EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016105

EBAZPENA, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunen hitzarmen kolektiboko batzorde paritarioaren akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailutzen duena (hitzarmen-kodearen zenbakia: 86002115012003).

Xedapenaren data: 2016-04-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201602391
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/02/18an argitaratutako 2016/02/05eko EBAZPENA [201600742]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko apirilaren 5ean, REGCON erregistroan aurkeztu dute enpresaren eta sindikatuen ordezkariek sinatutako aipatutako hitzarmen kolektiboko batzorde paritarioaren akordioari buruzko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 90.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorriz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i) artikuluarekin (2013-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko BOE).
Bigarrena.– Limpieza y Mantenimiento Impacto, S.L., Ferrovial Servicios, S.A. enpresen ordezkariek zein UGT, CCOO eta LAB sindikatuen ordezkariek sinatu dute akordioa Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluen baldintzekin bat etorriz.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 15a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.
J. JAVIER ALONSO SANTOSEK, OSAKIDETZAKO GARBIKETA-ZERBITZUAREN ENPRESA ESLEIPENDUNEN HITZARMEN KOLEKTIBOKO BATZORDE PARITARIOAK EMANDAKO BAIMENA BALIATUTA, HONAKO HAU
Adierazten du: Batzorde horrek 2016ko otsailaren 25ean egindako bilkuran, besteak beste, jarraian azaltzen diren gaiak aztertu zituen, eta gai horiei buruz batzordeak, aho batez, honako erabaki hauek hartu zituen. Hona hemen bilkura horren akta:
Lehenengo Xedapen Gehigarriaren aplikazioari buruzko erabakia (SLOs/4/2015).
Batzorde paritarioak honako hau erabaki du: hartutako akordioa erregistroan inskribatu eta EHAAn argitaratzea, akta-idazkariak jaso zuenez 2015eko azaroaren 10eko ziurtapenean; izan ere, alderdi bakoitzeko gehiengoak onartu du, LAB aurka dela, Iñigo Azumendi Ruiz de Arechavaletak bitartekari gisa egindako proposamena. Hain zuzen ere, hitzarmen kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarria betetzeko moduari buruz batzordean 2015eko maiatzaren 26an izandako desadostasuna dela-eta egin zuen proposamen hori; horrela, batzorde paritarioa behartu egiten du, eta, aldi berean, ahalmena ematen dio bere aurreikuspenak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen baldintzak dituzten aldaketetara egokitzeko. Proposamen hura batzorde paritarioaren akordio bihurtu zen egun hartan. Hona hemen proposamenaren edukiaren funtsa:
SOLDATA IGOERA:
Adierazi den bezala, negoziazio mahai orokorraren bileran, joan den urriaren 23an, Administrazioak % 1eko soldata-igoera eskaini du, eta igoera hori, Osakidetzako langileei aplikatzekotan, garbiketa-zerbitzuen kontratei ere aplikatzekoa izango da.
URTEKO LANALDIA
1.– Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 17ko 17/2015 Dekretuak xedatzen duenez, 2015eko urteko lanaldia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioentzat, estatutupeko langileentzat eta lan-kontratuko langileentzat, 1.614 ordu eta 30 minutukoa izango da.
Maiatzaren 21eko 231/2013 Dekretuarekin bat etorriz, erregimen iraunkorreko gaueko txandetarako, urteko lanaldia 1.463 ordu eta 22 minutukoa izango da.
Batzorde paritarioaren akordiorik izan ez denez, eta 2015ari dagokionez homologazioa ixteko xedez, honako hau proposatu da: gaurtik aurrerako ondorioekin (2015eko azaroaren 2a) eta aurtengo abenduaren 31ra arte, garbiketa-zerbitzuaren kontratetako langileek orduak errekuperatu ditzatela, aldi horri dagokion proportzioan (lanaldi partzialeko langileentzako, zati proportzionala), urteko 1592 orduko lanaldiaren eta 1.614 ordu eta 30 minutuko lanaldiaren arteko aldea kontuan hartuta.
Era berean, aurtengo urterako, hitzarmen kolektiboan ezarritako norberaren aukerako 6 egunak mantendu egingo dira.
