EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016100

34/2016 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Hondurasen giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak defendatu, babestu eta sustatzea helburu duen proiektu bat finantzatzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hondurasko atxilotu desagertuen senitartekoen Komitearen (COFADEH) artean sinatutako hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600034
Xedapenaren data: 2016-05-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201602271
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hondurasko atxilotu desagertuen senitartekoen Komitearen (COFADEH) artean sinatutako hitzarmena, Hondurasen giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak defendatu, babestu eta sustatzea helburu duen proiektu bat finantzatzeko dena. Hitzarmenaren testua ebazpen honen eranskinean jasota dago.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 34/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA HONDURASKO ATXILOTU DESAGERTUEN SENITARTEKOEN KOMITEAREN (COFADEH) ARTEAN SINATUTAKO HITZARMENA, HONDURASEN GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN PERTSONAK DEFENDATU, BABESTU ETA SUSTATZEA HELBURU DUEN PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 2a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (aurrerantzean eta aukeran GLEA) zuzendaria.
Bertha Oliva Guifarro de Nativí andrea, Hondurasko Atxilotu Desagertuen Senitartekoen Komiteko (aurrerantzean COFADEH) koordinatzaile nagusia.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenak Garapenerako Lankidetzaren Euskal agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak COFADEHren izenean eta hura ordezkatuz.
HAU ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskal lankidetza publikotik giza eskubideak arauetara ekarri nahi ditugu eta oinarrizko arau bihurtu, lankidetza eraldatzailearen agendaren ardatz izan daitezen. Zentzu horretan, garapenaren eta giza eskubideen arteko lotura ukaezina da. Lankidetza ez da bitarteko soil bat, pobrezia-egoeran bizi den biztanleriaren zenbait gabezia arintzeko aukera ematen duena; garapen-tresna bat ere bada, sektore kalteberak aldaketaren jomugan jartzen dituena eta sektore horiei eskubide indibidual eta kolektiboak bete-betean baliatzen lagundu nahi diena. Ondorioz, giza-eskubideak defendatzen dituzten pertsonek egiten duten lana oso garrantzitsutzat jotzen da, giza-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko eta giza-eskubideen bortxaketa salatzeko lan egiten baitute. Giza-eskubideak defendatzen dituzten pertsonek egiten duten lana, beraz, funtsezkoa da demokrazia indartzeko eta pobrezia estrukturala eta desberdintasunak murrizteko.
Bigarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko. Gainera, haren 2014-2017 Gida Planean ezarritako lan-ildo sektorialetako bat eskubide unibertsalak dira, eta zehazkiago, giza-eskubideak defendatzeko instantzia publiko eta pribatuak sendotzea. Era berean, aipatu den plangintza estrategiko horretan ezarri diren lehentasunezko 22 herrialdeetako bat da Honduras.
Hirugarrena.– Hondurasko Atxilotu Desagertuen Senitartekoen Komitea erreferentziazko erakundea da Erdialdeko Amerikako herrialde hartan, biktimen eta giza-eskubideak defendatzen dituzten pertsonen defentsan espezializatuta dagoelako. Desagerpen bortxatuen biktima izandako senitartekoek 1982an sortu zutenetik, esperientzia handia bereganatu du honako gai hauetan: gauzatutako mehatxuen aurreko auzi estrategikoa, prebentzio-ekintzak, eragin-sare eta -estrategien sorkuntza, segurtasun-neurri eta -planen lantzea, eta asilo-prozesuak erraztea.
Laugarrena.– Azken urteotan hainbat euskal erakundek beren laguntze-lana pixkanaka sendotu egin dute Hondurasen. Erakunde horiek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari behin eta berriz adierazi diote kezkatuta daudela giza-eskubideen egoerari dagokionez, eta bereziki giza-eskubideak defendatzen dituzten pertsonek jasandako mehatxu eta jazarpenari dagokienez. Hainbat gizarte-erakundek, baita nazioarteko hainbat erakundek ere, adierazi dute herri horretan giza-eskubideen egoerak okerrera egin duela azken urteetan, eta aurreko urteetan lortu ziren aurrerapen batzuei dagokienez atzerakada bat izan dela.
Esparru horretan, giza-eskubideak defendatzen dituzten pertsonen zeregina gaur egun erabat oztopatzen dute hainbat gertakari, mehatxu, jazarpen eta hilketek, baita haien lanaren estigmatizazioak eta defendatzaileen kriminalizazio eta judizializazioak ere.
