EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016108

81/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen Dekretua aldatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600081
Xedapenaren data: 2016-05-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201602464
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2006/10/13an argitaratutako 2006/10/03ko 200600194 DEKRETUA aldatzen du

Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 zenbakidun (EE) Erregelamenduak, nekazaritza-politika bateratuaren finantziazioari buruzkoak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa (Feaga) eratu zuen merkatuko neurriak eta bestelako neurriak eta nekazaritza aldeen garapenerako programak finantzatzera bideraturiko Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa (LGENF) finantzatzeko. 1290/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (EE) Erregelamenduaren bitartez ezarri ziren. Erregelamendu horrek Kontseiluaren 1290/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri zituen, erakunde ordaintzaileen eta bestelako organoen baimenari eta Feaga eta LGENFen kontuen likidazioari dagokienez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, irailaren 26ko 425/1995 Dekretuaren bidez, EAEko Erakunde Ordaintzailea eratu zen, Feoaga-Bermea Europako funtsaren kargura finantzatutako gastuak ordaintzeko. Arlo honi buruzko Europako araudia aldatzean, eta araudi horretara egokitzeko (Kontseiluaren 1290/2005 (EE) Erregelamendua, ekainaren 20koa, eta erregelamendu hori aplikatzeko xedapenak), indargabetu egin zen dekretu hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretua onartu eta argitaratu zen. Dekretu horretan, Erakunde Ordaintzailearen antolamendua eta funtzionamendua ezarri zen. Era berean, dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzeaz gain, haren egitura eta oinarrizko eginkizunak ezarri zituen, bai eta gutxieneko funtzionamendu-sistema ere.
Geroago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua onartu zen, Nekazaritza Politika Erkidea finantzatu, kudeatu eta hari jarraipena egitekoa, eta Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) erregelamenduak indargabetzen dituena.
Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du honako gai hauei dagokienez: erakunde ordaintzaileak eta beste organo batzuk, finantza-kudeaketa, kontuen likidazioa, bermeak eta euroaren erabilera. Era berean, erakunde ordaintzaile batek izan behar dituen antolaketa administratiboa eta barneko kontrol sistema jasotzen ditu, eta, halaber, zerbitzu edo erakunde bati erakunde ordaintzaile izateko baimena emateko zer irizpide aztertu behar diren ezartzen du.
Batzordearen 2014ko abuztuaren 6ko 908/2014 (EB) Erregelamendu Betearazleak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu honako gai hauei dagokienez: erakunde ordaintzaileak eta beste erakunde batzuk, finantza-kudeaketa, kontuen likidazioa, kontrolei, bermeei eta gardentasunari buruzko arauak. Era berean, erakunde ordaintzaileen baimena lortzeko prozedura jasotzen du, eta, baimen hori emateko txosten bat eskatzen du. Txosten horretan, zehatz-mehatz aztertuko da baimena emateko irizpideak betetzen diren, eta erakunde ordaintzailearekin loturarik ez duen erakunde independente batek egingo du. Halaber, erregelamendu horretan ezartzen denez, estatu kide bakoitzak erakundearen baimena emateko, egiaztatzeko eta baliogabetzeko eskumena duen agintaritza bat izendatuko du, eta agintaritza horrek, egintza ofizial bidez, erakunde ordaintzaileak baimenduko ditu edo, hala dagokionean, ez ditu baimenduko, baimena emateko irizpideen azterketan oinarrituta.
Erakunde ordaintzaileen araubidea eta Feoga-Bermearekiko koordinazioa arautzen duen martxoaren 14ko 327/2003 Errege Dekretuak xedatzen duenez (errege-dekretu hori apirilaren 28ko 521/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu da, zeinak erakunde ordaintzaileen eta Europako nekazaritza funtsen koordinazioaren araubidea ezartzen baitu), batetik, nahitaezkoa da autonomia-erkidego bakoitzean erakunde ordaintzaile bakarra egotea, eta autonomia-erkidego bakoitzari dagokio zehaztea zein izango den bere erakunde ordaintzailea baimentzeko eskumena izango duen erakundea; eta apirilaren 28ko 521/2006 Errege Dekretuak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek baimenduko dituzte beren erakunde ordaintzaileak eta egiaztapen-erakundeak izendatuko dituzte, Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 (EE) Erregelamenduarekin bat etorriz.
Euskal Autonomia Erkidegoan, «eskumena duen erakundea» Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua da, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l) artikuluaren arabera; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, Jaurlaritzari dagokio «bere garrantzia edo izaera dela-eta Jaurlaritzak ezagutzea edo aztertzea eskatzen duten gai guztiez arduratzea...». Eta hau da, hain zuzen ere, gai horietako bat.
Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez, 2006ko urriaren 10ean, EAEko Erakunde Ordaintzailea baimendu zen. Erakunde hori urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren bidez eratu zen, Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2006 (EE) Erregelamenduaren 6.2 artikulua aplikatuz. Erregelamendu horren arabera, estatu kideek nahitaez baimendu behar dituzte erregelamendu horretan ezarritako zenbait baldintza betetzen dituzten zerbitzu edo erakundeak, Feaga eta LGENF funtsen kargura finantzatutako gastuak ordain ditzaten, eta, era berean, erregelamenduan ezarritakoaren arabera, estatu kide bakoitzean erakunde ordaintzaile bat baino gehiago izan daiteke.
Baimen horri eutsiko zaio, eta Europako Erkidegoaren araudi berrira egokitzeko xedez (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua), urriaren 3ko 194/2006 Dekretu hori aldatuko da.
