EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016109

AGINDUA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2016ko udan eta 2016-2017 ikasturtean Irale programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko laguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2016-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602488
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, hizkuntzak ikasteko bere zentroak izateaz gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko irakaskuntza-elkarteen partaidetza du, irakasleak alfabetatu eta euskalduntzeko programako (Irale) ekintzak egiteko.
Deialdiko agindu honen asmoa da, beraz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko irakaskuntza-elkarte horiek parte har dezatela 2016ko udan eta 2016-2017 ikasturtean Irale programako jardueretan. Zehazki, eskola-ordutegitik kanpo edo eskola-ordutegian ematen diren maila aurreratuko jarduera jakin batzuetan egin beharreko jarduerak dira.
Kontuan hartu ditu, bide batez, ondoko lege eta dekretu hauek: batetik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateratuaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Admnistrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, lege hori garatzen duen eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz; bestetik abenduaren 20ko 4/2013 Legea, zeinaren bitartez Eusko Legebiltzarrak, besteak beste, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren gastuen egoera onartu baitzuen. Hori guztia kontuan izanik, honako hau.
Horrenbestez, 1994ko urtarrilaren Aginduan (EHAA, 1994ko otsailaren 11koa, irakasleek hizkuntzak ikasteko programa arautzen duena) xedatutakoari jarraituz, eta agindu horretako 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da diruz laguntzea Irale programaren barruan 2016ko udan eta 2016-2017 ikasturtean eskola-orduez kanpo 4. artikuluan aipatutako prestakuntza-jarduerak.
2.– Agindu honen arabera, diru-laguntzak izango dira prestakuntza-jaduerak gauzatzeko baimena lortzen duten entitateendako.
2. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.
1.– Guztira 800.000,00 euroko zenbatekoa bideratuko da, honela banakatua:
a) 2016ko udan eta 2016-2017 ikasturteko lehen hiruhilekoan egiteko jarduerak, 550.000 euro.
b) 2017ko urtarriletik ekainera egitekoak diren jarduerak, 250.000 euro, 2017ko ekitaldiko aurrekontuen kontura.
2.– Deialdi honek, 2017ko urtarriletik ekainera egitekoak diren jardueren diru-laguntzei dagokienez, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan araututa dagoen gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzeari heltzen dio. Horrenbestez, aldi horri buruzko diru-laguntzak ematea 2016ko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende geratzen da.
3. artikulua.– Diru-laguntza baimentzeko eta emateko prozedura.
Baimentzeko eta emateko prozedura lehiaketa izango da, eta aurkeztutako eskaerak konparatuz egingo da, 9. artikuluan adierazitako balioztatze-irizpideei jarraituz, eskaera horien artean gutxieneko puntuazioa lortu dutenen lehentasun-ordena ezartzearren.
4. artikulua.– Baimena eta diru-laguntza jasoko duten jarduerak.
1.– Deialdi honen xede diren Irale programako jarduerak eskola-orduez kanpo egingo dira, eta https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu helbidean argitaratutako zerrendan jarduera bakoitzerako adierazitako baldintzen mende.
5. artikulua.– Entitate onuradunak eta parte hartzeko eskakizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako baimenaren eta diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira ondorengo entitateak:
a) HABEren Euskaltegien Erregistroan inskribatutako euskaltegiak, erregistro horretan beren datuak eguneratuta dituztenak.
b) Unibertsitateak edo hizkuntza-aholkularitzako entitateak, nortasun juridiko propioa dutenak.
2.– Onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskaltegiek Kulturako sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduan (irailaren 10eko EHAA; akatsen zuzenketa, azaroaren 6ko EHAAn argitaratua) araututako erregistroan inskribatuta eta datuak eguneratuta egon beharko dute.
b) Unibertsitateek edo hizkuntza-aholkularitzako entitateek esperientzia izan beharko dute irakasleen hizkuntza-, soziolinguistika- edo glotodidaktika-prestakuntzaren arloan.
c) Entitate guztiek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Entitateek ezingo dute egon diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzeko zigor penal edo administratiboren baten pean, ez eta horretarako ezgaitzen duen lege-debekuan ere, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
e) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.
6. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa eta instrukzioa.
Deialdi honen kudeaketa eta instrukzioa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagozkio. Gainera, eginkizunak esleitzen zaizkie Iraleko zentroei eta Balioztapen Batzordeari.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, eta beste izapide batzuk egiteko eta jakinarazteko bide elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.
2.– Eskabidearen inprimakiak, behar bezala beteta, elektronikoki aurkeztu eta izapidetuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https//:www.euskadi.eus). Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak– eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
3.– Eskabideak eta beharrezko gainerako agiriak bide elektronikotik izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu).
