EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2016106

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urtean Dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-05-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201602420
Maila: Agindua
Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.
Zuzendaritza horrek egoki deritzo dantza sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Ildo horretatik, diru-laguntzak emango ditu Koreografia sorkuntzan, dantza konpainiak sendotzean, dantza-lanen ekoizpenean, eta dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzan. Neurri horren bitartez, Euskadin diharduten koreografoen eta dantza-konpainien sorkuntza-lana sustatzeko eta sektore honen profesionalizazioaren alde egiten diren ahaleginak bultzatzeko formula lortu nahi da. Horretarako, laguntza emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko zirkuitu eszenikoetan dantzaren aukerak pixkanaka areagotuko dituzten zabalkunde-ekimenei.
Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago sartuta.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta modalitateak.
1.– Agindu honen xedea da 2016an burutuko diren edo hasiko diren dantza-jardueretarako diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.
2.– Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jarduerak honako atal hauei dagozkien kapituluetan zehaztu eta deskribatzen direnak dira:
– II. kap.: Koreografia sorkuntza.
– III. kap.: Dantza konpainiak sendotzea.
– IV. kap.: Dantza-lanen ekoizpena.
– V. kap.: Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga orokorra.
1.– Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 400.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: 28.800 euro Koreografia sorkuntzarako; 140.000 euro Konpainiak sendotzeko; 155.000 euro Dantza-lanak ekoizteko; 76.200 euro Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzarako.
2.– Modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada (eskabiderik ez egoteagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik), gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramango da, Koreografia sorkuntzaren modalitatekora izan ezik. Egoera hau gertatuz gero, lehentasuna izango du eskatutako diru kopuru orokorraren eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak, proiektuen bideragarritasuna eta azpikontratazioa.
1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Koreografia sorkuntzaren modalitatea: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldan dauden pertsona fisikoak.
b) Bestelako modalitateetan, nahitaezkoa izango da eskakizun hauek betetzea:
b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden edo egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea. Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko ‘Ondasunen erkidegoa’ formapean aurkeztutako eskaerak.
b.2.– Ekonomia Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean alta emanda egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen helburua dantza-jardueren ingurukoa izatea.
2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da. Era berean, ez zaio diru-laguntzarik emango, ez eta ordainduko ere, diru-laguntzak itzultzeko prozedura horietako edozeinetan egon eta eskatzen zaizkien zenbatekoak itzuli ez dituzten onuradunei.
4.– Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren indarrez.
5.– Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2016an Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren diru-laguntza izendunak jaso dituzten entitateek, betiere laguntzaren xedea antzekoa baldin bada.
6.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan, deialdi honetan eskatutako kopurua sartuko da.
7.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
4. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketarako organo eskuduna.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
5. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.
Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, agindu honetako 6. artikuluan zehazten den bezala.
3.– Eskaera-orria, eskatzen diren formulario ereduekin batera, agindu honetako 6. artikuluan adierazitako helbide elektronikoetan eskuragarri egongo da.
4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.
6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.
1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide presentzialak eta bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide hauetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/dantza_jarduera/y22-izapide/eu/
3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:
https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Beharrezko dokumentazioa eta aurkezteko modua.
1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.1.– Eskaera orria sinatuta.
1.2.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
a) Pertsona fisikoa izanez gero:
– Pertsona eskatzailearen nortasuna egiaztatzea (NAN).
– Pertsona eskatzailearen errolda-ziurtagiria.
b) Pertsona juridikoa izanez gero:
b.1.– Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak: eskaeran ze erregistrotan dagoen inskribaturik azalduko dute.
b.2.– Beste Administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateak:
– Sortze-eskritura eta estatutuak, eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna (NAN) eta ordezkatze-ahalmena egiaztatzea.
c) Pertsona fisiko nahiz juridikoentzat:
– Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria –Dantza jarduerari dagokion epigrafe batean– (Koreografia sorkuntzaren modalitaterako izan ezik).
1.3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.
a) Koreografia sorkuntzaren modalitatea:
– Eskatzailearen curriculuma dantza alorrean eta formakuntza-egiaztagiriak.
– Proiektuaren memoria.
– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta ikus-entzunezko erreferentzia); 2.– Sorkuntzaren fitxa: baliabide artistiko eta teknikoak; 3.– Aurrekontua.
b) Konpainiak sendotzeko modalitatea:
– Memoria: sendotze proiektu orokorra eta garatu beharreko jarduera zehatzena.
– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta, hala badagokio, ikus-entzunezko erreferentziak); 2.– Konpainiaren datuak; 3.– Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 4.– Aurrekontua; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena. Gainera, Ekoizpen berriaren kasuan: 6.– Baliabideak (artistiko eta teknikoa) eta 7.– Emanaldi bakoitzeko kostua.
– Konpainiaren lan-espazioari dagokion ziurtagiria.
– Beste entitate(ar)en finantza laguntzei dagozkien ziurtagiriak.
– Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.
c) Dantza lanen ekoizpena:
– Proiektuaren memoria.
– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta ikus-entzunezko erreferentziak); 2.– Konpainiaren datuak; 3.– Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 4.– Baliabideak (artistiko eta teknikoa); 5.– Aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena; 7.– Emanaldi bakoitzeko kostua.
– Hala badagokio, egile eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.
– Hala badagokio, konpainiaren lan-espazioaren inguruko ziurtagiria.
d) Etengabeko prestakuntza eta laguntza:
– Proiektuaren memoria.
– Aktibitate bakoitzak duen arduradunaren ibilbidearen memoria.
– Diru-laguntza eskatzen duen pertsona/entitatearen ibilbidearen memoria.
– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena; 2.– Aurrekontua; 3.– Beste diru-laguntzen aitorpena.
– Hala badagokio, proiektuaren aldeko artisten edo konpainien abal sinatua.
2.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.
Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Ahal dela, deskargatzeko ereduak erabiliko dira.
b) Gainontzeko dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.
c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.
d) Bideoak web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
b) Azken hiru ekitaldi fiskaletan «minimis» arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea.
c) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.
d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.
e) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
9. artikulua.– Akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta eskabideen balorazioa.
1.– Modalitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira.
2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.
3.– Balorazio Batzordeko burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da –edo horrek eskuordetutako pertsona– eta idazkaria zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.
Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira. Dantzaren inguruko profesionalen artean aukeratuko dira, eta profesional horiek independenteak zein modalitate bakoitzean adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetako kideak izan ahalko dira. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.
4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
5.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
6.– Balorazio Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Koreografia sorkuntzarako, Konpainiak sendotzeko eta Ekoizpen modalitateetan eskabidea egiten duten pertsona edota erakunde guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero. Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.
11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.
1.– Proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, 50 puntu lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.
2.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko, ezta muga orokorrak ere. Halaber, modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.
3.– Ekoizpen modalitatearentzat eta Konpainiak sendotzeko modalitatearen jarduera berarentzat, aurreikusitako laguntza publikoak, oro har, ezingo du gastu-aurrekonturen % 70 gainditu.
4.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da modalitate guztietan, Koreografia Sorkuntzarenean izan ezik. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.
5.– Modalitate berean, proiektu bakar bat diruz lagundu ahalko da eskatzaile bakoitzeko.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunak eta bateraezintasunak.
1.– Agindu honen 3.5 artikuluan adierazitakoa gorabehera, eta Koreografia sorkuntzaren modalitatearen kasuan izan ezik, agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste entitate batzuek helburu berbererako ematen duten beste edozeinekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu horretan, gaindikina ez da ordainduko edo, hala badagokio, itzuli egin beharko da.
2.– Konpainiak sendotzeko modalitatean edo Koreografia sorkuntzarenean laguntza jasotzea, bai eskatzaile berberaren bai proiektu berberaren kasuetan, bateraezina izango da beste edozein modalitatetan jasotzearekin, baita bietan batera ere.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honen ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du eta prozedurako interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean gehienez, agindu hau indarrean jartzen denetik. Halaber, ebatzitako deialdiaren erreferentzia EHAAn argitaratuko da, denek jakin dezaten.
2.– Aipaturiko epea amaituta interesdunak ez badu jakinarazpenik jaso, eskabide ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Modalitate bakoitzean ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.
14. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.
1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.
2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.
Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.
15. artikulua.– Betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Ekoizpena gauzatzeko aurrekontuaren % 50, gutxienez, Euskadin bizi edo egoitza duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako bideratuko da.
d) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.
e) Aurkeztutako proiektuak edozein aldaketa izanez gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez hilabeteko epean, onuradunak diru-laguntza lortu izanaren ebazpena jasotzen duen egunetik hasita. Zuzendaritzak, bestalde, aldaketen komunikazioa jasotzen duen egunetik 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Epe hori jakinarazpenik espresuki egin gabe amaituz gero, aldaketa onartutzat ulertuko da.
f) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.
16. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 50, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 15.a) artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Gainerako % 50a, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldintza hauek bete ondoren:
– Koreografia sorkuntzaren modalitatea: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sorkuntza benetan gauzatu dela egiaztatzea, betiere 2017ko azaroaren 30a baino lehen.
– Gainerako modalitateak: hurrengo artikuluan xedatutako epean eta baldintzen arabera.
17. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa: dokumentazioa, tokia eta modua.
1.– Modalitate guztietako onuradunek, Koreografia sorkuntzakoek izan ezik, dagokion jarduera amaituta, eta betiere 2017ko azaroaren 30a baino lehen, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diruz lagundutako jarduera egin izanaren egiaztagiria:
a.1.– Aktibitate guztietarako:
– Jardueraren garapen txostena eta ebaluazioa.
– Argitaratutako katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki, bideo eta gainerako materialaren aleak. Horietan guztietan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa aipatu beharko da.
a.2.– Ekoizpenen estreinaldia: kontratuaren kopia edo kontratatzailearen egiaztagiria.
b) Justifikazio ekonomikoa:
b.1.– Burututako jarduera dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.
b.2.– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.
b.3.– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, laginketa tekniken bidez, badu aukeratzerik, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.
c) Agindu honetako 12. artikuluan aipatutako bateragarritasun-kasuak direla eta, helburu berberako jasotako beste diru-laguntzen zerrenda, baldin eta eskabidea egiterakoan onuradunak horien berri ez bazuen.
2.– Justifikazioak tramitatzeko argibideak eta ereduak, bai bide presentziala bai bide elektronikoa erabiliz, Agindu honetako 6.2 artikuluan zehazturiko helbide elektronikoan daude.
18. artikulua.– Hasierako ebazpena aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.
19. artikulua.– Ez betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuena).
II. KAPITULUA
KOREOGRAFIA SORKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZAK
20. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak, laguntza kopurua eta zenbatekoa.
1.– Honako kapitulu honetan araututako diru-laguntzak koreografia originalak sortzera zuzendurik daude. Koreografia horien eszena-formatua tradizionala, alternatiboa edo kalekoa izan daiteke, eta, iraupena, gutxi gorabehera, hamabost minutukoa.
2.– Diruz lagundutako proiektuaren azkenengo sortze-prozesua 2017an izango da, eta horren estreinaldia 2017ko azaroaren 30a baino lehen egin behar da.
3.– Gehienez bederatzi diru-laguntza emango dira, eta horietariko bakoitza 3.200 eurokoa izango da.
21. artikulua.– Hautaketa eta balorazioa egiteko irizpideak.
Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diruz lagunduko direnak hautatzeko, hau baloratuko da:
1.– Eskatzaileak dantzaren alorrean izan dituen prestakuntza eta jardunbide profesionala (30 puntu gehienez).
2.– Sorkuntza proiektuaren balorazioa, baremo honen arabera:
2.a.– Sorkuntzaren planteamendu artistiko-teknikoa (30 puntu gehienez)
2.b.– Sorkuntza prozesuari, ikerketari eta planifikazioari dagozkien erreferentziak (15 puntu gehienez).
2.c.– Euskadin garatutako proiektua eta bertako eragileekin aurreikusiako kolaborazioak (15 puntu gehienez).
2.d.– Eskabidearen xede den lana zabaltzeko proposamena (5 puntu gehienez).
2.e.– Sorkuntza proiektuan emakumeak duen parte hartzea (5 puntu gehienez).
III. KAPITULUA
DANTZA KONPAINIAK SENDOTZEKO DIRU-LAGUNTZAK
22. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta gastuak eta laguntzen muga.
Laguntza-deialdi honen helburua hauxe da: Euskadin Dantza konpainia profesionalak sendotzen laguntzea, irizpide hauen arabera.
1.– Diruz laguntzeko proiektuetako jarduerek bi multzo hauetakoak izan behar dute:
a) Dantza-konpainia profesional gisa, hauetako bat gutxienez:
a.1.– Lan berri baten ekoizpena eta estreinaldia 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 30era arte.
a.2.– 2016. urterako Bira Plana, gutxienez 8 emanaldi egitea aurreikusten duena.
b) Dantza-egitasmo paralelo moduan, 2016rako, jarduera-programa oso bat Euskadin, eremu hauetako batean gutxienez:
– Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.
– Dantzarako sentsibilizazioa.
2.– Jardueraren b) atal honetako gastuaren aurrekontua gutxienez sendotzeko proiektu osoaren aurrekontuaren % 20 izango da.
3.– Onuradun bakoitzari modalitate honetan eman dakiokeen laguntza handiena ezin da izan 60.000 euro baino handiagoa, eta, betiere, 11.3 artikuluan ezarritako muga errespetatuko da.