Dekretu hau prestatzerakoan, kontsulta egin zaie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru erakundeei.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 1. zenbakiaren d) letra.
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 4. artikuluko 1. zenbakia. Honela idatzita geratuko da:
«1.– Ordainketak gauzatzea, ordainketen kontabilitatea eta barne ikuskaritza zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak gauzatuko dituen zerbitzuak eta eginkizunak izango dira, zuzenean eta eskuordetzeko aukerarik gabe.»
Hirugarren artikulua.– Kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 4. artikuluko 2. zenbakiaren a) letran:
«... eta harreman eginkizuna.»
Laugarren artikulua.– Beste artikulu bat gehitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuari; 4 bis artikulua izango da.
4 bis artikulua.– Harremana.
Estatuko koordinazio erakundearekiko harremanen ardura, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (Feaga) datozen gastuen ordainketari dagokionez, gaia zein den kontuan hartuta, Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritzako titularrarena eta ekintzari dagozkion jarduera-arloen ardura duten zuzendaritzena izango da.
Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 5. artikulua. Honela idatzita geratuko da:
«1.– Egiaztapen Erakundeak –Eusko Jaurlaritzak kasu honetan aplikatzekoa den Europako araudian xedatutakoarekin bat etorriz izendatua– irizpen bat emango du, nazioartean onartuak diren auditoria-arauen arabera egindakoa. Irizpen hori honako gai hauei buruzkoa izango da:
● erakunde ordaintzailearen urteko kontuen osotasuna, zehaztasuna eta egiazkotasuna,
● barne-kontroleko sistemaren funtzionamendu egokia eta
● Batzordeari itzultzea eskatzen den gastuaren legezkotasuna eta zuzentasuna.
2.– Era berean, irizpenean adieraziko da azterketan zalantzaren bat azaltzen den erakunde ordaintzailearen zuzendaritza organoak kudeaketari buruz egin beharreko aitorpenean azaltzen diren baieztapenen gainean.»
Seigarren artikulua.– Beste artikulu bat gehitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuari; 5 bis artikulua izango da.
«5 bis artikulua.– Gainbegiratzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea baimentzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko eskumena duen agintaritzak gainbegiratu egingo du, Europako araudiak ezartzen duen eran, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak behar bezala funtzionatzen duen, bai eta baimentzeko irizpideak betetzen jarraitzen duen ere».
Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 9. artikulua. Honela idatzita geratuko da:
«9. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zuzenean betetzen dituen eginkizunak.
Dekretu honetako 4. artikuluan xedaturikoari kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak honako eginkizun hauek gauzatuko ditu zuzenean:
a) Laguntza zuzenen eta nekazaritzako merkatuak arautzera edo laguntzera bideraturiko neurrien zerbitzu teknikoaren zati bat.
b) Laguntza zuzenen eta nekazaritzako merkatuak arautzera edo laguntzera bideraturiko neurrien ordainketak baimentzea.»
Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 10. artikulua. Honela idatzita geratuko da:
«10. artikulua.– Jardueren garapena.
1.– Nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzak zerbitzu teknikotik eratorritako eginkizunak gauzatuko ditu, arlo hauen gainekoak: laguntza zuzenak eta nekazaritzako merkatuak arautzera bideraturiko neurriak, eta, era berean, nekazaritzako merkatuak arautzera bideraturiko neurri horien ordainketak baimentzea.
2.– Elikagaien industrien arloan eskumena duen zuzendaritzak zerbitzu teknikotik eratorritako eginkizunak gauzatuko ditu, arlo hauetan: nekazaritzako merkatuei laguntzera bideratutako laguntzak eta nekazaritzako merkatuei laguntzera bideratutako laguntzen ordainketak baimentzea.»
Bederatzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 11. artikuluko 2. zenbakia. Honela idatzita geratuko da:
«2.– Eskuordetzeak gai hauen gainekoak izango dira: laguntza zuzenak eta nekazaritzako merkatuak arautzeko laguntzak, eta hauek dira eskuordetu ahal izango diren eginkizunak:
● Prozeduren integrazio osoa ahalbidetzen duten jarduera-prozedurak garatzea.
● Informazioa integratzeko eta batera prozesatzeko aukera ematen duten aplikazio informatikoak garatzea.
● Datuak transferitzeko fitxategiak diseinatzea eta erakunde ordaintzailearen datu-basearen mantentze-lana.
● Informazioa prozesatzea.
● Prozesatutako informazioa sortzea, Fegara bidali ahal izateko.»
Hamargarren artikulua.– Xedapen gehigarri bat gehitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko194/2006 Dekretuari:
«XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan ageri diren Europako eta estatuko arau zehatzei egindako erreferentziak unean-unean eurak ordezkatzen edo aldatzen dituzten arauei egindakotzat hartu behar dira.
Era berean, dekretu honetan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari erreferentzia egiten zaionean, ulertu behar da erreferentzia egiten zaiola unean-unean nekazaritza eta elikadurako eskumenak esleituak dituen sailari (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuaren arabera esleituak).
Era berean, dekretu honetan Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari edo Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzari erreferentzia egiten zaionean, ulertu behar da erreferentzia egiten zaiola unean-unean nekazaritza eta abeltzaintzako, kabineteko eta zerbitzu orokorren zerbitzuetako eskumenak esleituak dituen zuzendaritzari (nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren arabera esleituak).»
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Busturia, 2016ko maiatzaren 31.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.