EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2016107

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 13koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2016. urtean zehar diru-laguntzak ematen dituena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-05-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201602442
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/21ean argitaratutako 2015/12/01eko EBAZPENA [201505330]

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko abenduaren 1eko Ebazpenaren bidez, 2016. urtean diru-laguntzak emateko deialdia egin zen, hain zuzen ere emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei diru-laguntzak emateko.
2015eko abenduaren 1eko Ebazpenaren 10. artikuluan ezartzen denez, eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko ditu, Hautaketa Batzordeak proposatutakoaren arabera, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horretan 13. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, diru-laguntza onartu ostean emandako zenbatekoaren % 75 ordainduko da; bigarren ordainketa (gainerako % 25), berriz, sortutako gastu guztiak 2017ko martxoaren 1era bitartean justifikatu ondoren.
Adierazitakoagatik, Hautaketa Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Eranskinean zerrendatuta dauden elkarte, federazio eta fundazioei diru-laguntzak ematea, orotara berrehun eta berrogei mila (240.000) euro. Bakoitzari emandako zenbateko zehatza ere jasotzen da eranskinean.
Bigarrena.– Eranskinean aipatzen diren elkarteak ordezko izendatzea, kasuan kasu, gehienez ere jaso dezaketen zenbatekoaz.
Hirugarrena.– Eranskinean agertzen diren entitateei laguntzak ukatzea, adierazten diren arrazoiengatik.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean, ebazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.