4.– Modalitate honetako gastu lagungarriak izan ahalko dira: – Ekoizpenekoak; – b) multzoko jarduerakoak; – Proiektuaren funtzionamendu komunekoak. Bira gastuak eta inbertsio gastuak kanpoan geratuko dira.
5.– Modalitate honetan aurkeztu baina laguntzarik eskuratzen ez duten proiektuak dagozkien jarduera-multzo partzialetan banakatuko dira. Horiek, beste modalitateren batean xedea eta baldintzak betez gero, bertan baloratu ahal izango dira eta, hala badagokie, deialdiaren modalitate hauetan laguntza jaso ahal izango dute: Ekoizpena eta/edo Etengabeko Prestakuntza eta Laguntza.
Ondorio horietarako, beharrezkoa izango da proiektuetan argi bereiztea Ekoizpena, Bira, Prestakuntza eta laguntza edo Sentsibilizazioko jarduera desberdinen helburuak, edukiak eta aurrekontuak.
23. artikulua.– Modalitatean sartzeko beste betekizun batzuk.
Finkaturiko bestelako baldintzez gain, modalitate honen bitartez laguntza jasotzeko, eskatzaileek edota Konpainiek honakoak bete behar dituzte:
a) Gutxienez bi pertsonaz osaturiko oinarrizko talde finko bat izatea.
b) Jarduera garatzeko espazio fisiko bat izatea: jabetzan, errentan edo lagapen bidez.
c) Dantza jarduera profesionala egin izana 2011. urtetik aurrera bederen, eta urte horretatik 2015. urtera arte, hori barne, 40 emanaldi gutxienez egin izana.
Ondorio horietarako, aipaturiko oinarrizko taldea osatzen duten pertsonen sorkuntzari eta ekoizpenari buruzko historiala onartuko da, bai lan horien titular zuzen gisa, bai aurreko egituretako kide gisa; betiere, Balorazio Batzordearen iritziz titulartasun hori behar moduan ziurtatuta geratzen bada.
d) Konpainiak garatzen duen jardueran, beste entitate publiko edo pribatu baten aldetik laguntza ekonomikoa izatea.
24. artikulua.– Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.
Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, irizpide hauek kontuan hartuko dira:
1.– Eskatzailearen profila eta dantza-sorkuntza eta -ekoizpenaren alorrean duen curriculuma, baremo hauen arabera:
1.a.– Eskatzailearen ibilbide artistikoa (10 puntu gehienez).
1.b.– Egituran eta aurreikusitako aktibitateetan lagunen kopurua (10 puntu gehienez).
1.c.– Azken 3 urteetan zenbat emanaldi egin diren (5 puntu gehienez).
1.d.– Zenbat lan estreinatu diren (5 puntu gehienez).
1.e.– Konpainiaren jardueran emakumearen parte hartzea (5 puntu gehienez).
1.f.– Euskararen erabilera, bai konpainiaren ekoizpenetan nola beste aktibitateetan (5 puntu gehienez).
2.– «a)» blokearen balorazioa edo jarduera konpainia moduan.
Produkzio proiektu berria izanez gero:
2.a.– Ekoizpen proiektuaren planteamendu eta balio artistiko orokorra (originaltasuna, dantzaren garapenari ekarpena, eta abar.) (10 puntu gehienez).
2.b.– Ekoizpen taldearen curriculum, bai artistikoa bai teknikoa ere (5 puntu gehienez).
2.c.– Ekoizpenaren planifikazioa, orokorra eta aurrekontuarena (5 puntu gehienez).
2.d.– Ekoizpenaren hedatze eta banatze plana (5 puntu gehienez).
Ekoizpen berria aurkeztu ezean, eta, hala ere, 2016rako 22.1.a2) artikuluan aurreikusitako bira ziurtatuta balego, balorazioaren ehunekoak handituko dira honen arabera: 1. irizpidea % 45eraino, 3. irizpidea % 30eraino eta 4. irizpidea % 25eraino.
3.– Jarduera-proiektu paraleloaren balorazioa, baremo honen arabera:
3.a.– Proiektuaren kultur interesa eta zehaztasun maila (10 puntu gehienez).
3.b.– Euskadiko dantzaren testuinguruan proiektuak izango duen eragina eta bere garapenerako aurreikusitako kolaborazioak (5 puntu gehienez).
3.c.– Jardueraren aurrenkontu- eta finantza-planteamendua (5 puntu gehienez).