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) 5. artikuluko 2. idatzi-zatiko b) letran jasotako entitateen kasuan, idatz-zati horretan eskatutako esperientzia frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
b) Entitate guztiek aurkeztu beharko dituzte 9. artikuluan jasotako balioztatze-irizpideak aplikatzeko alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
5.– Ez dira aurkeztu beharko 5. artikuluko 2. idatzi-zatiko a) eta c) letretan jasotako baldintzak frogatzeko agiriak. Ofizioz egingo da a) letran jasotako baldintza betetzen delako egiaztagiria aurkeztea. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du c) letrako baldintza betetzen dela; horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
6.– Entitate eskatzaileek, eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (kontsultak egitea, agiriak aurkeztea...), helbide honetara joko dute: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7.– Entitateei izapideak elektronikoki jakinaraziko zaizkie. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso duela elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali denetik hamar egun natural igaro direnean eta edukira sartu ez denean, ulertuko da jakinarazpena errefusatu egin dela, izapidea egintzat joko da eta prozedurak jarraituko du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira, inoiz, benetako jakinarazpentzat hartuko.
8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Diru-laguntzen eskabidea oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar laneguneko epean. Epe horretan zuzentzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
2.– Akatsak zuzentzearen jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
9. artikulua.– Emateko prozedura eta balioztapen-irizpideak.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 4. artikuluan jasotako jarduerak egiteko entitateei emateko baimena epe eta modu egokian aurkeztutako eskabideak konparatuz egingo da, eskabideen arteko lehentasun-ordena ezartzearren, agindu honetako I. eranskinean finkatutako balioztatze-irizpideei jarraituz. Gutxienez baremazioaren atal bakoitzean gehienezko puntuazioaren erdia lortu dituzten eskabideei baizik ez zaie baimena emango.
2.– Entitate bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta epea, behin jardueretan ikasleen matrikulak formalizatu eta gero, 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.
10. artikulua.– Irale irakastegiak eta Balioztapen Batzordea.
1.– 1994ko uztailaren 7ko Aginduz (irailaren 7ko EHAA) lurralde historiko bakoitzean sortutako hizkuntza-prestakuntzarako ikasketa-elkarteek eskatzaileek aurkeztutako eskaintzak aztertuko dituzte. Behin eskaintzak aztertuta, txosten bat egingo dute, I. eranskineko balioztapeneko idatzi-zatiak oinarri hartuta.
2.– Txosten hori Balioztapen Batzordeari emango zaio. Txostena aztertuta, bai eta ikastaro-eskabideei erantzuteko kokalekurik egokiena ere, Balioztapen Batzordeak proposamena egingo dio deialdia ebazteko eskumena duen organoari.
3.– Balioztapen Batzordeak osaera hau izango du:
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa; batzordeburu izango da.
– Euskara Zerbitzuko arduraduna.
– Iraleko hizkuntza-prestakuntzarako ikasketa-elkarteetako jarraipen arduradunak.
– Zerbitzu horretako Irale programako arduraduna; batzordekide idazkari jardungo du, eta hitza eta botoa izango ditu.
11. artikulua.– Ebazpena, prestakuntza-jarduera aurkeztu duten entitateak baimentzen duena.
1.– Eskabidea egiteko epea bukatu eta bi hilabetera, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena emango du, deialdi honen xede diren jarduerak emateko baimena emateko edo ukatzeko. Ebazpen horretan, orobat, prozedurara onartu ez diren eskabideak ere adieraziko dira. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik eman ez bada, isiltasuna ezezkoa dela ulertuko da.
2.– Ukapenetan eta ez-onartzeetan, zer arrazoitan oinarritzen diren adieraziko da.
3.– Ebazpena banan-banaka jakinaraziko da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez, eta biharamunetik izango du jakinarazpen-eragina.
4.– Ezarritako epean ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.
5.– Ebazpen horren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
6.– Jende guztiak jakin dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da baimendutako entitateen zerrenda.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, ondorengo arau hauek aplikatuko zaizkie diruz lagun daitezkeen kostuei:
a) A eta E ikastaroak: ikaslearen matrikularen kostua, gutxienez, HABEk dagokion arauzko xedapenaren bitartez ezarritakoa izango da. Matrikularen kostua gehienez 2,70 euro izango da ikasleko eta orduko, edo 52 euro taldeko eta orduko, 20 ikasletik 30era bitarteko talde jendetsuen kasuan.
b) H, F, I eta Q ikastaroak, prestakuntza-modalitate aurreratuak, eta hertsiki teoriko-espositiboak: kostua gehienez 52 euro izango da taldeko eta orduko. Taldeak gutxienez 9 ikasle eta gehienez 30 izango ditu.
c) H, F, I eta Q ikastaroak, hizkuntza-prestakuntzakoak, teoriko-praktikoak: kostua gehienez 66 euro izango da taldeko eta orduko. Taldeak gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu.
d) Aplikazio praktiko handiko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): gehieneko kostua 78 euro izango da, orduko eta taldeko. Taldeak gutxienez 6 ikasle eta gehienez 15 izango ditu.
e) Soziolinguistikaren inguruko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): gehieneko kostua 90 euro izango da, orduko eta taldeko. Taldeak gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu.
