EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-06-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016103

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Agindua hirugarrenez aldatzekoa.

Xedapenaren data: 2016-05-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201602332
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2013/07/31n argitaratutako 2013/07/10reko AGINDUA aldatzen du [201303467]
  • Ikus 2014/06/25ean argitaratutako 2014/06/03ko AGINDUA [201402819]
  • Ikus 2015/07/24an argitaratutako 2015/07/09ko AGINDUA [201503308]

Bidezkoa da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen 2013ko uztailaren 10eko Agindua aldatzea (2013ko uztailaren 31ko EHAA). Agindu hori lehendik ere aldatua izan da: lehen aldiz 2014ko ekainaren 3ko Aginduz (uztailaren 11ko EHAA), eta, berriro, 2015eko uztailaren 9ko Aginduz (2015eko uztailaren 24ko EHAA).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legeak –irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak– ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuan ezarritakoarekin bat, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak aldeko txostena eman duenez, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 2. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzen da, zeina aurrerantzean honela idatzita geratuko baita:
«2.– Interesduna matrikulatzeko unean, prezio publiko horien diru-zenbatekoa aurretik ordainduta izatea eskatu ahalko da.
Hala ere, Musika Kontserbatorio Profesionaletako eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako ikasle ofizialen matrikulagatik, ordainketa antzeko hiru epetan ordaindu ahal izango dira prezio publikoak: lehenengoa matrikula egitean, bigarrena abenduko lehenengo astean, eta hirugarrena otsaileko lehenengo astean».
Bigarren artikulua.– d) idatzi-zatia gehitzen zaio Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 2.4 artikuluari, zeina aurrerantzean honela idatzita geratuko baita:
«d) Kredituka egituratutako goi-mailako arte-irakaskuntzetan, ohorezko matrikulagatik egiten diren kenketak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira.
Kenketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleei bakarrik aplikatuko zaizkie, inolaz ere ez beste erkidegoetatik datozenei.
Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute salbuespen-eskubidea, goi-mailako ikasketak hasten duten lehen aldian, matrikula ordaintzeari dagokionez. Salbuespen hori izateko, hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da».
Hirugarren artikulua.– Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 4. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da, zeina aurrerantzean honela idatzita geratuko baita:
«1.– EGA lortzeko azterketetarako sarrera–zerbitzuaren prezio publikoaren zenbatekoa 24 eurokoa da deialdiko».
Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren eranskina, kirol-irakaskuntzei dagokien zatian, zeina agindu honen eranskinean jasotakoak ordezten baitu.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 16a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.