EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016110

63/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei elkarrizketa-laguntzaileak ematekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201600063
Xedapenaren data: 2016-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602513
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioarekin lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei elkarrizketa-laguntzaileak ematekoa; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 1EKO 63/2016 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA, KULTURA ETA KIROL MINISTERIOAREKIN LANKIDETZARAKO OINARRIAK, LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXEETAN ETA HIZKUNTZA-ESKOLA OFIZIALETAN 2016-2017 IKASTURTERAKO MINTZAPRAKTIKAKO IRAKASLE LAGUNTZAILEAK JARTZEKO
Kanpoko Hezkuntza Jarduera arautzen duen ekainaren 25eko 1027/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari dagokio, besteak beste, Espainiako hezkuntza eta kulturak kanpoan duen proiekzioa bultzatzea, eta, horretarako, espainiar kultura eta hizkuntzaren sustapen eta hedapenaren nahiz nazioarteko lankidetzaren esparru zabalenean txertatzea hezkuntza-ekintza hori.
Mintzapraktikarako irakasle laguntzaileen programaren bidez, Alemania, Australia, Belgika, Bulgaria, Kanada, Txina, Estatu Batuak, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Malta, Maroko, Norvegia, Zeelanda Berria, Herbehereak, Portugal, Erresuma Batua eta Suediako hautagaiak aukeratzen ditu Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, Espainiako Estatuko autonomia-erkidegoetako eta hiri autonomoetako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntza-eskola ofizialetan zerbitzuak eman ditzaten.
Programa hori antolatzeko oinarria Espainian eta programan parte hartzen duten herrialdeetan indarrean dauden Hezkuntza, Kultura, Zientzia eta Teknika arloetako bitariko lankidetza-hitzarmenek osatzen dute.
Programa honek azken deialdietan izan duen arrakastaren ondorioz, nabarmen ugaritu da mintzapraktikako irakasle laguntzaileen kopurua. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2016-2017 ikasturtean beharko dituen mintzapraktikako irakasle laguntzaileak aukeratze aldera Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hartu beharreko neurriak hartzea da lankidetza-oinarri hauen helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen bere Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, hezkuntzaren arau-garapen eta betearazpenerako eskumena, hezkuntzaren maila eta gradu, modalitate eta espezialitate guztietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzen eta bultzatzen ari da bere kudeaketa-esparruko ikastetxeetan.
Hori guztia dela-eta, beharrezkoa da Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, mintzapraktikako irakasle laguntzaileen programa behar bezala kudeatzeko.
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren aldetik, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako estatu-idazkariak sinatuko du; uztailaren 3ko 603/2015 Errege Dekretuaren bidez egin zen haren izendapena.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Hezkuntzako sailburuordeak sinatuko du, Gobernu Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez onartutako 9. arau-ohiak ematen dion baimenarekin.
Hona hemen Euskal Autonomia Erkidegoak zuzenean finantzatuko dituen laguntzaileen kupoari dagozkion alderdiak arautzeko.
OINARRIAK
– Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak mintzapraktikako ehun eta hamabost irakasle laguntzaile aukeratuko ditu, gehienez ere: ingeleseko laurogeita hemeretzi, frantseseko hamar eta alemaneko sei, eta horiek denak Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Politika Sailak banatuko ditu bere ikastetxeetan.
– Ikasturtea hasi baino lehen, aukeratutako laguntzaileen zerrenda zehatza bidaliko dio Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari.
– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetara joaten diren mintzapraktikako irakasle laguntzaileek Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak zuzenean kudeatutako ikastetxeetako baldintza berberak bete beharko dituzte. Konkurrentzia lehiakorreko erregimenean diru-laguntza publikoak emateko oinarriei buruzko 2005eko apirilaren 20ko ECI/1305/2005 Aginduan (maiatzaren 12ko BOE) edo hori ordezten duen arauan daude jasota baldintza horiek.
Ingeleseko mintzapraktikako laurogeita hemeretzi irakasle laguntzaile, frantseseko hamar laguntzaile eta alemaneko sei laguntzailera arteko gastua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatuko du 2016-2017 ikasturtean, bere aurrekontuen kontura. Kontzeptu hauek finantzatuko dira, hain zuzen ere:
• 700,00 euroko hileko laguntza, 2016ko urriaren 1etik 2017ko maiatzaren 31ra.
• Osasun-estaldura, Europako osasun-txartelik ez duten mintzapraktikako irakasle laguntzaileentzat.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak harrera- eta orientazio-ikastaro bat antolatuko du bere ikastetxeetara joango diren mintzapraktikako irakasle laguntzaile guztientzat.
Lankidetzarako oinarri hauek zortzi hilabetez egongo dira indarrean: 2016ko urriaren 1etik 2017ko maiatzaren 31ra. Aldi hori urtero luzatuko da, lankidetzarako oinarri berriak sinatuz. Lankidetzarako oinarri hauen partaide den edozein administraziok sala ditzake oinarri hauek, azkentze-data baino gutxienez hiru hilabete lehenago.
Lankidetzarako oinarri hauen formalizazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute lankidetzarako oinarriak berrikustea, bidezkotzat jotzen dituzten aldaketak egiteko.
Eta hala jasota gera dadin, agiri honen hiru ale sinatzen dira, 2016ko maiatzaren 9an.
Marcial Marín Hellín, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetako estatu-idazkaria.
Miren Arantza Aurrekoetxea Bilbao, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntzako sailburuordea.