f) Curriculumaren euskal dimentsioaren (H407) inguruko prestakuntza-jarduerak (ariketak prestatu, aplikatu eta zuzentzeko lan osagarriak barne, bai eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriak ere): gehieneko kostua 100 euro izango da, orduko eta taldeko. Taldeak gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izango ditu.
g) Hezkuntza-administrazioaren (irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako langileak eta irakasle ez diren langileak barne) berezko hizkuntza-beharretarako gaitzeko ikastaroak, kostuei dagokienez, idatz-zati honetako a) puntuan ezarritakoari jarraituko diote.
h) Ikasle bakoitzeko jasoko den diru-laguntzaren ehunekoa aurreko edizioetako aprobetxamenduak baldintzatuko du. Lehenengoz parte hartzen duten edo gutxieneko asistentzia gainditzen duten ikasleengatik, irakaskuntza gastuetarako diru-laguntzaren % 100 izango dute. Ikastaroa barnetegian ematen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa irakaskuntzako eta egonaldiko guztizko gastuen bi heren izango da.
Ikasleen aprobetxamendua eskatutako mailetara heltzen ez bada, ikasle horrek parte hartzen duen hurrengo ikastaroan gastuen % 50 ordainduko dira. Aprobetxamendu txarra errepikatzen bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez du diruz lagunduko jarduera horren zenbatekoa.
2.– Entitateek aurkeztutako prestakuntza-eskaintzak («ikastaro-emankizunen azalpen-orriak») eta matrikulako fitxak («matrikula-fitxak») oinarritzat hartuta, dirulaguntzaren estimazioaren jakinarazpenak egingo dira; azaroaren 15a baino lehen, lehenengo fasearen kasuan eta ekainaren 15a baino lehen, bigarrenekoan. Jakinarazpen horietan adieraziko da zein den entitate bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa, Iralek jasotako datuekin bat etorrita.
Jakinarazpenak bidaltzearekin batera, 15 eguneko epea gaituko da entitateak inprimaki horren edukia azter dezan eta, akatsen bat badela baderitzo, Euskara Zerbitzuari jakinarazi diezaion. Ahal den neurrian, euskaltegietatik datozen oharrak fase horretako bertako laguntzen ematean sartuko dira; bestela, hurrengo fasean sartuko dira.
3.– Hezkuntzako sailburuordeak bi ebazpen emango ditu, baimendutako entitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko.
Lehenengo ebazpenak 2016ko udan eta 2016-2017 ikasturteko lehen hiruhilekoan egindako jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. 2016ko abenduaren 31 baino lehen eman eta jakinaraziko da. Ordainketa, fase honetan, 2017ko urtarrilaren 16a baino lehen gauzatuko da.
Bigarren ebazpenak 2016-2017 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan egindako jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. 2017ko irailaren 30a baino lehen eman eta jakinaraziko da. Ordainketa, fase honetan, 2017ko urriaren 31 baino lehen gauzatuko da.
4.– Ebazpen horiek Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez, eta biharamunetik izango dute jakinarazpen-eragina. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak jakin ditzan.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira, inoiz, benetako jakinarazpentzat hartuko.
5.– Ezarritako epean ebazpenak jakinarazten ez badira, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
7.– Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpenak jakinarazten diren egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.
13. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa.
Bana-banako matrikula-fitxak behar bezala beteta aurkeztea, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-orriaren bidez. Aurkezte hori egiteko, hamabost egun naturaleko epea izango da, dagokion prestakuntza-modalitaterako matrikulak onartzeko epea bukatu ondoren.
14. artikulua.– Entitate baimendu eta diruz lagunduen betebeharrak.
Deialdi honetako xede diren diru-laguntzen onuradun diren entitate baimenduek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 5 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Egindako jarduerari buruz Iralek eskatzen dizkion datuak (etorritakoak, ikasleen datu akademikoak, eta abar) edozein unetan eta modu garbian bidaltzea.
c) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak betetzeko– eskatutako informazioa ematea.
e) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.
15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarri izango dira xede bererako ematen den beste ezein diru-laguntzekin, baldin diruz lagundutako jarduera gainfinantzatzen ez bada.
2.– Gainfinantzaketarik sortuz gero, jaso beharreko laguntza egoki den kopururaino txikiagotuko da.
Gainfinantzaketa sortzen bada itzultzeko betebehar bera duten beste diru-laguntza batzuekin batera, itzuli beharreko kopurua laguntzaren ehunekoaren proportzionala izango da.
16. artikulua.– Ez betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea, eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzea.
1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), ezin izango da laguntzaren edo diru-laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea, baldin eta honakorik gertatzen bada:
a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.
b) Laguntza emateko: datuak ostendu edo aldatzea, edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzea.
c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera egitea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.
d) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu ezen egindako gastua ez datorrela bat proposatu eta esleitutakoarekin.
2.– Era berean, diru-laguntza emateko kontuan izaten diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko ebazpena alda daiteke, baldin diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA) eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera arautzen da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.
4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
17. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Irale izeneko 2. fitxategian sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkezten dituzten dokumentuak egiazkoak diren egiazta dezan beste erakunde publiko batzuetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.