EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2016102

AGINDUA, 2016ko apirilaren 18koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Auzitegiko Medikuen Kidegoko lekualdatze-lehiaketarako deia egiten duena, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko lanpostu generikoak betetzeko.

Xedapenaren data: 2016-04-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201602309
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legeko 531. artikuluak eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 43tik 48ra arteko eta 51tik 53ra arteko artikuluek ezarritakoa betez, lekualdatze-lehiaketaren deialdia egiten da Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioentzat, I. eranskinean azaltzen diren Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko lanpostu huts generikoak betetzeko.
Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan hutsik dauden lanpostu generikoak (I. eranskina) lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egitea, honako oinarri hauekin:
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko lanpostuen zerrendako lanpostu huts generikoak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzea da deialdi honen helburua.
Deialdi honek, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak zehazki aurreikusten ez dituzten kontu guztietan funtzio publikoari buruzko legedi orokorra aplikatuko da.
Bigarrena.– Parte hartzeko eskakizunak eta baldintzak.
1.– Destinoa edozein lurralde-eremutan daukaten eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek hartu dezakete parte lehiaketa honetan. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.
2.– Lehiaketa honetan parte hartzeko, bi urte paseak izan behar dira auzitegiko medikuei behin betiko destinoa esleitu zien lekualdatze-lehiaketako deialdiaren ebazpena eman zenetik eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera, edo, funtzionario sartu berrien kasuan, behin betiko destinoa esleitzeko ebazpena eman zenetik eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera.
Urteak zenbatzeko, ebazpena eman zen urtea joko da egutegiko lehenengo urtetzat, ebazpenaren data kontuan hartu gabe. Bigarren urtea, berriz, egutegiko hurrengo urtea izango da.
Behin betiko destinorik ez duten funtzionarioek lehiaketetan nahitaez parte hartu behar dute indarrean dagoen araudiaren arabera, eta ez dute adierazitako denbora-muga bete beharko.
Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan, baldin eta lanpostua jabetzan hartu zutenetik gutxienez urtebetez bete badute lanpostu hori (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).
3.– Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita dutenek, egoera horrek dirauen bitartean.
b) Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden auzitegiko medikuek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean.
c) Nahitaezko lekualdatzearekin zigortuta daudenek. Zigorra ezarri zitzaien herrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru pasatu arte, hutsegitea larria edo oso larria izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
d) Aurreko lehiaketetan destinoa lortu arren esleitutako destinoa jabetzan hartu ez dutenek.
Hirugarrena.– Eskatu daitezkeen lanpostuak.
1.– I. eranskineko zerrendan azaltzen diren lanpostuak eskatu ahal izango dituzte parte-hartzaileek.
Lanpostu bakoitza hurrenkera-zenbakiaren bidez identifikatuko da.
2.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostu generikoak ere eskatu ahal izango dituzte. Lanpostu horiek erresulten zerrenda osatuko dute eta eskainitako lanpostu hutsei gehituko zaizkie, salbu eta lanpostuen zerrendak aldatzeko proiekturen bat dagoelako edo lantokiko langileak berriz antolatu behar direlako lanpostuak kendu nahi badira. Kasu horietan ez da erresultarik eskainiko kidego honentzat.
Erresulta bakoitza hurrenkera-zenbaki batekin identifikatuko da.
Eskatutako lanpostuak (I. eranskinekoak nahiz erresultak) deialdiko hurrenkera-zenbakiaren bidez identifikatu behar dira. Lantoki bereko lanpostu bat baino gehiago eskatu nahi izanez gero, lanpostu bakoitzaren hurrenkera-zenbakia adierazi beharko da.
Egon litezkeen eskatzaileak lehiaketaren ebazpenaren ondorioz geratzen diren erresultak eskatzeko eskubideaz baliatu daitezen, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta eskaerak aurkezteko epeak dirauen bitartean, Langilearen atarian ikusgai egongo da eskatu daitezkeen lanpostuen zerrenda, bakoitzaren hurrenkera-zenbakiarekin.
3.– Parte hartzen duten auzitegiko medikuek, eskabidean zehazten dituzten hurrenkera-zenbakiak lehiaketa honetarako argitaratu diren zenbakiekin –I. eranskinekoen zenbakiekin zein erresulten zenbakiekin– bat datozela egiaztatu beharko dute, kode okerrak jartzea saihesteko.
Lehiaketan parte hartzen duten auzitegiko medikuek, eskatzen dituzten deialdi-hurrenkerako zenbakiak eskainitako postuen izenarekin guztiz bat datozela egiaztatu beharko dute, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren ez baita inolako aldaketarik onartuko egindako eskaeran, eta eskatutakoa esleituz gero ezin izango baitzaio uko egin esleitutako postuari.
4.– Salbuespen gisa, lanpostu huts gisa iragarritako plazaren bat kendu ahal izango da, hori egitera behartzen duen zirkunstantziaren bat gertatzen bada.
5.– Erregistro Zibileko Medikuen Kidegotik datozen auzitegiko medikuei dagokienez, Epaile eta magistratuen erretiro-adina ezartzen duen Auzitegiko Medikuen Kidegoko hainbat mediku integratzen dituen azaroaren 20ko 7/1992 Lege Organikoak ezarritakoa bete beharko da.
Laugarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideek agindu honetako II. eranskinean argitaratutako ereduarekin bat etorri behar dute eta eskatutako atal guztiak beteta aurkeztu beharko dira.
