EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2016102

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 18koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, OCA Inspección Control y Prevención SAU sozietatea EMBE izendatzeko dena (egiaztatze metrologikoa egiteko baimendutako erakundea), honako hauei dagokienez: tenperatura-erregistragailuak eta termometroak, manometro analogiko eta elektronikoak, eta uraz bestelako likidoen neurketa-sistemak (hornigailuak edo banagailuak), ibilgailuak substantziez hornitzeko erregai gisa erabiltzeko zein ez.

Xedapenaren data: 2016-04-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201602322
Maila: Ebazpena
Ref.: 01-OV-1018
AURREKARIAK
1.– 2016ko urtarrilaren 26an, Jesús Rivero Martínez jaunak, OCA Inspección Control y Prevención SAU sozietatearen ordez (aurrerantzean OCA ICP; sozietatearen egoitza: Vía de las dos Castillas 7, 28224 Pozuelo de Alarcón, Madrid; ordezkaritza: PI Aurrera, Inbisa eraikina, C1, beheko solairua, 48510 Trapagaran), eskabidea aurkeztu du Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan, honako hauek egiteko izendapena eman dakion: konpondu zein aldatu osteko egiaztatze-entseguak eta aldizkako egiaztatzeak, honako hauei dagokienez: uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemak (hornigailuak edo banagailuak) ibilgailuak substantziez hornitzeko erregai gisa erabiltzeko zein ez; ibilgailu automobilen pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroak eta motordun ibilgailuen pneumatikoen presioa neurtzeko predeterminazio-gailuak dituzten edo ez dituzten osagai elektronikoez erabat edo partzialki hornitutako manometroak, eta tenperatura-erregistragailuak eta termometroak.
2.– Erakunde eskatzaileak, egiaztatze metrologikoak egiteko baimendutako erakunde izendatua izateko, hemen xedatutako eskakizunak bete beharko ditu: egiaztatze metrologikoak egiteko baimendutako erakunde izendatzeko azaroaren 26ko 1/2007 Zuzentaraua argitaratu duen Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena. Hartarako, ENACek emandako OC-I/243 Egiaztatze Ziurtagiria aurkeztu da, 2015-12-04ko Eranskin Teknikoaren 1. Berrikuspenarekin batera, haren barnean hauek: uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemak (hornigailuak edo banagailuak), ibilgailuak substantziez hornitzeko erregai gisa erabiltzeko zein ez, 2 l/min-tik 50 l/min-ra arteko emaridunak; uraz bestelako likidoen neurketa-sistemak (hornigailuak edo banagailuak), 100 l/min-rainokoak; tenperatura-erregistragailuak eta termometroak, in situ, laborategi egonkorrekoak, 1. eta 2. motakoak (-30 ºC-tik +50 ºC-ra); motordun ibilgailuen presioa neurtzeko manometro analogiko eta elektronikoak, 17 bar-erainokoak.
Espediente hau ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kontrol metrologikoa egiteko bitartekoak ezarri zituen 38/2001 Dekretuaren 11. artikuluan zehazten denaren arabera, industria alorrean eskumena duen organoak egiaztapen metrologikoa egiteko erakundeak gaitu ahal izango ditu, konponketen edota aldaketen ondorengo eta aldizkako egiaztapenak burutu ditzaten.
2.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da ebazpen hau emateko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013-04-24ko EHAA).
3.– Neurgailuen kontrol metrologikoa arautzen duen oinarrizko legeria hauek osatzen dute: Metrologiari buruzko 32/2014 Legea; 889/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, neurgailuen gainean Estatuak egin beharreko kontrol metrologikoa arautzekoa, eta aipatutako 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena.
4.– ITC/3701/2006 Agindua, azaroaren 22koa, produktuak garraiatu, biltegiratu, banatu eta tenperatura kontrolatuan kontrolatzeko tenperatura-erregistragailuen eta termometroen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.
5.– ITC/360/2010 agindua, otsailaren 12koa, ibilgailu automobilak erregai gisa erabiltzen ez diren substantziez hornitzeko uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuak edo banagailuak) gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena.
6.– 1995eko apirilaren 25eko Ministro Agindua, aldizkako ikuskapenetan eta konpondu zein aldatu ondorengoetan pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroetan egin beharreko metrologia-kontrola arautzekoa.
7.– ITC/3700/2006 Agindua, azaroaren 22koa, motordun ibilgailuen pneumatikoen presioa neurtzeko predeterminazio-gailuak dituzten edo ez dituzten osagai elektronikoez erabat edo partzialki hornitutako manometroen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duena; agindu horrek, II. eranskinean, entseguak, horien egikaritzea eta onartutako gehieneko akatsak zehazten ditu.
8.– Azaroaren 22ko ITC/3720/2006 Aginduak, uraz bestelako likidoen neurketa-sistemetan –hornigailu edo banagailu deitutakoetan– Estatuaren kontrol metrologikoa arautzekoak, III. eranskinean honako hauek zehazten ditu: entseguak, horien burutzapena, eta baimendutako gehieneko akatsak.
