EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016100

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 13koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2016. urtean nazioarteko arte-azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duena.

Xedapenaren data: 2016-05-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201602279
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da arte plastiko eta ikusizkoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriek euskal artisten lana bultzatzeko 2016an zehar nazioarteko arte-azoketan parte hartu ahal izateko stand-ak alokatzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.
2.– artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogeita hamasei mila (36.000) eurokoa izango da.
3.– artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.
Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
Ebazpen honetako bi modalitateetako eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2016/arco/y22-izapide/eu
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2016/azokak_bestelakoak/y22-izapide/eu
Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
Eskabidea bitarteko elektronikoetatik egin ondorengo izapideak hemen egin behar dira: «Nire kudeaketak» https://euskadi.eus/nirekudeaketak
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
– Errolda (pertsona fisikoen kasuan) edota egoitza soziala (pertsona juridiko pribatuen kasuan) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Pertsona fisikoek errolda agiriaren bitartez frogatuko dute betebehar hori, eta pertsona juridikoek dagokion agiriaren bitartez.
– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta izatea jarduera ekonomikoetarako zergaren baitan arte-lanen salerosketaren jarduerari dagokion epigrafean.
– Diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
– Buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2. artikuluetan oro har aurreikusitakoa eragotzi gabe.
5. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/entitateek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
2.– Eskabideetan jasoko da laguntza eskatzen duen pertsonak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileak gainerako datuak edo agiriak lortu edo egiaztatzea, bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, eta Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Pertsona eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio eskaerei erantzutera.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak.
a) Ebazpen honen 10.1.a) artikuluan aipatzen den ARCO azokarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
b) Ebazpen honen 10.1.b) eta 10.1.c) artikuluetan aipatzen diren azoketan parte hartzeko, 2016ko irailaren 2ra arte. Eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira.
8.– Artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.
1.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua. Tabakalera, Andre zigarrogileen plaza, 20.012, Donostia. Edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako instantzia normalizatuen bitartez. Bestalde, bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta:
Modalitate ezberdinetarako eskabide-eredua euskadi.eus webguneko egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2016/arco/y22-izapide/eu
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2016/azokak_bestelakoak/y22-izapide/eu
2.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, hautatutako hizkuntza erabiliko da.
3.– Feria bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Etxepare Euskal Institutuak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela. Errekerimendua eta, hala badagokio, ebazpena iragarki-oholean argitaratuko dira.
10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua, beren zenbatekoa eta mugak.
1.– Ebazpen honen bidetik emango diren laguntzak jarraian zehaztuko diren azoketara joanez gero stand-aren alokairu gastuen arabera zehaztuko dira eta bakarrik horien finantzaketarako erabili ahal izango dira.
a) Nazioarteko ARCO azokan parte hartzeko (Madril. Espainia) gehienez ere hamasei mila (16.000) euroko guztirako kopurua zuzenduko da.
Galeria bakoitzeko emango den diru-kopurua standaren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere zortzi mila euro (8.000) izango da.
b) Espainiako Estatutik at antolatzen diren eta jarraian zerrendatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko diru-laguntzetarako: hogei mila (20.000) euro gehienez ere.
– Ameriketako azokak: Art Chicago (Chicago, AEB), Art Basel (Miami, AEB), The Armory Show (New York, AEB), Zona MACO (Mexiko Hiria), SP-Arte (Sao Paulo, Brasil) eta ARTBO (Bogota, Kolonbia).
– Europako azokak: Art Basel (Basilea, Suitza), FIAC (Paris, Frantzia), Art Cologne (Kolonia, Alemania), ARTISSIMA (Turin, Italia), Frieze Art Fair (Londres, Erresuma Batua), Paris Photo (Paris, Frantzia) eta MIA Milan Image Art Fair (Milan, Italia).
Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren ehuneko ehunekoa izango da (% 100), baina diru kopuru hori gehienez ere hamar mila (10.000) eurokoa izango da Ameriketako azoken kasuan eta zortzi mila (8.000) eurokoa Europako azokenean.
c) Aurreko atalean aipatzen ez diren beste nazioarteko arte-azoketan parte hartzeko diru laguntzak a) eta b) ataletako diru-kopuruak agortzen ez badira bakarrik emango dira.
Azoka eta galeria bakoitzeko emango den diru kopurua stand-aren alokairuaren kostuaren gastuen ehuneko ehunekoa izango da (% 100) eta gehienez ere bost mila euro (5.000).
2.– Talde bateko gehienezko kopuruak ezingo balie aurre egin, 8.1 artikuluan jasotako baldintzetan taldeko eskatzaile guztiei, orduan banatu beharreko kopurua eskatzaile bakoitzaren stand-aren alokairuaren kostuaren proportzioan banatuko litzateke guztien artean.
Banaketa proportzional hori horrela egingo da: talde horretako eskatzaile guztien standa alokatzeko gastuen batuketa egingo da, eta guztizko batuketa horretatik, eskatzaile bakoitzari dagokion ehunekoa kalkulatuko da. Eskatzaile bakoitzak ehuneko hori jasoko du talde bakoitzean banatzeko dagoen gehienezko diru kopurutik.
Halaber, eskabide ezagatik edo hauek betekizunak ez betetzeagatik nazioarteko Arco azokan parte hartzeko ezarritako diru-kopurua ahitzen ez den kasuan, diru hori b) zatian aipatzen diren Estatutik at antolatzen diren nazioarteko azoketan parte hartzeko ezarri den kopurua handitzera pasa liteke. Halaber, arrazoi beragatik a) eta b) ataletan esleitu ez diren diru-kopuruak c) ataleko eskabideen artean esleituko dira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da eta horretarako, zuzendariak ebazpena emango du, EHAA-n argitaratuko dena.
11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurrentzia ez lehiakorra izango da, eta EEIko teknikoei dagokie ebazpen proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.
a) ARCO azokarako esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.
b) Gainerako azoketarako, esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik gehienez bi hilabeteko epean emango da.
2.– Ebazpena Etxepare Euskal institutuaren web orrialdean argitaratuko da, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.6.b) artikuluaren bat etorriz.
3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ebazpena EEIren web orrialdean argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2016. urtean burutzea.
3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.
4.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
14. artikulua.– Diru laguntzaren ordainketa.
Ebazpen bidez esleitutako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.
15. artikulua.– Justifikazioa eta likidazioa.
Justifikazioak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua. Tabakalera, Andre zigarrogileen plaza 1, 20.012, Donostia. Edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako instantzia normalizatuen bitartez. Justifikazio-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da erabilgarri: euskadi.eus
Halaber, kanal elektronikoa hautatu duten onuradunei dagokienez, bide elektronikoak erabilita aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, «nire kudeaketak» helbidetik: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
1.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko epea 2016ko abenduaren 31n amaituko da. Jarduera abenduan bada, 2017ko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da. Justifikazioa egiteko honako agiriak aurkeztuko dira:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Diruz lagundutako stand-aren alokairua jatorrizko fakturen bidez edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopien bidez justifikatuko da.
c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.
d) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.
2.– Diru laguntza justifikatzeko bidalitako agiriak aztertu ondoren, dena delako zioarengatik, jasotako dirua osorik edo zatiren batean likidatzea badagokio, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak justifikazio agiriak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, banakako likidazio Ebazpena emango du.
16.– artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta EHAA-n argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Diru laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du atxikitako eranskina beteaz, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20006, Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Donostia, 2016ko maiatzaren 13a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARÍA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.