Datorren urtean, lanaldi horri eustekotan, oro har, honela egokituko da lanaldia 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera: lanaldi osoko langileen ohiko lanaldiari sei minutu gehituko zaizkio (lanaldi partzialeko langileen kasuan, zati proportzionala), hartara eragotzi gabe banakako akordioak hartzeko aukera edo zentroz zentro langileen legezko ordezkariekin akordioak hartzeko aukera, lantoki bakoitzean plantillei buruz hartutako akordioak errespetatuz betiere, 79 eta 80. artikuluen arabera.
Hala ere, lehen adierazi denez, urriaren 23an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzak, Negoziazio Mahai Orokorrean, 2016ean asteko 35 orduko lanaldira itzultzea eskaini zuen, hau da, 1.592 ordu teoriko urtean.
Proposamen hori berretsi eta lanaldia finkatzen bada, bai Mahai Orokorraren erabaki bidez bai Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, lanaldi hori garbiketa-kontraten langileei ere aplikatzekoa izango da, homologazio-printzipioa dela bide.
2.– 2016rako ezartzen den lanaldia edozein dela ere, txandakako erregimenean lan egiten duten 55 urtetik gorako langileei, gaueko orduan ondorengo faktore biderkatzailea aplikatuko zaie, adinaren arabera:
– 55 urtetik gorakoak: 1,15.
– 60 urtetik gorakoak: 1,20.
3.– Era berean, 55 urtetik gorako langileek, borondatez, gauez lan egitetik salbuesteko aukera daukate. Dena dela, neurri hori enpresako zuzendaritzarekin negoziatu beharko da, eta salbuesteko aukera hori erabiltzeko beharrezkoa balitz, eskatzailea beste zentro batera aldatu ahal izango litzateke.
NORBERAREN AUKERAKO EGUNAK
Funtzio Publikoko sailburuordearen 2015eko irailaren 30eko instrukzioaren bidez, EAEko Administrazioko negoziazio mahai orokorraren akordioaren 8. artikulua aplikatzeko moduari buruzko arauak eman ziren 2010 eta 2011rako, norberaren gauzetarako egunak direla-eta (2015eko irailaren 12tik aurrerako ondorioekin), eta, horrela, norberaren aukerako sei egun ezarri ziren (7,5 orduko lanaldiaren arabera zenbatuak).
Instrukzio horrek aurtengo irailaren 12tik aurrera izango du eragina.
Bertan adierazten denez, gehienez 2017ko urtarrilaren 7ra arte gozatu ahal izango da baimen horretaz. Sektore-esparru bakoitzean eskudundutako organoari dagokio epemuga finkatzea.
Hori dela bide, homologazioaren esparru orokorraren barruan, kontraten langileek, 2016ko urtarriletik aurrera, norberaren aukerako sei egun izango dituzte, hau da, 45 ordu.
Kontratetako langileen eguneko benetako lanaldia 7 ordukoa denez, se egun horiek 6 egun eta 3 ordu bihurtuko dira.
2012KO PAGA
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren martxoaren 10eko 15/2015 Ebazpenaren bidez, Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduko aparteko paga berreskuratzeari buruz hartutako erabakia argitaratzea erabaki zen. Erabaki horretan erabaki zen 2015eko apirileko nominan ordaintzea diru-zenbateko bat, 2012ko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso ez ziren zenbatekoak berreskuratzeko.
Ebazpen horretan erabakitakoa ez zaie garbiketako kontratetako langileei aplikatu; izan ere, pagaren ordainketa justizia-auzitegiek zer erabaki zain dago.
Urriaren 23ko bileran, Administrazioak 2012ko gabonetako aparteko pagaren beste % 25 bat ordaintzea eskaini du, noiz ordainduko duen zehaztu gabe.
Dena dela, Osakidetzako langileei ordaintzeari buruz zehaztutakoaren zain egon beharko da, garbiketako kontraten langileei ere aplikatzeko. Hala ere, ez da aplikatuko harik eta enpresaren aldeak aurkeztutako errekurtsoa ebatzi arte.
ABE
Aldi baterako ezintasunerako prestazioen osagarriei dagokienez, enplegua eta kontratazio mugagabea sustatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 28ko 3/2014 Errege Lege Dekretuan eta Osakidetzako 2/2012 Instrukzioan ezarritako baldintzekin homologatzea xedatu da; modu honetan:
Lehenengo hiru egunetan, ehuneko berrogeita hamar (% 50).
