EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2016107

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakia. Diru-baliabide horien bidez finantzatuko dira, 2016ko ekitaldian, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuan aurreikusitako laguntzak; agindu horren bidez ezarri ziren gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak.

Xedapenaren data: 2016-06-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201602445
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/05ean argitaratutako 2012/10/03ko AGINDUA [201204410]

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2016. urtean; eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoarekin bat –maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuan onartu ziren estatutu horiek–, Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio haiek argitara ematea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2016ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2016. urtean –ebazpen honen eranskinean dago jasota dekretukoa–.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabaki horrek ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Jakitera ematea argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN 2016KO MAIATZAREN 31(E)KO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETAKO SAILBURUAK ETA ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILBURUAK GAZTEENTZAKO IKAS-EKINEZKO HEZIBI PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ONARTZEKO EMANDAKO 2012KO URRIAREN 3KO AGINDU BATERATUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK FINANTZATZEKO, 2016. URTEAN.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuaren helburua da: gazteentzako ikas-ekinezko lanbide-heziketaren eredua garatzea, Lanbide Heziketako ikasleentzat eta gazte langabeentzat, lanbide-konpetentziak hobetu ditzaten, eta profesionaltasun-ziurtagiri bat edo hasierako lanbide-heziketako titulu bat eskura dezaten, alternantziako araubidean, enpresan ordainduta egiten duten lan-jardunarekin txandakatuta; hartara, horrek lagundu egingo du enpresen beharrizanak eta langileek lortzen dituzten konpetentziak egokitzen.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eta diru-laguntzetarako deialdiak onartzeko eta izapidetzeko eskumena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearekin bat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzeko maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluarekin bat.
2014ko abenduaren 10eko Aginduan aldatutako 2012ko urriaren 3ko agindu hori, Enplegu eta Gizarte Gaietako eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuena, indarraldi mugagabekoa da, eta, haren 13.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontuetarako lege-mailako arauetan esleituko da programa finantzatzeko zuzkidura ekonomikoa. Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Lanbideko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez argitara emango du urteko zuzkidura zenbatekoa den, programa honen esparruan egindako prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuen diru-laguntzak finantzatzeko, eta Hezibi programako ikas-ekinezko profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko proiektuetako kostu osagarria finantzatzeko. Indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, aurrekontu-ekitaldi batean emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du gainditu ez aipatutako esleipena ez igoerakoa.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko maiatzaren 31ko bilkuran, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak esleitzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gazteentzako ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak onartzeko emandako 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko (agindu hori 2014ko abenduaren 10eko Aginduak aldatu zuen); hartarako, 1.200.000 euro dira guztira; euretatik 500.000 euro 2016ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 700.000 euro 2017ko konpromiso-kredituari, programa honen kargura: 3231-Prestakuntza, 41. sekzioa – Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.
Zenbateko hori handitu daiteke baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketarik onartzen bada. Aldaketarik eginez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emango du horren berri ebazpen bidez.
Bigarrena.– Zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.