EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016100

35/2016 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinen bidez argitaratzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Forum Mulher Erakundearen Arteko hitzarmena, emakumeen mundu martxaren nazioarteko idazkaritza indartzea xede duen programa finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600035
Xedapenaren data: 2016-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602272
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Forum Mulher Erakundearen Arteko hitzarmenaren testua, emakumeen mundu martxaren nazioarteko idazkaritza indartzea xede duen programa finantzatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 35/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA FORUM MULHER ERAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA, EMAKUMEEN MUNDU MARTXAREN NAZIOARTEKO IDAZKARITZA INDARTZEA XEDE DUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 28a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (aurrerantzean eta aukeran GLEA) zuzendaria.
Maria Paula Vera Cruz, Fórum Mulher erakundearen Zuzendaritza Kontseiluaren presidentea.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenengoak Garapenerako Lankidetzaren Euskal agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak Fórum Mulher erakundearen izenean eta hura ordezkatuz.
HAU ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Fórum Mulher irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, CRCMren Elkarteen liburuan erregistratuta dagoena, 1996ko apirilaren 23ko Q-1 Liburuan (nr 42-Folha 23).
Bigarrena.– Emakumeen Mundu Martxa (EMM) mugimendu feminista eta antikapitalista da, 64 lurraldetan koordinazio nazionaletan antolatuta dagoena eta 90 herrialdetan baino gehiagotan kideen taldeak dituena. Emakumeen Mundu Martxa pobreziaren eta genero-indarkeriaren aurkako kanpaina gisa hasi zen 2000. urtean. Harrezkero, mugimendu iraunkorra da eta haren ekintza guztiak lau ekintza-arlotara bideratuta daude: emakumeen lana (ahalduntze ekonomikoa); emakumeen aurkako indarkeria; guztien ongia eta zerbitzu publikoak; eta bakea eta desmilitarizazioa.
Hirugarrena.– 2014ko urtarriletik aurrera, Fórum Mulher erakundeak hartu du Martxaren Nazioarteko Idazkaritza. Fórum Mulher Mozambikeko Gobernuz Kanpoko Erakundea da, eta 20 urte baino gehiago daramatza emakumeen eskubideen alde borrokatzen tokian bertan, estatuan eta eskualdean. Gaur egun, Nazioarteko Idazkaritzaren lekualdaketaren erronkei aurre egin behar die, eta 2015eko martxotik urrira bitarte gauzatuko den Nazioarteko 4. Ekintza prestatzen eta hari laguntzen dihardu.
Laugarrena.– Nazioarteko Idazkaritzaren eginkizun nagusia, hots, hitzarmen honen xede den eginkizuna, nazioarteko ekintza, Nazioarteko Batzordearen funtzionamendua eta lurralde eta eskualde guztietako emakumeei laguntzeko eta emakumeen arteko elkartasuna lortzeko ekintzak mobilizatzea eta koordinatzea da. 2015. eta 2016. urteak funtsezkoak dira Emakumeen Mundu Martxa politikoki sendotzeko. Nazioarteko Idazkaritzak zeregin kritikoa du prozesu horiek dinamizatzeari eta koordinatzeari dagokionez. 2015. urtean Nazioarteko 4. Ekintza egiten ari dira. Eta, 2016. urtean, Martxaren Nazioarteko Topaketa egingo da. Topaketa horretan, munduko bost eskualdeetako emakumeak elkartuko dira Nazioarteko Ekintza ebaluatzeko eta hurrengo denboraldirako lehentasun politikoak definitzeko.
Bosgarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia –Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezartzen diren printzipio eta egituren multzoan biltzen dena– Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza lantzeaz arduratzen den Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoa da, Agentzia sortu zuen araudian ezartzen denari jarraiki; horretaz gain, politika hori koordinatzeko, kudeatzeko eta egikaritzeko ardura du, betiere pobreziaren aurka borrokatzeko eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorra sustatzeko ildoan.