2.– Egutegiko hamar eguneko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen denetik kontatzen hasita. Eskabideak Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko EATeko sarrera-erregistroan edo Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko erregistro orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdia bi aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzea ezinezkoa balitz, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako datatik aurrera hasiko dira baldintzak eta epeak kontatzen.
3.– Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako moduan ere bidali daitezke. Eskabideak posta-bulegoaren bidez aurkeztuz gero, eskabideak gutunazal irekian eraman beharko dira, bertako funtzionarioak, eskabidea ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.
4.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskabide bakar bat egingo du, nahiz eta transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako lurraldean dauden lanpostuak eskatu, eta transferitze horren ondorioz, gobernu autonomoek egindako deialdietan ere lanpostu horiek azaldu.
Parte hartzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, azkena baino ez da kontuan hartuko.
5.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, parte-hartzaileek ezin izango dute egindako eskaria deuseztatu edo aldatu.
6.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat.
7.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Funtzionarioari jabetzan betetako azken plaza esleitu zion ebazpenaren fotokopia.
b) Eszedentzian dagoen lehiakideak, eszedentzia hartzeko baimena eman zion ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.
8.– Eskabidea jaso ondoren, azken destinoko organo eskudunak Auzitegiko Medikuen Kidegoan emandako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua emango du. Bertan, aldien banakapena zehaztuko da, hasiera-datatik (eguna, hilabetea, urtea) bukaera-datara arte (eguna, hilabetea, urtea). Ziurtagiria eskabideari erantsiko zaio.
Bestalde, hizkuntzengatik emandako puntuazioa adieraziko du langileen organo horrek eskabidearen goiburuan edo erantsitako orri batean. Halaber, funtzionarioak bere gaur egungo destinoan abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 46. artikuluak ezartzen duen legezko denbora badaraman adieraziko du (Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen dekretu horrek), baita arau horretako 43.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dagoen ere.
Bosgarrena.– Baldintzapeko eskaerak.
Udalerri, barruti judizial edo probintzia bererako iragartzen diren lanpostu hutsetarako interesa duten bi funtzionario badaude, eskaera baldintzatu ahal izango dute bi funtzionarioek udalerri, barruti judizial edo probintzia berean destinoa lortzen badute; kontrako kasuan, bi funtzionarioek egindako baldintzapeko eskaerak baliogabetzat hartuko dira. Baldintzapeko eskaera egiten duten funtzionarioek eskabideko C atalean zehaztu beharko dute hori eta, horrez gain, baldintzatzen duten pertsonaren izen-abizenak eta IFZ ere adierazi behar dituzte. Beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia bat ere erantsi beharko dute. Lehiakideetako batek C idatz-zatian ezer adierazten ez badu, bi eskabideak ezeztatu egingo dira.
Eskabideko C idatz-zatia betetzen bada, Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 48.2 artikuluan aurreikusitako eskaera baldintzatua egiten dela ulertuko da.
Seigarrena.– Lehiaketaren baremazioa.
1.– Alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak baloratzeko, eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan.
2.– Merezimenduak baremo honen arabera ebaluatuko dira:
A) Antzinatasuna, gehienez 60 puntu. Auzitegiko Medikuen Kidegoan zerbitzuak titular gisa emandako urte oso bakoitzeko 2 puntu emango dira. Urtera iristen ez diren aldiak proportzionalki zenbatuko dira, honela: eguneko 0,00555556. Hilabeteak 30 egun dituela joko da.
B) Euskara jakitea, ahoz eta idatziz. Gehienez, 12 puntu. Honela balioetsiko da:
a) B mailaren egiaztagiria edo 2. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: 4 puntu.
b) C mailaren egiaztagiria edo 3. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: 8 puntu.
c) D mailaren egiaztagiria edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu homologatuak: 12 puntu.
Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira. Aurkezten diren dokumentuak, hizkuntzaren ezaguera hori egiaztatzen dutenak, behar bezala konpultsatutako fotokopiak izango dira, eta baldintza hori betetzen ez dutenak ez dira balioetsiko.
3.– Lehiaketa honek fase bakar bat izango du eta bertan balioetsiko dira baremoaren A) eta B) ataletan azaltzen diren merezimenduak.
Zazpigarrena.– Lanpostuak esleitzea.
Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera deialdi honetako seigarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortzen den puntuazio osoak emango du.
Puntuazio osoan berdinketarik egonez gero –baita hizkuntza-ezagupenetan ere– lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta hala eta guztiz ere berdinketa badago, kidego horretan sartzeko hautaketa-prozesuan lortutako hurrenkera-zenbakia hartuko da kontuan (bertako hizkuntza eta zuzenbidea barne).
Zortzigarrena.– Emandako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.
2. Lanpostuari ezingo zaio uko egin, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko erregelamenduaren 53. artikuluan araututakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Lehiaketaren ebazpena.
1.– Lehiaketa hau Justizia Ministerioak eta lehiaketarako deia egiten duen Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak ebatziko dute, bata bestearekin koordinatuta. Ebazpena emateko epea eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik sei hilabetekoa izango da.
2.– Ebazpenean datu hauek azalduko dira: destinoa eman zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, funtzionario horien egoera administratiboa (zerbitzu aktiboan ez baldin badaude), eta funtzionario bakoitzari esleitu zaion lanpostua.
Hamargarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bideari bukaera ematen dio, eta, aurka egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen arabera administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Gasteizko Epaitegian, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean. Bestela, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 18a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.