2012 (EE) Erregelamendua, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EE) Erregelamenduaren 2. sekzioaren I. kapituluaren II. tituluaren II. atala, eta 2007ko ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamendua, produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoa, edo berau ordezkatzen duten arauak:
1.– Errioxa jatorri-deitura kalifikatua (JD ka.) eta Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina, Getariako Txakolina, eta Idiazabal babestutako jatorri-deiturak (BJD).
2.– Euskal Okela eta Gernikako Piperra adierazpen geografiko babestuak (AGB).
3.– Ekoizpen Ekologikoa Ziurtatua.
4.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpena.
b) EBk aitortutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako kalitate-araubideak, Euskal Autonomia Erkidegoak aitortutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako nekazaritzako eta jateko produktuen ustiapenen ziurtagiri-araubideak barne: «Eusko Label» kalitate-marka, zeinaren barnean babestuak baitaude nekazaritzako produktu hauek: euskal letxuga, euskal tomatea, Ibarrako piperrak, euskal babarrunak, Arabako patata, oliba-olio birjina estra, euskal sagardoa, euskal esnea, euskal baserriko oilaskoa, euskal baserriko arrautza, euskal esne bildotsa, baserriko txerria, eta eztia.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak kalitate-araubide hautagarri bakoitzari eskatuko dio, eskabideak egiteko epea bukatu ondoren, araubide bakoitzean inskribatuta dauden ustiategi-ekoizleen titularren zerrenda osoa eta, behar bada, urtean zehar izandako mugimenduen zerrenda (altak eta bajak) eta onuradun bakoitzari esleitutako unitate kopuruen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko.
18. artikulua.– Eskakizun espezifikoak.
Laguntza eskatzen duten pertsonek, 4. artikuluan adierazitako eskakizun orokorrez gain, eskakizun hauek ere bete behar dituzte eskaera aurkeztean:
1.– Diruz lagundu daitezkeen kalitate-araubideetan inskribatu eta hango erregelamendu eta arau teknikoak bete behar dituzte, baita, halakorik badago, araubide horiei lotutako ekoizle-erregistroetakoak ere.
2.– Diruz lagundu daitekeen kalitate-bereizgarri bakoitzean indarrean dauden kontrol- eta ziurtatze-tasak egunean ordainduta izan behar dituzte.
19. artikulua.– Agiri espezifikoak.
1.– 5. artikuluan xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:
a) Nekazari aktiboa dela justifikatzeko agiria, 2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-araubideak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuarekin bat.
b) Memoria zehatza, gutxienez hauek adierazita: ustiategiaren deskribapena, kokalekua, egiten den produktuaren ekoizpen-, transformazio- edo elaborazio-prozesua, eta zer-nolako kontrol-ekintzak izan dituen eta izango dituen.
c) EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria, bera titular den nekazaritza-ustiategiarena.
d) Kalitate-araubideren batean inskribatu izanaren ziurtagiria.
e) Kasuan kasu, hektarea, abelburu, erlauntz eta esne litro kopuruaren ziurtagiria, laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko.
2.– Dena den, 2015eko ekitaldian iragarritako laguntzen onuradunek, eta aldaketarik egon ez bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. f) artikuluan xedatuari heldu ahal ahal izango zaizkie, eta aurreko paragrafoko a), b) eta e) idatzi-zatietan adierazitako agiriak bakarrik aurkeztu.
20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Kapitulu honetako laguntzen ondorioetarako, diruz lagundu daitezke: onuradunak kalitate-araubide hautagarrietan inskribatzeak eragindako kostuak, araubide horietako partaidetza-kuota eta, halakorik badago, behar diren kontroletarako gastuak.
2.– Ekoizle berak parte har dezake araubide batean baino gehiagotan, edo produkzio-bide bat baino gehiago hartu araubide bererako Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren kasuan eta, ondorioz, bakoitzari dagozkion laguntzak biltzearen ondoriozko onura izan, 22.1 artikuluan xedatutako gehieneko mugaraino.
21. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Balorazio-batzordeak aztertuko ditu nekazariek II. kapituluko kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza izateko eskabideak. Laguntza hori honela kalkulatuko da: diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatutako unitateak bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatutako urteko unitate-zenbatekoak. 2016ko deialdirako, III. eranskineko taulakoak izango dira.
2.– Deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiek jasoko dute erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko zuzkidura orokorra nahikoa ez bada eskabide guztietarako, lehentasun-irizpide hauen arabera emango da:
1.– Ekoizpen Ekologiko Ziurtatuaren araubidean sartzen diren ekoizleak, edo kalitate-araubide horretako produkzio-bideak lehendabizi hartzen dituzten ekoizleak.
