EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016110

86/2016 DEKRETUA, ekainaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201600086
Xedapenaren data: 2016-06-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201602514
Maila: Dekretua
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak, 2016ko martxoaren 23an egindako bilkuran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 15.664.600 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren bazkide den aldetik, lehentasunezko eskubidea du sozietate publiko horren Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak 110.1 artikuluan ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren helburu soziala hau da:
«a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan aholkularitza-zerbitzua emanez eta ikerketak eginez.
b) Enpresa berrien sorrera eta jada martxan daudenen zabalkunde sustatzea, arreta berezia eskainiz garapen teknologikoari eta esportazioari.
c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, horrek lehiakortasuna indartzera eramaten duenean.
d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutakoen ahaleginei era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun-baldintza objektiboak biltzen badituzte.
e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.
f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.
Horietaz gainera, sozietateak beste hau ere egin dezake bere helburuak betetzeko:
1.– Diru-laguntzak eta epe luzeko eta ertaineko kredituak ematea, are interes-tasa bereziko baldintzetan, bai eta abalak ematea ere Eusko Jaurlaritzak horretarako ematen dituen arauekin bat etorriz.
2.– Parte hartzea interes handiko enpresen kapital sozialean, eta haien helburu sozialaren parte diren jarduerak garatzea, zeharka, zati batean edo osotasunean, beste sozietate batzuen akzioen edo partizipazioen titulartasunaren bidez, baldin eta sozietate horiek helburu bera badute edo haien helburua sozietatearen helburuaren parte edo antzekoa bada. Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena eman behar du jarduketa horiek guztiak egiteko, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan egin beharko dira.
3.– Obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzea, erakundeek aurreztutako funts publikoen koefizientearekin konputagarriak izan daitezkeenak.
4.– Maileguak jasotzea finantza-entitate publiko eta pribatuetatik. Aurrezki-kutxek ematen dituzten maileguak araubide berezikoak izango dira, indarreko legeetatik eratorritako forman eta baldintzetan.
5.– Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorretik eta beste instituzio eta erakunde publiko batzuetatik, bai eta sektore publiko estataletik ere».
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko ekainaren 7an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko –harpidetza hamabost milioi seiehun eta hirurogeita lau mila eta seiehun (15.664.600 ) eurokoa izango da–. Baimena ematen da, halaber, batzar horretan adierazitako baldintzetan eta epeetan zenbateko hori ordaintzeko eta horren ondorioz sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.n izango duen partaidetza zuzena % 99,09koa izango da.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.