4.– Proiektuaren interesa, oreka eta sendotasuna, baremo honen arabera:
4.a.– Diseinua eta planifikazioa, epe labur eta ertainean (10 puntu gehienez).
4.b.– Planteamendu ekonomikoa (5 puntu gehienez).
IV. KAPITULUA
DANTZA-LANAK EKOIZTEKO DIRU-LAGUNTZAK
25. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.
1.– Modalitate honen bitartez, diruz lagunduko dira 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko azaroaren 30era arte Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten eta estreinatzen diren dantza-lanak.
2.– Laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira ekoizpentzat: arte-muntaia bat eszenaratzeko aldez aurretik egin behar diren egintza materialen multzoa.
3.– Modalitate honetako onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzarik jaso eta edozein kasutan 11.3 artikuluan azaltzen diren mugak errespetatu egingo dira.
26. artikulua.– Hautatzeko eta balorazioa egiteko irizpideak.
Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Ekoizpen proiektuaren balorazioa irizpide hauen arabera:
a) Ekoizpen proiektuaren planteamendua eta balio artistiko orokorra (originaltasuna, dantzaren garapenari ekarpena, eta abar.) (20 puntu gehienez).
b) Ekoizpen taldearen curriculuma, bai artistikoa bai teknikoa ere (10 puntu gehienez).
c) Ekoizpenaren planifikazioa, orokorra eta aurrekontuarena (15 puntu gehienez).
d) Ekoizpenaren hedatze eta banatze plana (10 puntu gehienez).
e) Emakumearen parte hartzea (5 puntu gehienez).
2.– Eskatzailearen profila hurrengo baremoaren arabera:
a) Eskatzailearen ibilbide artistikoa (15 puntu gehienez).
b) Konpainia Euskadin finkatuta egotea (5 puntu gehienez).
c) Konpainiaren aktibitate paraleloak Euskadin (formazioa, sentsibilizazioa, aktibitate sektorialak, etab.) (5 puntu gehienez).
d) Azken 3 urteetan zenbat emanaldi egin diren (5 puntu gehienez).
e) Zenbat lan estreinatu diren (5 puntu gehienez).
f) Euskararen erabilera ekoizpenetan edota konpainiaren beste aktibitateetan (5 puntu gehienez).
V. KAPITULUA
DANTZAKO PROFESIONALENTZAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA ETA LAGUNTZA
27. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.
1.– Modalitate hau 2016ko uztailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitarteko epean egiten diren dantzako profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzako jardueretara zuzenduta dago.
2.– Modalitate honetan kontuan hartuko diren jarduera zehatzak honako hauek izango dira:
a) Dantzako profesionalei espresuki zuzendutako etengabeko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak.
b) Ekoizpen eta sorkuntza profesionalerako jarduerak, adibidez, arte-egoitzak, laguntza administratiboa, teknikoa edo zabalkunderako laguntza. Honelako jarduerek gutxienez bi konpainia profesionali zerbitzua eman eta haien abala izan beharko dute.
3.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:
– Dantzaren praktika edo formakuntza, aisia jarduera gisa.
– Berez aurre-profesionalak diren ikastaroak, arautuak izan ala ez.
Bi kasuotan, ikastaroen maila, estiloa edo formatua gorabehera.
4.– Modalitate honetan, onuradun bakoitzeko proiektu bakar bat baino ez da diruz lagunduko, horretan jasotzen diren eta aurrekontuan sartu diren jarduerak desberdinak izanda ere. Edozein kasutan, onuradun batek ezingo du 20.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzarik jaso.
28. artikulua.– Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Prestakuntza eta laguntza proiektuaren balorazioa, irizpide hauen arabera:
a) Aktibitateen interesa eta egokitasuna Euskadiko dantzako profesionalei begira. (25 puntu gehienez).
b) Aktibitateen arduradunek duten ibilbidea (15 puntu gehienez).
c) Programaren zehaztasuna: xedeak, metodologia eta organizazioa (15 puntu gehienez).
d) Aktibitatearen aurrekontu- eta finantza-planteamendua (15 puntu gehienez).
e) Emakumearen parte hartzea aktibitateen arduradunen artean (5 puntu gehienez).
f) Euskararen erabilera ikastaroetan, materialetan eta dagokion zerbitzuetan (10 puntu gehienez).
2.– Entitate eskatzailearen profila eta ibilbidea, betiere kontuan hartuta aurkeztutako proiektuaren tipologia (15 puntu gehienez).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso diren minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Laguntzak eta diru-laguntzak. Kultura Sailaren kultura-sorkuntza» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalen Babesari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo dezake (Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).
Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 17a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.