2.– BJD edo AGBn sartzen diren ekoizleak.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gainerako kalitate-araubideetan sartzen diren ekoizleak.
Irizpide horien arabera berdinduta egonez gero, lehentasuna hurrenkera honetan ezarriko da, onuradun-motaren arabera:
1.– Diruz lagundu daitezkeen gainerako kalitate-araubide batean baino gehiagotan inskribatuta dauden ekoizleak.
2.– Sektorean lehendabizi sartzen diren nekazari gazteak diren ekoizleak.
3.– Ustiategiko titular diren emakume ekoizleak edo titulartasun partekatukoak, edo emakumeek % 50eko parte-hartze soziala duten ekoizleak, bi pertsona elkartu badira, edo gutxienez ehuneko orekatua gainontzeko kasuetan.
4.– Nekazari gazteak diren ekoizleak (< 41 urte).
5.– Mendialdeko nekazaritza-eremuko ustiategiak dituzten ekoizleak.
6.– Gainerako ekoizleak.
22. artikulua.– Laguntzaren intentsitatea.
1.– Onuradunarentzako urteko ordainsaria finkatzeko, kontuan hartuko da zenbateko kostua lagun daitekeen diruz, «kostu finkoak», inskribatzen den kalitate-araubideari edo -araubideei begira. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa da ustiategiko eta urteko, 5 urtez, gehienez. Ez da laguntzarik emango baldin eta zenbatekoa jasotzea dagokion zenbatekoa ez bada 100 euro baino handiagoa.
2.– Laguntza honela kalkulatuko da: diruz lagundu daitekeen kasuan kasuko araubidean ziurtatzera onuradunak aurkeztutako unitateak bider diruz lagundu daitekeen kalitate-araubide bakoitzerako kalkulatutako urteko unitate-zenbatekoak; M03.1.10. Ziurtatze-kostuak izeneko agiriko taulan adierazitakoarekin bat, III. eranskinean.
III. KAPITULUA
KALITATE-ARAUBIDEEK ESTALITAKO PRODUKTUEI BURUZKO INFORMAZIO- ETA PROMOZIO-JARDUERETARAKO LAGUNTZAK
23. artikulua.– Helburua.
Hau da kapitulu honetan adierazitako laguntzen helburua:
a) Elikakatean produktu horien sarrera areagotzea; horretarako, produktuen eskaera sustatzeko, kontsumitzaileak eta janari-banatzaile profesionalak informatu behar dira kalitate-araubideez, egon badaudela, zer esan nahi duten eta zer abantaila duten.
b) Kalitate-araubideetan ekoizle gehiagok parte har dezan erraztea.
c) Kultur ondarea eta orotariko nekazaritza-ekoizpena erraztea, baita naturagunea babestea ere.
24. artikulua.– Pertsona onuradunak.
Hauek izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradun: Kontseilu Arautzaileak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Euskadiko nekazaritza eta elikagaigintza industriako elkarteak eta Elikagaien Industriako elkarteak, baldin eta agindu honetan diruz lagundu daitekeen kalitate-araubideren batean parte hartzen badute.
25. artikulua.– Eskakizun espezifikoak.
4. artikuluko eskakizun orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:
a) Diruz lagundu daitekeen kalitate-araubideren batean parte hartu behar dute laguntza eskatzen duten erakundeek.
b) Kalitate-araubideren batek estalitako produktuei buruzko informazio- eta promozio-ekintzak izan behar dira.
c) Ekoizle talde onuraduna kide den kudeaketa-, kontrol- eta ziurtatze-erakundeak onartu behar du; halaber, baldintza-agiria ezarri behar du horretarako (Jatorrizko deituraren kontseilu arautzaileak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, HAZI fundazioa).
d) EBko legeak eta nazio mailako lege aplikagarriak bete behar dira, eta, zehatzago esanda, aipamen argi bat egin behar zaie beti alkoholdun edarien kontsumo arduratsuari eta alkohol-abusuaren arriskuari buruzko lege- eta erregelamendu-xedapenei, hauetarako informazio- eta promozio-jardueretan: Errioxa jatorri-deitura kalifikatua, Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina babestutako jatorri-deiturak.
e) Kalitate Programei buruzko Europako logotipoa eraman behar du informazio-, promozio- eta publizitate-materialak.
26. artikulua.– Agiri espezifikoak.
