EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016104

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 26koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, jarduera bertan behera uztea dela-eta bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorerako laguntza-programa bat ezartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-05-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201602367
Maila: Agindua
Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten problemetariko bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela adin handiko profesionalek lanbidea bertan behera uztea sustatzea, hain zuzen ere errepide bidezko garraio publikoaren sektorean bizitza profesional gehiena egin duten profesionalei dagokienez; eta hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.
2016. ekitaldian, honako sektore hauei erantzungo zaie: ibilgailu arin eta astunetan errepidez egiten den salgaien garraio publikoa; eta autobusez egiten den bidaiarien garraio publikoa; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera bertan behera uzteko, eta, beraz, aipatutako laguntzek gizarte-funtzioa egiten dute. Halaber, garraiolari hauek sartuko dira: ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenak, eta bai baliaezintasun handia aitortua dutenak ere.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera garatu da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 50. zenbakia, 2012ko martxoaren 9koa). Eta agindu honetan izapidetze horren xehetasun guztiak jaso dira.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren aginduz onartutako 2016ko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programa hau. Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta jarduera-lerroekiko kontsekuentea da laguntza-programa hau, hain justu ere garraio-sektorearen funtsezko elementuari –garraiolariari– eragiteari dagokionez.
Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
1.– Agindu honen helburua honako erregimena arautzea da: adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea bertan behera uztea sustatzeko laguntza-erregimena (2016. urtea).
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
Adierazitako zenbateko globala gehitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi baino lehen, aurrekontua loturaren arabera kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa; eta horretarako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko beste programa batzuk exekutatzetik ondorioztatzen aurrekontu-baliabideak edo aurrekontu aldaketak onartzearen ondoriozko baliabideak erabili ahal izango dira. Zirkunstantzia hori jazoz gero, Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez hura publiko egingo da.
2. artikulua.– Pertsona onuradunak.
Eskabideak aurkezteko datan edo, egoki bada, 2016ko urtarrilaren batean, honako eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak:
a) 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) 63 urtetik 64 urtera (biak barne) bitarteko adina izatea, edo ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea.
c) Azken hamar urteetan etenik gabe, gehienez ere hiru kopiarekin autobusaren bidezko bidaiarien edo salgaien garraio publikorako indarreko baimen baten titular izatea; edo bi horiek batera izatea, gehienez ere hiru kopiarekin. Baimen hori sekula eten gabekoa izan beharko du, eta gutxienez indarreko kopia bat izan beharko du. Hala ere, baimenaren titulartasunean edo indarraldian eten bat permitituko da, gehienez ere hiru hilabetetik pasako ez den epe batez. Ondorio horiei dagokienez, eskabidea aurkezterakoan birgaiturik badaude, bisatu falta dela-eta iraungitako baimenak indarrean izan direla ulertuko da.
Trakzio propiodun ibilgailuei (barne direla TD motakoak) dagokienez, 2007ko apirilaren 16a baino lehen, onuradunaren titulartasunpeko diren baimenak, salgaien garraio publikorako direnak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.
Onuradunaren titulartasunpeko ibilgailuari dagokionez, 1998ko uztailaren 1a baino lehen bidaiarien garraio publikorako diren baimenak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.
d) Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egotea, hain justu ere azken hamar urteetan etenik gabe; gehienez ere, hiru hilabetetik pasatzen ez den eten bakarra onartuko da.
Ezintasun iraunkor absolutuak edo osoak edo baliaezintasun handiak eragiten dien eskatzaileen kasuari dagokionez, halakorik aitortu zainetik hara zenbatuko da aipatutako hamar urteko epea.
e) 2016ko azaroaren 30a baino lehen, errepidez bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko jarduera bertan behera uzteko konpromisoa hartzea; betiere, bere titulartasunpeko garraio-baimenei behin betiko uko eginez. Jarduerarik berriz ekinez gero, jasotako laguntzak edo tokatzen diren interesak itzultzeko obligazioa izango du.
f) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 eta 14. artikuluetan xedaturikoa betetzea.