Seigarrena.– Euskal gizarteak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak proiektuen bitartez parte hartu duen herrialdeetako gizarte askok hamabost urte baino gehiago daramate Emakumeen Mundu Martxaren jardueretan parte hartzen. Gainera, erakunde publiko batzuek eta euskal erakunde sozial batzuek laguntza eskaintzen diote Emakumeen Mundu Martxari tokian-tokian hainbat herrialdetan.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraiki,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da arautzea hitzarmen hau izenpetzen duten alderdien, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Fórum Mulher erakundearen arteko harremanak, 2015. urtean –hau da, nazioarteko ekintza-urtean– eta 2016. urtean –hau da, nazioarteko ekintza aztertzeko eta ebaluatzeko urtean– Emakumeen Mundu Martxaren eta koordinazio nazionalen Nazioarteko Idazkaritza indartzea helburu duen proiektua finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1.1 emaitza.– Nazioarteko Batzordeko (NB) kideek eta Nazioarteko Idazkaritzako (NI) kideek indartuta ikusi dituzte beren gaitasunak beren eginkizun politikoak egikaritzeko, intzidentzia izateko eta Emakumeen Mundu Martxa ordezkatzeko.
1.2 emaitza.– Nazioarteko Batzordeko kideek eta Nazioarteko Idazkaritzako kideek modu aktiboan eta erregularki hartu dute parte Emakumeen Mundu Martxaren eztabaidaguneetan eta gogoetaguneetan.
1.3 emaitza.– Emakumeen Mundu Martxaren ekintzen ikusgarritasuna bermatuko duen eta ekintza horien inpaktua areagotuko duen komunikazio-politika bat garatu da.
1.4 emaitza.– Emakumeen Mundu Martxaren berezitasunetara egokitutako politika feministari buruzko prestakuntza-plan bat diseinatu da.
2.1 emaitza.– Koordinazio Nazionalen (KN) baterako lana indartu da, Emakumeen Mundu Martxaren intzidentzia-gaitasuna areagotzeko.
2.2 emaitza.– Eskualdeko dinamikak indartu dira Emakumeen Mundu Martxan eta tokikoa denaren eta nazioartekoa denaren arteko loturak estutu dira.
2.3 emaitza.– 2015eko ekintzaren emaitzak ebaluatu eta sistematizatu dira eta 2017-2018 aldirako estrategiei buruzko plangintza adostua egin da.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, 2015eko ekainaren 1etik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua hirurehun eta laurogeita hamar mila bostehun eta laurogeita bederatzi euro eta zero zentimo da (390.589,00 €); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Fórum Mulher erakundeak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak ere, guztira laurogeita hamabi mila seiehun eta laurogeita hamasei euro eta zero zentimoko (92.696,00 €) ekarpena egingo du hirugarrenen ekarpenekin.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrehun eta laurogeita hemeretzi mila zortziehun eta laurogeita hamahiru euro eta zero zentimoko (297.893,00 €) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Fórum Mulher erakundeari:
% 50, hau da, ehun eta berrogeita zortzi mila bederatziehun eta berrogeita hamar euro eta zero zentimo (148.950,00 €), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 40 osagarri bat, hau da, ehun eta hemeretzi mila ehun eta berrogeita hemezortzi euro eta zero zentimo (119.158,00 €), diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Gainerako % 10a, hau da, hogeita bederatzi mila zazpiehun eta laurogeita bost euro eta zero zentimo (29.785,00 €), diru-laguntzaren % 100 justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa bidali beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara sei hilabetetik gorakoa ez den epean, hitzarmena amaitzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gain-finantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Erantsitako aurrekontu bananduan ezarritakoak izango dira diruz lagundutako partidak.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.
Fórum Mulher erakundeak XXX banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa [monetan], hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Ordainketa bakoitzean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Fórum Mulher erakundearen bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan lehenengo egikaritzapen-urtearen bukaeran edota 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta beste behin, proiektua amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Iraunaldia bete duelako azkenduko da hitzarmen hau, eta, horrez gain, honako arrazoi hauengatik ere bai:
a) Hitzarmenaren sinatzaileak ados jarri direlako.
b) Jarduerak egitea edo jardunekin jarraitzea beharrezkoa ez izatea edo ezinezkoa izatea eragiten duten zirkunstantziak badaude.
c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Hasitako jardunei dagokienez, aldez aurretik amaitzen badira, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere egikaritutakoa erabilgarria bada.
Alderdiek beren gain hartutako betebeharrak betetzen ez badituzte bete ez duen alderdiari jakinaraziko zaio eta 15 egutegi-eguneko epea emango zaio ez-betetzea zuzentzeko.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Fórum Mulher erakundeak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmena 2015eko ekainaren 1ean jarriko da indarrean, eta haren indarraldia 2017ko maiatzaren 31ra bitarte luzatuko da.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Izpta.: Paul Ortega Etcheverry, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria.
Izpta.: Maria Paula Vera Cruz, Fórum Mulher erakundearen Zuzendaritzaren presidentea.