EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016105

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 593/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2016-04-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201602398
Maila: Ediktua
Bilboko Lehen Auzialdiko 14 zenbakiko Epaitegia (Familia).
Judizioa: 593/2015 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Alderdi demandatzailea: Zelene Chirilla Romero.
Alderdi demandatua: Gustavo Adolfo Flores Vaca.
Gaia: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Judizio horretan ebazpena eman da eta honela dio hitzez hitz:
EPAITZA
Partez baiesten dut Inés Elena Rodríguez Molinero epaitegietako prokuradoreak Zelene Chirilla Romeroren izenean eta ordezkaritzan jarritako demanda, auzi-ihesean den Gustavo Adolfo Flores Vacaren aurka. Horrenbestez, erabaki dut honako neurri hauek hartzea haien alaba adingabeari dagokionez:
1.– Baimena ematen diot Chirilla andreari bien alaba adingabearen gaineko guraso-ahala modu esklusiboan erabiltzeko; dena den, guraso-ahalaren titularitatea biena izango da.
2.– Chirilla andreari ematen zaizkio alaba adingabearen zaintza eta jagoletza, eta ez zaio ezartzen bisita- edo egonaldi-erregimenik aitari.
3.– Flores Vaca jaunak mantenu-pentsio bat ordaindu beharko du alaba adingabearentzako, hilean jasotzen duen diru-sarreren % 20koa, gutxienez 100 euro hilean; Chirilla andreak izendatutako kontu korrontean sartu beharko du diru hori, hileko lehen bost egunen barruan. Diru-zenbateko hori urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.
4.– Alaba adingabearen ezohiko gastuak bi gurasoek ordainduko dituzte, erdibana.
Prozesuko kostuei dagokienez, ez da berariazko erabakirik hartzen.
Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzendutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: ....... Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, bai eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak ere.
Honela, epai honen bitartez, eman, agindu eta sinatzen dut nik, Leyre Pérez Rodríguez andreak, Bilboko eta bere barruti judizialeko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 14 zenbakiko Epaitegiko epailea naizen aldetik.
Argitalpena: epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen, eta nik, Justizia Administrazioaren letradua naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamaseiko apirilaren hogeita zortzian.
Demandatuaren gaur egungo helbidea edo egoitza ezezaguna denez, ediktu hau EHAAn argitaratzea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Gustavo Adolfo Flores Vaca jaunari epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Bilbao (Bizkaia), 2016ko apirilaren 28a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.