Bosgarrena.– Hori guztia kontuan izanik, ekimen honen helburua izango da Hondurasko gizarte-erakundeei eta giza-eskubideak defendatzen dituzten erakundeei beren gaitasunak hobetzen laguntzea, giza-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko egiten duten lanean duten kalteberatasunari aurre egiteko, eta bestalde, Honduras eta Euskadiren arteko lan-lotura sendotzea.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua da sinatzen duten alderdien (GLEA eta COFADEH) arteko harremanak arautzea, Hondurasen giza-eskubideak defendatzen dituzten erakunde, sare eta pertsonek giza-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko lanean duten kalteberatasunari aurre egiteko duten gaitasuna hobetzea helburu duen proiektu bat finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza: giza-eskubideen defendatzaileen segurtasun pertsonala hobetu da.
2. emaitza: arriskurik handiena eta babesik txikiena duten erakundeen instalazioen eta pertsonen segurtasuna hobetu da.
3. emaitza: giza-eskubideak defendatzen dituzten erakunde eta pertsonen lege-ordezkaritza eta -defentsa hobetu da.
Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzako ideia nagusian zehazten dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 12 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen den egunetik zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua hirurehun eta bi mila, seiehun eta hirurogeita zazpi euro eta zero zentimo da (302.667,00); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
COFADEH komiteak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintza-ideia nagusian bildutakoak ere, eta guztira hirurogei mila, seiehun eta hamabi euro eta zero zentimo (60.612,00) jarriko ditu komitearen eta/edo hirugarrenen ekarpenekin.
GLEAk berrehun eta berrogeita bi mila eta berrogeita hamabost euro eta zero zentimoko (242.055,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio COFADEH komiteari:
% 50, hau da, ehun eta hogeita bat mila euro eta zero zentimo, (121.000,00), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 40 gehigarri bat, laurogeita hamasei mila, zortziehun eta berrogeita hamar euro eta zero zentimo (96.850,00), diru-laguntzaren % 40aren baliokidea edo hortik gorakoa den zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari igorri beharko zaio dagokion txosten tekniko-finantzarioa.
Gainerako % 10a, hau da, hogeita lau mila, berrehun eta bost euro eta zero zentimo (24.205,00), diru-laguntzaren % 100aren baliokidea edo hortik gorakoa den zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa bidali beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara sei hilabetetik gorakoa ez den epean, hitzarmena amaitzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gain-finantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Erantsitako aurrekontu bananduan ezarritakoak izango dira diruz lagundutako partidak.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.
COFADEHk Davivienda Honduras, SA bankuan duen 1171173707 zenbakiko banku-kontua erabiliko du (nazioarteko transferentziak egiteko datuak: Banku korrespontsala Commerzbank AG, Hiria Frankfurt, Swift-kodea COBADEFF, Kontu-zenbakia 5004-00004-00874994-701. Banku Onuraduna: Banco Davivienda Honduras, SA, Swift-kodea BGAHHNTE. Amaierako onuraduna: COFADEH, kontu-zenbakia: 1171173707, Tegucigalpa, Honduras) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hau egikarituz transferitzen dizkion funtsak kudeatzeko kontu espezifiko gisa. Ordainketa bakoitzean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
COFADEHko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta beste behin, proiektua amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.
4.– Jarraipen Batzordearen araubide juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Iraunaldia bete duelako azkenduko da hitzarmen hau, eta, horrez gain, honako arrazoi hauengatik ere bai:
a) Hitzarmenaren sinatzaileak ados jarri direlako.
b) Jarduerak egitea edo jardunekin jarraitzea beharrezkoa ez izatea edo ezinezkoa izatea eragiten duten zirkunstantziak badaude.
c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Hasitako jardunei dagokienez, aldez aurretik amaitzen badira, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere egikaritutakoa erabilgarria bada.
Alderdiek beren gain hartutako betebeharrak betetzen ez badituzte bete ez duen alderdiari jakinaraziko zaio eta 15 egutegi-eguneko epea emango zaio ez-betetzea zuzentzeko.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
COFADEHk baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta iraunaldia 12 hilabetez luzatuko da.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Hondurasko Atxilotu Desagertuen Senitartekoen Komitearen koordinatzaile nagusia,
BERTHA OLIVA GUIFARRO DE NATIVÍ.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.