EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016100

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 19koa, Ogasun eta Finantza Politikako sailburuordearena, zeinaren bidez, interesdunei entzuteko izapidearen mende jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta honen erakunde autonomoen tasak eta prezio publikoak kudeatzeko zenbait alderdi arautzen dituen dekretua aldatzen duen dekretu-proiektua.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren data: 2016-05-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201602277
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/08/12an argitaratutako 2013/07/30reko 201300397 DEKRETUA

Ogasun eta Finantza Sailak, Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin batera, dekretu-proiektu bat prestatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen dekretua aldatzeko; Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean zehazten denaren arabera izapidetu behar da proiektu hori.
Lege horren 8.1 artikuluaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Halaber, xedapenen izaera aintzat hartuta komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira.
Proiektatutako dekretuak gaiari buruzko indarreko proiektua aldatzen du (397/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena), eta aipatu dekretuaren eranskinean hauek gehitzeko beharrari erantzuten dio: batetik, Herri administrazio eta Justizia Sailaren menpeko den Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak txostenak eta peritu-irizpenak egitea, eta, bestetik, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Erakundearen irakaskuntza-zerbitzuak, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzako urriaren 10eko 1/2004 Legearen bidez sortua dena.
2003/8 Legearen 8.4 artikuluaren arabera, nahikoa izango da hogei egun balioduneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez onartu ziren xedapen orokorrak izapidetzeko jarraibideak. Bada, erabaki horretako lehenengo zenbakia 8an xedatzen duenez, hala eskatzen denean, jendaurrean jartzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriko da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuz osatuko, 8/2003 Legea betez.
Azaldutako guztiagatik, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuaren 16.1.a) artikuluan xedatuarekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– Interesdunei entzuteko izapidearen mende jartzea honako dekretu-proiektu hau, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hogei egun balioduneko epean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta honen erakunde autonomoen tasen eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua aldatzen duen dekretu-proiektua.
2.– Pertsona fisiko eta juridikoek, publiko zein pribatuek, kontsultatu ahal izango dute aurreko paragrafoan aipatutako dekretu-proiektuaren espedientea, baldin eta uste badute dekretu horrek ukitu ditzakeen interes legitimo baten jabe direla. Horretarako, goian adierazitako epean, Zerbitzu Zuzendaritzara (Donostia kalea 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora jo beharko dute. Epe eta leku berean aurkeztu ahal izango dira nahi diren alegazio, agiri eta frogagiri guztiak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 19a.
Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordea,
JUAN MIGUEL BILBAO GARAY.