5. artikuluan xedatutako agiri orokorrez gain, agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte kapitulu honetan adierazitako laguntza eskatu nahi dutenek:
a) Memoria zehatza, egingo diren informazio- eta promozio-jarduerak adierazita: zer helburu duten, zein eremutan, zein herrialdetarako diren, zer produktu-mota sustatuko diren, zer neurri espezifiko aplikatuko den ekintza bakoitzean, zein den ekintza bakoitzerako aurreikusitako kostua, eta zer egunetan egingo diren, ahalik eta zehatzena. Horretaz gain, ekoizle kopurua ere zehaztuko da, hauek identifikatuta: zenbat gazte eta emakume diren, zer enpresa diren, zer bolumen ziurtatu den, zenbateraino handitu daitekeen eskaintza, eta bestelako irizpide batzuk ere, eskabidea hautatzeko edo, horren ostean, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko garrantzitsutzat hartuz gero.
b) Informazio, promozio- eta publizitate-materialak, arau erkideekin bat datozela eta 25. artikuluan xedatua betetzen dutela ikusteko helburuz.
27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.
1.– Ekoizle taldeentzako laguntzak erabiliko dira kalitate-araubideek estaltzen dituzten produktuei buruz merkatu erkidean egiten diren informazio- eta promozio-jarduerek eragiten dituzten kostuak ordaintzeko.
2.– Ezaugarri hauek izan behar dituzte laguntza eskuratu dezaketen jarduerek:
a) Kontsumitzaileak II. kapituluan «Laguntza parte hartze berriari kalitate-araubideetan» zehaztutako kalitate-araubide batek estalitako produktuak eskura ditzatela bultzatzera bideratuak izango dira.
b) Hizpide diren produktuen ezaugarri edo abantaila espezifikoak nabarmenduko dituzte; batez ere, kalitatea, ekoizpen-metodo zehatzak, animalien ongizaterako arau zorrotzak eta ingurumenarekiko errespetua.
3.– Merkatu erkiderako informazio- eta promozio-jarduerak baino ez dira lagunduko diruz.
4.– Ezin dira diruz lagundu informazio- eta promozio-jarduera hauek:
a) Fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteek (FBEE) sustatuak, euren eragiketa-funtsez diruz lagunduta.
b) Kalitate-araubide hautagarrietako merkataritza-markak kontsumitzera bultzatzen dutenak.
c) Mezu nagusitzat produktuaren jatorria hartzen dutenak, kasu hauetan izan ezik: Idiazabal, Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina babestutako jatorri-deiturak (BJD), Errioxa JD kalifikatua, eta Euskal Okela eta Gernikako Piperra adierazpen geografiko babestuak (AGB).
28. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira behar bezala justifikatu diren kostuak, 2016ko urtarrilaren 1etik egindako informazio-eta promozio-kanpainak abian jartzearen ondoriozkoak, % 70eko gehieneko mugarekin, eta betiere diruz laguntzen diren jarduerak ez badira osorik gauzatu onuradunak laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, onuradunak horrekin lotutako ordainketa guztiak eginak izan zein ez. Zehatzago esanda, diruz lagundu daitezkeen gastuak informazio- eta promozio-ekintza hauetakoak izan behar dira:
a) Kalitate-ezaugarri bereizgarrien publizitatea egitea hainbat euskarritan: telebistan, prentsan, irratian.
b) Komunikazio-euskarriak lantzea eta ekoiztea: liburuxkak, bideoak.
c) Kalitate-bereizgarriak jakitera emateko eta harreman publikoetarako ekintzak.
d) Herri-dastaketak.
e) Gizartea (eskolak, kontsumitzaileak, preskriptoreak.) produktuen kalitate-bereizgarriez sentsibilizatzeko ekintzak.
f) Salmentak jakitera emateko eta sustatzeko ekintzak banaketa handiko establezimenduetan.
g) Euskal saltoki tradizionaletan jakitera emateko eta saltzeko sustapena.
h) Komunikazio- eta promozio-ekintzak produktu jakin bat kontsumitu edo erostea gomendatzen duten pertsona edo erakundeekin (preskriptoreak).
i) Kalitateko euskal nekazaritza-elikagaiak Estatuko merkatuetan sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
j) Azoketan egoten eta negozio-agendak antolatzen laguntzea.
k) Salmentak dinamizatzea ostalaritzako, jatetxeetako eta catering-enpresen kanalean (HORECA) eta zirkuitu laburretan.
l) Teknologia berrien bidezko informazio- eta promozio-ekintzak.
2.– Ezin izango da BEZa diruz lagundu inola ere, baldin eta berreskura edo konpentsa badaiteke Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.8 artikuluarekin bat, eta behar bezala justifikatzen bada.
29. artikulua.– Esleipen-prozedura.
Lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira laguntzak, 30. eta 31. artikuluetan ezartzen diren baldintza eta zenbatekoetan eta kredituak agortu arte. Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu laguntza-askabideak. Ebaluazio hori egin baino lehen, Zuzendaritzari atxikitako teknikari batek aztertuko du eskabide bakoitza, hau da, eskabidearen analisi tekniko eta ekonomikoa egin, txosten batean eskabide bakoitza deialdirako egokia den ala ez adierazi, eta txostena batzordeari aurkeztuko dio. Hurrengo artikuluan arautako balorazio-prozeduran lortutako puntu-kopuruaren arabera ezarriko da espedienteen lehentasuna, gehienetik gutxienera.
30. artikulua.– Proiektuen balorazioa.
1.– Espedienteen balorazioa eta lortutako puntuen araberako zerrenda, gehienetik gutxienera, irizpide hauek kontuan hartuz egingo da:
a) Produktu gama bat baino gehiago hartzen duten kalitate-araubideak sustatzeko jarduerak. 20 eta 50 puntu artean; puntu 20 gama bakarrerako, eta 50 puntu 5 gama-produktu baino gehiagoko araubideetarako.
b) Ekoizle gazte edota emakume kopurua, zenbat sartu diren azken bost urteetan diruz lagundu behar diren promozio-jarduerak aurkezten dituzten kalitate-araubideetan. 0 eta 40 puntu artean (40 puntu: 10 gazte edota emakume baino gehiago sartu duten araubideak).
c) Kalitate-araubide batean diruz lagundu nahi den promozio-jardueraren barruan sartu diren produktuen balio ekonomiko ziurtatua (diru-laguntzako araubidean aurkeztu aurreko urteko batez besteko PSParen arabera kalkulatuta). 10 puntu (>100.000 euro urteko) eta 30 puntu artean (> 15.000.000 euro urteko).
d) Zenbateraino handitu daitekeen kalitate-araubideetan sustatu nahi diren produktuen eskaintza (hizpide den produktuak EAEn duen autohornikuntza graduaren araberako alderantzizko proportzioan zenbatetsiko da, agindu honetako IV. eranskinean adierazitakoaren arabera). 0 puntu (autohornikuntza gradua > % 100) eta 20 puntu artean (autohornikuntza gradua < % 10).
e) Puntu-kopuru bera lortuz gero, lehentasuna emango zaie informazio- edo promozio-ekintzan ekoizle gehien duten kalitate-programen espedienteei.
31. artikulua.– Laguntzaren intentsitatea.
Baldintza hauen arabera egokituko da laguntzaren intentsitatea:
– 50.000 eurokoa izango da informazio- edo promozio-jarduera batean diruz lagundu daitekeen gehieneko kostua; jardueratzat hartuko da informazio- edo promozio-programa bat osatzen duten ekintzen multzoa.
– Kalitate-araubide hautagarri bat ere ezingo da gastu publikoaren % 25 baino gehiagoren onuradun izan, hau da, Landa Garapenerako Programaren aldi osorako azpineurri honetarako aurreikusitakoa.
– Promozio-jarduera guztietan lagunduko da diruz lagundu daitezkeen kostuen % 20, gutxienez.
– Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70era hel daiteke gehienez laguntza, espedienteak lortutako puntu-kopuruari lotutako baremo hauen araberako proportzioan:
• 30 eta 70 puntu artean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 20-40.
• 71 eta 70 puntu artean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40-60.
• 101 eta 70 puntu artean: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60-40.
• < 120 puntu: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70.
32. artikulua.– Betebehar espezifikoak.
Agindu honetan ezarritako betebehar orokorrez gain, diru-laguntzako jardueretarako egiten duten informazio edo publizitate orotan adierazi behar dute onuradunek ezen funts erkideek eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak batera finantzatzen dutela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan ezarritakoarekin bat etorriz; abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaz arautu zen eskuliburua. Baita hauen arabera ere: Kontseiluaren 3/2008 Erregelamendua (EB), merkatu erkidean eta beste herrialde batzuetan nekazaritza-produktuen gaineko informazio- eta promozio-ekintzei buruzkoa, eta 501/2008 Erregelamendua (EB) aldatzen duen 737/2013 Betearazpen Erregelamendua.
ii. eranskina
Eskabidea. II. kapitulua
Eskabidea. III. kapitulua
2016ko ESKABIDEA
ELIKAGAIEN KALITATE PROGRAMAK PARTE HARTZEKO EKINTZETARAKO LAGUNTZAK.
2016ko ESKABIDEA
ELIKAGAIEN KALITATE PROGRAMAK SUSTATZEKO ETA PARTE HARTZEKO EKINTZETARAKO LAGUNTZAK.
III. ERANSKINA
IV. ERANSKINA