Laugarren egunetik hogeigarrenera, egun biok barne, ehuneko hirurogeita hamabost (% 75).
Hogeita batgarren egunetik aurrera, egun hori barne, ehuneko ehun (% 100).
Osagarria % 100erainokoa izango da, honako kasu hauetan:
Erditze, adopzio, harrera, aitatasun, haurdunaldiagatiko arrisku edo edoskitzaro naturalak iraun bitarteko arrisku kasuetan.
Lanbide-gertakizunengatik sortutako aldi baterako ezintasun-egoeretan.
Haurdunaldiaren ondorioz sortutako aldi baterako ezintasun-egoeretan.
Ospitaleratzea edo ebakuntza kirurgikoa egitea dakarten gertakizun arruntengatik sortutako aldi baterako ezintasun-egoeretan.
Era berean, ordainketen % 100a jasotzeari dagokionez, etxeko ospitalizazioa eta Ospitaleetako Larrialdietako Zerbitzuetan gutxienez 7 orduko behaketa aldiak ospitalizaziotzat hartuko dira. Dagokion ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori.
BALDINTZAK HOMOLOGATZEAK DAKARTZAN ONDORIOAK
Homologazio-proposamen honen aplikazioa 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean (2015eko lanaldia homologatzeari buruz xedatutakoa eta 2012ko aparteko pagaren arloan aplikatzekoa dena izan ezik), eta 2011-2017 Hitzarmen Kolektiboa indarrean dagoen bitartean egongo da hura ere indarrean.
Osakidetzako langileen lan-baldintzetan aldaketarik balego, aplikatzekoa izango litzateke, homologazio-printzipio horren arabera.
Proposamenari buruzko bitartekariaren azalpena, lanaldia eta baimenak direla-eta (proposamenarekin batera, aldi berean, onartua):
2016rako eskaini den lanaldia 1.614 ordu eta 30 minutukoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2015eko urriaren 23ko mahai orokorrean egindako eskaintza berretsiko balitz, 2016an egin beharreko urteko lanaldia benetako 1.592 lanordukoa izango litzateke.
Era berean, azkenean aplikatuko urteko lanaldia zein den alde batera utzita, langileek norberaren aukerako beste 6 egun izango lituzkete (45 ordu), eta benetan sartutako lanaldi gisa hartuko lirateke.
Bestetik, eta Administrazioak kontrakorik esan ezean, ez lirateke aplikatzekoak izango antzinatasuneko egunak; izan ere, baimen hori kendu egin zitzaien Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei orokorrean, eta, bereziki, Osakidetzako langileei, maiatzaren 21eko 351/2014 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
EAEko aurrekontuei buruzko Legearen 19. artikulua (langile publikoen lansariei buruzkoa) eta lanaldiari eta norberaren gauzetarako baimenari buruzko 12/2016 Dekretua aplikatzeko eskabidea (SLOs/4/2016).
Hitzarmen kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarria betetzeko, behean adierazitako bi arauak kontuan hartuta, alde biko batzordeak erabaki du bertan xedatutakoa ezartzea 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera: Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea (lege horren 19. artikuluan ezartzen denez, ordainsarien % 1eko igoera egongo da EAEko Administrazioaren eta haren erakundeen zerbitzura dauden langileentzat) eta otsailaren 2ko 12/2016 Dekretua (2. artikuluan, 1.592 orduko urteko lanaldia ezarri da 2016rako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioentzat, estatutupeko langileentzat eta lan-kontratuko langileentzat; eta 3. artikuluan, norberaren gauzetarako 45 orduko baimenaz gozatzeko eskubidea ezarri da, eta ordu horiek benetan lanean emandako ordu gisa hartuko dira). Lansariaren % 1eko igoerari dagokionez, akordio honen eranskinean jasotako soldata-taulan dago zehaztuta.
Akordio horiek lan-agintaritzan aurkezteko eta aldizkari ofizialean argitaratzeko ardura Lan Harremanen Kontseiluari, Tomás Arrieta Heras presidenteari, eman zaio.
I. ERANSKINA
(*) Ospitalizatze-plusa hamabi hilekotan pagatuko da
Eta hala ziurtatzen du, dagokion ondorioak izan ditzan, Bilbon, 2016ko apirilaren 5ean.
Lan Harremanen Kontseiluko koordinatzaile juridikoa,
J. JAVIER ALONSO SANTOS.