Aipatutako lege-manuak, eta, oro har zein berariaz, aplikatzekoak diren xedapen guztiak aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1.– OCA ICP sozietatea egiaztatze metrologikoa egiteko baimendutako erakunde izendatzea (jakinarazpenetarako egoitza PI Aurrera, Inbisa eraikina, C1, beheko solairua, 48510 Trapagaran), honako hauetarako:
– Tenperatura-erregistragailuak eta termometroak, in situ, laborategi egonkorrekoak, 1. eta 2. motakoak (-30 ºC-tik +50 ºC-ra).
– Uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemak (hornigailuak edo banagailuak), ibilgailuak substantziez hornitzeko, erregai gisa erabiltzeko zein ez, 2 l/min-tik 50 l/min-ra arteko emaridunak.
– Hornigailuak edo banagailuak, erregai gisa erabiltzeko substantzienak, 200 l/min-rainokoak.
– 0tik 17 bar-era bitarteko manometro analogikoak eta digitalak, erabilera publikokoak.
Izendapen honen irismenaren oinarria ENACek emandako egiaztatze-agiriaren barneko tresnetan dago.
2.– Ematen den baimenari baldintza hauek ezartzea:
– Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan dauden tresnena izango da.
– Tresnak probak gainditzen baditu, egiaztatu izanaren etiketa erantsiko dio erakundeak. Halaber, metrologia-kontroleko egiaztagiri bat emango da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezartzen duenarekin bat.
Probak gainditzen ez baditu, zerbitzua emateko desgaituta dagoela adierazten duen etiketa gorria itsatsiko dio. Hori guztia Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2016ko otsailaren 15eko Ebazpenarekin bat etorrita, zeinaren bidez ezartzen baitira egiaztapen metrologikoko erakundeek EAEn erabili behar dituzten etiketa metrologikoen formatuak eta edukiak; horrez gain, berehala jakinarazi beharko zaio egiaztapena gainditu ez duen tresna kokatuta dagoen lurraldeko ordezkaritzari.
– Egin beharreko egiaztapena egin ostean, OCA ICP sozietateak zigilatu egingo du tresna, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2016ko otsailaren 11ko Ebazpenean adierazitakoaren arabera; izan ere, ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko zigilu metrologikoen formatuak eta edukiak ezartzen dira.
Edonola ere, zigiluek inskripzio hauek izango dituzte:
a) Bi aurpegiko zigiluak:
b) Zigilu itsasgarriak:
XX izango dira egiaztatzen den urtearen azken bi digituak.
3.– OCA ICP sozietateak urtero emango dio zuzendaritza honi baimendutako entseguei dagozkien tarifen berri.
4.– EAEko erakunde baimenduen erregistroan, zenbaki hau ematen zaio OCA ICP sozietateari: 01-OV-1018.
5.– OCA ICP sozietateak honako hauetan xedatutakoari jarraituko dio uneoro: 32/2014 Legea, neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua, izendapen hau berritzeko oinarri juridikoetan adierazitako aginduak, eta 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezarritako beste edozein xedapen ere.
6.– Izendatutako erakundeak egindako jarduerak ikuskatzeko, esku hartzeko eta kontrolatzeko eskumena Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, baita Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari ere. Gainera, baimena ematea ahalbidetu zuten baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzeko ikuskapenak egin ahal izango dira.
7.– Ebazpen hau eman eta gero, aurkeztutako agirietan egiaztatutako egoera aldatzen bada, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta hark baimena berretsiko du edo deuseztatu ahal izango du.
8.– Dena den, bateraezintasuna eta independentzia egongo da kontrol metrologikoa jasan behar duten neurketa-tresnen ekoizpen-, merkaturatze- eta konpontze-jarduerekiko (zerbitzuak ematea barne, baita Estatuko eta Autonomia Erkidegoko araudiekin bat seinalatzen diren jarduerak ere).
9.– Baimen hau deuseztatzeko arrazoi izango dira, indarreko legerian aurreikusitakoez gainera, han ezarritako baldintzak ez betetzea, akreditazioa etetea edo errebokatzea, eta hura eman zeneko inguruabarrak funtsean aldatzea. Horrez gain, iraungitzeko arrazoi izan daitezke arau- eta administrazio-irregulartasunak, baita egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakundea zehapen pean izatea ere.
10.– Urtero, urteko lehenengo hiruhilekoan, egiaztatze metrologikoko erakunde baimenduak memoria bat helaraziko die Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari, eta han zehaztuko ditu burututako jarduerak eta jazo diren gorabeherak. Halaber, lurralde bakoitzean egindako egiaztatzeen berri emango zaio dagokion ordezkaritzari, sei hilean behin.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betetzeko. Lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 18a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.