3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen du izapidetze elektronikoa.
2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus
Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko baliabide elektronikoak eta telematikoak erabiltzeak ez dakar prozedurako hurrengo izapideetan haiek erabili beharra, eta aldaketa hori edozein unetan egin daiteke.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzari zuzendu beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz); eta bertatik bertara, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuetan aurkeztu ahal izango dira; edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira; betiere, normalizatutako arauzko orrian eta behar bezala beteta. Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak web-gunearen bidez egingo dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
3.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskabide-orria, behar den moduan beteta.
b) Eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
c) Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik dagoela egiaztatzeko agiria, noiztik erroldaturik dagoen jasotzen duena.
d) Azken hamar urteetan etenik gabe, autobusaren bidezko bidaiarien edo salgaien garraio publikorako indarreko baimen baten titular izan dela egiaztatzeko agiria, gehienez ere hiru kopiarekin, Foru Aldundiak emana, edo, halaber, bi horiek batera izatea, gehienez ere hiru kopiarekin.
e) Azken hamar urteetan etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egon izanari buruzko egiaztagiria.
f) Beharrezkoa bada, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izateari buruzko egiaztagiria.
g) Aukerakoa, eta diru-laguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
6.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, diru-laguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpena eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
a) Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek emanik, horren berri ematea.
b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, diru-laguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.
c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboen kaltetan izan gabe.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
6. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako eran.
7. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen zenbateko gorenak honako hauek izango dira:
a) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko lau mila eta ehun (4.100) euro; ibilgailu astunez egindako salgaien garraio publikoari eta autobusez egindako bidaiarien garraio publikoari dagokienez.
b) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko bi mila eta seiehun (2.600) euro; ibilgailu arinez egindako salgaien garraio publikoari dagokionez
c) Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua duen edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari hamar mila (10.000) euro.
2. artikuluko gainontzeko betekizunez gain, adinarena eta ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortu izatearena betetzen dituzten onuradunek kopuruz handiena den laguntza jasoko dute.
2.– Sei hilabeteko osoen zenbaketa 2016ko ekainaren 1etik hara egingo da. Aipatu datan, sei hilabete oso baino gutxiago falta badira hirurogeita bost urte betetzeko, ez da emango laguntzarik.
3.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honekin bat emandako diru-laguntzak bateragarriak dira beste pertsona juridiko eta fisiko batzuek emandakoekin.
9. artikulua.– Diru-laguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.– Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Garraioko sailburuordeari.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da diru-laguntzak emateko prozedura: 30/1992 Lega; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta diru-laguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hau garatzen duen Erregelamendua.
10. artikulua.– Ordainketa.
1.– Laguntza emandakoan, onuradunak jarduera laga duela egiaztatzen badu, laguntza osorik ordainduko da, baina hark honako betekizunak konplitu beharko ditu:
Laguntzaren onuradunak uko egin beharko die honako hauei: laguntza ematea eragin zuen baimenari edo baimenei, eta bai bidaiarien eta salgaien garraio publikorako dituenei ere; betiere baimen horietan baja hartu izana egiaztatuaz.
Enpresari legez garraio-jarduera behin betiko lagatzeko konpromisoa hartu beharko du, eta, halaber, bere gaikuntza profesionala beste garraio-enpresa bati ez ematekoa ere.
Baimendutako gehieneko 3.500 kg-ko masatik gorako ibilgailuak edota autobusak gidatzeko baimen balioduna badu, trafiko zuzendaritza egokian uko egin behako dio hari; eta hori, gida-baimen berriaren kopia konpultsatuaren bitartez justifikatu ahal izango da.
2.– Diru-laguntza eskuratzeko eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2016ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
f) Diru-laguntzen publizitatearen inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa bete.
2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, edo helburu bererako, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
13. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Halaber, itzultze-arrazoien inguruan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 26a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.